Azken fusila
Azken fusila
1993, nobela
212 orrialde
84-86766-46-X
azala: Michael Paraskevas
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2003, saiakera
2001, poesia
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

8

 

Oinez doaz Onofre eta Anita elkarren alboan, hor behean egiten diharduten trenbidealde berria parean dutelarik denbora guztian.

        «Bihar Donianera», Anitak erabakitsu esan zion, Urigoienarenean izan osteko hamaikagarren eztabaidari buru emanaz. «Zertan?», ozta-ozta itauntzen ausartu zen, aldez aurretik jakinik Onofrek joan beharra izango zuena, egin egin duen legez, zeren goizaldean oilarrak oilaritea iragarri orduko abiatu bait dira santuaren elizatxorantz. Presoak eurak ere jagi barik dagoz oraindio, atzean eta ezkerretara utzi dituzten etxola luzengetako inguruetan ez bait dago txapelokerrak eurak eta kateetan loturiko zakurrak baino beste inor.

        «Zertan? Santuari promesea egin deutsadalako, oinez joango gareana eta meza entzun eta errezatu egingo doguna bertan». Bermeon sartzean egunargia hortxe datorrena igarri du Onofrek, oilarraren lehen karkara ozen gorrian. Anitak erneguz hartu zituen Onofreren azalpenak, Urigoienaren eritzian hoba zela analisirik ez egitea eta errudunik ez bilatzea. «Ba, ortua gura dot» erantzun zion eta hantxe utzi zuten berriketa. Ortu jakin bat proposatu zionean, «Kantera azpian dagoana» amore eman zuen, batez ere egun berean pick-upa ailegatu eta iustiziazko begitandu zitzaiolako. Bedarrak ereiteko, eta bedarrokin batera bake betea izango zuelakoan. «Kia bakea».

        Itsasuntzien soslaiak agerira etorten hasi dira eta kaleetan gora doazela erromes joateko direnen itzalak eta dei-aldarritxoak aditzen dira. Onofre lehenengoz dator Donianera bertoko jaiaren egunean.

        Aintzinako harresian izan ziren zazpietatik zutunik geratu den ate bakarraren atalaseko harrizko begian Santuaren irudia dago, zurezko eta leiharrezko kutxa zerukaran. «Zapaldu hemen», Anitak begiak santuaren iruditik behera ekarri eragin dizkio. «Zer ba?». «San Juanen oinaren marka dalako hori». Zapalduaren zapalduz marmora baino leunago dagoan harrian, ziurren aintzina gurdiek alboa jo ez zezaten egindakoa delarik bera, hantxe pausatu du oina Anitak, espartina kenduta.

        «Zeuk orain». Onofrek ere oinutsik zapaldu du arku-begiko lehen harri sakratua. Anitak espartinik berriro jantzi barik oinutsik jo duela aurrera eta, aldarri egin dio.

        —Ortozik zoaz ala?

        —Bai, eta zeuk be bidea ortozik egiten badozu, hobeto.

        Espartina aidean, arrapaladan joan da Onofre Anitaren orpoen bila. Besotik oratu dio.

        —Zer da hau?

        —Promesa egin deutsat santuari, nire gizona eta biok bere egunean goizean goiz oinez joango gareana Portaletik Altareraino.

        Alferrik izan da ortua. Alferrik Urigoienari bisita, alferrik hark gero egin zion beste bisitaldi batean, Doroteo ikusi ahal izan zezan atxaki hutsa izan zena, medikuak esan zion egiteko modu berria. «Santuari promesea! Hau andrea burutik diagok».

