Euli-giro
Euli-giro
2013, narrazioak
144 orrialde
978-84-92468-47-8
azala: Lander Garro
Uxue Alberdi
1984, Elgoibar
 
2020, kronika
2019, saiakera
2017, nobela
 

 

Oreina

 

 

Sasoi hartarako ez zegoen Donostiara edo Parisera neskame joateko ohiturarik. Herriko neska asko paper-fabrikan enplegatu ziren gutun-azalak egiten. Zenbaitek negozio txikiak ireki zituzten erdialdeko kaleetan. Eta gutxi batzuk unibertsitatera joaten ziren Letretako ikasketak egitera. Ni salbuespena izan nintzen.

        Hirian bizi zen amaren aldeko izeba bat etorri zitzaigun etxera. Emakume dotorea zen, Balentziagarena omen zen mostaza-koloreko berokia erantzi zuena sukaldera sartu orduko. Ama urduri nabaritu nuen janzki hura sarrerako esekitokian zintzilikatzean, bere esku maiztuekin hondatuko zuen beldur balitz bezala. Plastikozko zamauari begiratu azkarra egin zion izebak.

        — Klara anderea hilzorian dago —esan zion amari—. Konfiantzazko norbait behar dugu hura zaintzeko.

        Hari buruz hitz egiteko moduagatik, Klara andereak amaren izebak baino are dotoreagoa izan behar zuen. Amaren osaba txiki baten arreba zaharrena zen, margolari sonatu batekin ezkondu eta aspaldi hirira joandakoa. Gazterik alargundua, urte batzuk lehenagora arte bere kabuz ederki moldatu zena.

        — Diabetesaren erruz gangrenatu egingo zaizkio zangoak. Tronbopenia dauka, likido-erretentzio handia, gutxiagotasun kardiakoa eta itolarria. Hilabete gutxiko bizia geratzen zaiola uste dute medikuek.

        Erpuruarekin eta hatz arinarekin kikara baten giderrari heltzen zion bitartean eman zigun Klara anderearen berri.

        — Medikuek ospitaleratzea gomendatu arren, ez dauka etxea uzteko inolako asmorik. Hantxe ditu Estivariz guztiak.

        Klara anderearen senar ohiaren abizena Estivariz zela ondorioztatu nuen. Ezaguna izan behar zuen, baina guk ez genekien ezer pinturari buruz. Artistaren heriotza goiztiarraz geroztik (bihotzekoak jota hil zen ezkontza batean) haren margolanen balioak gora egin zuela azaldu zigun amaren izebak.

        — Europako hainbat hiritara saldu dira, eta erakusketa eta bienaletatik gero eta eskari handiagoa dago. Klara anderearen bi alabak arduratzen dira Estivariz fundazioa zuzentzeaz. Oso lanpetuta dabiltza. Horregatik behar dute Klara anderea zainduko duen neska arduratsu bat.

        Fundazioaren zigilua (paleta bat) zeukan gutun-azala eman zidan eskura. Irekitzeko keinua egin nuen, baina amak geldiarazi ninduen. Izeba dotoreari irribarre neurtua atera zitzaion.

        — Aurrerapen bat besterik ez da. Hor dagoena baino gehiago ordainduko dizute astero, eta lana ondo eginez gero ez dira zekenak izango eskupekoekin.

        Zutitu egin zen. Amak berokia ekarri zion.

        — Ondo baderitzozu —esan zion amari—, bihar eguerdian deituko dizut erabakiaz galdetzeko. Lana onartuz gero astelehenean bertan etorriko naiz bila.

        Atea itxi zuenean amak eskutik kendu zidan gutun-azala. Atalondoan bertan ireki zuen aspaldi sumatu ez nion urgentziaz.

        — Onartu egin beharko dun —aholkatu zidan.

 

 

Astelehenean aurreko asteko beroki bera soinean zuela iritsi zen amaren izeba. Hark lagunduko zidan Donostiara eta Klara anderearen bi alabekin elkartuko nintzen. Haiek emango zizkidaten jakin beharreko xehetasun guztiak.

        Maleta kalera jaisten lagundu zidan amak.

        — Beste bat arte —agurtu zuen izebak.

