Sei ipuin amodiozko
Sei ipuin amodiozko
1992, ipuinak
94 orrialde
84-86766-38-9
azala: Aurelio Arteta
Xabier Mendiguren
1964, Beasain
 
2008, narrazioak
2002, narrazioak
1987, antzerkia
Sei ipuin amodiozko
1992, ipuinak
94 orrialde
84-86766-38-9
aurkibidea
 

Amuña Margarita

Triste zegoen gure amuña. Triste edo ez dakit nik zer esan. Ezin esan goibel eta kopetilun zebilenik, baina galdua zuen garai bateko bizitasuna, berriketarako gogoa. Harrez gero ez zitzaidan hau dela eta hura zela errietan etortzen, ez zen gurekin haserretzen, baina jadanik ez zen gure katramilen berri jakiteko irrikitan egoten ere. Ez dakit nola esan; elkarrizketari itzuri egiten zionik ere ez nuke esango, ukorik ez baina lehen ordutan aritzen zitzaizun txutxumutxuka gelditu ere egin gabe, zirenak eta ez zirenak nahastuz, harako haren eta honako honen kontu eta komeriak gora eta behera, eta gero ordea, hizketan ari zintzaizkiola begiak lauso eta burua beste zerbaitetan bezala sumatuko zenizkion, eta zer zuen galdetuz gero «eh, eh, zertan ginen?» erantzungo zizun siestatik jaiki berria balitz bezalaxe.

Leiho ondoko siloian jarrita ematen zituen arratsalde osoak bere txokoan kuxkurtuta, gantxilo edo puntuaren orratzak esku artean. Erreparatuz gero beheko ezpaina noizean behin dardarka izaten zuela konturatuko zinen, ez ordea halako tik edo zera horietakoren bat zuelako; bazirudien ixilpeko marmarrean aritzen zela, halamoduzko bakarrizketa edo erantzulerik gabeko elkarrizketaren batean galduta.

Arratsaldeko sei t'erdietako asperdura hezur mamietaraino sartua nuen batean, telebisorearen botoiari sakatzeko gogoari eutsiz eta zer egin ez nekiela amuñarenera joan nintzen aspaldiko partez. Atzekaldetik hurbildu nintzen isil-isilik, eta ez zen konturatu ere egin. Jostetarako gertu, begiak tapatu nizkion eskuez.

-Zertan ari haiz, txepetx halakoa? -esan zidan askatuz; baina gero irrifarre herabe bat eskaini zidan. Ez, amuña ez zegoen gurekin haserre.

Gantxiloz apaindutako siloiaren besoan eseri nintzen eta nere bi besoez amuñaren lepoa inguratu; maina bila nenbilen nonbait, mainetarako adina pasea izan arren; ea norentzakoa zen egiten ari zen jertsea galdetu nion.

-Ez dun jertsea, Asierrentzako galtzerdiak ditun. Baina ken hadi gainetik, tuntuna, ez didan uzten lanean eta.

Gureamuña,udarenbukaera aldetik puntuari lotzen zitzaion, zetorren neguari aurrea hartu nahiz, guztiok babestuko gintuzten jertse eta antzekoak egiteko. Hori urtero urtero. Nik ez nuen bakean uzteko gogorik ordea. Gogaiturik egoteak eman ohi duen mutirikeriaz ziri eta ziri aritu nintzaion. Amuñak bere kontu zahar horietako bat kontatzea nahi nuen: osabaPedro Kubara joan zenekoa, Maritxu lehengusinari markesen etxean neskame zegoela gertatutakoak eta beste hainbat eta hainbat pasadizo. Hamaika aldiz entzunak nituen baina ez ninduen aspertzen horratio. Fotografia horituen bidez baino ezagutzen ez nituen guzti haien ixtorioak pozarren eta txoratzen entzuten nituen, bestelako garaietako jazkera, izen eta pentsamoldeek, beste sasoi bateko ohituren oihartzunak, burua berotu egiten baitzidaten eta bitxiaren bitxiz nere imajinazioa lurralde zabal eta ezezagunetara hegan eraman. Beste batzuek farre egin ohi zioten estraineko automobila ikusi zuteneko larrialdia, ke eta zarata guzti hark sortutako iskanbila eta estuasuna kontatzen zizkigunean, baina ni nere burua lekuan eta garaian kokatzen saiatzen nintzen eta neronek ere halako zirrara moduko bat nabaritzen nuen.

