Alkasoroko Benta
Alkasoroko Benta
2013, nobela
176 orrialde
978-84-92468-45-4
azala: Unai Iturriaga
Mikel Taberna
1957, Alkaiaga
 
2021, poesia
2001, narrazioak
 

 

GABIKAREN IKURRINA

 

Garmo Negroren kaskoa hankapean hartua genuen bi egun lehenago, baina Gabikari ez aski iruditzen hiru milako eder hura. Han goitik erakutsi zigun Pico del Infiernoren pareta zut ikaragarria, harri beltza eta marmol zuria. Hari begira ginela, gain hartatik jende franko eroria zela kontatu zigun, puntatik hasi eta beheitiraino amilka. «Hor deskuidatuz gero, seko geldituko haiz! Salbaziorik ez. Pentsatzen hasita, ez duk hiltzeko manera txarra!». Parean genuen deabru guzien erresuma harexek kentzen zion sosegua. Hirurok tontor zorrotz hartara joan behar genuela preziso. Horixe sartu zitzaion kaskezur gogor hartan. Nik, ordea, lehenagotik ere informe txarrak nituen izen gaiztoko mendiari buruz, ibilera klase horretan eskarmentua zuen jendeak Iruñean kontaturik. Gabikak aitzin hartan lehenbiziko aldiz kontu hura atera zuenetik traza itsusia hartu nion, baina banuen esperantza pixar bat, haizea etorri bezala joan ere eginen zitzaiola eta ahantziko zela abentura hartaz. «Ze nezesidadea horrela arriskutan ibiltzeko!», gure amak erranen lukeen bezala. Ordea, ez nintzen ordura arte kontra egitera atrebitu.

        Lo egiteko zakutik oraindik atera gabe ginela bota zigun eguneko plana.

        — Aupa konpañeroak! Gaur «infernura»!

        Uste dut Tturkok ez zuela ongi aditu, oraindik zurrungaka ari baitzen, baina ni aski erne nengoen. Mutu gelditu nintzen. Guk kontestarik ez, eta orduan Gabikak altuago oihu, inork dudarik ez izateko:

        — Ala hil!!!

        Usteko zuen horrekin animatuko ninduela. Ni ez nintzen heroi izateko jaio! Begiak zabaldu nituen. Hagitz goiz izan behar zuen, kanpoan ez baitzuen oraindik eguna arras argitu. Zutitu eta lasterka atera nintzen dendatik, ezpel batzuen gibelean tripak husteko itxura egitera. Hamar bat minutu eman nituen, zer erran behar nien pentsatzen.

        — Ze gaizki egin dudan lo! Zerbaitek kalte egin zidak, kristoren kakeria diat! Kauenlaputa! Eta gaur gogotik berotu behar duela erran ditek. Kauendiooo! Ni gabe joan beharko duzue mendira.

        Tturkok ordukoz utzia zuen ametsen erresuma, eta ongi aditu zituen nik erranak. Ez zion sobera inporta, hala ere. Gabikak, berriz, usain txarra hartu zion nire beheitikoari. Gisa bereko bertze aldi batzuetan ere aitzakiak emanak nituen istorio zailetatik ihes egiteko. Txorakeriak uzteko, pasatuko zitzaidala eta haiekin joateko erran zidan serioxeago. Ezetz nik, sentitzen nuela baina ezin, eta berriz ere lasterka ezpel artera. Hondarreko, laguna aspertu egin zen nirekin.

        — Infernuari beldurra? Beldur handiagoa ematen zidak niri zeruak! Baina, joan behar baldin bada, harat ere joanen gaituk! Ez da hala, Tturko?

        Tturkok irri egin zuen, baina ni isilik gelditu nintzen.

        — Irazoki, Irazoki! «Ez-izoki» totala haiz hi! Orain ere, zerbait berezia egiteko ideia, eta hik... kaka!

 

 

Tturko, Gabika eta hirurok Pirinioetara joanak ginen, Panticosara. 1976ko irail hartan gure lagun igeltseroa Tenerifetik etorri berria zen, soldaduska akabaturik, lehen baino zezenago, eta bertze biok, estudiante zuriak, hilabetea eskas falta genuen unibertsitateko kurtsoa hasteko. Kanpineko denda bainuetxetik hurbil paratua genuen. Debekatua zegoela erran ziguten, baina gu ez bertze inor ez zebilen paraje haietan eta suerte pixka batekin ez ziren guardia zibilak agertuko.

        Malda goiti abiatzeko tenorean, serio begiratu zidan espedizio-buruak, ni denda barrenean gelditzen nintzelako hark espres ekarririko Berriak aldizkaria eskuan, «Etzakela horko ikurrina ipurdia garbitzeko ibili!». Istant batez elkarri begiratu genion deus erran gabe, eta segituan bota zidan azkeneko puntua: «Hi... kapaz!». Urte hartan berean jaioa zen aldizkari hura, eta aste hartako numeroarekin batera poster modura partitu zuten bandera zuri-berde-gorriaz ari zen Gabika. Bertze lagunak umore onez ematen zuen, «Ilundu aitzinetik agertu ez bagara, ez apuratu batere, Satanasekin dantzan ari garela seinale!».

