Speed gauak
Speed gauak
1991, nobela
154 orrialde
84-86766-37-0
azala: Joel Peter Johnson
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2003, saiakera
2001, poesia
1993, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

Eranskinak

 

Hilobi Santuko Ordena Argitsua
(Antigualeko-dendako katalogotik)

 

Katalogo honetan aurkezten ditugunetarik preziagarriena, zalantzarik gabe, Hilobi Santuko Ordenako Zaldun-Jantzia duzue.

        Munduan banaka den jazki honen nondik norakoa azaltzearren, hara zenbait liburutatik zuentzat aukeratu ditugun pasarteak.

        Liburuok ere ez dira denak eskuragarriak gaur egun. Inork liburuotariko baten bat nahi baleza, Antigualeko-Etxe honek lor lezakela esan behar, nabariak diren zioengatik haiek hemen erakusterik ez badugu ere.

 

 

Gurutzaden hastapenak

 

Gurutzadek izena, beraietan esku hartu zutenek bularraldean zeramaten gurutzeagatik hartzen dute. Gurutzadak gizateriaren historian zehar burutu den erlijio-egintzarik garrantzitsuenak dira.

        Santa Elenak, Konstantino Enperadore kristautuaren ama gogoangarriak, kristauen aurkako jazarkunde paganoak bukatutakoan, Kristo jaio, hazi, bizi, pasioa jasan eta hil zen lurralde sakratuetan elizak eraiki zitzaten agindu zuen. Harrez gero, asko eta asko izan ziren Leku Santu haietara erromes abiatutakoak; itzulitakoan aldiz, salbatzailearen oinek zapaldu zituzten kale, mendi-bide eta urak pagonoen menpean egoteaz minduraz berba egiten zutelarik mendebaldeko kristozaleen artean.

        Aldi berean, turko fedegabeek Europa hartzeko asmoa zuten, horretarako lehen pausotzat aurki Konstantinopla izeneko hiria hartzekotan izanik.

        (Turkiar seldjuzidiarrak, zein gogor eta ankerrak izan ohi ziren Sortaldeko kristauekiko!).

        Sartaldearen laguntza eskatu beharra izan zuen Mikel Parapinaziok, Byzanzio miresgarri hartako enperadore izan zenak.

        Gregorio VII.ak, anaiarreba aldenduak adiskidetu egingo zirelako hitzaren pean, San Pedroren zutoihalaren inguruan bilduta Ekialdera guduan abia zitezen dei egin zien kristandadeko bazter guztietako fededunei.

        Dei horren oihartzunetara bildu zen Viktor II.a, Ekialdera jo eta handik gudakin ederraren jabe bihurtu zen errege adoretsua. Alabaina, hura ez zen besterik izan benetako Gurutzaden etorrera iragartzen zuten lehen atabalen hotsa baino. Egiazko intziri, eihagora, negar, su-pinkarda, heriotz-hasperen, lantu, dolu eta erresumina geroago hasiko ziren Sartalde zabaleko biztanleen belarri, begi eta erraiak zulatzen, euretan irristatzen eta bihotzeraino iltzatzen.

 

 

Pedro Amienskoa

 

Pedro Amienskoa, Pedro Padutarra izengoitiaz ezagunagoa, Lehen Gurutzada zuzpertu zutenetarikoa izan zen.

        Lurralde Santuetara erromes joan zelarik, Jerusalem hiri sakratuko kristauen sufrikarioen berri zuzena izan zuen.

        Errugabe haiekin minean bat eginik, Urbano II.arengana jo zuen, zeinak kupidaturik, Gurutzadaren predikua egin zezantzat baimena eman bait zion. Gudu Santu hori helburu, Italia, Germania eta Galiako lurraldeetan barrena ibili zen, oinez, turkiar fedegabee aurkako gurutzada aldarrikatuz.

        Ez eraentzarik, ez soldadu-araurik, ez antzekorik, baina Jainkoa lagun, herritarrek osaturiko hiru aldra abiatu ziren Ekialderantz, Aita Santuak agindurikoaren arabera ihardukitzeak lekarkiekeen indulgentzi osoaren bila.

        Asiara heldu aintzin, ordea, txikitua izan zen armada bihoztun hura. Pedro Paduratarraren armadaren garrantzizko zenbait hondakin baino ez zen heldu Konstantinoplara.