Egun hartan ordea, bazirudien amuñak ez zuela nere kutixia bete nahi eta Asierren galtzerdiekin segitzen utzi behar nion, non eta momentu horretan bertan, bestetan ere sumatutako begirada tristeaz zera esaten didan:

-Garbiñe, joango al gaitun aurrekoan izan ginen pelikula ikustera?

Erabat harrituta geratu nintzen eta baietz erantzun nion buruaz, periodikoan begiratu behar nuela ea oraindik botatzen zuten edo kendua zuten. Sor eta lor nengoen: amuña Margaritak zinera joan nahi zuela esatea ere! Sekulan ez zuen joan nahi izaten eta oso parada bereziak aprobetxatu behar izaten genituen hara eramateko, hala nola bere urtebetetzean, pelikula hori ikusi genuenekoan hain zuzen. Amayan botatzen zutela esan nionean argi berri batez piztu zitzaizkion begiak eta jaztera abiatu zen.

Nik antzematen nuen bazela hor zeredozer berezia. Arraroegia zen. Zerikusiren bat izan behar zuen azken aldietako goibelaldi horrekin. Beharbada, ezin nezakeen seguru esan baina bazitekeen tristura bolada hori pelikula lehendabizikoz ikusi genuenetik hasia izatea, beharbada. Milaka ideia zetorkidan burura, bor-bor egiten zuten horrenbeste burutaziok nahasian, baina ez nuen ezer argirik ikusten. Gainera, zenbat eta ilunago ageri zitzaidan guzti hura, hainbat eta jakingurago nintzen.

Bidean ezgenuen hitzik egin halere. Amuña berriz ere bere gogoetetan murgilduta zegoela ematen zuen, eta neri ez zitzaidan otu ere egiten nondik nora has nintekeen hizketan.

Pelikula ikusten ari ginela, zeharka begiratzen nion amuñari: aldian behin adi-adi somatzen nuen, begiak pantailan tinko, noizbehinka kliskaren bat egiteko baino apartatzeke. Filmea ezaguna nuen eta ez zen, egia esan, interesgarria. Beraz, bere erreazioak hauteman ahal izateko edo, amuña Margaritari so geratzea erabaki nuen, filmearekin zerikusi zuzena zuen zerbait baitzen, dudarik gabe, amuñaren jokaera arraro horren jatorri. Eta ez zen alfer lana izan behaketa hori, berehala ohartu bainintzen pelikulako protagonistetako bat, gizaseme galaia berau, azaltzen zen bakoitzean eskuen artean zuenmusuzapia estutzen zuela amuñak. Horrez gain, pelikulak aurrera egin ahala begiak malkoz ari zitzaizkion betetzen gure amuñari.

Bukatu zenean gorri-gorri eginda zituen begiak eta badaezpada aitzakia bota zidan.

-Antiojurik gabe etorri naun eta horrenbeste denbora begira egoteak kalte egin zidan.

Nik baietz egin nion buruaz, eta kafesne bat edo hartuko al genuen galdetu. Han inguruko kafetegi kaskar batean sartu ginen eta kafesne bana eskatu, nik croissant batekin eta amuñak suizoarekin. Mila gauza nituen esateko, galdetzeko, jakiteko, baina gezurra badirudi ere, hitzik ere ez nuen esan, nola hasi ezin erabakiz. Halere, ixiltasun hori berriketa baino emankorragoa suertatu zitzaidan, psikoanalisten ixiluneak bezalaedo, eta apikaapropos egin nuen ni konturatu ere egin gabe. Kafesnea bukatu zuenean, serbiletaz muturra garbitu eta mukizapiaz begiak sikatu ondoren, hizketan hasi zitzaidan, poliki samar hastean, bizkorrago gero, nere hitzik gabeko eskaria ulertu balit bezala.

