Azken fusila
Azken fusila
1993, nobela
212 orrialde
84-86766-46-X
azala: Michael Paraskevas
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2003, saiakera
2001, poesia
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

11

 

—Doroteo, zer egiten dok hemen ba? —txapela ezkerreko eskuan eta eme-esku bat eskuinekoan, Bilboko laguna da dei eta txistu egin diona. Eskuan duen eskuaren jabeari begiratu dio Onofrek. Egundaino ikusi duen neskarik lirainena du alboan Doroteok. Zurbila, argala, gizona baino goragoko hankaluzea, gasazkoa dirudien gona luzea eta zamarra estua soinean, buruan larruzko txanotxoa du. Larruzkoa da Doroteoren jaka ere.

        —Adela —aurkezpena egiten hasi da—, nire alter egoa, Onofre. Zer uste heuan ba, ni lako historiadore bat hona etorri barik geratu ahal zanik edo? Zer ikasi makina bat eta franko —barre egin du— dago hemen, kuttunok.

        «Kuttunok!». Ironi jokoa ez ote den geratu da Onofre.

        —Hi beti bardin. Mahai batean gagozak hor behean; jakanarrua jantzita etorri haiz ba, lehorreko marineru hori —Onofrek adiskide arteko umekeriazko mendekuaren bila, neskaren edertasunagatik bilatua.

        —Motorraz etorri gara, ezta Adela? —Adelak ez dio begirik kentzen beherago dantzan diharduen erromeriari, oinei ere eutsi ezinik, bera ere oskizolez behea jo eta jo; begi-keinuz agindu dio«goazen», dantzara—. Hau baino ez: eskatu egiguk edateko zeozer, euk gura dokena.

        Dantzari berri biei begira geratu da, ekarri dioten txakolin gorriari xurrutadatxo laburrak jotzen dizkion bitartean. Doroteoren buruko goikalde soildua doi-doi heltzen zaio neskari bekokira eta elkarren begietara egiteko berba, erromatar enperadoreen keinuaz behartzen du lepoa gizonak. «Enamoratuta diagozak», bera ere egon izan denekoez oroitu da. San Juan gaueko Maddalen eta Buenos Aireseko Marina, edo Malintxe. Adela honek ere arrenkuraz bete dizkio arimako behe-sotoak, gilatik hurreen dagozenak, eta ezin du zergatia igarri. Emetasun hutsagatik, ezin bideratu den barruko errekako ur ilunen batean jaiotzatik gorderik dugun isladaren berdina begien aurrean izatean, ur hori zorabio bilakatzen delako, akaso.

        Jazbanda isildu egin da bapatean, deblauki, multzoaren ahotsei lagaturik inguratsa, bere osotasunean. Doroteok ez du utzi nahi Adelaren gerrikoaldea eskuetatik joan dakion. Neskak eskuin eskuko atzamar lodia goiko ezpainean duela, oinen punttan eutsiz eta lagunari emanda beste eskua, hango gehienek baino hobeto ikusten du norantz doazen begiradak. Eta berak ere arrapaladan ekin dio bertarantz. «Goazen» mutua egin dio bekokiko zimurren okerkada batez Doroteori.

        Gonbidatuak eta Anita utzi dituen mahaira hurreratu eta Luis ez dagoenaz ohartzean Onofrek berak ere beherago jo du, aireak birinboloka dakartzan oihartzunetan «Itto» esaten aditzen duelarik.

        —Nor itto da? —itaundu du.

        —Ez dakigu —Anitak, Patriziak eskutik eusten diolarik—, Luisek ea ba lagundu ahal dauan joan da, ze autoa be hor behean daukan ezkero, ba... —ez du amaitu.

        Onofrek «Oraintxe nator» keinua egin eskuaz eta Gazteluatxe Munduari josten dion beso-zubira jo du, arineketan, Doroteo ere atzean darraikiola. Erromes multzo bat borobilean bilduta dago. Lekua egin du Onofrek, ukalondokadez. Erdiraino sartu da. Hortxe dago Luis, apatx eginda behearen gainean luze datzan mahoizko baten buruaren gainean burua. Ahotik ahora arnasa ematen eta saihetsetako giltzan kolpeka dihardu. Aldi berean.

        —Luis —legun egin dio Onofrek.

        Luisek burua itzuli du. Agerian geratu da itota ei dagoenaren aurpegia. Ipuin edaslea. Doroteok besaburuetatik eutsi behar izan dio, jausi ez dadin.

        —Zure ezaguna?

        —Bai eta ez —ez du beste ezer esateko astirik izan.

        —Egiok heuk, Onofre —Luisek ezin eutsi dio zereginari—, honetan zeozer dakian bakarra haiz. Dana dala ez diakiat ba hilda be ez ete dagoan.

        Erabagior, zart ekin dio agindua betetzeari. «Kanpora, hala, kanpora», guztiei atzez egin eragin dien ahotsaz agindu du Onofre kapitainak. Lagunak ere harri utzi ditu une batez.

        —Doroteo —dei egin dioenean alboan makurtu zaio berau, sorosteko prest—. Hik emoiok arnasa ahora nik bost esatean, bai?

        Saihetsetako arkulua baino apur bat gorago ekin dio Onofrek itoaren bihotza abiarazteko surtara egurra ekarriz, «Mila ehun eta bat, mila ehun eta bi..»., bosta arte zenbatu eta «oraintxe» aldarri eginaz Doroteori, airea sar diezaion birikietako ifernu hoztuetara. Ifernu hotza, zeren lehenagoko ipuin kondalariaren masailetako ziza gorrikarak urdin bihurtu eta begietako zuringoetan azken mugetako jarioa herio-mintz bilakatu behar bait zaio. Onofrek ekin egin dio.