        Neure buruarekin bakarrik gelditu nintzen hantxe, ez sobera gustura, egia erran, baina lagunekin joan izatera okerrago egonen nintzen. Bi aldeetara gaizki. Errebistari errepaso on bat eman nion. Denbora hartako politikako kontuak aipatzen zituen. Franco aitzineko urtean hila zen, bazter guzietan karrikak sutan zeuden, eta jendeak sekulako gosea zuen zer pasatzen ari zen eta zer etorriko zen jakiteko.

        «Una ikurriña para todos» paratzen zuen azalean, ale harekin egiten zuten erregalu bereziari errepararazteko. Harrigarria ere bazen, bandera hura oraindik galarazia zegoelako, eta legez kontrakoa baitzen erakustea. Baina horrelako misterioak izan ziren hilabete nahasi haietan.

        Barreneko orrietan, herriz herri izan ziren azken manifestazioen eta greben kroniketan lotu zitzaizkidan begiak, egun haietako gerra parteetan: polizien eta guardia zibilen azioak, tiroz edo makilakadaz kolpatu eta ospitalera eraman behar izan zituztenen izenak, jendearen oihuak («Presoak kalera, amnistia osoa», «Pertur askatu», «Askatasuna»...). Argazkiak banaka-banaka ikusi nituen atentzio handiz, tokiak eta aurpegiak ezagutzen ote nituen. Segoviako kartzelatik ihes egin ondotik harrapatu zuten mutil bat bertze orrialde batean heldu zen, ospitale bateko ohatzetik kamerari begira, gangrenaturiko eskua agerian.

        Irakurtzen aspertu nintzenean, nire aldetik joan nintzen pixka bat ibiltzera. Ttaka-ttaka goiti aldera, laku moduko batera ailegatu nintzen, eta hantxe joan zitzaidan denbora puska bat sumakabean, harri xabalei ur-azalean txingoak eginaraziz aitak ttikitan erakutsia zidan maneran. Eguzkiak fuerte jotzen hasi zuen eguerdi partean, eta gure etxolara bueltatu nintzen presarik gabe hiruzpalau harri-koxkor polit sakeletan harturik. Zerbait jan, lo-kuluxka bat egin eta esperoan gelditu nintzen.

 

 

Arratsaldeko sei eta erdiak pasa ziren, eta oraindik ere ez ageri lagunak. Berantesten hasi nintzen, ezbeharren bat ez ote zuten izan. Nola jakin? Agudo hasiko baitzuen iluntzen, laguntza eskatzera joatea pentsatu nuen. Bainuetxeko hotela eta haren ondoko bertze lokal batzuk itxiak zeuden, baina bazen haietatik aparte urte osoan zabalik egoten zen benta bat, eta han galdetuko nuen zer egiten ahal zen. Beharbada hain gutti maite genituenei deitu beharko genien, erreskatea antolatzeko.

        Ostatuko atea ireki nuelarik, bi lagunak hantxe ikusi nituen mahai baten bueltan jarrita, zerbeza edaten trankil ederrean. «Onbre, Ezizoki! Ze? Pasatu zaik kakeria?» bota zidan Gabikak. Irriz lehertu ziren biak, eta etxeko nagusia ere kutsatu zuten, nahiz hark tutik ere ez entenditu. Hortzak estutu eta, deus erran gabe, ospa egin nuen handik gure kanpatokira berriz. Denda barrenera sartu nintzen maldizioei ausikika.

        Ordu erdi bat geroago etorri ziren biak erdi kantari, Infierno mendean hartu bide zutelako espantuka nik ongi aditzeko maneran. Soraio hartu nahi nituen, baina ez zidaten aukerarik eman. Bat-batean niregana etorri ziren oihuka, eta, eskapatzera saiatu banintzen ere, ustekabean harrapatu ninduten. Batek besoetatik lotu eta bertzeak hanketatik, ohartu ordukoz airean nengoen. Ni garrasika bakean uzteko eta ero haiek erreka idor batera ni botatzeko keinu egiten. Azkenean, hirurok plausta erori ginen gehienbat lohia bertzerik ez zegoen putzu txar batean. «Demonio belepitoak!», erran nien koleratua. Hiruron arropak bustiak eta zikinduak ikusirik, elkarri begiratu eta irri-ajarika hasi ginen. Halaxe akabo gure arteko disputak.