«Ni orduan gaztetxoa nindunan. Zenbat urte ote nuen bada? Hamazortzi?, hemeretzi?, hor nonbait. Honez gero nahastu egiten zaizkidan fetxak buruan. Kosturera nindunan ni, Doña Rosaren etxean. Kategoriako etxea hunan hura, ez pentsa gero. Nik botoizuloak egiten nizkinan, eta botoiak josi ere bai. Doña Rosak esaten zidanan nolako zuloak nahi zituen, handi edo txikiak, goitik beherako edo zeharretarakoak, eta nik berehala egiten nizkinan. Berealdiko pozahartzen ninan gero señorito guztiak nik jositako botoiekiko trajeekin ikusten nituenean. Eta ez pentsa Donostiakoak besterik ez zirenik Doña Rosaren trajeak eramaten zituztenak, Madrilekoak ere bai asko, eta urrutiagokoak ere bai, estranjeroak eta guzti, makina bat paristar eta. Ia ia esan liteke munduko gizon dotoreenen trajeetako botoizuloak nik josten nizkiela, eta horrek harro-harro uzten ninduen. Ez zekinat, haien ospe, dotorezia edo zera horren pixka bat nerea balitz bezalaxe, parte, eta neronek ere haien itxura eder eta etxe oneko izatean parte izango banu bezala edo. Txorakeriak ditun guzti horiek, bazekinat, baina ilusioa egiten zigutenan eta, halaxe bizi gintunan, ni artean ez bainintzen burua txoriz beteta zeukan nexka gaztea baino.

»Egun batean gazte bat etorri hunan berarentzat egiten ari ginen trajea probatzera eta, ez zekinat nola, ni ez naun jostuna baina, ni egokitu nindunan lan horretarako, trajea ere ez hunan garestiegia-ta, eta horretan ari nintzela, ez zaidan sekula santan ahaztuko, neurriak hartzeko eta erabiltzen genituen orratz haietako bat sartu nion ixtarrean. Han hasi hunan mutikoa garrasika, eta italianoa zenez ez zitzaion tutik ere entenditzen. Neri hasieran farregura ematen zidanan, halako gizon heldua xixtada batengatik oihu eta arrantzaka eta gainera inortxo ere enteratuko ez zen zakurren zaunka harekin, baina gero doña Rosa etorri hunan eta hark berriz errieta egin zidanan suak hartuta, eta orduan zeharo lotsaturik negarrari eman nionan. Pentsa ezan, kliente bati orratza sartzea gaizki badago zer ez ote den izango gainetik ari farre egitea. Gozoa jarri hunan doña Rosa eta ni erabat beldurtu nindunan, lan hura galdua nuelakoan. Orduan, badakin, erraxago botatzen zinaten langile bat bere lanpostutik ezer gaizki eginez gero eta sarritan ezer txarrik egin gabe ere bai. Zer esanik ez langilea nexka koxkor bat baldin bazen. Eta denok ixildu egin behar, orduan ez zegonan sindikatu eta antzekorik, edo baldin bazen ez gintunan gehiegi enteratzen. Esaten ninan bezala, beldurtuta nengonan sesio harekin; beste lanen bat bilatzea ez hunan horren zaila baina nahiko gustora ari nindunan doña Rosarenean eta halako izen oneko etxerik nekez bilatuko ninan seguru asko. Orduan gazteak, italianoak, frantsesez eskatu zionan doña Rosari, frantsesez hitz egiten baitzuen honekin, zigorrik ez jartzeko mesedez, nik ez nuela kulparik eta barkatzeko arren deskuido hura, gazteegia bainintzen, eta berari ez zitzaiola axola orratzaz zulatu izana edo halako gauzak esaten zizkionan antza, ezin jakin seguru nik ezbainekien ia ezertxo ere frantsesez, eta gaur ere ezegia esan. Eta hala bada,mukizapiarekin sikatu nizkinan begietako

