Azken fusila
Azken fusila
1993, nobela
212 orrialde
84-86766-46-X
azala: Michael Paraskevas
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2003, saiakera
2001, poesia
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

6

 

"Point counter point" Aldous Huxleyren nobela luzea hemengotik beste alderen batera igarotzeko bide bihurtu zaio Onofreri. Astiro dihardu irakurtzen, sarritan lerro bakar bat baino ez, zeren hitzek azpiko mezuren bat dakarkiotela erizten bait dio. Anitak berak ere ametsalde berria idoro du arratsalde luzeetarako, irratiko nobela negar eragileetan; hala da ezen berak kalera ala etxean irakurtzen geratu ez du beste entretenigarririk, harik eta Ikaztegietako parrokira joateko ordua ailega arte, egunero. Kasinoa alde batera utzita bait du, Jonenak izanez geroztik. Balkoia portuko karkabara jotzen daukaneko gelan egoten da, eguzki izpien ibilbide oboidean bere zokondoa itzaletan geratu bitartean. 'Point counter point' dago irakurtzen orain ere, trenean.

        «Bultzia esaten da», aurrekoan jesarrita duen emakumeak agirika egin dio altzoan umeari. Bidaia ez ordaintzearren umeak dituen baino urte gutxiago dituelako itxurak egiten dabil andrea. Darion usain merkean eta zapata morkoetan ageri du diruaren premia. «Bultzia!». Onofrek barre egin du barrutik, chester bat ateratzeko keinua izoztu egin zaiolarik umeak zuzen begietara egin dionean barre jostari-begiez. «Txo, formal gero», Onofrek zeozer esan beharrean ikusi du bere burua eta berriketa hutsalen bateko lehen orrazkada izan dadin orduko, liburuan egin du must, zigarroa erre barik. «Umea, umea, umea», bere artean mamurtu du berba hirutan. Anitak aspalditik gura du umea.

        —Oraindio ez dakit zertan etorri garean zure Tia ikusten —zuzen itaundu zion aurrekoan trenean sartu, jesarri eta lokomotoraren aborrotsak euren hurkotasunaren inguruan gotorleku trakets bat eratu zuela baliatuz.

        —Bedar bila etorri naiz.

        —Bedarra?

        —Umea egiteko bedarrak, kokolo hori.

        Umea egiteko bedarrak, eta John Ingelesa herrian egon zen hamabost egunean ere Bilbora joateko izan zuen zioa hura bera izan zela, umea, «ze urteak aurrera doaz eta ume barik ez da ezer ezkonduen bizimodua». Aurrean duen umeari kirik egin dio une labur batez Onofrek eta harek amaren idunaldean gorde du burua, ikaratuta legez. Su ilun bat ikusi du iusturien moduan gizonaren begi ninietan igarotzen. Negarrari ekin dio. «Xi» egin dio amak.

        Kanpoan udaberria da. Isabelita ketsuaren arrastoa ihitzarantz hedatzen da eta beste aldean, polderrek itsas-gorei osturiko landetan, behiak ikusten dira. Andrea eta beronen umea hurrengoan jaitsi dira trenetik kanpora. Zabal geratu da Onofre, trena basoarteko sugealdeetan sartu den eran. Orrialde oso bat irakurtzeko gauza izan da bultzia lehen tunel luzean sartu aitzin ze gero joan egin da argia bonbiletatik. «Makinaren aurreko begiak behar jok eletrezidade guztia» otu zaio. Zerk aginduta jakin barik leihoaren goiko ahoa beherantz ekarri du, trak!, ziurtasunez, inork ikusten ez duelako, eta zutitu egin da, burua tunelera ateratzeko. Han aurrean lokomotorak bekokian daroan argizko eztenak zurbiltsu blaituz ageri den aldea ikusten du, gurpilen erritmo berean argiztaturik, trakadaka, horman pikatxoiek legundu barik utzi dituzten osketan partituraren bat irakurriaz bailihoan. «Bultzia» aldarri egin du, biriki-betean. «Bultzia!!!», bigarrenez alarau egin du. Ke bafada bat sartu da bapatean bagoi barruan. «Burutik zagoz ala», baten batek agirika egin dio amorruaren amorruaz dardakadan urten dion ahotsaz. Onofre leiho-ahoa gora altxatu eta berriro jesarri da, ozta-ozta biztu direnean sabaiko bonbilatxo laruak. «Betikoa», lehengo ahots berak esan du, «behar ez danean biztu argiak». Onofrek bagoiko aurreko kanpoaldera urten behar duela pentsatu du. «Gerotxoago».