        — Zaindu —musu eman zidan amak.

        Donostia gure herritik ordu erdi eskasera zegoen arren bi aldiz baino ez nuen egin bidaia hura aurrez, moja-eskolatik txangoan eraman gintuzten batean eta aitari giltzurruna erauzi ziotenean. Edertasun haren azpian zer mugitzen ote zen, horrek jakin-mina sortu zidan hasieratik, hiriari beroki dotorea kendu eta esekitoki arrunt batean zintzilikatzeko gogoa zen. Autobusak Amaran utzi gintuen, eta Urumea ertzetik oinez egin genuen Klara anderearen etxerainoko bidea. Fundazioaren egoitza eraikin bereko etxabean zegoen. Antigoalekoa eta dotorea iruditu zitzaidan ataria; makineria agerian zuen igogailu bat zegoen parez pare, eta egurrezko eskudel zabala zeukan eskailera. Ezkaratzean bertan eskuinean zegoen ate bat zabaldu zen orduan, eta ilea gorriz tindaturik zuen emakume batek diosal egin zigun.

        — Aurrera! Zu zara Begoña, beraz.

        Segituan hurbildu zen beste ahizpa ere. Harrituta gelditu nintzen; amaren izebaren antzeko emakume apain eta tenteak espero nituen nik, baina bi ahizpa haiek, nire amaren adin bueltakoak izan behar zuten arren, erabat bestelako itxura zuten. Ile gorri-gorria zuen batek, eta more antzekoa besteak. Aurrerago jakin nuen kolore hari borgoina deitzen zitzaiola. Garaiak eta hezurtsuak ziren. Ehun estanpatuekin egindako blusak eta galtza estuak zeramatzaten soinean. Amaren izebari eskerrak eman, eta hark berehala alde egin zuen. Ni zutik gelditu nintzen, alde guztietara begira, horma zurietako margolanei eta altzariei. Bulego argitsuaren ertzean zegoen besaulki batean esertzera gonbidatu ninduten bi ahizpek. Ilegorriak hirurontzako tea zerbitzatu zuen, edari hura dastatzeko propio eginak izan bide zuten urre-koloreko edalontzi luzexka batzuetan. Hura izan zen tea edan nuen lehen aldia.

        — Segituan ezagutuko duzu ama —jakinarazi zidaten.

        Klara anderearekin harreman ona zutela iruditu zitzaidan, burugogorra eta autoritarioa zela abisu eman zidaten arren.

        — Agintzeari uzten dion egunean larrituko gara benetan.

        Barre egin zuten. Gero nire lanerako jakin behar nuen guztia azaldu zidaten.

        — Ez da ia mugitzen eta ez du zipitzik entzuten. Alemaniatik ekarri genizkion kaskoak jantzita ikusten du telebista ikaragarrizko bolumenez. Kuluxka asko egiten ditu. Egongelan ematen du egun osoa; beraz, lasai ibili ahal izango zara etxean. Otorduak prestatu beharko dizkiozu, eta besaulkiaren ondoko mahaitxoan utzi. Ez zaio jaten duen bitartean inor begira egotea gustatzen. Erosketa astelehenero uzten diote atean. Jaso eta antolatu besterik ez duzu egin behar. Komunera kostata baina bere kabuz jaikitzen da, asko larritzen bada bakarrik eskatuko dizu laguntza. Normalean zikindu egiten du, arazoak ditu esfinterren kontrolarekin. Egongelara itzultzen denean garbitu beharko duzu. Ilusioa egiten dio markoetako argazkiak noizbehinka aldatzeak, salako mahaitxoan lore freskoak izateak eta aita zenaren margolanak egun osoz ondo argiztatuta mantentzeak. Eskura behar ditu beti ura, egunkaria, telefonoa eta telefono-zenbakiak apuntatzen dituen agenda. Hori da bere munduarekiko lotura; entzumen-galera handia duten pertsonentzat bereziki prestaturiko aparatua du. Argia egiten du deiren bat jasotzean, eta gortzeko moduan entzuten da bestaldeko ahotsa; etxearen beste puntatik ere adituko duzu. Egunero hitz egiten du izeba Enriketarekin. Botikak sukaldeko mahaiaren eskuineko tiraderan dituzu, nola eman azaltzen duen taula hantxe bertan itsatsita daukazu; uretan edo ahabi-zukuan disolbatu behar dizkiozu. Ez du jakin behar ematen dizkiozunik, ezkutuan medikatzen dugu. Erortzen bada, zorabiatzen bada, arnasa nabarmen larritzen bazaio edo denbora askoren bueltan lo jarraitzen duela ikusten baduzu, deitu guri lehenbailehen.

