Azken fusila
Azken fusila
1993, nobela
212 orrialde
84-86766-46-X
azala: Michael Paraskevas
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2003, saiakera
2001, poesia
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

15

 

Hiru egun igaro dira Cristinok Marinaren umearen berri ustegabean jakinarazi dionetik. «Heureumea»,behin eta berriro esan dio bere buruari hiru egunotan, zer egin jakin ezean, Anton edo Andoniri ganorazko agurrik ere ez zion egin bazkaloste luzeak arratsaldeko lehen hodei-lits gorrikarei leku egin eta joateko ordua zutela esan zuenean, neke mingotsez, eginkizun zuenak bere asturua aldez aurretik iragartzen ziola igarriz edo. Presa izan zuten bapatean. «Hobe ez balebe presarik ibili», Onofrek haren ostean hurrenkera zoroan etorri direnak gogoan dituelarik. «Eta hobe heu be ez bahintz inoiz jaio».

        Hiru egun jaietan, Genaroren erantzunaren begira, ezer egin orduko zuzenean Marina ikusteko era izango ote duen jakin gura izan bait du. Eta telegrama edo egin beharko liokeela ere etorri zaio burura, beti koldarkeriari, «Hoa Heraclio txakurkumeari esaten Buenos Aireseko Euskal Echea», atxakia errazena aurkatuz, «jaietan ez diagok ofizinarik zabalik Bilbon», Bilbon jairik ez dela argi onartu ezinik. San Pedro osteko astelehenak ez dio beste irtenbiderik utzi, azkenean ere, erabaki beharrari aurre egitea baino. Gaua artega eta itzartuta eman du, logura gortu egin zaiolako, edo zelan deitu behar zaion ahazturik duelako. Oilaritearen garramuraz eman ditu azken gauak Anitaren logura etorkor eta sakonaren aldean. Antonek berari bihotzean zirgit eragin zion eran piztu dio su ezkuturen bat emazteari ere. Lo dagoelarik ezpainertzera jausten zaion irribarre ezti eta gino berean ganorabakoak diotso hala dena.

        Hiru egun ez dira ezer orduek osatzen duten itsasoan aingura astunik hondoraino laga ezik. Onofrek berea Kasinoko bazkarian utzi zuen, Cristinoren hitzetan enkaileta, «Nire amak bezala, sasikoa», eta harrezkero denborak ez daki aurrera egiten, edo Onofrek paisaia bakarra du begien aurrean unerik une, kanpokoa desagertu egin bait zaio. Azkenik oilarrek kukurruku gorriagoa egin dute goizeon eta Onofrek pick-upari abiada eman dio, Brahmsen musikatik kemena edan ahalko duelakoan. Rapsodia. Atean hots egin dute sendo, oholaren beste egur zati batez jotzeak duen doinu nahastezinaz. «Nor ote da hain goiz», solo beltzeko ildotik gorantz kendu du goldea eta isildu egin da ahots eder zolia pick-upean. Berriro egin dute hots, nork jotzen duen ere, horrek eskuetan azoge edo euki eran.

        —Banator, banator —logura ohetik jagita bost minutura ageri ohi zaiolako errenka datozkio berbak ahora. Atea zabaltzean ikusi duenak zuntzunduta utzi du.

        Hiru txapeloker batera. Seinale txarra hiru etortea. Beti ibilten diren biez gainera kaboa ere eurekin dela esan nahi du. «Zorionez kabo hau berria dok», Onofrek «Buenos dias, señor cabo» esan du, gogoan mingarriro John Ingelesaren akorduzko kimua berriro ernaldu zaiolarik ahazturako lurrean gora. «Honek ez diakik ezer eta, egon hadi trankil».

        —Qué desean?

        Laguntzeko. Errutinazkoa dela. Eta Onofrek Aste Santuko kristoarena egiten ikusi du bere burua; alboetan txapeloker bana eta atzean kaboa, etxetik hiru karkaba porturantzago duten cuartelillora. Atalasean bertan dagoen mahaian beste txapeloker gazteago bat dago, eskolatua hurrean.

