Sei ipuin amodiozko
Sei ipuin amodiozko
1992, ipuinak
94 orrialde
84-86766-38-9
azala: Aurelio Arteta
Xabier Mendiguren
1964, Beasain
 
2008, narrazioak
2002, narrazioak
1987, antzerkia
Sei ipuin amodiozko
1992, ipuinak
94 orrialde
84-86766-38-9
aurkibidea
 

Perla beltza

Herbert Raas, Iparreko itsaso hotza eta Nederlandeko ubide lasaietako ur bareak utzi eta Timorreko irlara etorri zenean, Sawu, Timor eta Sondako itsaso epel eta tiburoiez betetakoetan perlak bilatzeari ekitera bultzatu zuena ez zen diruzaletasun edo aberasgogoa izan inondik ere, bizitzaren ikuspegi erromantikoa eta abenturarako joera ezin neurtuzkoa baizik; eta hargatik hain zuzen ere, abenduaren zortziko eguerdi sargoritsu hartan eskumutur itxia bezain handia zen perla beltz ikaragarri hura aurkitzean ez zitzaion burura etorri ere egin zenbaterainoko dirutza irabaz zezakeen perlaren salmentarekin. Begi niniak ez ohizko argiaz piztu zitzaizkion eta behatz artean jira eta bira zerabilen bere aurkikuntza miragarria, koska eta kamer guztiak laztanduz, haren azalaren orografia osoa buruz ikasi nahi balu bezala.

Herbertek berak harrapatu ezean inguruko arrantzaleei erosten zizkien arrain eta txabola ondoko ortuetako barazkiez, otorduak gehiegi errespetatzen ez zituzten janari legeak yatean bertan atontzen zituen; izan ere, hura zuen etxe bakarra irla hartara iritsi zen egunaz geroztik eta oskol hartan bertan egiten zituen noizbehinkako Kupang eta Dilirako bidaiak, Timorreko hiri nagusiak baitira berauek, nonaurreko aste edo hilabeteetan lortutako perlak gaizki saldu eta ontziarentzako gasolina eta beharrezko zituen beste hainbat gauza erosten baitzituen, bidenabar mahaian eserita bazkaldu eta itsasoaren kulunkaren arabera mugitzen ez zen ohe maindire zuri eta goxoetako batean lo egiteko aprobetxatzen zuelarik. Inoiz ere Jakarta hiriburu urrunera joana zen Jabako itsaso luzea osorik zeharkatuz, Mendebaldean utzitako lagun eta ahaideekiko zerikusirik zuenekoan, baina geroztik etena zuenharreman hura eta ahaztua haienganako ardura, itsasgainean zanbuluka aritzen zen ontzi huraxe baitzuen aberri eta errealitatearekiko lotune bakarra. Itsas hegiko etxola mixerableetan bizi ziren arrantzaleekiko erlazio estuegirik ez zuen, aipatu erlazio komertzialak salbu, eta horientzat ere arrotza zen hizkuntza estrainio batez mintzo zen atzerritar larruzuri perla-bilatzaile bakarti hura.