malkoak eta lanean segitu, ezer gertatu izan ez balitz bezala. Baina gero, lanetik ateratzean, seiak aldera edo irteten ginen gu garai hartan, ba urte sasoi hartan oraindik ere ilundu gabe zegonan eta bestaldeko espaloian hara non ikusten dugun italianoa, nere zain nonbait, neregana etorri baitzen karretera pasatuz, eta nerekin batera ateratako beste neskak iji eta aja, farre algaraka elkarri ukondoarekin joka. Orduan bai gorritu nintzela, bihotzeko dinbi-danba hark edozein momentutan zart egingo zidala ematen zinan. Neregana ailegatu zenean hizketan hasi zitzaidanan, eta lagunek han utzi ninduten irri maltzur batez «hori dun suertea, hori» esan eta gero. Poste bat bezalaxe geratu nindunan txutik, zer esan ezin asmatuz. Italianoak Giulio zuela izena esan zidan, eta nik Margarita nintzela erantzun. Besoa eskaini zidanan paseoan abiatzeko edo, baina nik ezetz esan nionan; pentsa ezan, ezagutzea egin besterik ez eta besoa emanda elkarrekin paseatzen hasi. Auskalo zer esango zuen gero jendeak! Garai batean ez gintunan zuek bezalakoak, ez horixe, txintxo asko ibili behar izaten geninan, eta aguro etxera gainera, eta ixilik geratu. Eta, holaxe, kasikan iheska egin ninan etxerakoa, baina ez zekinat bada nik, begitarte alaia erakutsi nionan edo zer, hantxe zegonan biharamonean ere irteterakoan. «Txoratu zain oraingoan» eta «hau erabat enamoratu dun hirekin» esaten zidatenan lagunek albotik eta ni han tente, piperra baino serioago, disimulatuz bezala baina barrutik berealdiko farregura ninan, eta gustatzen ere hasia zitzaidan Giulio delakoa. Izan ere, ez zegonan bat ere gaizki ez. Bigarren honetan oso bestela jokatu zinan, bezperakoaz damu zelako edo jokabide berriarekin bere asmoak hobetoxeago burutuko zituelakoan edo; eta, hala, denak heladu bat jatera gonbidatzen gintuela esan zigunan eta besteek baietza eman berehalakoan eta aho batez. Orduantxe hasi nindunan barren barrenetik sumintzen: «gizaseme hau nere atzetik hasi eta beste guztiak aprobetxatzekotan ala?» esaten ninan nere artean; eta hala uste dinat hasi nintzela beste era batera begiratzen, hola, ez zekinat, xamurrago edo. Eta etxerakoan utzi nionan laguntzen, heldu gabe baina.