        Nobela besapean hartuta behingoan urten du plataformara. Han atzean ikusi du zentsura-ahotsaren jabea izan behar duena, txapelaren azpian erneguka. «Atea!» esaten entzun dion azkena izan da.

        Plataformatik beste erreka bat ikusten du Onofrek, atzean utzi dutenaren alderantzizko bidean joaten. Malda bitan banatzen ditu mendiak urak, arro bitara, eta hangoan baso sarriari ematen badio urak bere indar gardena, hemengo honetan solo eta frutiarbolentzako esne eztia da. Sagarrondoak loretan ikusi ditu Onofrek eta lore zuriskok, erdian gorriune hori eta guzti, kilikili egiten diote begietan. «Emearen zera», gizonak Anitaren alua haztatzearen zentzazio berbera izan du erpuruetan. Beste chester bat piztu du. «Alferrik lorea, sagartxoa eratu orduko jausten badira hosto ederrok». Ezin dutela umerik egin eta hara bera hemen, treneko plataforma honetan Bilborako bidean, medikuetan ibilten hasita, Anita, berari ezer esan barik medikuetan sartuta ibili izan den moduan. John Ingelesaren egunetan lehenengoz eta gero batek daki beste zenbatetan. Okerrago eritzi zion Anita belar eske zebilela jakin zuenean. «Beharbada neu naiz umerik ezin egin dauana eta, egon trankil, medikuagana joango naiz». «Bedarrak ereiteko ortua behar dot», Anitak halaxe erantzun zion trenean bertan.

        Atxurirako dagoen tunel luzean sartu da trena eta Onofrek hantxe segitu du zutunik, kedarra irensten, itsasoetako gau galduetan legez, bera bakarrik naturaren indar baten erdian egoteak damaion ego areagotuaren barruan inoiz baino sakonago murgilduta, ezer egin ez pentsatu barik, ez bada ere odoleko ingudean bihotzak darabilen mailua eta bagoipean gurpilek jotzen duten jazzband tematsua bat direna, besterik ez. Argitara etorri da trena astiro, tuneletik urten aurretik galgatu bait ditu gurpilak Martin makinariak. Hor ezkerraldean Bilbok duen aurpegi zikina ageri da, darizkion malkoek beste nonbait begi ekuru dituenetan behera rimmelaz nahasturik bailetozkion. «Aberatsa begiargi, pobrea negarti».

        Sabai gainean ere jesarlekuak dituen trolebusean igon da. Hurrengo geralekuan leporaino bete da. «Suba», diru-kobratzaileak egunerokeria osoz esan du. Gora egin du Onofrek. «Indautxuko plazara eta bertan pregunta gero», Anitak azalpen hori eta medikua Urigoiena dela, ez dio besterik esan. «Kakazaharra!». Gran Viako tantaietan berdetasun urtsu eta ia gardena etorri zaie hostoei alde batera, Onofrek aurrenez duenera. Atzerantz begiratzean hostoen bestekaldea ikusi du, berau ere berdea, ilunagoa. «Ezkiak, argi hemen ilun hor, haize bafada bat eta hara beste aurpegia». Adar luzenga batek okotsean jo dio gizonari. Lorautsa nabaritu du bizar-txorten sortu berrietan. Bizarra egiteak eguerdirarte baino ez dio balio goiz eginez gero. «Landareek be badiaukatek hik ez daukokena, lagun», Onofrek bere burua ring-zokondora ekarririk legez kanpoko kolpea jaurti dio, «Haizeak diaroak ugari hauts ernalgarri hau eta hi, hi ez haiz ezta landarea be; harria haiz hi». Bere burua egin du umerik ez egitearen errudun, eta egin ere oharkabean egin du, han barruko galdaretan luzaroan berotzen izan bide duen susmoak leher eginda. «Zergatik heu?». «Por favor», periodikuak saltzen dagoen atsoari erdaraz galdetu dio, ze Bilbon ezin du euskaldunik imagina, «la consulta del doctor Urigoiena?».

