Azken fusila
Azken fusila
1993, nobela
212 orrialde
84-86766-46-X
azala: Michael Paraskevas
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2003, saiakera
2001, poesia
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

3

 

'John Huxley' sinaturiko gutuna esku batean, chester zigarrokina bestean, gogora ekarri ditu Onofrek duela sei hilabetekoak. Ez du zigarrokina ezpainetatik kendu gura eta horrek ezkerreko begia erditxita irakurtzera behartzen du. Eztuletan hasi eta Anitak behingoan jaurti dio, «Ittoko zara zure zigarro zantarrok beti ahoan». Bakea ekarri dio gutunak, zeren, duela sei hilabete, Juanek ihes egin zuen goiz berean karabinero hura hilik agertu zela eta, susmo guztiak lagunaren gainera etorririk bera erabili bait zuten denen ahoetan. Txapelokerren begirada okerrek, berak bere buruarekikoan zuen atseden ezak, Anitari eman behar izan zizkion azalpenek, berriro ere enbarkea eskatzera behartu zuten. Amets egiten zuen, etxean zegoela, goizaldez atean jo eta guardizibilak zirela, bere bila.

        —Es acusado usted de asesinato.

        Hiltzailea ez zen bera, ostera. Orain, herrira etorri berri, gutuna izan du etxean itxaroten. Oraintxe ari da irakurtzen, itsasoan zebilelarik ailegaturikoa. Hark eman ziokeen ba, bakea, emazteak igorri izan balio. Argazkia dakar gutunazalak eta Jonek dioena da berriro dagoela bere lanean, eskolan maisu eta hortxe ikusten dela bere ikasle guztiekin. Eskutitzean eskerrak ematen dizkie, ingelesez, alkateari, Falangeko buruari eta txapelokerren kaboari. Azken aipamen honetan gutunaren gakoa antzeman uste izan du Onofrek. Anitari agur esan, zigarrokina ezpainetatik kendu barik, eta honek «Alkondara hutsean urtengo dozu ba?» esan dio. Jaka jantzirik koartelilora jo du zuzen, eskutitzean Juanek hitzez esan barik iragarri gura izan diona ulertu duelakoan. Gutuna eta argazkia txapelokerrei ukendu miragarri egingo zaizkielako pozik doalarik, Kale Nagusian beste alderantz egitean klaxona jo dio halako auto batek. «Modernotuta gagozak aspaldion» otu zaio barruan doana nor den ohartzean. Luis, Haiga berriarekin.

        Egia ofiziala alde batera utzita, bere buruari argitu beharra datorkio ustebakoan. Ikaztegietan sartu da. Orduko goiz haretan Anitarekin erriertan egin eta gero legez. «Pitxarkadatxoa» eskatu du. Juanek oina tuneleko behearen gainean ipini eta trena joaten utzi zuen. Isiltasuna, ibilten hasi eta pausu-hotsen gainean pausu hotsak berriro. Bazekien nor zetorkion han atzean segika. Bibotedun madarikatua. Soingainekotik eskuineko besoa atera, zizpa luzea lepotik kendu eta berriro sartu zuen besoa bere aterpe epelean. Metro bat harago, tuneleko sabaian argizulo karratua dago eta, arrapaladan egin du tarte hori. Lipar batez ikusi zuen Juan beroni atzean segika zetorkionak. Gero, geldi geratu zen, persekutatzailea argizuloaren azpian noiz igaroko zain.

        Beste pitxarkadatxo bat ardo zuri eskatu du Onofrek, beste chester bat iziotu ostean. Burura ekarri gura du eskena. Juan han, tunel barruan, itzalek ondo gordeta, eskupeta aztertu eta bihotzaren parean apur bat ezkerretarago ipintzen. Han, harago, arnasestuak eta pausu-hotsak harri eta burdinetan baldar eta astun. Botak, oinetako astunak, bai, eta zama pisutsuren bat dakar korrikariak. Argizuloan behera iragazten zen argiak zidar itxurak egiten zituen karriletako alde marraskatuenetan. Goroldioak hazten dira ertzetan, argi apurra iruntsiz eta itoginetako tantada dardaratiak edanez. Juanen besoa berriz, dardara barik zegoen burdinari eusten. Argizuloaren azpian ageri zen segilaria. Txapeloker biboteduna, bera.