 

 

Zenbait egun beranduago bideari ekin zion Pedroren armadak. «Laborarien Gurutzada» izena ere eman zitzaion arren, egiatan herritarren espedizioa zen hura. Leinudun zenbait zaldi gainean zihoan, aldraren erdian, menekoen laguntzaz; oinez ordea, armagizon hogeinakoren batzu.

        Pariseko kaleetako emakumeak, hornikuntz-gurdietan igoten ziren; gizonezko zarpailtsuak, ez jaberik ez legerik zutenak, zaldunen inguruan ziren. Azkenotariko batzu Testolariak ziren, hots, Notre Dameko harmailetan izan ohi ziren eskeko sasi elbarritu haietarikoak. Jendostean baziren sasi monjeak, erestariak eta lapurrak; herri osoa, nahiz alde ona nahiz gaixoa; adulteroak, erahileak, zin-hausleak eta ohoinak; orobat emakumeak eta penitenteak. Guztion artean bazihoan Tahur ere, pikaroen errege zena.

        Bidazti orok hain goresten eta jauresten zuten Pedro zihoan guztien buru, Pedro Padutarra; harek zamalkatzen zuen mandoaren ileak gordetzen zituzten jarraitzaileek.

        Ileotarik sortatxoa heldu zen Bizkaiko lehen komenturaino, hots, Bermeokoraino, gero sorta hori Izarora eramana izan bazen ere. La Rochelleko hereseek bertako komentua basakeriaz suntsitzean galdu zen errelikia hura.

 

 

Jakina da gurutzea hartuta Sortalderantz jotzen zuten gurutzatu guztiak ez zirena abiatzen penitentzia egin eta euren bizimodua santutzearren; zenobita asko klaustroa utzi —Aita Santuaren debekuen kontra— eta bakardadea hautsita ibili ohi ziren lurralde haietarako bidean. Gogora dezagun monja batekin batera harrapatua izan zen hura, bere krimenaren neurriko zigorra jasan behar izan zuena. Kristauek Antiokia inguratuta zeukaten sasoian izan zen.

        Gurutzatu artean nagusi den ustelkeria hori gorabehera, usu aurkitzen dira kristautasun exenplu erdiragarriak ere euren artean, eta ez du beste ezerk hobeto zertzen beraien morala, zera ikusteak baino, zelan iragaten ziren bat batean birtutetik pekatura eta bizioen gehiegikerietatik damuaren leuntasunera.

        Hala ere Luis Marcilli, Domicilia izeneko putzelari egindako gutunean, kexu da, ze, dio, deabrua poztu egiten da gurutzadetarako predikua entzuteaz:

«gurutzearen erromesaldian aitonalaba garbi asko kortesau bihurtu zelako eta hamaikatxo dontzeilak galtzenzuelako birjintasuna, pailarda bilakaturik».

Debekatu egin zieten Sortaldeko biderik hartzea apezpikuek emakumezkoei; alabaina, XIII. mendeko Coucyren elaberrian argi esaten da ezen,

«Ekialdean zarelarik, errazago ikusiko duzu zure Dama Fayel-ko konterrian baino».

Joinvillek, aldiz, Erregeren kanpatik harrikada bakarraren inguruan ziren emagaldu-etxeetarako haragi-iturritzat jotzen ditu, bai emakume kristauok eta bai Ekialdean bertan gudakin gisa hartutako emakumezko musulmandarrak ere.

        Laster sortu zen birtutea pekatuen erdian. Ekialdean gudan ibilitako zaldun-taldetarik batek, Jerusalem berreskuratu ondoren, Salomonen Tenpleko zokondo batetan bizitzen utz zitzaten eskatu zuen. Kristautasunaren alde bizia ematea egin zuten zin, kastitate eta pobretasun-botuekin batera.

        Ekialdeko lehen zaldunak ez ziren izan haiek, aitzitik.

        Erromes gaisoak zaintzeko sortu zuenSan Gerardo Tenke Probentzarrak Jerusalemgo San Juan Zaldunen Ordena, San Benitoren arauen menpean. Zaldun-Ordena berri guztion ezaugarri nagusia, aintzindarikikoan, kideen gerlari-jitea da, ordea.

        Rikardok, lehoi bihotza zuen erregek, halaxe aldarrikatzen zuen, «Jainkoak jagon egiten du bere hilobia», ezpata astunaz musulmandarren lepoak atertu gabe mozten hasi aintzin.