 

 

Biharamunean berandu arte ez ginen mugitzen hasi. Lagunek nekea hanketan eta zerua goibel, eguna alferkerian pasatuko genuen segur aski. Gosaldu ondotik, halere, bainuetxearen ondoko frontoian pilotan zerbait aritu ginen. Gero presaren ondoko pinudian katakurtxintxa batzuk pertsegitzen ere ibili ginen, haiek aspertu eta gu hatsankatu ginen arte. Bazkalondoan eurixka hasi zuen eta bezperako ostatura joatea baino gogorazio hoberik ez genuen izan. Nagusi zaharrarekin eta etxeko seme-alabekin erausian aritu ginen gustura. Politika kontuetan ere bai. Francoren kontrakoak ziren haiek ere, Errepublika zaharraren aldekoak, eta, nondik heldu ginen jakinik, sinpatia handiarekin hartu gintuzten, iduri zuelako Euskal Herrian ari zela jendea inon baino gehiago gurditik tiraka Espainian erdi koloka zegoen erregimena hankaz goiti botatzeko. Haiek ere erdi euskaldunak ez ote ziren erran genien, Belio baitzuten deitura. Ez zuten gaizki hartu, «Aquí hay muchos beléas, como dices tú, ¡bien listos que son!».

        Udako denboraldia akabatua baitzen, gu ginen denda-ostatuko bezero hoberenak, harat sartzen ginen bakarrak. Oraindik ere bolada batean asteburu pasa etorriko zen jendea, elur sasoia ailegatu arte, baina astelegunez bakea zen nagusi mendiarte hartan. Etxeko semea gure ondoan jarri zen mahaian, eta kartatan eman genuen arratsalde osoa, kanpoan euria zar-zar ari zuela ohartu ere egin gabe. Hondarreko eguna genuen han, eta gustura aritu ginen hordagoka, oihalezko gure palaziora joateko presarik ez. Handik ateratzean ikatza baino ilunago zegoen, baina espero ez genituen lagun batzuek argitu ziguten bidea. Zeru aldean su besta hasia zen. Lasterka joan ginen geure aterperaino, segituan gainean izanen genituen tximista eta trumoiekin ikaraturik.

        Erne egon ginen euri erasoak iraun zuen bitartean. Ekaitzak gogotik jo zuen, dinbi-danba lehenbiziko, eta, argi kolpeekin batera kriski-kraska gero, rock talderik gogorrenaren markak hautsiz. Gabikak porro bat prestatu zuen, lasaigarri. Ez nengoen usatua hura fumatzen, eta ez zidan graziarik egiten, baina hartan ez nion ezetz erran. Ezpainetara ekarri nuen txanda tokatu zitzaidan aldiro. Ez nuen kea irensten, ez bainekien nola. Kea irentsi? Utikan! Zigarroa ahotik ahora joan zen pasatzen, eta gure arteko solasa ere aisago isuri zen. Halako batean neska kontuez hasi ginen. Erran nien Axunekin izan nuen istorioa fini zela, Bartzelonara joana zelako lan sozialeko konturen bat estudiatzera. Gabikak animatu ninduen. Erran zuen ez zitzaiola gustatzen beti berberarekin ibiltzea, aunitz ezagutu nahi zituela, oraindik gazteak ginelako, eta gehiago zahartzen ginenekoz ere ez zuela ikusten bere burua inorekin katean. Tturkok Tenerifeko putak aipatu zizkigun, eta haien iduriak imajinatu genituen bakoitzak bere modura, kerik irentsi gabe ere burua arintzen joatearekin batera.

        Noizbait ere isildu zen zeruko sinfonia harrigarri hura. Ur pixka bat sartu zitzaigun denda barrenera, baina moldatuko ginen lo egiteko. Gau hartan amets egin nuen portu bateko karriketan barna joaki nintzela eta atari batetik emakume ezpain-gorri batek harekin joateko erraten zidala. Ez nion kasurik egin eta aitzintxeagoko bertze etxe batera sartu nintzen, eskailerak goiti. Ezagutzen nuen bizitza hura, Iruñeko Alde Zaharrean nintzen. Arestiko emakume bera hantxe zegoen, baina gibeletik ikusten nuen. Gonak izterrak tapatzen zizkion, eta begiak beheitiago irristatu zitzaizkidan. Ederrak iruditu zitzaizkidan belaun-txokoen azpian ageri ziren aztal borobilak. Haietan ausiki egiteko gogoa sentitu nuen. Aurpegia niregana jiratu zuenean, Axun zela ohartu nintzen. Lepotik hartu ninduen eta besarka estuan lotu, bere aurpegia nirearen kontra paraturik. Haren matelako mertxika-bixar suabea! Musu eman genion elkarri, mingaina mingainarekin. Laranja eta tabako gustuak erantsi zizkidan ahoko zuloan.

 

 

Kurtsoa hasi eta berriz ere Iruñera buelta. Lehenbiziko astean Agustin ikustera joan nintzen, aspaldi pentsatua nuen bezala. Amak hainbertze aldiz errana zidan, baina beti gerokoz uzten nik. Ortzegun arratsaldea aprobetxatu nuen, huraxe genuen klaserik gabeko egun bakarra.