Eguzki galdatan perla beltzak eragiten zituen distira zuri-zurien mirespenaz hordi eta kontzentraturik zegoela, harri bitxiaren dir-dir hori kostaldeko bizilagunen batek ikusi ahal izango zuelako kezka barruntatzen hasi zen eta horrekin batera patrikatik ateratako musuzapi zurian bil-bil eginda ganbarotera sartu eta ohe azpian gorde zuen aztoraturik. Atzera kubiertara irtetean alkandora eta oinetakoak erantzi eta argi errainuek trabeskaturik bere sabel geldo eta nabarra ikusten uzten zuten uretan murgildu zen, igeri ari zela hobeto funtzionatzen baitzuten bere burmuinek eta edozein egoeraren ikuspuntu zabal eta argiagoa eskaintzen: une hartatik aurrera bere bizimodua sustraitik eta erabat aldatuko zela sentitu zuen, nahiz eta berak ezin esplikatu zergatik edo nondik zetorkion zehazki susmo hori ezta zertan gauzatuko zen aurrikusitako biraje behin-betiko hori ere, antzeman ezinezko sentsazioa baitzen berak beti bezala segitu nahi arren bizitza halabeharrez kanbiatuko zitzaiola ziotsan hori. Beste alde batetik ere, bere buruari lur zabaleko eta ozeano mugagabeetako gizonik zoriontsuena erizteko arrazoi aski bazuela iruditzen zitzaion, asturuak bera baitzuen aukeratua gizakume hilkor gaixoen artean, ezein begik ikusi gabeko, gizaldi eta gizaldietan sekula santan izandako harri potor ikusgarri eta harrigarrienaren jabe izateko. Tunika purpura besterik falta ez zuen jainko olinpiarren pareko senti zitekeen, adurrak beronen esku aldakor eta haizeen mendekoaz seinalatua baitzuen, bere bide noraezekoan mugarri izango zen hura kokatu eta agertaraztearekin. Badaezpadako zorion hari eutsiko bazion nahitaezko zuen zernahi gertatzen zelarik ere perla beltza berarekin batean eta bere menean gorde eta mantentzea behin eta betiko, handik edo hemendik azal zekizkiokeen arerio posible eta etsai ikustezinen aurkako meniagabeko borrokan.

Haragi fresko eta odoltsuaren usainaren presentzia hurbila aditzen duten tiburoien gisa, ontziaren inguruan aritzen zen igerian gero eta zirkulu estuagoetan harik eta bernez edo besoez metalezko kasko gogorrarekin jo eta berriro kubiertaren gainera igotzen zen arte. Igerialdi labur eta kontrolatu haiek ziren bere buruari haizu zitzaizkion edota zilegiztatzen zizkion atseden une ia bakarrak, gainerantzean lurpean gorde duen hezurraren zaintzan dabilen zakur amorratuaren gisa bueltaka aritzen baitzen ontziaren barruti estuaren ertz batetik bestera, gosearen zimikoak sabelean kosk egiten zionean kainabera hartu eta bertatik eginez ahal zuen arrantza, zeina bizitzeko beharrezkoa zuena osatzera ozta-ozta iristen baitzen. Arrantzale ilun eta hits haien etxola mixarebleetara ere ez zen geroztik hurreratu zeren haiek erotzat bazeukaten ere zitekeena iruditzen baitzitzaion susmo arraro batek hartuta edo inbiria, gose eta jakinminak jota bere barkura etortzea ahal zezaketenaren lapurreta zekena burutzeko eta beldur horren kariaz ia loak hartu gabe iragaten zituen gauak oro, begiak erdi hertsirik, edozein zaratots edo murruma entzun bezain pronto itzarririk, erne, ohoinak zitezkeelakoan gaueko mamuen zelatan, inoiz erabili gabeko errebolber herdoildua magalean eta ontziko labana eta ganibet guztien aho zorrotz biluziak eskura. Yatea ere ainguraturik zeukan lekutik apenas eta oso noizean behin mugierazten zuenez, ez zuen Dili eta Kunpangera gasolina bila joan beharrik izango, bidaia bera arriskuz beterik ikusten baitzuen orain eta zer esanik ez negoziante zuri, gaizkile makur eta abenturazale lapurrez mukurutu eta kutsatutako hiri zatar beldurgarri haiek.