        Onofre Ruiz de Archanda eman dio izena eta bigarrena ere eskatu dionean, urduritu egin da, Uriondo, azkenean fitxa egiten dabilkiola konturatu eta datu guztiak eman behar izan dizkion arte. Halako batean ume-uhuriaren antzekoa aditu du.

        «Pase», aurrera, «siéntese», jesarri, «queremos saber qué hizo», zer egin zuen Sanjuan egunean, hara jakin gura dutena. Beste ahuri bat etorri zaio, umearena barik minez dagoen baten batena. Kabo haginandiak irribarrea betondoetako oilarrankazko zimurretaraino ekarriz egiten dio berba eta Onofrek halako haginak eukita ezin izan dela bera baino gehiago, ikarari hesia kontrajarri gura dio. Zertarako jakin gura dutenentz guzti hori, eta kaboak erantzun, badakitela izendun eta ohoredun gizona dena, gerran ez zuela parte hartu eta emaztea, zer esanik ez emaztea, haren familian Movimientoaren alde bizia emandako bat baino gehiago dagoela gogorarazi dio, eta urrezko hagin bat ere erakutsi dio han atzean behematrailan. «Un café?», gurago duela komunera lehenik, astirik ere izan ez duela, eta gero kafea. «Acompáñelo, Giménez», Onofrek protesta egin gura izan du, badakiela non dagoen. «De qué?». «Kakazaharra!».

        «A!Estuvo aquí antes de la Cruzada, comó le llamaban..». Koarteliloa dagoen etxea Batzokia izan zela gogorarazi dio kabo berri honek. Eta gero errakuntzaren bat edo beste denok izaten dugula bizitzan eta «déjele ir solo» agindu dio Giménez horri, zeinaren aurpegian eguzkitan bizkarra makurtuta mendeak eman dituen arraza lurkoiaren errobot-erretratua ageri den.

        Komunerako bidean uhuriak datozeneko gelara kirik egin du. Hormari aurpegia eta berari lepoa erakusten, zutunik, gizonezko ttiki bat dago. Onofrek ez daki zerk esan eragin dion, «ipuin-kontalaria».

        Ipuin-kontalariak burua bihurtu du. Betinguruak gorri, ubeldurik begiak eurak ere, arnasa hartu ahal izateko beheko ezpaina indarge jausten utzita du. Kareazko lau horma zikinok eratzen duten barrutik baino haragotik begiratu dio.

        Komunean zerbaitek uko egin dio gernubidea askatzeari bere barruan. Egin du azkenean ere, eta itzultzean itxita topatu du Ipotxa dagoeneko atea. «Hay quien se mea en los pantalones», batzuek praketan egin txiza, «y hay quien no le sale», eta beste batzuri ostera urten ere ez. Txapelokerrek barre egin dute une batez, zeren kaboak eskuinerantza begian eta horman eskegita dagoen argazkitik Caudilloak isiltzeko agindu balio baino mutuago geratu da. «Y ahora vamos con lo que nos interesa». Zerk ote dien ardura horren urrun-usaina aditzen dien txapelokerrei, goizean goiz etxetik urten eta gauerainokoa kondatzeko bidean abiatu zaie Onofre, bihotza oinutsik.

        «Ahorre ciertos detalles». Alboan dagoen txoria dutela euren ardurakoa. Onofrek ipuina edasten eta ardoa edaten ezagutu zuela esan die. Caboak argi esan dio, «no me sea usted cuentista». Eta gero egun berean ordu batzuetan ez zuela ikusi, harik eta itotzear uretatik atera zuten eta arnasketa artifiziala egin zion arte. «Y no le dijo nada al oido», belarrira zer esanbehar ote zion gixajoak, hil-aginean zegoela. Luisen autoan sartu zutela esatean Onofrek, «le estamos esperando» gaineratu du haginandiak. Onofre hormako argazkira begira geratu da.

        «En ese coche..». Onofrek hitz berberak errepikatu ditu, «auto horretan zer?». Lasaitzeko esan dio kaboak, galderak berak, «viajaba alguien más?». Baietz. Hiruren izenak eman dizkio.