        Psikiatrikoko sarrerako emakumeak bisitentzako gelara joateko erran zidan: «Al final del pasillo, a mano derecha». Abiatu nintzen, eta zer zen hura! Ez nintzen harritzen halako toki batean jendea burutik eri egotea. Ikaraturik gelditu nintzen pasabide izugarri handi hartan. Gorputz herbalduak nora gabe ibilki ziren, hankak arrastaka. Iduri zuen bertze mundu batean sartua nintzela. Pausoak ahalik eta arinen ematen hasi nintzen. Beldur nintzen ez ote ninduten begi erori haiek euren sarean harrapatuko. Moja xahar bat ikusi eta harengana joan nintzen zuzenean, hark salbatuko ninduen esperantzarekin. Gogo txarrez begiratu zidan, baina bilatzen ari nintzena non zegoen erakutsi zidan halere.

        Jende gehiago bazen gela hotz hartan. Nire ondoan senar-emazte adindu batzuk semearekin solasean ari ziren. Mutilak hitz-debeku gogorra zuen. «¡Es-es-es-es-toy con-con-con-con ten-ten-ten-ten to!». Gizon lodi batek ekarri zuen Agustin, aulki bati bulkaka. Nonbait, ez zen zutik ibiltzeko gauza. Hagitz itxura txarra hartu nion. Begiak biztu zitzaizkion ni ikustean. «Martin!», erran zidan gorren mintzo zakarrarekin. Zer moduz zegoen galdetu nion. «Gaizki, gaizki!». Malkoak ikusi nizkion ateratzeko puntuan. Lasaitzeko erran nion eta engainatu nahi izan nuen, han inon baino hobeki zegoela sinetsaraziz.

        Pedro Lizaso aipatu zidan gero, alkate frankista izana. Haren seme gazteari ukabila erakutsi ziolako ekarri baitzuten Iruñera. «Gaiztoa, gaiztoa!». Haren izena erratearekin gorritu egin zen, sutu, «Hijoputa!, hijoputa! Kauendio!». Behatza burura eraman zuen, zerbaitetaz edo norbaitetaz bat-batean oroiturik bezala, eta bertze keinu bat egin zuen nik entenditzeko: bi eskuak lepora. «Alfredo!», erran nion, «Lepaundia!». Buruarekin baietz egin zidan, hartaz ari zela. Ea oroitzen nintzen arrantzazainaz. Ederki, gainera! Nola ahantzi Urrabian hilik ikusi genuen egunaz! Ez zen sekula argitu nola erori zen ugaldera. Pedrok bota zuela erran zidan kokotsa aitzinera aterata, Kokotsa alkate zaharrak, borroka batean makilarekin jota, eta erakutsi zidan nola. Nola ikasi zuen galdetu nion, eta behatza ezpainen parean paratu zuen. Ezin zidan kontatu, sekretua zen. Hiltzeko motiboa eman zidan serio-serio, «Kontrabandoa!». Batek daki. Bere fantasia ez bazen!

        Ondoko mutila jota kantari hasi zen, batere totelik egin gabe orduan, solasean bai eta kantari ez egiten, «Quisiera, quisiera, quisiera volverme hiedraaaaa!!!». Huntza izan nahi! Nola ez, bada, handik eskapatzeko! Ez zuen gaizki kantatzen, baina nire lagunak ezin zion aditu. Jatera ongi ematen ote zioten galdetu nion. «Kaka zaharra!», haren kontesta. Despeditzeko ordua ailegatu zenean, bihotza urratu zidan «Etxera, etxera...» erranda. «Zurekin!!!». Hori ezin nuela egin, baina berriz ere etorriko nintzela hitz eman nion, eta lasai egoteko, sendatzean aterako zela eta joanen ginela berriz elkarrekin arrantza egitera. Lehengo gizon bera etorri zen aulkia bulkatzera, «¿Qué dices tú?». Ez dakit ez ote zion euskaragatik erran. Niri begiratu eta begi keinua egin zidan, bromatan ari zela argitzeko eta ni konplize izateko. Segur aski konprenitu izanen zuen nire mutur beltzarekin adierazi niona. Sartu nintzen bide beretik atera nintzen, baina oraingoan deus ikusi gabe, kartzela hartan abandonaturik utzi behar nuen laguna burutik ezin kendu.

        Handik aste pare batera, goiz hotz batean, ospitale triste hartako balkoi batetik zintzilik agertu zen Agustinen gorputz hila. Alkasorotik urrun eta Urrabiatik aparte, amuarraina uretik kanpora bezala ito zen. Gizajoa! Sekulako pena sentitu nuen, eta kulpa puska bat ere bai ez niolako gehiago lagundu, ez nintzelako lehenago eta gehiagotan joan bisita egitera.