        Ohar batzuk jaso nituen koaderno txiki batean.

        — Gauak ez dira errazak. Gaizki lo egiten du. Hasperen asko egiten du, oso ozen. Gorputza mintzen zaio eta ez da gauza ohean posturaz aldatzeko. Okerren egon den egunetan berarekin gaua pasatzen geratu izan gara, baina posturaz aldatzen lagundu arren ez zitzaion ondoeza joaten. Gainera, 90 kiloko pisua du, eta ez da erraz maneiatzen. Ez du garabiarekin mugi dezagun nahi. Ezin da ezer egin. Amaiera gogorra tokatu zaio. Gorputza hondatu zaio burua baino lehen. Ea ez zaion sufrimendua alferrik luzatzen. Goizero ohetik jaikitzen lagundu beharko diozu. Indartsua dirudizu. Pardelarekin egiten du lo, baina ez dio dena xukatzen. Egunero izarak aldatu eta kito.

        Galdera bakarra egiten ausartu nintzen:

        — Noiz etortzen da medikua?

        — Uko egin dio etxeko zaintzari. Ez du gehiago ziztatu dezaten nahi. Bakean hil nahi du. Horretan lagundu behar diozu.

        Beste te bat zerbitzatu zidaten eta Veneziara egin behar zuten bidaiaz mintzatu ziren alaiki. Biharamunean bertan abiatzekoak ziren. Negozio inportanteak egiteko ustea zuten eta, ulertu nuenez, borgoina-koloreko ilea zuen ahizpak maitale italiarren bat zeukan hirian zain. Bekaizkeriaz irentsi nuen listua.

        — Hori bakarrik ekarri duzu? —galdetu zidaten sarreran neuk utzitako maleta seinalatuz—. Goazen... ama zain daukagu.

        Klara anderearen etxeko ateak hiru sarraila zituen. Goitik behera ireki zituzten, eta sartu orduko ikusi nuen. Alabek azaldu bezala, egongelako besaulkian eserita zegoen telebistari begira, belarrietan aurikularrak jantzita. Ez zen biratu atea itxi genuenean. Ilegorriak egongelako sarrerako etengailuari eragin zion behin eta berriz, sabaitik zintzilik zegoen armiarmako argia sarritan piztuz eta itzaliz. Begiratu egin zigun. Irribarre zabala egin zuen eta hortzordea handiegi geratzen zitzaiola ohartu nintzen, emakume mardula zen arren argaldu egingo zen azken makalaldian.

        — Hola! —esan zigun kaskoak erantzi bitartean—. Ongi etorri.

        Eskerrik asko esan eta bi musu emateko makurtu nintzen. Ingurura begira harrapatu ninduen.

        — Artea gustatzen zaizu?

        Urduritu egin nintzen. Ahal nuen moduan erantzun nion eskolan gutxi irakatsi zigutela.

        — Margoak ikustea gustatzen zait, baina ez dut artea estimatzeko gaitasunik. Oso politak dira hemen dauzkazuenak.

        — Aja —ez zuen besterik esan.

        Mingainari kosk egin nion, hanka barruraino sartu izanaren sentipenarekin. «Polita» ez zen izango emakume hark bere senar ohiaren obrari buruz entzun nahiko zuen balorazioa. Irainduta sentituko zen. Zorionez, zerbait entzuten ez zuen bakoitzean «aja» esaten zuela azaldu zidaten ahizpek.

        — Ozenago hitz egin behar diozu, eta aurpegira begira.

        Amari kokotsetik heldu zion nola zuzendu behar nintzaion erakusteko. Hortzordea erakutsi zigun berriz. Askatu orduko burua telebistara itzuli zuen.