»Holaxe hasi gintunan. Geroztik egunero egiten geninan etxerakoa elkarrekin, eta asteburua etorri zenean ea harekin batean aterako nintzen galdetu zidanan. Ni artean sekulan mutilekin atera gabea nindunan eta ez nekinan zer egin. Izugarrizko lotsa ematen zidanan baina burua irakiten ninan eta tripak berriz kri-kra egiten zidanan eta azkenean, buelta eman eta ihesari ematen niola, baietz esan nionan. Ama eta jakinaren gainean egoterik ez ninan nahi eta horregatik esan nionan Kristinari, nere lagunari, etxetik irteten laguntzeko, eta berak baietz, baina gerodendenakontatubehar niola, eta hala, atera gintunan. Gero Kristina, Giulio eta hirurok elkartu ginenean Kristinak esan zigunan enkarguren batera joan behar zuela eta bakarrik geratu gintunan biok. Hura larrialdia hura, zorabiatzeko modukoa. Giuliok gelditu gabe hitz egiten zidanan eta nik baietz egiten nionan, ezer askorik entenditu gabe baina. Nik banekinan frantses apurtxo bat, ezer gutxi azken batean, baina gutxi hori erabiltzen saiatzen nindunan. Ez zekinat Giulio ere gehiago jabetzen zen baina farre behintzat egin geninan gogotik. Paseoan genbiltzala, nik poltsan neramatzan bi eskuetako bat altxatu eta behatzaz hau zer zen eta bestea zer zuen seinalatuz bazterrak erakusten nizkionan, batzuetan, broma moduan, euskaraz egiten nionan eta ikustekoa izaten hunan haren aurpegia. Ez zinan piperrik ere entenditzen. Nola entendituko zinan bada, Italiatik bazetorren? Halere, soinua eta gustatu egiten zitzaiola esaten zidanan. Plaiarako girorik ez zegonan eta oso jende gutxi zebilenan bainatzen. Hala eta guztiz, itsasertzean ibiltzeko gogoa zuela eta han ibili gintunan oinetakoak kenduta. Noizbehinka zipriztinak botatzeko keinua egiten zidanan eta ni garrasika hasi, soinekoa zikintzeko beldurrez, baina gero ez zidanan ezer egiten. Handik atera eta gero barkilo bana erosi geninan, bueno, nik erosi ez, berak gonbidatu baininduen, eta hura bezalako barkilorik anartean jan gabea nintzela pentsatu ninan. Gero bailera joan gintunan, portuko edo hor nonbaiteko jaiak zirela-ta, dantzaldia egiten baitzinaten, eta orduan modan zeuden kantak eta jotzen zizkinaten, zer esango dinat bada nik, txarlestona edo, foxtrot edo, tangoak edo, baina ez zekinat seguru, akaso beranduagoko kontuak ditun horiek. Hasi gintunan dantzan eta oso ondo egiten zinan, hori bai, nik baino askozez hobeto, eta edozein dantza klasetan gainera; ezagun zuen bazuela hartarako etorria eta ni baino gehiago aritua zela. Ari ginen bada dantzan, eta Giuliok estu-estu heldu nahi izaten zidanan baina nik ez nionan uzten, ez alajaina! Pentsa ezan, han nonbait hitunan ahizpak, txikiena ez bazen zaharrena, baita lehengusuak ere, eta hauek bai okerrak eta malapartatuak, kontakatilu bezain itsusiak; gaiztakeria zerien haiei ahotik bai. Eta hola, nola lagako nionan bada, bazter guztietan mutil estranjero batekin nenbilelakoa zabaltzeko aukera paregabea emanaz atso maripurtzil haiei? Neskazahar geratu ditun horiek, eta ondo merezita gainera.