 

 

Azaroko azken astean aitaren lehengusu bat agertu zen Alkasoron, Uruguaitik etorrita. Jaioterrian egun batzuk pasatu behar zituen eta gero Europan barna turismo egiteko ideia zuen. Suitzara ere joan gogo zuen. Medikutara, nonbait, baina nork jakin, izanen zuen negozioren bat. «Hamalau urte ez zituen izanen hemendik Ameriketara joan zelarik! Aita eta ama hilak, senide guziak alde batera eta bertzera partituak! Miseria gorrian! Eta begirazaiok orain!» erran zidan aitak ortzirale iluntzean, Iruñetik asteburu pasa etortzean.

        Larunbat goizean txofer nonbratu ninduten, etxeko Renaultean osaba Pantxo aitaren baserrira eramateko. Kuriositatea nuen lurralde urrun haietan nola bizi ote ziren jakiteko eta, familiako kontuez zerbait aritu ondotik, Uruguaiko egoeraz galdetzea gogoratu zitzaidan. «Orain ongi gaituk...» erran zidan, «...beharrik tupamaro guziak kartzelan sartu dituzten!». Ederra bota zidan! Ez genuen handik aitzinera konbertsazio luzerik izan. Baserrian utzi nuen, pakete bat uzten den gisara, eta aitzakiaren bat atera nuen handik berehala alde egiteko. Lehengusuak ekarriko zuen berriz ere gurera. Nerbioso samar nengoen, kuadrillako lagunekin plan berezia genuelako arratsalde hartan.

 

 

«Eta hori erran dik aitona amerikano horrek? Barkatu, biño, urde zerria!». Gabikari ez zitzaion batere gustatu osabak tupamaroen gainean pentsatzen zuena. Aitzurra goiti egin eta bere indar guziarekin jo zuen lurra. Espantu handia, baina fundamentu gutti. «Ken hadi hortik!», erran zion Arraitzek haren partez aritzeko, «Estudiante ostia hok!». Guk ez bezala, hark bazekien erreminta nola ibili. Txandaka ari ginen: Gabika, Arraitz eta hirurok. Malixa ere hantxe gurekin, bazterretik begira, zigarroa erretzen eta gure kontura irriz.

        Jo eta su ari ginen, zuloak egiten Arraitzen familiak Maldarruneko bidean zuen borda baten ondoan. Satorrek pentsatuko zuten «Zer da eskandalu hau? Bizitokia suntsitu behar zigutek!». Urte hartako apirilean inguru hartan ikurrina bat sartu genuen lur azpian, baina ez oroitzen ongi non. Nola edo hala harrapatu behar genuen! Gabikaren agindua zen, nahiz eta bertzeok ez genuen sobera sufrituko agertzen ez bazen ere.

        Istorio aldi berean tristea eta xelebrea hilabete batzuk lehenago pasatu zena. Aberri Egunean Doneztebeko Bordatxo dantzalekuaren ondoan euskaldunon bandera paratu nahi genuen. Gabikaren gogorazioak, nola ez! Bezperan mozkor afari ero bat egin genuen Arraitzen borda hartan berean. Kristoren besta! Eta goizaldean etxera joatean hantxe utzi genuen ikurrina, maindire bat geronek txuri-gorri-berdez pintatua, hura toki segurua zelakoan, biharamunean hartu eta pentsatua genuen tokira eramateko.

        Gau hartan, ordea, tiroak izan ziren handik ez urrun, Urruña eta Bera arteko mugan, Zalain auzotik goiti. Gu etxera erretiratu berriak ginen eta Alkasorotik ongi aditu genituen ta-ta-ta-ta haiek. Iparrak laguntzen zuen soinua hedatzera. Ikaragarria. Biharamunean ikasi genuen guardia zibilek tiroka hartu zutela muga pasatzen ari bide zen komandoa, akaso ikurrinez hornitua heldu zena, eta mutil bat hil, ETAko gazte gipuzkoar bat. Ohatzetik jaiki ginenean, eltzetzuak Bidasoaren eta Urrabiaren bi aldeetan izkina guzietan barna ibilki zirela erran ziguten, uste baitzuten komandoko bertze norbait ere tiroz kolpatu zutela eta ezin izan zela urrun joan. Hura ikareria Arraitzek land-rover berdeak etxe paretik pasatzen ikustean! Gurasoei deus erran gabe, aitzurra hartu eta lasterka joan zen bordaraino. Ikurrina gordetzeko manera hoberik ez zitzaion kaskora etorri: lur azpian sartu eta kito!

        Horra zergatik ari ginen arrats hotz hartan gimnasia egiten. Hura zen orain planorik gabe bilatzen ari ginen tesoroa. Ederki kostatzen ari zitzaigun! Agudo ilunduko zuen, eta hotz zegoen paraje hartan. Norbaitek hartu ote zigun? «Aluren batek, igual!», Arraitzek nerbioso. Azkenean, «Hemen zegok!», erdi-oihuka gure laguna, «Puta! Ez nian uste honenbertze...». Plastiko zikin bat atera zuen lurretik. Hantxe zegoen bilatzen ari ginena. Borda barrenean zabaldu genuen maindirea. Nahiko ongi zegoen. Beldurra sentitu nuen. Ez nekien nola demonio moldatuko ginen harekin egin gogo genuena egiteko. Berriz ere ideia bera baikenuen: gau hartan Doneztebera joan eta Bordatxotik hurbil farola batetik zintzilik paratzea. «Benga, goazen hemendik!», agindu zuen Gabikak.