        Urigoienaren kontsultarako eskaileretan gora datorrela, eskuin eskua burdinazko barandilan labanduz eta oinak marmorezko harmailetan, Anitaren ditiak eta ipurdi-mamiak etorri zaizkio burura. «Ahor zergatik ezin dan bera izan antzua dana».

        —Ditiak dituela halakoak, Onofre jauna, eta horregatik ezin izan leikeela antzua Ana? —aurrean jesarrita duen Urigoiena medikua euskaraz dabilkio berbetan, berak «Baina ez dok bertokoa» pentsatzen duelarik bere buruaren aurrean—. Bietariko edozein izan leike umerik egin ezin dauana, edo bata be ez, ze oraindio ez dakigu ziur. Bera orain hile batzuk etorri zan eta emon neutsozan halako kontseilu batzuk.

        Betaurrekoek egiten dioten teleskopio paretik hurruniko izarren bati begira balego eran egiten dio berba Urigoienak. Zuzen ulertzen badio, Anitaren laztanak, Anitaren larrualdeetan eragozpenik barik eta inoiz baino sarriago menturatzeak, haren bolantinak ohean, Onofrek berak atsegin duen «zu halan» eta bera gainean, gorputza osorik bestearen gorputzera urtuz igaro behar duela sentituz, medikuak gomendatu diona betetzea izan da.

        —Halakoetan nik beti esaten dot berdin, hoba dala ezin dauana nor dan ez jakitea, ze gero, garbi esanda, kakanahasteak etorten dira andra-gizonen artean. Baina, zer esanik ez, zeuok gura badozue egin leiz analisiak...

        Hementxe hasi da galtzen Onofre, eta berak ere zelan ez dakiela gerritik gora biluzik dago, ohetila antzekoan etzunda, Urigoiena hark berba eta berba egiten dion bitartean.

        —Honaino etorri eta ez zara halan beste barik joango. Gernua eta, odola eta, baruatan aztertu behar dira eta, beste egunen batean etorriko zara. Arnasa sakon hartu orain. Erre egiten dozu?

        —Bai, baina hau zertara dator? —Medikuak eta borreroak bat. Eskenatokiaren jabe egiten dira, afusilaketaren irudiak datozkio Onofreri burura. Norberaren kabuz iharduteko gaitasuna galtzen da, eskuturretan ikutu medikuak eta adorea jarioan doakio iheska begien aurrean trapua ipinitakoan piztien moduan arnasa hartzea beste higikerarik ez daukan afusilatu-aginekoaren antzera.

        —Larregi erretzen dozu.

        —Rubioa baina —hobea dela esan guran.

        —Hainbat okerrago. Prejuizioz josita zagoz Onofre. Ez dot jakin Anaren gizon jakintsuak herrikoen moduan pentsatzen izan dauanik. Ai, zelan doazen urteak, Ana eta zu, andra-gizonak.

        —Andrea lehendik ezagutzen dozu ala? —Onofre ustebakoan hartu du Urigoiena jaunaren azken oharpenak.

        —Txikitan, baserrian, hareek izaten ziran udak. Umeen kontuak, badakizu, Anagaz enamoratuta egon nintzan. Ha zen, ha! Beti mutilekaz olgetan.