»Dantzan eta aritu ondoren zerbait hartu behar genuela eta, eztarria freskatzeko asmotan limonada edan ninan nik eta Giuliok berriz ardoa, ez ardo beltz baldar horretakoa ez, bestelakoa, oporto edo jerez edo halamoduzkoren bat. Oso fina hunan hura, Jesus! Gero zerara abiatu gintunan, kasino aldera. Neri izugarri gustatzen zitzaidanan señora eta señoritoak nola irteten ziren ikustea. Haien abrigu eta, sonbrero eta, bastoi eta... Haiek ez zutenik ez zen Donostia osoan izango. Hura hunan festa; neretzat ere bai, gero. Nik primeran pasatzen ninan guzti haiei begira. Berez inozo xamarra dun beharbada, baina nik gozatu egiten ninan hala, batzuetan farre pixka bat ere egiten genienan baina besteak konturatu gabe badaezpada ere, eta maleziarik gabe gainera; Kristinarekin eta, elkarri «begiraion harunzko porru hosto aurpegi hari» eta ja, ja, ja algaraka denak baina zerarik, intentzio txarrik gabe. Guk inbiria genienan, ez hola gaiztakeriazkoa, umeek izaten dutena baino. Izaten ditun ba umeak, auzoak duena nahi izaten dutenak? Bada, holaxe gu ere. Atso haien pitxi eta joiak eta ikusten genizkinan eta ahozabalik geratzen gintunan, zer esan jakin gabe, eta horregatik egiten geninan farre, ipurtandiak zirelako edo aza itxurako moñoa zeramatelako. Orduan ez geninan zinerik eta. Gainera, hartara botoizuloak ikusteko aukera ere izaten ninan. Joan gintunan bada esan bezala, Giulio eta biok; nik ez zekinat harena izan zen idea ala nik botatakoa. Ailegatu gintunan kasino aurrera bada eta, ni ahozabalik banengoen, Giulioren ahoa bi aldiz zabal. Haren begiak! Biribil-biribil eginda eta beren zuloetatik irteteko zorian zeudela esango ninake. Eta badakin nolakoak garen emakumeok, bada horrek mindu egin ninduen, sutu erabat; hura nerekin ateratakoa eta goitik behera pitxiz jositako andre handi usteko haiei begira, begiak apartatu ere egin gabe? Horretarako aritu al nauk ni, pentsatzen ninan nere artean, nola orraztu pentsatzen, soineko berriena ahal bezain ederki plantxatzen, zapatei lustrea behin eta berriro ematen? Ustez apain-apain jantzita atera eta gero kasurik ere ez? Ezta pentsatu ere! Hartu poltsoa galtzarbean eta tipi-tapa tipi-tapa joan nindunan handik. Atzetik etorri zitzaidanan gizarajoa, zertan ari nintzen galdezka, eta ezninan besterik behar orduan! Bereak eta bi esan nizkionan batere gorritu gabe. Ez zekinat ezertaz enteratu zen baina jarri nion mutur beltza ikustea nahikoa zuen nonbait brometarako gogorik eta umorerik ez nuela konturatzeko. Epelak entzun behar izan zizkinan, eta bota beharrekoak bota ondoren arineketan joan nindunan etxera. Han bai, han lasai eman nionan negarrari eta painelua franko utzi ninan malkoz blai. Errukarria ni, esaten ninan; hura ninan nahigabea eta tristura. Sekula ez zitzaidala pasako pentsatu ninan.

»Halere, malko edo farre, astelehenean berriz ere lanera joan behar. Doña Rosaren etxean sartzea egin eta han hasi zitzaizkidanan lagunak zirika: «Margarita, zer moduz atzo?» eta «goxo-goxo helduta ikusi zintuztedan» eta «xirri egiten ere ibili omen zineten» eta «hik ere muxuren bat emango hionba?» eta. Zeamorrazioaeman zidan! Sutannengonan, sutan. Hartu eta lepoa bihurrituko nienan bananbanan ahal izanez gero. Geroago ordea pasatu zitzaidanan haserrea eta farre pixka bat ere egin geninan denon artean. Nik esaten nienan Giulio hura inozo samarra zela, ez zuela zipitzik ere entenditzen erdaraz, eta ahoa zabal-zabal eginda geratzen zela euskarazko hitzik entzunez gero, bibotea gelditu ere egin gabe igurzten zuela behatzekin eta oinak gainera zabal samarrak zituela eta kanpo aldera begira. Farrez lehertzen geundenan denak eta doña Rosak errieta ttiki bat ere egin behar izan zigunan; baina nik ez ninan guzti hura pentsatzen: pena ematen zidanan eta barrutik triste nengonan baina demontre!, esaten nionan nere buruari, nik ere hartu beharko diat bengantza!, ez bainintzen ixilik eta apal-apal burua makurtzen duten horietakoa, ez alajaina.