 

 

Arraitzen automobilean, berarekin batera, Mateo, Malixa eta ni joan ginen. Gabikaren Morrisean eta Tturkoren katxarroan sartu ziren gainerakoak. Hamar laguneko komando paregabea. Daldaraka egonen ziren Espainiako polizia klase guziak, handik hasi eta Iruñeraino bederen.

        Egiazko beldurra, ordea, guk geronek genuen. Citroënaren bolantea eskuetan zuena dinamita baino arriskutsuagoa zen. Euria ari zuen, eta Sunbillako errebuelta gaiztora ailegatu ginenean errezatzen hasi ginen. Espero bezala, ezker-ezkerretik eraman zuen autoa Arraitzek, kontrako bidea oso-osorik okupatuz. «Puta zaharra! Beti toki berean pasatzen zaidak!», aurpegira begiratu zidan nik arrazoia emateko, bide puska hura gaizki paratua zegoela eta normala zela astakeria hura egitea. Orduan ere, a ze eskapada egin genuen! Soldaduskan zegoen denboran, kalabozotik karta luzeak eskribitu zizkigun Arraitzek. Hiru hilabete eman zituen hala. Ez genuen esplikazio sobera behar izan zergatik entenditzeko. Madrilera joan eta segituan koronel batentzat txofer paratu zuten. Bista ona izanen zuen, dudarik gabe, gure Fittipaldi partikularra lan hartarako bereizi zuena. Gasolindegi bateko surtidorearen kontra txikitu zuen Dodge zahar bat. Txiripaz atera ziren bizirik hango langileak, koronela eta Arraitz bera. Madrilgo bertze puntatik ikusten omen ziren suaren garrak. Ez ginen nahi orduko ailegatu Doneztebera!

        Bordatxoko aparkalekuan juntatu ginen espedizioko lagun guziak. Gabikak orduantxe joan nahi zuen ikurrina nonbait zintzilikatzera, baina gainerakook nahiago genuen gerokoz utzi; batere presarik ez. Hartan amore eman behar izan zuen gure komandanteak. Malixa bakarrik haren alde. Hark ere ukabila goiti agudo. Ezagun zuen Lizarrako Sadaba zaharraren iloba zela! Ordu biak aldera paratuko genuela hautsi genuen, jendeak dantzatokitik ateratzean ikusteko maneran. Ez zuen atertzen eta Tturkok oihu egin zuen, «Goazen hemendik, barrenetik ere bustitzera!». Ostatuetan barna buelta bat eman eta zerbait afaltzera joan ginen, motorrak hala berotzeko ideiarekin. Gero sartuko ginen bordara azienda klase guziak, bakoitza bere irrintziak botatzera.

        Zerbitzaria kaferik hartu behar ote genuen galdetzera etorri zitzaigunean, mahaiaren bueltan arrunt harrotuak geunden gehienak. Denak kantuan paratu gintuen Xaturrek, beti bezala, «Ziburutik Sararat bi neska faltatu...». Begok lotsarik gabe begiratzen zidan, bere begi txirolduekin. Tankek Matias xaharraren orro aldrebes hura bota zuen, «Astoaren zaldalea!», eta jende guziak «Arre mando!!!»; berea gero, «Zakurraren biolina!», eta denek «Beti bero!!!».

        Gabika, ordea, serio zegoen. Ni bezalaxe, hark ere esku batean kopa eta bertzean purua. Bere plana esplikatzen hasi zitzaidan. Ez edateko sobera, erne egon behar nuelako. Abisatuko zidala noiz atera dantzatokitik. Pentsatu zuela hobe zela hiru lagunen artean egitea: Tturko, bera eta ni. Inor ohartu orduko ikurrina zubi ondoko farolean zintzilik paratuko genuela. Malixa hurbildu zitzaigun. Lau izanen ginen. Ahora sartu berria nuen kea kanpora atera zitzaidan eztulka. Tripako min isil bat ere sentitu nuen. Nola eskapatu handik? Orduan bai kakagalea! Buruari inarrosaldi bat eman eta kopako patxaran hondarra zintzurretik beheiti sartu nuen. Klik! «Ostia puta, Martin!», neronek kargu hartu nion neure buruari haserre ostatuko komuneko ispiluari begira. Baietz erran nion Gabikari. Prest egonen nintzela.