        — Orain zure gela erakutsiko dizugu, eta moldatuko zara zure kasa. Guk bidaiarako soinekoak prestatzera joan behar dugu.

        Klara andereak kaskoak jantzi zituen. Saio kultural bat ikusten ari zen. Maleta hartu zidan ahizpetako batek.

        Etxe handia zen. Sukalde ederra zuen, eta lehen begiratuan bost gela eta bi bainugela jo nituen begiz. Korridore amaierako atea zabaldu zuten.

        — Hemen lo egingo duzu. Aldamenekoa da amaren gela.

        Ohartu nintzenerako ama agurtzen ari ziren bi ahizpak. Despedidan oihu eginez gogoratu zien Klara andereak:

        — Ez ahaztu Veneziatik titare bat ekartzea!

 

 

Maleta desegin eta egongelara itzuli nintzenerako lo zegoen Klara anderea. Zurrunga txikia eta etena egiten zuen. Etxea miatzeko aprobetxatu nuen. Halakorik ikusi gabea nintzen. Gela bakoitza kolore batez margotuta zegoen: goroldio-kolorea, teila, itsas urdina, beilegi iluna... Sabaiak zuriak ziren, baina hormen kolore bereko mendelak eta apaingarriak zituzten lanparen inguruan. Margolanak zeuden etxe osoan. Egongelako horma lau metro eta gehiagoko mural bat zen, arrantzaleak ikusten ziren identifikatzen asmatu ez nuen portu batean. Motibo kostunbristak agertzen zituzten koadro askok: gizonak karta-jokoan edo ardoa edaten, emakume baserritarrak igitaiarekin lanean, nekazari-giroko famili bazkariak... Natura hilak ziren beste zenbait, paisaia batzuk ere ikusi nituen, ametsetako airea zuten zaldi zuri batzuk ere bai... Baina zirrara handiena margolan erlijiosoek eragin zidaten. Klara anderearen logelan, oheburuaren aurrez aurre, Jesus gurutze-bidean ageri zen koadro handi bat zegoen, bizkarra zamatuta ikusten zen Jesus, odol- eta izerdi-tantak isurian. Inpresio handiena Kristo haren aurpegierak egin zidan, oinazearen eta plazeraren arteko keinu hark, arantza-koroaren azpian.

        Nire logelako margolanak atseginagoak ziren zorionez: Klara anderearen bi alaben jaunartzeko erretratuak zeuden alboz albo zintzilikaturik, eta ahizpetako bat —zein ez dakit, umetan biek zuten-eta ile gaztainkara— txikia zeneko beste bat ere bai, baloi koloretsu baten aldamenean eserita ehoziri-lanez apainduriko zaia handiarekin. Koadrora hurbildu nintzenean, azaleko margoaren azpian, orein baten silueta antzeman ahal izan nuen, margolariak iritziz aldatu eta urdin ilunez estali zuena.

        Klara anderearentzako afaria prestatzeari ekin nion, eta neuk ere zerbait jan nuen, ez bainuen mokadurik probatu etxetik irten nintzenetik. Lapikoa sutan utzi eta oraindik lo jarraitzen ote zuen begiratzera joan nintzen. Ahoa zabal-zabalik egiten zuen zurrunga, burua besaulkian atzeratuta. Mahaitxoan utzitako kaskoetatik garbi aditzen zen telebistaren kalaka.

        — Si tuviera los dedos largos tocaría el piano...

        Argilunetan zegoen egongela. Margolanen gaineko fokuak baino ez zeuden piztuta, hormako muralaren kolore berdea gailentzen zen, eta Klara anderearen gaztetako potret bat. Telebistaren argiak emakume zaharraren gorputzean proiektatzen ziren. Bigungarridun banketa batean bermatuta zituen zango puztuak. Moreak ziren belaunetaraino, gorriak belaun bueltan eta zuritu egiten zitzaizkion izterretan. Orratz batekin ziztatuz gero lehertu egingo zirela ematen zuen.

        — Begoña! —oihukatu zuen.

        Jauzi txiki bat egin nuen. Ez nintzen ohartu esnatu zenik.

        — Ekarri afaria.

        Korrika joan nintzen sutan nuen barazki-saldaren bila. Xerra bat frijitu nion. Jakiak eta ur-pitxerra erretilu batean paratu eta besaulkiaren ondoko mahaitxora eraman nizkion.