        Tiro egin zuen Juanek, danba. Seko hilda jausi zen biboteduna, han, argizuloan behera zetorkion eguzki-enbor karratuaren erdian. Onofrek trikornioa ikusi uste du. Dirdir txarola. «Zenbat da Luzia?», altxatu bitartean galdetu du, kanpoan izan den denboralditxoan prezioak gora egin ote duen ez dakielako betiko parrokianoa ere ez den Onofrek. «Bost errial». Mahai gainean utzi du txanpona. Arrapaladan, gorpua hartu eta burdinetan ipini bide zuen. Kontuz ibiliko zen, bularraldea zapal ziezaion trenak, zeren bertan bait zuen tiro-zuloa, soinganekoko erreturak erakusten zuenez. Eta ospa egin zuen alde, atrakalekurantz. Eta bera ez zen konturatu ere egin, tentel halakoa.

        Gainerako inor ere ez zen ohartu, itxuraz. Koartelean sartu eta eskutitza erakutsi du Onofrek, ingelesez idatzita. «Yo venía..»., artega. «Pase!». Mahai morko baten atzean kaboa, handiguratsu. Eskutitzaren berri emateari ekin dio. Ingelesetik zuzenean kasteilanora egin du eta «Herrian izandako tratuagatik eskerrak ematea» dioenean indartu egin ditu hitzak, «Gracias por el trato recibido», gero Onofrek John hura ingeles maisua zela argi zegoela eta horrek errugabetasuna frogatzen duela, erabakitsu esan du.

        Karkara itzelean jarri da kaboa. «Qué cosas tienen», halakorik, bibotedun hura, Epifanio Gómez, hain zuzen, merituak egitearren kontrabandoa jagoten bere kabuz ibilten zela, trenbidetik kirikatzen eta hala, eta zoritxarreko egun haretan trenbidera jausi eta bertan geratu zela konortea galduta, eta makinistak Epifanio han ikusi bai baina frenoa sartzeko astirik gabe. Zati bi, en dos, non eta bihotzaren parean. Aperitiboa eskaini dio kaboak. «Y dígame» ekin dio, horko itsasoetan ze berri, etorri baino ez eta lehen egunean koartelera agertu beharra be handia dela, Ingalaterra beti izan dela Espainiaren etsai amorratua baina, tira, batek edo bestek, ingelesek ere euren bihoztxoa.

        —O sea que, maestro el tal Jon... cómo?

        —Huxley, Huxley.

        Azken susmoak ere uxatzearren onartu egin dio aperitiboa. Hala da ezen, koartelilotik alde egin duenerako apur bat txolinduta egon da Onofre. Ikaztegietan beste geraldi bat egin du etxera orduko. «Azken baten haserre topako dok Anita eta honek beste poztasun bat ematen diakik». Epifanio Gomez harek tunelean zer egiten ote zuen argitu gabe du Onofrek eta, bera ere nolabaiteko konplizetzat har zezakeen edozein epailek. Artega egin du etxerantz.

        Etxeko atepostan ikusi du postaria, Heraklio. Barkamen eske hurreratu zaio, duela zenbait egun fardeltxo bat ailegatu zaiola eta pisuagatik etxera eroan barik izan duela. Ingalaterratik ei dator berau ere. Pisuarena ez dio sinestu, ezta inondik ere. «Falangista halakoa!», pentsatu du bere artean, eta chester bat eskaini dio, berarentzat ere atera behar izan duela eta.