        Diskotekara sartu aitzinetik azkena hartu behar genuela eta, bertze ostatu bat bisitatu genuen eskandalagarri. Beratar batzuk zeuden barrenean. Gorria erraten zioten bat bere kuadrillarekin. Haiek ere xelebre samarrak ziren, gure gisakoak. Tartean zegoen guardia zibil zahar baten semea, parrandero totala baina futbolari ona, Padilla, alkasoroarroi aldiro gola sartzen ziguna. Gero, etxerakoan, ez zen harritzekoa izanen haren aitarekin topo egitea kontrolen batean. Huraxe ari zen zerbitzariarekin tratuan, «Atera metro bat patxaran!» erran zion lanean ari zenari. Langileak serio begiratu zion, eta beratarrak besoak zabaldu zituen mostradore gainean esplikazio modura, luzera horretako kopa sail bat nahi zuela.

 

 

Bordatxo betea zegoen. Zona hartako gazteak aste osoa pasatzen genuen larunbata noiz ailegatuko, herri bateko eta bertzeko neska eta mutil xarmantak ikusteko bederen. Hortik aitzinera deus egiteko abildadez ez geunden preseski sobera ongi hornituak. Suertea tokatzen ahal zen, baina esperantza handirik ez gehienetan guk. Egun hartan, halere, iduri zuen niretzat erregaluren bat izaten ahal zela, Begoren begirada haiek ongi entenditu baldin banituen behinik behin. Nik ez izaki umore ikaragarririk ordea! Ezin nuen ikurrinaren istorioa burutik kendu. Egun hartan egin behar nahitaez! Gabika ostia hura, temoso zikina! Gainera, azkeneko kopak kalte egin zidala sumatzen nuen estomakan.

        Komunera joan nintzen berriz, nerbioak lasaitzera. Paretako katilu haietako baten parean bragetako kremailera beheiti egin nuen. Pixa egiten ari nintzela, norbaitek zerbait gogorra paratu zidan bizkarraren kontra, «¡Alto! ¡Manos arriba!». Segituan ezagutu nuen boza, «Txulapain, txulito, zer ari haiz hi hemen?». Xabik kontatu zidan Ultzamako lagun batzuekin etorria zela. «Kinto afaria egin dugu Belaten!». Kurtso hartan ez ginen elkarrekin bizi, haren familiak Iruñean erosia zuen pisu batera joana zelako, Txantreara, arrebekin bizitzera, baina banekien Doneztebe aldera jotzen zuela asteburu batzuetan herriko kuadrillarekin. «Non daude Alkasoroko neska potenteak?», galdetu zidan. Aparte egoteko erran nion, bromatan, ez nuela kontrario gehiago nahi gau hartako partidan. Ederki nekien lagunak zenbat ikasi zuen kapitalera joanez geroztik, nik ez bezala. «Zu ere ez zara kejatuko!», botatzen zidan maiz. Baina, egia errateko, terreno horretan aisa irabazten zidan. Ile leuna luze utzia zuen, sinpatikoa zen, eta bazuen berezko goxotasun bat neskatxarik gogorrena ere errendiarazteko balio ziona.

        Diskoteka erdiko plazara joan ginen. Kuadrillako lagunek borobil bat egina zuten lepotik elkar harturik. Ezagutzen genituen Donamariako neska batzuk ere sartuak ziren tartera. Nirekin batera lotu ziren Xabi eta bere lagun ultzamarrak ere. Bego saltoka izerditan ikusi nuen. Tturkok zerbait erran zion beharrira eta irrika hasi ziren biak ajari batean. Halako batean atorrako botoia laxatu eta titiak erdi agerian gelditu zitzaizkion sujetadorearen barrenean preso. Bera ez gainerako guziak ohartu ginen. Malixak abisatu zion, baina berdin segitu zuen. Inporta zitzaion hari!

        Tankeri borobila lerro bihurtzea gogoratu zitzaion. Guzion buru jarri eta eskaileretara jo zuen. Gero, goitian, hango pasabideetan barna denak ilara batean gidatu gintuen. Ostatura hurbildu ginen hanka bat Paris aldera eta bertzea Londresera begira. Halako batean bi arrotz gure katea moztera sartu ziren zakar. Bego eskutik hartu eta handik ateratzera saiatu ziren tiraka. Neskak bakean uzteko erran, eta orduan eta gehiago tiratzen haiek. Zer uste zuten? Akabo gure dantza! Santi ultzamarra joan zen lehena Begori laguntzera, baina haietako batek bulkatu eta airean bota zuen. Ergel haiek ez zeuden ongi burutik! Orduan Xabi joan zen zuzenean tipo haiei kargu hartzera. Gabika ere segituan ondora. Baita Malixa ere. Bertzeok oihuka hasi ginen inguruan, baina sobera sartu gabe, zer gerta ere. Gure lagunak eta okasiozale haiek elkarri desafioka hasi ziren. Padilla beratarra hurbildu eta kasu emateko abisu eman zigun, haietako bat Berako kuarteleko guardia zibila zela eta ohartu zela mozkor arraila zegoela. «Kristoren zepelina dik!», erran zuen. Sekulako iskanbila sortu baitzen, Bordatxoko langileak eta buru egiten zutenetako bat istantean etorri ziren. «Alde hemendik! Joka ari nahi baduzue, fuera kanpora!». Tturko ere tartean sartu zen bere gorputz handiarekin. Beharrik haiei, bertzela ez dakit zer pasatuko zen.