 

 

Endrikeak

 

Erret-izenen artean Endrike dugu usuenetarikoa. Jatorriz germaniarra bada ere —lurralde aberatsa esan nahi du bertako hizkuntzaz— laster hedatu zen Mendebalde zabalean eta halaxe ezagutuko ditugu Endrikeak baita Nafarroako Kortean bertan ere.

        Endrike guztien artean II.ek izan ohi dute astururik okerrena. Adibidez, Frantziako Endrike bigarrenak —zeinari buruz esaten bait zen ezen aingeru-aurpegia, digante-gorputza eta deabru-bihotza zuela— hugonoteen aurka gogor eta ankerki ihardun zuen hura, alaba Isabel Espainako erregerekin ezkontzen esku hartu eta Montgomery Kontearekin, Eskoziar Guardiako buruarekin lantza bat apurtzean begian zauritua gertaturik hamabi egunen buruan hil zen. Atsegnen aurkitu zuen Herioren begirada itsua gizaixoak.

        Zer esan, bestalde, Portugaleko Endrikeaz, Lehen Gurutzadan esku hartu eta 1099ko uztailaren 15ean Jersualen berreskuratuan ohoretsuki sartu zenaz? Hain ziren handiak haren kemena, ausardia eta adorea, non legendako heroi bihurtu zen Godofredok hainbat errelikia eman zion, anaitasun ezaugarritzat.

        Areago, Bragako Giraldo Artzespiku Beneragarriak lagunduta Portugalerantz zetorrelarik, Konstantinoplako Alejo Enperadorek Donebane Ebangeliarraren beso ustelgabea ospatu zion, egun ere Bragako Katedralean denetsia dena bera.

        Beste Endrike hura, Santo Tomas Becket-en aurka egin zuena, feudalismoaren suntsitzailea, «Common laiv» haietara makur eraziz Elizaren pribilegioak moztu eta leinudunen eskubideak kendu zituen errege berbera, Gurutzaden aldekoa ere izan zen, berak sortua bait da Hilobi Santuko Ordena, Enciclopedia Italiana-ko XXV. liburukian irakur daitekela:

...nel 1178, L'Ordine del Santo Sepolcro di Gerusalemna, fondato de Enrico II re d'Inghilterra.

 

 

Baina itsasoaz gaindiko guduetan esku hartu zuen penintsulako zaldun kopurua handitu zuena Nafarroako Erresuman XIII. mendean Erregetza eskuratu zuen dinastia da.

        Theobaldo I.ak Gregori IX.aren kontseiluei jarraiki oinezko eta zaldizko franko eta sortetxe ezagunetako laurehun zaldun atera zituen Nafarroatik, guztiak ere gertu perilik handienetan sartzeko.

        Jarraigo ikusgarri horrekin sartu zen Parisen 1239an; han, Champagne eta Briako bere beste menpekoekin eta beste zenbait erresumatako zaldunekin ere bildurik, Marsellan itsasoratu zen, Sicilian itsasoratu ondoren Asia Txikian giristinoen menean zirenetariko portu baten lehorreratzeko.

        Theobaldo Erregerekin itsasoratu ziren tropak baino ez ziren onik heldu Tolemaidara, non kontsolamendu handia ekarri bait zieten Tenpleko zaldunei. Tamalez, horiek Bavierako Rainaldoren buruzagiekin zituzten ezadostasunak estekuru, general horrek uko egin zion sarrazenoei gurutzatu berriekin batera erasotzeari. Hala ere, eta tenpletarren gidaritzapean, kanpainan abiatu ziren, Damaskoko Erregeren eta Egiptoko Soldanaren herri laua suntsituz, Ekialdeko printzipeok elkarrekin haserre zirela profitatuz.

        Laster aldiz, Egiptoko Soldanak, Damaskoko Erregeren aurka eratu zuen Armadaz gain, giristinoen aurkako berria eraiki zuen Gaza eta inguruko lurraldea defenditzearren. Alferrik saiatu ziren gurutzatuak Askalona menperatzen. Elkarren bekaizkeriak jota, elkarrekiko lehia antzuan eroriak, mizkerien agindupetara soildu zituzten guduzelaiak.

        Halako zereginetan Bretainako Dukeak eta beste zenbait jaunek erdietsiriko ospe eta ondasunek erakutsi bideari jarraitzea eragin zieten Nafarroako Erregeri eta Borgoinako Dukeari, zenbait buruzagirekin batera. Tenpleko zaldunen aholkuei ez-entzuna eginez, Gaza eta horko hurbileko inguruak suntsitu zituzten.