        —Sandalioren abenturak eta, ezta? —Onofrek berak ez daki zertan aitatu duen izen hori, beharbada karramarroa legez arramaskadaka dabilkiolako han barruan irudi hura, lau zaldiak, lau gorputz-atalak, lau bideak.

        —Sandalio, bai! —zizpuru egin eta ostera ere jesarlekuan lurperatu da medikua, parekidetasunezko berriketak amaitutzat emanaz bere teleskopio parearen bestaldetik—. Hoba erretzen ez badozu, ez rubiorik, ez morenorik, ez ezer. Eztulik eta sarri egiten dozu?

        Airean utzi duen 'eta' horretan zeren oihartzunak ote datozkion ez igarri guran geratu da Onofre.

        —Kontuz tabakoagaz!

        Karramarroaren irudia etorri zaio burura. Oinutsik portuko ur txikietan, beherantz begira, ez da ezer igartzen hareatzan dagoenik. Ezer ez, harik eta behatzak halako une jakin batera ailega arte. Orduan, ezer egon ez den une horretan bertan hasten da hare behetik gora higitzen, hare-aleak zer ikustezin batek eragindako sorgin zurrunbiloaz hegaldatzen dira gorantza eta han ageriko dira begitxo bi, eta hanka luzengek irtetzear direlarik eratzen duten gailurreria minimala: karramarroa. Harearen azpitik karramarroa dator. Birikialdean inurriek habia egin bailioten gelditu da Onofre. Balizko gaixotasunaren erroak hango hare-eremuetan ezkuturiko karramarroaren hanka egiten zaizkio eta erretako chester guztietako keak halako arraskadatxoa egiten izan diola onetsi dio bere buruari.

        —Erabagia zeuk egin behar dozu, bai tabakoagaz zer egin eta bai analisiak ala ez egin be. Nik neuk badiotsut, nigatik ez egin, eta datorrela etortzeko dena.

        Azken hitzok «Amaitu dogu eta, zoaz ja trankil gizona, Anita ostu deustazuna» esan gura izan diotela ulertu du. Altxatu da, bada, eta bostekoa luzatu diolarik Urigoienak, «Zenbat da» galdetu dio, ahotsak birikaldetik ezpainetaraino egin behar izan duen bidean lapurrak baileudeneko ikaraz. Ez dio dirurik hartu nahi izan.

        —Ezebez. Umeak datozenean, ze etorriko dira etorri, lasai horregatik, orduantxe egingo doguz diru-kontuak. Ez arduratu; guk, lehenengo bost urteetan bapez eta gero ia urtero bat ekarri dogu.

        Ez diola ezer ostu eta burua galtzen hasita ote dagoen, oinetan lurrak ikara daragio. Teleskopioaren atzetik barre egiten ote dion medikuak igarri ezin eta lasaitasun itxurak egitearren otu zaio itauntzea, «Sandalio hori benetako izan zan ala?».

        —Ez ba! Zaldi-ferren markak ezik, beste guztia egia santua da. Beste zereginik ez badaukozu, estazinorako bidean geratu zaitez Txano enean eta harexek esango deutsu ondo zelan dan Sandalioren gorabehera hori.

        «Agur». Kaleko brisarak dakarren oxigeno guztia behar izan du Onofrek sartu biriketako alderik abisaleenetaraino ekarteko, karramarro guztiak planetaren muin-muineko galdarak baino beherago uxa ditzan. Mekanikotasun hutsez chester bat ezpaineratu du. Zer egiten dabilen konturatu denerako kearen eraginak baretasuna ekarri dio. Abisalak ordoki leun bilakatu zaizkio. «Txano. Inoiz fijatu nok ba kortel horregaz ba». Urigoienaren susmoek hankak ilargian dituztela frogatu guran edo, oinez ekin dio lehen gorantz ekarri duen bideari, beste gogoeta batean galduta.

        Eguerdiak uda datorrelako atabala bero nahi du jo. Jaka erantzi eta beso-hutsik geratu da.