»Sorpresa geroago etorri hunan: lanetik atera ginenean han zegonan, aurreko espaloian tente, lore sorta zuela eskuan. Zuri-zuri geratu nindunan, eta lagunek erdi farrezka alde egin zutenean nik ere haiekin batera joan nahi izan ninan baina ez ninan asmatu, ez zekinat bada, lurrean, zoruan iltzez josita geratu banintz bezalaxe, arbola baten antzera, hantxe espaloian zut. Bestea etorri zitzaidanan eta nik astakeriaren bat esan nahi nionan baina ez zitzaidanan ezer bururatzen eta ixil-ixilik geratu nindunan eta bestea berriz parra-parra frantsesez. Nik ez nionan entenditzen baina umil-umil ari hunan, begiak gehiegi altxatu gabe eta horrek poztu egin ninduen, poztu egin ninduenez. Etxeraino lagundu ninduen eta horrela egunero-egunero, berriz ere igandea iritsi zen arte.

»Igandean elkarrekin atera gintunan berriro, eta ordurako etxean zeredozer susmatzen hasiak hitunan, eta bertan geratu ez geratu egon nindunan baina azkeneko momentuan pentsatu ninan hori ez zela loreak eta guzti erregalatu zizkidanarekin zuzen jokatzea eta horrez gainera ni ere irrikitan nengonan berriz ere Giuliorekin egoteko. Oraingoan gainera, lehen baino arrimatuxeago dantzatzen uzteko asmoa ninan, baina azkeneko momentuan ez gintunan bailera joan, zerara joan gintunan, xexenetara. Konstituzio plazan ziren xexenak eta gazte jendea biltzen gintunan batez ere bertan, neskak bazterretan oihuka eta beldurrez, eta mutil balieentenak xexenen aurrean, neskok izututa utzi nahiz. Eta ni benetan zeharo ikaraturik utzi ninduen Giuliok: xexenaren adarren pare-parean jartzen hunan eta han ibiltzen hunan haren aurrean dantzan bezala, saltoka eta korrika. Beste batzuk kapotearekin etortzen hitunan baina neri hori ez zitzaidanan batere gustatzen, bestea baizik, xexenaren muturraren aurrean mukiak kentzeko moduan jartzea. Hura bai azaina! Horrek jartzen zidanan odola bor-bor. Orduan bai bihotza lehertu beharrez. Ezhunan ikara bakarrik, gehiago ere bahunan. Zer esango dinat bada? Maitetasuna edo sentitzen ninan nik hor, bihotz zuloan, eta mutiko hura handik atera eta bularrean estututa ume txikia bezala ro-ro eginaz lo eragiteko gogo bizia. Farregura ematen din hola esateak baina holaxe hunan, zer uste dun bada?, nik ez haudala makina bat aldiz beso artean erabili ro-ro esanaz loak hartu arte ala?