        — Eskerrik asko.

        Sukaldean egon nintzen egongelako soinuei adi, Klara andereak afaria noiz amaituko zain. Bukatu zuela uste izan nuenean hurbildu nintzaion.

        — Gustatu zaizu?

        — Aja.

        — Postrerik nahi duzu? —galdetu nion ozenago.

        — Ez, ekarri oinetarako krema. Komuneko armairuan dago, goitik hasita bigarren tiraderan.

        Bainugelara bidean, Klara anderea oinetan krema zabaltzeko gai izango ote zen egin nuen neure kabutarako. Ezetz pentsatu nuen. Neuk eman beharko nion. Amaren oinak nazka eragiten hasi zitzaizkidan garaiarekin akordatu nintzen. Ume txikia nintzela gogoko nuen amaren oinekin jolastea; kili-kiliak egiten nizkion eta ozen barre egiten zuen berak. Gauetan sofan etzaten zenean behatz lodia gorantz tenkatzeko zuen manerak grazia egiten zidan.

        «Gustura zagon hire ama», esaten zidan aitak behatz lodia seinalatuz.

        Aitaren boligrafoarekin aurpegiak marrazten nizkion mamietan.

        Gero, amaren oinak ukitzeari utzi nion. Lagunen gorputzek amarenak baino jakingura handiagoa eragiten zidaten. Hamabi urte izango nituen ama, podologoaren aginduz, zapatak baztertu eta espartinak eta eskalapoiak erabiltzen hasi zenean. Gauetan, sofan etzaten zenean, oinak olioz igurzten zituen eta kuxin baten gainean pausatzen. Era eskandalagarrian itsustu zitzaizkion. Juanikoteez gain kailuak zituen behatzen gainaldeetan, zoletan eta orpoetan eta, haiek bigundu nahian, baratxuri txikituarekin egindako enplastuz biltzen zituen oinak.

        Higuina ezkutatzen saiatu nintzen egongelara krema-potoarekin itzuli nintzenean.

        — Bendak askatu behar dizkidazu, kremarekin igurtzi eta gero berriz lotu, ahalik eta gogorren.

        Aldi hartan hormako arrantzale gazteei begira igurtzi nizkion oinak, baina azkar egin nintzen zainketa hartara ere, behatz bakoitzaren forma, testura eta neurria buruz ikasteraino.

        Lehen gauetan ez nuen begirik bildu. Bizkarra oheburuan bermatuta igarotzen nituen orduak, atzarrik, Klara anderearen hasperen bakoitza azkena izan ote zen zalantzan. Hainbatetan jaiki nintzen korridorera eta atalondotik luzaz zelatatu nuen ahoz gora zetzan gorputz hura. Ordutan negarrez aritu izan balitz bezala hartzen zuen arnasa, zizpuru unatuak eta bafada sakonak txandakatzen zituen behin eta berriz. Txizaren usaina sudurzuloetan mikatz.

        Laugarren gaua izango zen hasperen haiek tanpez azkartzen sumatu eta izututa agondu nintzenean. Auhen ozen batek esnatu ninduen. Klara anderearen gelara sartu nintzen. Esku batekin kamisoiari oratzen zion erritmikoki puzten eta uzkurtzen zitzaion bularraren parean. Beste eskutik heldu nion.

        — Zoaz ohera, ume! —garrasi egin zidan.

 

 

«Entenditzea ohitzea dun», erantzuten zuen gure amak, zerbaiti buruz «ez dut ulertzen» esaten nion bakoitzean. Ni ere ohitu egin nintzen gorputz haren soinuetara, koloreetara, usainetara. Ahur eta ganbiletara. Titareen bildumari hautsa kentzen nion arruntasun eta arreta berberaz garbitzen nion ipurdia, igurzten nizkion bularrak. Hasieran bera bakarrik saiatu zen eginbehar intimo haietan, goiz batean nekeak ahituta dutxako eserlekuan lo aurkitu nuen arte. Sorbaldara erortzen zitzaion ura. Sabela nabarmenki puzten ikusi ez banio, hila zela pentsatu izango nuen.