        Kanpora ez, baina aparte joan ginen, bi muturbeltz haiek hantxe utzita. Bazter batean elkartu ginen denok. «Kalma eta lasai egon!», bota zuen Xaturrek, «Ahantzi jende hori eta goazen besta egitera!». Bego gaizkitu zen, goitika bota behar zuela erran zuen. Malixak lagundu zion komunera. Justu orduan itzali ziren argi gehienak, eta gitarra baten akordeak aditu ziren bozgorailuetatik. Lourdesek «Santana!» erran zuen kontent. Dantza lotuan hasteko abisua zen. Gabika eta biok bakarrik utzi gintuzten. Hura zigarro erretzen ari zen, lurrean jarrita. «Non hintzen arestian, Ezizoki, jaleoa hasi denean?» bota zidan begi keinu eginda. Ultzamarrei laguntzera zergatik ez nintzen hurbildu, alegia. «Hi, bat guardia zibila zuan, e! Padillak erran dik horiekin bromarik ez izateko!». Kea bota zidan aurpegira eta begiak alde batera egin zituen. Hitzik gabe «Hago isilik!» entenditu nion. «Goazen zerbait hartzera!», erran zuen gero. Gibeletik segitu nion. Betiko ile kizkurra luzatzera utzia zuen eta buru gaina ikusgarri zuen. «Jimmy Hendrix iduri duk», erran nion, eta hura gitarra imajinatu bat jotzen hasi zen.

        Mostradorea bilatu genuen berriz, baina lehenagoko zalaparta tokitik aparte. Gorputzak ez edateko eskatzen bazidan ere, patxaran gehiago nahi nuela erran nion zerbitzariari. Gabikak kubalibre bat. Tturkoz galdetu zidan, non ote zegoen, agudo joan beharko baikenuen kanpora pentsatua genuena egitera. Zubiko pareta bustia eta irrista egonen zela erran nion. Ez kezkatzeko hark niri. Eskalatzen ikasten ari baitzen Bilbo aldean, farola goiti aisa joanen zela pixka bat laguntzen bagenion, «Panticosako katakurtxintxak bezalaxe». Halako batean, lehengo toki berean berriz ere kasaila zela ohartu ginen. Lauzpabortz lagunen arteko beso eta ukabil zurrunbilo baten erdian, Santi eta Xabi ezagutu nituen lehengo tipo berberekin borrokan. Zer ostia ari ziren hor orain?

        Gabika kolpean zutitu zen aulkitik gatazka zegoen lekura joateko. Justu orduantxe jendea oihuka eta lasterka hasi zen mostradoreko txoko hartatik urruntzen. Ikara aurpegiak ikusi genituen. Guardia zibila bide zenak pistola bat zuen eskuan, Santi ultzamarrari apuntatzen. Padilla oihuka hurbildu zen dantza-plazatik, «¡¡¡Para, para!!! ¿Estás loco, o qué?». Berandu, pistoleroak tiro egin baitzuen. Santi lurrera erori zen eta Xabik salto egin zuen eroturik hiltzailearen gainera. Bertze tiro batek gure laguna bete-betean jo zuen estomaka aldean. Edo bi izan ote ziren? Diskotekako musika itzali zuten eta kanpora atera nahi zuen jendearen orroa bertzerik ez zen aditzen. Santik hilik ematen zuen, baina iruditu zitzaidan Xabi zerbait mugitzen zela. Eltzetzuak arma ezker-eskuin erakutsi zuen bera nagusi zen terrenoa markatzeko, inor ez hurbiltzeko. Denok gibelera egin genuen, bat kenduta. Gabika karaz kara plantatu zitzaion, «Egizak berriz tiro!» erranez bezala, eta erreakzionatzeko astirik eman gabe ostikoa bota zion arma zuen eskura. Orduan laugarren tiroa atera zen pistola madarikatu hartatik, azkena, nahiz eta tipoak behin eta berriz katua zanpatu, trabatu egin zelako. Ez dakit zerk jo ninduen beharri ondoan. Nahigabe handi bat sumatu nuen neure baitan, sekulako ahulezia hanketan. Garrasi bat aditu nuen, «Martin!!!», bertze norbaitek «Irazoki!» erran zuen, edo «Ezizoki!, ez nago seguru. Ez naiz bertze deusetaz oroitzen.

 

 

Biharamun goizean, goizeko mezara joan ziren alkasoroarrek ikurrina bat ikusi zuten ustekabean elizaren kanpandorre gaineko haize-orratzean loturik. Zinta beltz bat josia zuen gurutze zuri-berdeen erdian. Kanpandorre gaineko zeruan! Ez zen erraza izanen haraino eskalatzea. «Baina, bertze erremediorik ez bada, joan behar baldin bada, harat ere joanen gaituk!».