Kristalezko begi bat
Kristalezko begi bat
2013, nobela
168 orrialde
978-84-92468-44-7
azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2019, narrazioak
2010, poesia
2000, poesia
 

 

ISPILUA

 

Liburu baten azalari begira nago, Damen hiria, 1405ean Christine Pizan-ekoak idatzia. Egileak hiri menderaezin bat deskribatzen du, haren harriak iraganeko emakumeak direlako; eta hiriaren eraikuntzari amaiera emateko erabilitako materialak, mortairua eta tinta. Anastasiak (Frantziako gorteak Christineren esanetara jarritako marrazkilaria) eginiko irudiak arreta piztu dit.

        Errenazimentuko dama bat ageri da kaballete baten aurrean jarrita. Ezker eskuan ispilu bat dauka, eta aurpegia islatzen zaio bertan; eskuin eskuarekin pintzel bati eusten dio. Andreak bere erretratua pintatzen dihardu mihisean.

        Hiru aldiz agertzen da, horrenbestez, andrearen irudia: subjektu gisa eserlekuan, eta objektu gisa ispiluan eta pinturan. Isla-joko hirukoitz horretan, ideia hau berretsi dut: autobehaketa sorkuntzaren abiapuntua eta xedea izan litekeela. Halaber, artearen izaera ispilatzailea ere iradoki dit, behatzailea eta behatutakoa identifikatzen diren unetik.

        Badira pintorearen eskumenera ontzitxo batzuk pigmentuz beteak, zurezko kutxatila bat, estiletea, eta tresna bat, hasieran bereizi ez baina orain garbi ikusten dudana: beste ispilu bat, eskukoa bigarren hori, kirtenduna, mahaian pausatua azpikoz gainera. Ispilu horren ifrentzuan distira zehazgabe bat azaltzen da, urdin ilun, zuri eta gorrizta, hala baitagokie koadroaren atzealdeari, emakumearen azalari eta haren tunikaren koloreari. Mahaian artagabe utzitako mirail horrek ere, beraz, egilea tentuz eta arduraz eraikitzen ari dena islatzen du, aldez edo moldez.

        Andrea azken ukituak ematen ari zaio erretratuari, pintzel-muturra bermatuz, ez irudiaren ilean, ez bekokian, ezta bularrean ere, baizik eta ahoan, hitzaren konplizean. Analogiaz, nire begiak interpretazio naturalak esleitu dizkie eszenako elementuei: mihisea idazkuntzaren esparrua da; margoen ontzitxoak, idazkeran eragiten duten datu biografikoak; estiletea, adieraziaren nahiz adierazlearen soberakinak arazteko erabakimena; zurezko kutxatila, iraganeko bitxien edo memoriaren gordailua.

        Ispiluan bere burua aztertzen ari den pintorearen jarrerak erakusten dit xehetasunez aditu behar diodala neure izateari. Begiradak eta buru pixka bat makurtuak ezer lehiatzen ez duenaren baretasuna ematen didate aditzera. Hauxe besterik ez du (dugu) gogo: geure burua ikustea eta den-denean ikusaraztea.

        Eta zer adierazten ote du alderantzika dagoen ispiluak? Errealitatea erdizka baino ez islatzeko gaitasuna. Edo, agian, kontzientziaren ispiluaren bitartez ikusi ezin dezakeguna. Edo biografiaren eta oskol genetikoaren erruz ikustera iristen ez garena. Edo benetan ikusi nahi ez duguna. Beharbada, ispilu hori besteak dira, garenaren irudia osatzen dutenak. Asaldagarria erabat zeharkako ispilu horren esanahia.

 

 

Jakitun naiz egiten ari naizenaz. Minari aztarrika nabil, etekina atera guran.

        Ez dut sekula atzera egin neure zauriak milikatzeak errenta batzuk eman izan dizkidala ametitzerakoan. Eta oraingoan ere kritika nazakezu, esanez damisela pairutsuaren papera jokatzen ari naizela, eta kalamatrika honek terapia-lan bat dirudiela, edo erreality-show baten bertsio idatzia.

        Orobat, ez dut burua zuloan sartuko, aurpegiratzen badidazu eredu zaharkitu baten arabera ari naizela: saminean edertasuna topatzea zen gure aurreko emakumeen bekatua, amorrua onarpen bihurtzea bezainbesteko akatsa. Sentimentalismoari izkin egiteko saioak ezerezean geratzen zaizkit bitik batean. Eta agerikoaz jarduteak ez du merezimendurik (lotsagorritu egiten nau nire gogoeten eskastasunak, hori nik neuk aitortzen dizut).

        Zenbateraino naizen ondradua hainbat zertzelada nahita isilduta, hori neuk dakit: erara ez datorrena aurreztu egin behar da; eta kontrara, izatez txikikeria dena emendatu, sailera etorriz gero, edo jakingogoari eusten laguntzen baldin badu. Horretan konforme egongo zara.

        Horregatik diotsut testu hau ez dela kai, zubi, itsasargi, etxe edota errepide bat, zimentarriak porlana eta burdina nahasiz egin zaizkiona, kristalezko ispilu bat baizik, markoa patchwork estilora egina.

        Zati solteak jostean datza patchwork teknika; ez nahastu matriuskaren kontzeptuarekin: errusiar panpinatxoak bata bestearen barruan gordetzen diren moduan, sortzailea ere ezkutatu ohi da bere lanaren geruzetan barrena. Ni ez. Idazle askok arrastoan eutsi ohi diote beren irudiari, irakurlearen begi depredatzaileei bazka ez emateak bermatzen duen immunitateaz jakitun. Nik ez.