        Onofrek ez du espartina ipini. Bestea kendu egin du, eta Anitaren jasa berean ekin dio bideari. Ohartu gabe, eratuz doan halako ilaratxoan doaz eurak ere. Oilarrek sarriago eztenkatzen dute inguratsa eta kanposantuaren aurrean igaro direnean, oinak harri txingarrek zaztaturik, eguzkiaren aurrelumaia gorria ageri zaie gurutzeen arteko horizontalean. Beste San Juan bat izan zen Onofrek Anita ezagutu zuenekoa. «Eta Maddalen be». Oinazpietan iltzatzen zaizkion harri-txirriek baino mingarriago kin egin dio akorduak bihotzean. Chester bat ateratzeko gogoa ere izan du. Ez du egin. Bidean aurrera doazenei halako jario isila dariela igarri du eta zigarroa iziotzeko adorerik ez du izan. Ilarako gehienak binakakoetan doaz. Aurreratxoago dituenak aita-semeak dira, zalu eta pausu laburretan semea, astun eta hankarte luzeagoz aita. Eta atzean datozkienak, hamar urratseko tartean, neska-mutil gazteak, goitik behera itsas-anilez jantzita. Anita eta bera legez. Onofrek beti eritzi izan dio berrikeria arrantzale jazteari, harik eta Anitaren fedeak bera ere kutsatu duen arte. «Santuaren kolorea da».

        Elkar ezagutu zuteneko gaueko kolorea ere berbera izan zen. Orduan, suaren inguruan dantzan ujuka, gona barrenaren puntatxo bat gerriari lotuta zerabilten berak eta Maddalenek. Honi espartinak orpotik urten eta dantzarien beso-katetik askatu zela baliatuz, hantxe tartekatu zituen Onofrek bere eskuak. Maddalenen begietara artez begiratu eta atoan geratu zen gizonaren bihotza gatibu. Beste aldeko eskuak tenk egin zion aurrera joan zedin dantzan. Suteko garrak epel zeuden, eskuan zuen eskuari zerion beroaren aldean. Txistu soinuak isildu eta bedartzan jesarri ziren, Maddalen, laguna eta hirurak. «Eta hirurok». Lagunaren gona barrena baino gorago joan zitzaizkion laban begiak. Neskarenak aurkitu zituzten. Ikatza astiro eta gori erretzen, ninietan halako argia zerion. Edo dena zen Onofrek berak bere baitan jarioan zuen sukarraren atzea, beharbada.

        Iii-ji-ji-jiiii, irrintzi egin du baten batek han aurrean ezein oilarrek baino ozenago, zoli. Beste irrintzi batek, eta beste batek, erantzuna eman diote. Onofre apur bat atzerago geratu da. Anitaren ipurmamiak dantzan higitzen dira. «Ederra dok, ederra». Ezagutu zuteneko gauean egin zuen gogoeta berbera egin du. Eta Anitak jaurti duen irrintzia barruan bizi zaion pantera emearen agiriko seinaletzat hartu du. Maddalenek eragiten zion eta oraindik ere akorduen ganbara suhilean eragiten dion grina geldo eta sakonaren erabat bestelako pasinoa. Ogoño atzean errotarri gorri ageri da eguzkia. Beroa agintzen du. Hezurrak ere eihotzeko modukoa. «Eihota daukadaz oinak». Anitak aurrera egiteko eskatu dio, atseden egingo dutela Osin-Ilunean. Arrabete gorago bestaldeko mendilepoak baino, eguzkiak aizkorakada bigunak jotzen ditu, oraindio. Errepide-ertzean gerra sasoiko gotorlekutxoa ikusten da. «Hik egin ez heuan gerra». Oinek beldur barik zapaltzen dutenez gero odola giharretan gora doakio arinago eta birikietan arnasa hartzen du. Ezerk ez diola ardura, ezkerretara ageri den urazala bere baitan duenaren ispilua da, bare, leun, infinitoranzko bidean pisugabe. «Osin-Iluna», Anitak kanpoaldeko munduaz ohartarazi du. Bidea baino apur bat gorago multzotxoa dago jesarrita, jan eta edan, zahatoak astintzen. Bertan pausatu dira.

        —Mila zortziehun eta laurogei eta hirugarren urtean marineru bi barku batean joan zireala biajean, eta denporale aundi bat atrapatu ebala, eta lagun biak egin ebala promes bat San Juan Gaztelugatxera. —Erromako kardenalek boneta eroaten duten aldean, hortxe kaskiluan txapela umeen moduan jantzita duen batek hango guztientzat egiten du berba, harro eta etorriaz—. Eta heldu zireanean herrira ahaztu ziren euren promesaz.