        «Alguno durmió en su casa?». Ezezkoa ematekotan izan da. «Anton», esan du.

        «Caramba, no me suena». Haginandiak kartaren bat gordeta duelarik igartzen du Onofrek, haren begirakunean ezezik atzean duen Giménez madarikatuak darabiltzan dantzatxo, eztul mehe eta poz-seinaleetan. Lehen uhuriak izan direnak alarau bihurturik aditu ditu. «Ipotxa».

        «Es éste acaso», mahaukan gordeta izan duen karta erakutsi du azkenean ere. Argazkia. Iruntzitara luzatu dio. Begien aurrean artezturik izan duenean arnasak huts egin dio. Berau dela esan die. Eta argazkian ageri den aurpegiak begiak hain zabalik izatea, azken argiek horko niniez barrurako bidea aspaldi egina dutela esan diote.

        «Hilda» euskaraz egin dio ustebakoan adierazpenak. «Bai», euskaraz esan du kaboak. Berak ere zeozer ikasi duela, zerbitzuaren onerako. «Pues ya ve señor Ruiz». «De Artxanda», gaineratu du berak. «De Archanda» aldatuz onartu dio. «Esa misma noche». Polito ulertu du esan nahi diona.

        Hiru pertsona autoz ailegatu dira mugaldera, erdaraz diotso kaboak, eta bik autoan aurrera egin duten bitartean, batek oinez egin du, basorantz. Autokoek beste aldera igaro eta hantxe itxaron beharko dute, hirugarrena agertu arte. Gero, hirurak autora berriro eta agur karabiñeruok agur Benemerita, adios España.

        «Conocía a la chica?». Ezetz, beste biak ezagutu zituen moduan egun berean ezagutu zuela, ausartu da esaten barrua erreten diona, «pero no ocurrió así».

        «De buena familia, eso le salva», eta atoan galdetu dio irribarre gabe, akaso berak dakien zelan izan ziren gauzak. «No lo sé, pero..». Ez du amaitu.

        «Pero ese está muerto», hori hilda dago, eta zelan izan zen jakin gurako duela, akaso lehenagotik ere ezagutzen zuelako. Ezetz, uzteko hala nahiago badu.

        «Conducía el indio», txofer indioa zihoala. Hori pasaporteagatik utzi dutela libre baina Frantzian. «Tira» esan du gero, «ahor gure zibilizazioa Ameriketan».

        «Usted..». Kaboak luzaz begiratu dio, Onofreren barruan ahul-uneren baten bila moduan. Chester paketea atera du, ring-zokondoan dagoenak legez zigarroa iziotzean kokota arteztu eta goitik behera begiratu ahal izateko haginandiari. «Fuma?».

        «Sólo nacional». Tabako xehearen zorrotxoa atera du, petak, laster gordetzeko berriro. Egun berezietan tabako berezia eta halakoren bat ipini du atxakiatzat. «¿...le vió que llevaba pistola?».

        «Ez».

        «O sea que se la vió». Ezetz esan diola erantzun dio Onofrek, eta kabo azeri zaharrak argi utzi dio, ezezko hain borobila ustegabean harrapatua izan denak baino ez daki ematen.

        «Mire», beitu, mugaz bestealdera joan diren biek ez dutela oztoporik izan, lehengora itzuli da kaboa, baina beste hirugarren harek, pistola zeramanak, ez duela asturua alde izan, adur txarreko egunak argitu zuela goizean horrentzat, «en su casa». Eta bera beranduago ailegatu zela eta orduan hantxe zegoela, Onofrek egia esan du, doinuan salatuz lehengoa gezurra izan dela. «Cómo?». Zelan? «Doroteoren sidec..». Beste susmagarri bat. Beharbada baietz, erantzun dio egiteke geratu den galderari kaboak. «Buen tabaco».

        «Bien, pues ese hombre», tiro egin duela blausta basotik urten eta erreka uger igarotzeko prestatzen hasi denean han aurrean agertu zaion patruilari. «Y esto es lo que pasó».