»Zorionez aldendu gintunan noizbait handik, eta neroni izan nindunan beso artean Giulio hartu nuena. Harrituta geratu hunan berau, ez baitzuen halakorik esperoko inondik ere. Berriro ere limonada eta ardo goxo edo zera hura hartu geninan eta paseoan abiatu. Berak gerritik heldu nahi zidanan baina nik ez nionan uzten horratikan. Gustatu bai, gustatzen zitzaidanan, baina pentsatzen jarriz gero konturatzen nindunan ez nekiela ezertxo ere mutil haren gainean: Giulio zinan izena, eta Italiako bazterren batetik zetorrenan, hori bai, baina hortik aurrera ezer ez. Ez nekinan non bizi zen, zer ogibide zuen ere ez, ezta zer egiten zuen Donostian ere. Eta okerrena ez hunan ez jakite hori, ezin jakina baino. Nola galdetuko nionan bada elkarri hitzik ezin eginda? Ni ahalegintzen nindunan nola edo hala galdera horiek edota antzekoak konprenierazten baina ez zekinat berak ez zuen entenditzen edo ez entendituarena egiten zuen, hori ere baliteke. Zena zela, nik ezin jakin haren berri. Hark nere berri ordea bai, nik ez ninan izkutukorik: etxea, familia, lantokia, denak zekizkien hark; ez atzetik jakin nahian ibili zelako edo, ez: berez ezagutu zituen guzti haiek. Eta nik ez ninan gehiegi lotu nahiezezagun batekin. Mutiko formalaematenzuenbaina ezinhaiz hola, besterik gabe, fiatu, eta are gutxiago kanpotar batekin. Amak eta jakinez gero, Jesus!, berehala esango zidatenan ez ikusteko berriz mutil hori, ezta erretratuan ere. Nik ez dinat horrenbestekorik esango: haiek zaharrak hitunan eta ez zizkinaten gazteen zerak ikusten, baina gure ondo izatea begiratzen zinaten, hori bai, eta ni ez nindunan horren txoriburua eta konturatzen nindunan mutil harekin ez nuela etorkizunik eta beraz ez nuela aurreraegi egin behar, badaezpada ere. Eta horregatik, kale ilunxeagoetan barrena eraman nahi izaten ninduenean nik ezetz esaten nionan, argia genuen bitartean bai baina hortik aurrera ezetz. Gero, ez zekinat nola, apropos ez hunan izan behintzat, berriz ere kasino parean bukatu geninan, nahi gabe, eta ni susmo txarrekin hasi nindunan, eta berak ere ez zekinan nora begiratu baina handik ateratzen ziren andreei eta begiratzen zienan, eta nere artean esan ninan «lotsagabe halakoa: bigarrengoz ere berdin? Ez dik bada honek izango hirugarrenik» eta halaxe ospa egin ninan handik ahal bezain azkar eta atzekaldetik arrenka etorri zenean ere kasu izpirik ez nionan egin. Nere irudipenak ez ote ziren izango ere pentsatu ninan, baina ez: zuzen-zuzen joan hitunan haren begiak joan behar ez zuten lekura, dudarik ere ez.

»Hurrengo astelehenean hanzegonan berriro ere espaloian tente, baina oraingoan begiratu ere ez nionan egin. Geroztik ez ninan ikusi eta ahazten ahalegindu nindunan. Eta ahaztua ninan benetan, harik eta pelikula hori ikusi genuen arte, horko mutil hori igual igualekoa baita, haren erretratua bera. Baina hauek amuña xahar baten txorakeriak direla pentsatuko dun eta arrazoia ere badun; barka ezan, ezninan guzti haukontatu behar, honezgero aspertuta hago, eta bestela ere hi oraindik gazteegia haiz eta ez zaizkin gehiegi komeni halako pasadizoak. Estudiatu egin behar dun orain, estudiatu».

Berandu zen oso amuñak bere kontakizuna bukatu zuenean. Etxekoak seguru asko larritzen hasiak ere bai, afaritara agertu ez ginelako.

-Ene! Konturatu ere egin gabe pasa zaidan denbora -esan zuen amuñak. Begiak gorriturik zeuzkan beste behin.

Nere imajinazioa hegan joana zen amuñaren eskutik, eta kostatu egiten zitzaidan berriz ere gure errealitate honetara itzultzea. Ea geroztik Giulio horren berririk izan zuen galdetu nion amuñari.

-Bai -esan zidan serio; eta poliki hitz egin zuen-: periodikoan azaldu hunan handik hilabete batera edo. Giulio zinan benetako izena, eta ez zekinat zer apellidu. Italiakoa hunan, baina hara: lapurra! Joiak eta lapurtzen omen zizkinan. Hori dun bizibidea, hori. Orduantxe konprenitu ninan zergatik begiratzen zien halako atso eta gazte aberats haiei; eta ni emakume ederragoei begira zegoelako haserre! Hobe dun horrela. Pentsa ezan bestela, lapur batekin formal eta hasi izan banintz. Eskerrak!

Azkenhau esatean farre herabea egin zuenamuñak, baina begiak triste zituen oraindik ere, eta luzaroan izango zituela horrela konprenitu nuen.

(1985)