Gaztelu garaitezin eta are gotorleku bihurtutako barkutik mugitzeke, Damaskoko Kalifak bere emazteen harema gordeko zuen mesfidantza eta maltzurkeria berberaz begiratzen zuen bere altxor preziatua, nahiz ez zion bere buruari marabila hura une oroz ikusi, dastatu eta miresteko egokiera eskaintzen, zeren agerian utziz gero nonahi izkutaturik egon zitekeen izterbegiren baten begibistan geratuko baitzatekeen bere segeretua, eta haizearekin berarekin, eguzkiaren ñir-ñir kiskalgarriekin eta itsasoaren ur tanto gaziekin bere ondasunaren kontenplazioa konpartitu behar hutsak ernegarazi egiten baitzuen senarrik jeloskorrena baino are jeloskorrago bihurtutako Herbert marinel perla-bilatzailea. Inoiz edo behin beste perla batzuen bila abiatzeko ideia tximistaren gisa burutik pasatzen bazitzaion, bere begira-lan astunak buruari zekarkion zama nekagarria apur batean arintzearren batipat, halako alferlan batean ahalegintzea hutsal eta antzutzat joaz urruntzen zuen azkarki bere garunetik asmo inozo hori, zeren eta itsasoan zen perlarik eder eta handiena bere eskumenean baldin bazeukan ez zuen ezertarako behar berearen aldean bideetako harri-txintxarren gisakoak ziren horietako alerik, are gutxiago horren ondorioz bere barkua eta batez ere perla beltza hutsik, abandonaturik eta ager zitekeen zeinahi gaiztaginen menpean utzi behar bazituen.

Ontziaren alde batetik bestera mila buelta eman ondoren eta ganbaroteko ohe meharrean hamaika jira eta biratan aritu ostean azkenik egunaren tentsio eta unaduraren poderioz loak bere menean hartzea lortzen zuenean berehala hasten zitzaizkion bere lokamuts torturatzaileak non behin eta berriz azaltzen baitzitzaizkion lapur multzoak eta ebasle andana, denak ere bere perla beltza ohostu nahian, eta batarekin eta bestearekin gatazka gogor eta amaigabeetan odolustutzeraino burrukatu eta gero azken finean beti eramaten baitzioten perla gutiziatua begien aurretik, bera saiatu eta saiatu arren ezertxo ere ezin zitekeelarik higi, ez egin. Bere desesperazio eta oihu aldi berean ozen eta entzunezinen artean izkina eta bazter guztietatik aditzen ziren farre algara zalapartari eta tematiez amaitzen ziren ameskaizto izugarri eta errepikakor hauen ostean, loaldi llabur bat baino egin gabe baina izerdi patsetan itzartzen zen Herbert, lehen baino askozez artega eta urduriago, eta, sukarrak hartuta bailegoen zangoak zanbuluka, perla beltza gorderik zuen lekura amiltzen zen bizia bera arriskupean balu bezala, eta behin perla eskuetan zuela, adi-adi geratzen zitzaion begira, ahoa zabalik eta begiak zabalduago, zeharo liluraturik.

Kutuna edo talismana baino areago bere bizitzaren estigma bilakatua zen perla aldamenean eduki ezean ezin zitekeen harez gero momentutxo batez ere lasai egon gure gizona, eta hargatik eramaten zuen beti aldean, zela patrika zuloan, zela altzoan edo esku ahurretan. Horrela ematen zuen egun osoa, gero eta gutxiagotan mugierazten zuten soinaren premia ezinbestekoek besterik eskatzen ziotenean izan ezik, gainerantzean itsasoak egunak aurrera egin ahala jasaten zituen aldaketa nabariezinei erreparaka eta beha egoten baitzen: goizean goiz, zeru sabaian izarrak izkutatzen ari zirela, mendebaldean more koloretik urdin ilunera eginez eta ekialdean argi mehe batek hodei bakan meharrak zeharkatu eta gorritasunez beteaz eguzkia irten orduko, itzalen erresumatik jaio eta bere mugak zedarritzen ari zen itsasoaren ur azal berdeari zer kresal usain gozoa zerion!; eguerdiko labe gorietan, ekia bere jaurgoaren gailurrean eta ponperiaz horniturik meneko guztiei bere nagusitasuna krudelki ezagutarazten eta betiereko umiltasunari zin eragiten ari zitzaiela, irakiten zeudela ziruditen uretan arrainak berak ere kasik sabel gora jartzen zituela, hura itsasoaren gardena!; arrastirian, landareak oro ernarazi eta gizon-emakumeak oro lastozko teilatuetako etxola mixerableetan izkutarazten zituen zaparrada jausi eta urgaina arreagotu ostean, ur beltzen misterio erakargarria belarrira xuxurlatzen zuen murmurio iluna aditzen nolako lanak!