        Argazki sorta luzatu dio. Anton gerritik gora biluzik egokera ezberdinetan gorputza, hatsa alde eginda, hezur guztiak lokaturik dituenaren antzaz. Hilda. Karramarroak sendo estutu dio bularraldea eta samatik gorroak kanporantz erauzi gura izan dituenean txisturik ez duela eta itotzen hasi da.

        Kaboak keinua egin dio Onofreren bizkarrean duen numeroari. «Agua?». Xurrutadatxoa jo dio Onofrek, ipotxaren berri itauntzean ausartu orduko.

        «Ese no sabe nada». Beraz, zer dela eta hemen? Eraginkorrak direla erakutsi beharrak agindu diela hori atxilotzea baina laster geratu behar dela libre hori ere, Luisi hirulau galderatxo egin eta bien arteko kareoaren ostean. Kareoak oilarrak ekarri dizkio gogora. «Usted no sabe» berriro hasi zaio kaboa Antonen gorabeheretara itzulirik ustegabean. Ez ote dakien Anton hori benetan nor izan zen, «Enemigo de la Patria», eta eurek bien artean geratuz gero esango ziola egia, «que le echaba güevos», eta hitzok entzutean John Ingelesa etorri zaio burura. Kaboak igarri egin dio. Untxea barrurago sartu gura izan du, senaz, zeozer lotu ahal izango duelakoan, «le recuerda a alguien?».

        «Ez», silaba bakarrekoa liburuetako berbarik luzeena balitz moduan esan du oraingoan, bihotzmina josi bait zaio beldur ikarari. Berari baietz, esan dio kaboak, beste bat dakarkiola gogora, hain zuzen ere, Epifanio izeneko txapelokerra, kontrabandoaren aurka bere kabuz ihardutearren trenbidean hila. Onofreren paparraldea izerdi hotzezko anpuluek ongarritu dute. Alkondara doi jantzi berriak kokotak ibili dituen izu-igurtzien albiste lohia erakusten du. Ez du besterik itxaron behar izan kaboak esatea baino, «eta ordukoan ere halako bat egon zen zuenean, zelan zuen izena?».

        «Aquel tambien le echaba güevos», Onofrek ez ei daki noren potroak ekarri dituen mahai gainera kaboak. «Epifanio», barre egin dio eta hortxe lasaitu da.

        «Lo que no se puede», ezin dena Onofre Jauna, «es hacer la guerra así», ba, gerra hala egin, haginandiak gustoa diola jokatzen duen errolari, batipat Jauna deritzan baten aurrean, begiertzeko oilarranketan zimurdurak biderkatu egin zaizkio, urrezko haginak dizdiz egin du eta Giménezen zirkinetan, bere sorbaldetan bertan, ikuskizunaz atsegintzen dagoenaren poz-jarioaren hats aditu du.

        «O sea, que uno no puede hacer la guerra por su cuenta». Norberak egitea gerra ez dela kontua, «váyase» berbatik hara jaurti dio, ttu egin bailion, «bihoa berori», Onofrek ezin sinestu izan du hain erraz utzi dutenik. Beste chester bat atera du erdi zutunduta ja, erdi kaboari eskua emateko egokeran. Kaboak bere aldetik eskua luzatu eta zigarroa kendu dio, artez paketetik.

        «Para luego», geroko. «Eta horko gixajo hori?». Atean dagoela egin du itauna. «Hori?». jardetsi diote kaboak eta numeroak batera, barrerako aldartez.

        «Hori berori, bai».

        «Se irá cuando se lave la cara y se limpie los pantalones». «Aurpegia zuok dozuena, eta azal gogorra be», oinak kalerako bidean sartu eta zenbat eta arinago egin hainbat hobe, gero arte esan die, burua itzuli du eta etxera etorri zaion hirugarrena ikusi du alboko gelatik irtetzean. Barrutik auspoak arnasa oztoparriturik ematen dionaren oskadak aditu ditu. «Ipotxa». Kalerantz jo du. Eta hantxe ikusi du Luis, ateko txapelokerrari datuak ematen.