        Arrakastaz horditurik, Gazari ere eraso asmoz arrapaladan ekin zioten bideari, ezta gauez ere atsedenik hartu gabe, oinek zapaltzen zuten lurraldea ezagutu gabe. Egunsentian areatza eta zingira sakonetan sartuta ikusi zituzten bere buruak, halako moduan non ezinezkoa bait zen, hala zaldirik maneiatzea nola armada lekuz aldatzea; egoera larriagotu egin zen, Gazako eraentzariak, nor militar handia bait zen, atzera egiterik ezinezko bilakarazi zielarik, ihesbidea bera ere moztu zienean.

        Estualdi hartan, elikadura ezak larriagotua gainera, egun osoa eman zuten, gaua eta guzti; egin zieten Soldenaren tropek, berauei laguntzera etorririko egiptziarrarekin batera. Goseak, lo-ezak eta akidurak ezertarako gai ez zirelarik utzi zituztenean giristianoak.

        Gatazkan adore haundia erakutsi arren, porrokatuak izan ziren, hilik gertatu ez ziren bakarrak Theobaldo eta Borgoinako Dukea izanik.

        Zakur amorratuen gisa, deslaian, gau eta egun bitan errakor ibili ondoren, Jafara heldu ziren. Han jakinaren gainean jarri zituzten giristianoak, zeintzuk Tolemaidara jo zuten berehala.

        Tenpleko zaldunak haserratu egin ziren jarrera burugabe hori dela eta. Errezelu handia sortu zen, aldiz, nafarrak eta gainerako zaldunak Europara itzultzeaz mintzatzen hasi zirenean.

        Azkenean, tenpletarrak Damaskoko Soldanarekin itandu ziren, bien etsaia zen Egiptokoaren aurka egitearren.

        Theobaldo Hilobi Santuraino joan zen erromes 1242ko udazkenean. Tenpletarrekin etsai ziren Ordenetako zaldunez inguratuta. Hilobiko aurrean zelarik, eraso egin zioten gure errege poetari. Arabiarrek erabili ohi duten ganibet aho-bihurri horietariko bat eskuin-eskuan hartuta, hilobiko atalburutik katamotza baino malguagoa jauzi ikaragarria egin zuen, Theobaldo hil asmoz. Sarrazenoa airean zetorkiolarik, Hilobi Santuko Ordenako Zaldunetariko batek bere gorputza tartekatu zuen Theobaldo eta paganoaren ganibetaren artean; halako suertez non zaldunaren ezpatak gaizkilearen erraiak alderik alde zeharkatzen zelarik haren burdina gaiztoak kristauaren bihotzaz zati bi egin bait ziuen.

 

 

Reger zeritzola eta bere ordenakideen gotorlekuko paretaren baten ehortzi zutela, besterik ez dakigu zaldunari buruz.

        Jantzia nola eskuratu dugun berriz, rokanboleskoa da.

        Pentsalari ezagun bati —isildu egiten dugu izena, noski Erresuma Sionista Modernoko Gobernuaren Zerbitzu Sekretuekin batera Palestinar borrokalariez osalturiko talde armatua atxilotzen eta hiltzen laguntzearren eman zioten. Berak esan zigunez, Jerusalemgo murrua berrizten edo agirira ateratzearren burutzen diren lan arruntak zirela medio, Errigoitiko Santu Baltzaren berdintsua aurkitu zuten Ziudade Sakratuan, hots, ustelgabeko gorpua, jantzi eta guzti.

        Guzti horren jakituan izan zelarik pentsalari euskalduna, Reger zaldunarenak ote ziren jantzia eta gorpua, hori ikertzeari ekin zion. Gure herkidearentzat jantziak zuen bihotz-balioaz eta, bestalde, sekulako mesede galanta egina zielako, oparitzat eman zioten jantzia.

        Bularraldean duenapurturak baiezten du jantziaren jatorria, zulotxo horretatik bihotzeratu bait zioten aiztoa Theobaldoren salbatzaileari.

        Pentsalariak antigualeko-denda honi eskaini zion jantzia. Hartu genion, noski. Bere balioa estura barik preziatuko duen jakintsuaren zai dago jantzia. Ez dugu presarik; zenbat urte dituen eta zenbat gertaera biltzen diren bere inguruan, guzti horren aruera balio bait du. Zeure eskuetan uzten dugu... erabakia.