Noizean behin, patrika zulotik mukizapi bildua atera, pardelaren korapiloa askatu eta perla beltzari aldi batez geldi geratzen zitzaion so, mugimendu pertzibigaitzen bat antzeman nahiko balio bezala, lurraren sabel zulatuetatik meatzari esklabizatuek lanaren izerdiaz erauzitako ikatzarena zirudien belztasuna eta eguzkipean adats hori joria orrazten ari den neskatxaren ispiluarena ematen zuen argiaren islada erlijiosoki eta debozioz miresteko. Perla basa haren koskor ximurren ukimenak zemaion sentsazio atsegina asetzeko asmoz, lurralde jelatuetako hartz zuri handien larruaren leuntasuna zuen gainazal zakarra ferekatzen zuen neurrian belarriaren ondo-ondora eramaten zuen eta haren kontra jarri, adi-adi entzuteko keinuaz, bere barreneko kantu apala, musika ixila edo soinu emeren bat banaro nabari eta entzun nahirik edo, baina halere, egunez egun entzutearen poderioz ixiltasun nagusiaren pareko bilakaturiko itsasoaren zurrumurru taigabearen oskola apurtu eta gero bereiz zitzakeen soinu bakarrak lehorreko abere gautiarrek beren harrapaketa eta ehiza saioetan egindakoak ziren, damurik.

Egunak zeramatzanez horrela, bai itsasoari bai perla beltzari begira, jatea ere ahantzia zuen, eta horrek gorputz osoaren ahuldade eta makalaldia ekarri bazion ere, okerragoa izan zen urik ez edatearen ondorioa, zeina gezalak sortutako egarriarekin eta egun osoa eguzkipean higitzeke ematearekin elkartuz gero hilzorira eramateko modukoa baitzen. Aluzinaturik zegoen erabat Herbert, itsasoa eta ortzea hodeiertzaren ardatzaren inguruan jiraturik eta alderantziz somatzen zituela, eta gogoeta estrainioek betetzen zuten bere buru nahasia, hala nola perla hura hezur eta haragizko emakume bilakatua zitzaiola uste zuenekoa. Konturatzen zen horratio, argitasunezko une batzuetan, heriotza eta akabua zetorkiola laster bide horretatik, eta gurtu beharreko idolo ohoragarri, erlikia agurgarri eta sakratu hura madarikatu eta bere aldetik bota egin beharko lukeela, baina argi eta garbiago zekusan perla beltza behin norberaren eskuetan eduki eta gero ezin zaiola itzuri patuari, ezin zela haren sorginkeria exortzizatu zeren eta perla beltza itsasora jaurtikiko balu, berriz ere uretan sartzean ez bailuke beste pentsamendu eta ardurarik izango hura berreskuratzea baino; izan ere, zer ziren, zer balio zuten, zertarako nahi zituen beste perlak oro, galdetzen zion bere buruari etsipen argitsuzko irrifarre batez.

Horizontearen atzean izkutatu aurretik eguzkiak eskaintzen duen azken errainuaren gisa ari zitzaion bukatzen, ahitzen bizitza, bereak egina zuen eta ez zuen damutzeko arrazoirik ez beharrik, baina bere zoriona eta eromena izan zen perla beltza berarekin batean eramango zuen, heriotzerakoan ere lagun izan zekion, eta altxor magiko hori jende zatarraren eskuetan eror ez zedin. Geratzen zitzaizkion indar apurrez yatearen motorra martxan jarri eta gasolina bukatu zitzaion arte utzi zuen joaten, ozeanoan barrena, eta han, ontzia urperaratzeaz batera, burnizko pixu bati loturik eta perla beltza kolkoan, salto egin zuen uretara, tiburoien bazka eginik, bere burua eta zoriak berari ez besteri emandakoa inork aurkituko ez zituelako esperantzan.

(1985)