        Txiskeroaren sua baliatu du fardeltxoaren inguruan lakrez lotuta dagoen soka-gorapiloa ebagitzeko. «Ene bada gizona, ezin itxaron ganoraz irigitzeko paketea?». Anitak edozergatik ekiten diola, barruan dagoenaz duen jakingurak erantzuteko gogotik libratu du gizona. Chesterraren keak begiak itsuturik kendu ditu paperak, kipulak azalak baino ugariagoak eurak. Heraklio, ezer ez delakoan, hantxe dago kuzkuzean. Ondo bilduta dago fardela. Barrukoa ezin begiratu izan du ez Herakliok ez beste inork. «Kabroi falangista halakoa!», pentsatu du berriro ere Onofrek. Zelan esan, baina, handik ospa joateko? Paranoia itzela du Onofrek txapelokerraren heriotzatik hona. Medikuetan hasteko da eta, orain arte egin ez badu, egia kondatu beharrak eragiten dion izuagatik izan da.

        —Tira —urten egin dio barrukoa ikustean—. Liburua.

        Izena ingelesez dakar, 'Point counter point'. Egilearen izena ere hortxe dago, Aldous Huxley.

        —Hori John ingelesa bera be Huxley zuan, ezta Onofre?

        Baietz esan eta zelan jakin duen galdetzeko gogoa barruan isilarazi behar izan du. Badaki zelan egoten diren txapelokerrak beti posta-bulegoan bertatik urten ezinik. Chesterrari azken tirakadak jotzen aldendu da postaria. Zorioneko momentuan. Anitak beste orritxo bat ekarri dio.

        —Huxley? Ahaztuta euki dot esatea. Zu joan eta koltxoiaren azpian paper hau agertu zen.

        Liburua alde batera utzi eta Anitak aurkitu duen orritxoa irakurtzen hasi da. Ez du sinadura ikusteko beste ezertarako astirik izan. Juan, halaxe dio. Bazkaria prest du Anitak eta gainera hor hasi zaio, ez erretzeko eta hurrengo batean hobeto berba egiteko Herakliori eta betiko erretolika. Lehorrean egiten duen lehen eguna dela jakinik ere barkatzen ez diona, erretoliken azpian beti egon dena, Juan bezalako lagunak izatea da. Haren akordu hutsak azogea eukita baino artegatsuago ipinten du emaztea. Bazkalosterarte utzi behar izan du lau letra haiek, laburra bait da papera, irakurtzea.

        Kanpoko sargoria gortinetan zulo egin eta egongelaraino sartu guran dagoelarik hasi da irakurtzen, azkenean ere, chesterra ahoan, koñaka ezkerreko eskuan eta papera bestean. Ea Pedro Korto akorduan duenentz galdetuz hasten da idatzia. Ez da akordatuko ba! Gerran desagertu zena, beste asko legez, inork haren berririk jakin barik. Ez ziren hirurak ba barku berean ibili tiro-hotsa kasik penintsula guztira hedatu orduko? Gudatea hasi zeneko gorabehera itzelak izan zituzten. Pedrok parte hartu behar zela, Onofrek ezetz, norberaren bizia beste edozeren gainetik dagoela, bera nahiz espainola, nahiz euskalduna, nahiz ingelesa izan, berdin. Sutu egiten zen Korto. Juanek beti izaten zuen jarrera erdikoago bat, lagunekin ez haserretzearren edo. Denbora igaro ahala Onofrek Kortoren jarrera ulertu du, berea baino zuzenagoa eta, azken batean, asegarriagoa izan zela erizten diolarik. Ze, ezkontzako kateek sendo lotuta orain, seme-alaba barik, nora joan ez eta gogorik ezta, herritik kanpo moduan bizi da, herriko guztiek, berak ezik, zerbait utzi zutelako gudu madarikatu eta aldi berean zorioneko haretan. «Kakazaharra».