        —Hilda diagok —belarri ertzean aditu du diotsotela.

        —Booosst! Arnasa Doroteo!!! —aldarri egin eta hurrengo kolpea jotzeko besoetan behera luzatu duen kemena miragarriro bideratuz—. Autoa, Luis! —agindu du gaixoaren lehen okadek arnasabidea apur bat askatu duteneko.

        Bostekoetan jo eta orduantxe arnaskada bat, halaxe egin dute aurrera, Luisen autoko argiek lekua eskatu duten arte. Erromesek ilara bi eratuz egin diote bide. Onofrek lehenengoz kendu ditu begiak itotzear izan denaren begietatik. Arrats erdi gorrituak ekarri ohi dituen hodei-lits urratuak lako zain-odolduak iragaziz, begietako herio-mintza bizi-kolore bilakatu zaio. Belaunetako giltzaduretan koipea falta bailuen jagi da kapitaina. Adelaren begietan kosk egingo luke. Beherago Anitarenak dagoz. Eta Indiorenak.

        —Gaur ezagutu joat beste Onofre hori —esan dio Doroteok—, itsasoetako kazadorea.

        Onofrek ez du aditu ere egin, eta aditu badu, ez du ulertu Doroteok esan diona. Luisek agintzen du orain.

        —Hire andrea eta Patrizia gixajo honeri lagunduten etorriko dozak, atzean, eta aurrean beste lagun biak. —Ipuin edaslearen gorputzak ozta ozta hartzen du arnasa Onofreren agindupean diharduten morrosko bik autoan sartzen duten bitartean.

        «Lasai joan, konponduko gaituk eta», Doroteok eta Adelak baietz egin behar dute hamaika bider, Anita baretu ezinik. Patriziak ekarri dio bakea. «Yo soy enfermera» esan dio. Autoak maniobra zaratatsuak egin ditu. Gaztelugatxeko lakarretaraino luzatu dira argi hageak eta, ostean, autoaren bira berean itsasaldea bera eta, une batez, Akatx bakartia argiztatu dute. Jazbanda aditu da berriro ere. Tronpeta joleak 'When the saints go marching in' hari zarrastadaka desegin beharrean ekin dio.

        «Oraindino txakolina geratzen jaku». Onofre edangura da. Lehengo mahaian hantxe dagoz boteila hutsak eta basoak. Txakolindegi inguruan dantzak bizitasun zoroa du. «Egizue dantzan», esan die, heriotzaren aurka egin duenaren itsasbeheran barruko urak, ekarri ere marraz harantzugo izan denaren bakea dakarkiolako, bare-bare.

        —Hi burutik hago! Dantzan orain? Ikarea oraindino be dantzan diaukat hemen eskuturretan.

        —Zer da ba ittotekotan izan den hori, beste askoren arteko bat, eta bizirik diagok ganera. Bera barik, gu barik, munduak bardin segituko jok, alaiago beharbada, ze espektakulu hau ez dok programan egon; zer kondatu eukiko juek gaurko Sanjuan egunaz. —Adelak eskuak luzatu dizkio.

        —Egia. Nik neuk dantzan gura dot —Doroteori begiratu dio, maltzur—. Kapitaina, goazen!

        Bera baino handiagoa dela, barre egin behar dietela, atxakiak izan dira. Ittotekotan izan denaren bihotza abiarazteak berari ere odol beroagoa ekarri dio zainetara. Dantza egin du, Doroteo han egoteaz gogaitu den arte.

        —Joateko ordua be badok eta, hobe orain alde egitea gero baino, ze Bilborako bidean hi etxean itzi beharko haugu —Doroteorena jeloskeria dela susmatu du Onofrek—. Ipuinetako ha lez, okerreko emakumeagaz ezkondu hintzan hi, Onofre laguna.

        Dantzarako neska kendu diolako lagun arteko zirikadaz hartu du Doroteoren kexa. «Ba hi ez hadi okertu, hau baino hoberik ez dok topako eta». Adelak goragotik menperatzen dituen gizonei begiratu die, ironiaz.

        —Hara hemen gure gurditxoa —Doroteok sidecar delako motorraren alboan—. Hi nire atzean eta Adela albokoan joango gaituk. Sasoi barriak, ganadu barriak —motorraren taiukerak Onofrerengan eragin duen ustebakoaz jakituan—. Hoztu egingo haiz halan ezer barik. Ea zer dagoan hemen barruan.

        Adela motorraren alboko arrautza modukoaren barruan sartu eta jesarri egin da, Doroteok eskaini dizkion eskunarruak jantzi dituenean. Narruzko txanoa sakonago sartu du. Durduzgarriago dago neska.

        —Tira, zeozer topa joat —Doroteok txapel zarpail bat eskaini dio—. Neure atzean jesarri eta adi gero! Maniobra guztiak neuk egingo joadaz eta, hi hoa lasai.

        Motorraren burrunbadak keinu mekaniko bana egin eragin die hirurei. Arrautza modukoak aurrean duen ispilupeko gakoari lotu dizkio eskuak Adelak. Doroteok betaurrekoak jantzi ditu. Igelhandiaren begitzarrak iruditu zaizkio Onofreri. Aurreko argiak bazterrera jo arazten dien erromes bakanen begiradek lagundurik urrundu dira, lizar eta miluen uda-usainen zainetan gasolio errearena utziz.