        Nik garbitzen nuenean ere bakarrik balego bezala jokatzen zuen: ez zidan hitzik egiten eta dutxa-itxituran iltzatzen zuen behakoa. Oztoporik jarri gabe egiten uzten zidan. Nik eskatu aurretik altxatzen zuen ukalondoa besapea xaboiz marruska niezaion, edo zabaltzen zituen izterrak belakiari tokia egiteko.

        Giza gorputz zahartu eta hondatuak sortzen zidan kuriositatea ahalkea eta nazka baino indartsuagoa zela ohartu nintzen. Dutxatzen nuen bitartean Klara anderearen pubiseko ile luze eta grisei begira egoten nintzen, nola hedatzen zitzaizkion izterretara eta zilborrean gora, eta nola etzaten ziren ur-txorrotaren azpian.

        — Ni ere Veneziara joan nintzen Jose Antonio hil zenean.

        Kulero beixen gainean altzo-txakurren marrazkiak zituen txabusina lotzen ari nintzaion.

        — Veneziak eta ardoak ahazten laguntzen dute. Harrizko dekadentzia eramangarriagoa da haragizkoa baino. Ez dut uste itzuliko direnik.

        Isilik gelditu nintzen. Telebista-saio batetik oroitzen nituen gondolak. Ilea orraztu nion.

        — Gose naiz —esan zuen—. Egidazu tortilla frantsesa askaritarako.

 

 

Klara anderearen haragian barruraino hondoratzeak, gorputz arrotz batean sartzeak, sukalde batean sartzen den bezala, nire gorputzari beldurra galtzea eragin zidan. Inoiz ez dut desioa bizi izan Klara anderearen etxean igaro nituen egunetan bezain bortizki. Emakume zaharraren zokoak zabaltzeak eta usnatzeak, haragi hura igurzteak, zanpatzeak, estutzeak, mugitzeak eta zaintzeak egokitasunaren soineko guztiak zartarazi zizkidan. Ez nuen margolari baten musa izatearekin fantaseatzen. Ordura arte ikusi eta, batez ere, begiratu ez nituen nire gorputz-atalak ezagutzeko premiak mugitzen ninduen. Orduak eman nituen logelako zutikako ispiluaren aurrean nire besapeei, belaunen atzeko aldeari eta, batez ere, aluari begira. Nolakoak ziren jakin nahi nuen zehatz-mehatz. Nola jokatzen zuen haragi zati bakoitzak. Zer zuen eskaintzeko. Hatzak usnatzen nituen zirrikituetatik bueltan. Dastatzen nituen garratz mihian. Ikusi nuen gorria beltzean, begiratu nuen punpaka ispiluan. Harrituta itxi nituen hankak.

        Ostiralez, Klara anderea gosalondoko kuluxkan utzita, egongelarako orkidea bat erostera irten nintzen. Pozik eta artega esnatu nintzen, lehen aldiz ibiliko nituelako hiri bateko kaleak beste inoren konpainiarik eta zaintzarik gabe, etxetik loradendara arteko tarte laburrean bazen ere. Beti mototsean bilduta eramaten nuen ilea askatu eta orraztu nuen. Eta, zalantza eginagatik, ispilupeko tiraderan gordetzen zituen ezpainetakoetatik bat hartu nion Klara andereari. Ukitu doi bat egin nuen beheko ezpainean eta ia margoa ezabatu arte igurtzi nuen goikoaren kontra.

        Ezezagunez beteriko festa bateko gonbidatua sentitu nintzen kalean. Auto bateko gidariak klaxona jo zidan, etorbidea ez zegokidan lekutik zeharkatzen hasteagatik. Barkamena eskatu nion euskaraz eta ondoren gaztelaniaz, baina ezin izan nuen poza disimulatu. Zetazko soineko bati begira egon nintzen erakusleiho batean. Petalo zuriak eta ardoaren koloreko bihotza zuen orkidea bat hautatu nuen loradendan, eta atseginez aditu nituen lorazainak landarearen zaintzari buruz eman zizkidan argibideak. Kalearen beste aldeko tabernetan basoerdiak edaten ari ziren gizon gazteak eta helduak. Kalaka bizia aditzen zen. Ilea harrotu eta bizkarra zuzendu nuen dendatik irten aurretik. Begiratuak sumatu nituen gibeletik. Orduan izan zen. Buelta hartu eta etxepe bateko eskaileretan kafea hartzen eta zigarro bat erretzen ari zen mutilarengana jiratu nintzen. Ez nuen ez berorik ez hotzik sentitu harengana hurbildu ahala, determinazioa baino ez.