        Hurrengo lerroetan dioena buruz daki Onofrek. Gerran sartu zela Korto, eurak Valentzian utzirik. «Ni banoiak faxistak akatzera». Pedro Kortoren gorputz enbor txikerrak, hanka laburrek, beso potoloek, zenbat faxista hilko zuten lurrak berdindu aurretik, Onofrek ez zion ordukoan luzerako esperantzarik eman lagunari. Beronen azken hitzak ditu gogoan orain. «Okerrekoak barkatu eta akorda zaitezte nigaz frentean nagoanean». Astebete ez zen joan Juanek bide beretik jotzea erabaki eta alde egin zuenerako, praktikak amaitu gabe. Bera Ingalaterrara itzuli zen. Eta duela sei hilabete herrian egin zuen hamabost egunean behin ere ez bazion Pedro Kortorena aipatu, zergatik izan ote zen hala, «Hire beldur zelako Onofre», esan dio bere buruari, irakurtzen aurrera egin ezinik, geroago datorrena igarrita moduan.

        Egin egin du, aurrera irakurtzen. Pedro Korto Ocañako presondegian hil zela, han, afrontuan. Lanean eta gosez, medikurik gabe, birikiak hauts eginda joan zen laguna beste mundura. Koñak kopakadatxo berri bat hustu du boteilatik godeletera Onofrek. «Argazki bat lortu nijuan Ocañako gartzelakoa, zelan izan zan, modua sinestuko ez badok be». Juanen aldetik edozer sinestuko luke Onofrek. Gerratea amaitutakoan Asturias aldeko basamendietara ezkutatu zela laguna, makisean eusteko armei eta hara non Onofrek asmameneko irudietan ikusten duen Asturiaseko baso sarria, orain alkoholak ezarri dionaren antzeko lainoaz, leun eta ferde, eta Juan bera makisean, beterrietara bajatzen, jateko bila, eta goierrietan eta artzainen bordetan edo kobazuloetan bizi izaten, seguru elurtzaren erdian neguz, ihesian beti udaldietan, lantzean patruilaren batekin eztropozo egin eta tiroak, hilak edo zaurituak, edo atxilotuak, Ley de Bandidaje y Terrorismo eta afusilaketak. Borreroen lanak gogorrak izan dira azken hamabost urte honetan. Eta egunen batean, hara non, «Alto!», eta aginduari tiroka erantzunda, txapeloker bat gorpu eta besteak ihesian, ipurdia galtzen. Hildako sasikumearen jaka-barruko poltsikoan dokumentazioa, diru apurrak, tabakoa eta argazkiak. Batean, Ocañako gartzelan bera eta beste bost txapeloker, harro, erdian preso aldra bat dutela. Ehiztari moduan,euren harrapakinarekin hantxe madarikatuak. Eta Korto presoen artean! Gorde egin ei zuen argazkia Juanek, beti berarekin bihotz ondoan, zeozerk esaten bait zion bere mendeku egarria asetzeko ordua etorriko zitzaiola, etorri ere.

        «Fotografiako txapelokerretariko bat herrian ikusi genduan bibotedun haxe zuan», diotso. Hala bada, azken xehetasun bat falta du Onofrek. Hurrengo lerroetan datorkio. Zitatu egin zuen, zezena toreoan legez. Bada, arriskuan ipini zuen dena etxean izan zen azken goizaldean, Onofrek nola izan zen ez dakielarik. Ez dio argitu Juanen eskutitzak. Dioen azkena da bere bizi guztiko momenturik zoriontsuena izango dela laster, oharra idatzi eta minutu batzuk barru, madarikatu hari bihotzaren erdian tiro egitea, eta ez kezkatzeko, istripua emango duela, ezagunak bait ditu Gómez haren usadio guztiak, goitik behera, eta ziur dakiena oharra irakurtzean dena barkatuko diona.

        Sargoria apur bat kenduta dago. Gortinetara iluntzeko itzalak batu dira. Botilan, urrun dago edariaren gainazala, ipurdiarekin berdinduta ia. «Juan, Juan, hik daukazak potruak!». Miresmena eta amorrua ore bakarrean nahasten zaizkio. Begiak hortxe alboan duen liburura joan zaizkio Onofreri. Argia piztu du, tak!, 'Point counter point'. Kontrapuntoa. «Ze karajo, Juan». Irakurtzeari ekin dio. Anitak afaria prestatzeko behar izaten dituen zaratotsak darabiltza eskaratzean. «Ez egik afaldu», esan dio bere buruari gizonak. Eta ez du afaldu.