        Onofre behatz odolduetan haztaka dabil, Anitaren lepoa amoltsu lepoan eta belarriak edaslearen berbetan. Lagun bietariko bat hil eta bestea ezkondu egin zela dio, Herio aipatzeak entzuleen artean eragin dezakeen shockaz pozik. Baten baten zahatoa gura barik etorri zaio eskuetara Onofreri. Edateko gorantz egitean eguzkiak begi bat itsutu eta ardoak alkandora basitu dio. Anita soraio dago ipuina entzuten. «Hara beste promesa bat ere», otu zaio edasleak esatean zelan hildakoa agertu zitzaion besteari, egin zuten promesaz oroitarazteko. Emakumearen barruan bere kontrolpekoa ez den beste mundu bat irakiten dago, beste labe batean erretzen dira haren eguneroko ogiak. Berak inoiz ezin ulertu izan du ondo, aintzinako bat bizi zaio sineskerietan, eta beti aurrera inork baino beste pausu bat gehiago emanda bizi nahi duena da bestalde Anita. Horregatik otu zaio, «Autoa beharko geunke», eta halaxe esan dio belarrira Onofreri, han aurrean bat gelditu dela baliatuz. Haiga beltza, txarolaren parekoa.

        Eguzkiak Haiga haren gaina hartu du eta, agerian geratu zaio Onofreri txofer dagoena nor den. Luis. Hara ba nork jo zion klaxona behiola. Ezagutu egin duela oharturik, eskuaz epa egin dio. Luisek atea zabaldu eta belarriarteko irribarreaz hurreratu zaio.

        —Onofre, non sartuten haiz ba?

        Zuntzunduta eta era berean pozik, Luis haserre izan duela, bere buruetariko batek beste guztien kontra eta zertan egin eukigabe pentsatu duena dela otu zaio. «Ana»esan dio, eta honek «Luis» esan eta edasleari adi arteztu du arin burua. Gizonak ere isilik geratu dira.

        Ipuina edasten diharduenak, bere hitzen eraginaz ziur, kondaketaren haria ondo josiaz entzule dituenei erdi zirika erdi sekretupean egiten die. Ipuinetako ipotxa dirudi, onddo koloretsuz dituelarik aurpegiko mami gorrituak. Ijijiji, irrintzi egin bapatean eta egundoko jauzia jo du gorantz.

        Onofrek ezin igarri zukeen ipuinaren amaiera irrintzika etorriko zenik. San Juan goiza da. Mundu biren nahastura, ardoa eta goizeko leia belartzan, odola oinetan eta Luisen autoa.

        —Neuk eroango zaituztet.

        —Ezta ezelan be ez —Anitak promesa eginda datozela azaldu dio.

        —Onofre, lagun, ea ba gero hor ikusten bagara, ze berba egin behar joagu eta.

        «Ezer inportanterik?», hesteko sugeak burua gorantz luzatu eta kosk egin dio estomanguan.

        —Berri onak hiretzat! Ingalaterratik! —leihatilako beira gorantz egiten hasita, kanposantuan izan zireneko egunaz gero ezikusia egiten izan dion aspaldiko lagunak ez du galdurik filmezaletasunak kutsatu dion keinukera. Gable hutsa da.

        —Egon hadi eguerdi ostean txakolindegian.

        Autoaren burrundadak sorgin-haizea eragin du ihestutuaren inguruan. Ipotx edaslearen taldekoek aldarri egin diote, gangar, eta abiada hartzearren gurpilak errepidazala jaten hasi direnean zafladaka ekin diote autoari jotzeari, ateetan, sabaian, atzekaldean, «San Juan eta portale gaina» kantuari laguntzeko.

        —Luis! —Onofrek autoaren ihesa dakus, ipuinaren amaiera aditu gabe geratu dela madarikatzen eta aspaldiko lagunak esan behar dionarekiko zalantzaren arra, «Jonena ete daki ba?», suge itzel egiten zaiolarik estomanguan.