        — Prim kaleko 51.ean bizi naiz. Zatoz, nahi baduzu, bederatziak eta erdietan.

        Beste norbaiten oinetan itzuli nintzen Klara anderearen etxera. Korrika igo nituen eskailerak. Arnasestuka ari zen sofan, kaskoak belarrietatik kendu gabe. Berbena belarra egosi nion. Kuxin bat jarri nion bizkarraldean. Tipula zatitu eta besaulkiaren ondoko mahaitxoan utzi nion plater txikian. Orkidearentzat ontzi egoki bat bilatu eta leiho ertzean ipini nuen, eguzkiak zeharka emateko moduan.

        — Ez dira iritsiko —entzun nion bazkaria egitera sukaldera erretiratu nintzenean.

        Enriketarekin ari zen telefonoz. Eguerdietan deitzen zion.

        — Ez diet ezeren errurik egozten. Badakite non utzi behar duten titarea.

        Aparatua eskegi zuenean egongelara itzuli eta aldamenean eseri nintzaion. Eskutik heldu nion.

        — Ez du inporta.

        Hortzeria handiegia erakutsi zidan berriro.

        Arratsaldean izarak lixatzen aritu nintzen. Bi aldiz dutxatu nuen Klara anderea, sendatzen asmatzen ez genuen beherakoaren erruz. Ez nuen xaboirik erabili, azala gorritu eta harrotu egiten baitzitzaion. Gorputzeko kremarekin lurrindu nuen. Goiz oheratu zen, ez zuen afaldu nahi izan. Barruko arropa zikinak eskuz garbitu eta bainugela desinfektatu nuen.

        Ordulariari begira jan nituen Klara anderearentzat prestatutako leka-zopa eta tortilla frantsesa. Dutxatzeko astia izan nuen, zorionez. Bederatziak eta laurdenetan atarira jaitsi nintzen. Eskaileretan eserita eta zigarro bat erretzen ari zela ikusi nuen mutila.

        — Igo.

        Azalpenik eman gabe logelara eraman nuen eta arropak erantzi nituen. Hitz egiten hastera, ez nukeen zer esan asmatuko. Bizkarra hormaren kontra bermatuta begira gelditu zitzaidan, izututa alde egingo zuela iruditu zitzaidan une batez. Ez pentsatzea erabaki nuela gogoratzen dut. Bakarrik nengoenetan egiten nuen bezala, armairuko atea ireki nuen ispilua bistaratzeko eta ez nintzen mugitu mutila erabat biluztu zen arte. Helduagoa zen arroparik gabe. Bular eta sabelalde iletsuak. Aurpegi zurbila. Airea zulatzen zuen zakilak. Ez nuen gehiago ikusi. Ez nuen gehiago entzun.

        — Eman buelta.

        Bere jabearekin bat ez datorren ahots horietakoa zuen. Eskuak horman bermatu eta besoak tenkatu nituen. Mutilaren bularreko bilo sarriak hotsa egiten zuen nire bizkarraren kontra. Burua atzeratu eta Klara anderearen bi alaben jaunartzeko erretratuak begiratu nituen. Ehoziri-lanez egindako zaia jantzita zuen umea, haren baloia, eta azpian... oreina.

        Mutilak alde egin zuen. Margo urdin ilunaren azpian antzematen zen siluetari begira gelditu nintzen hazia lehortu zen arte. Lo-kuluxka egin nuen. Jantzi eta izarak aldatu nituen. Klara anderearen gelako gau-argia piztuta zegoela konturatu nintzen. Apenas hartzen zuen arnasarik. Eskua altxatzeko keinua egin zuen ate ondoan burkoarekin ikusi ninduenean. Argia itzali nuen. Azken irudia: Jesus gurutze-bidean. Plazeraren eta oinazearen arteko keinu hura.