Speed gauak
Speed gauak
1991, nobela
154 orrialde
84-86766-37-0
azala: Joel Peter Johnson
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2003, saiakera
2001, poesia
1993, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

Museoan

 

Bizkaiko Kondaira Museoa eskolaumez bete ohi da sarri. Halakoetan urduri ibilten dira bertako zaindariak. Gainera, gaur eguneko umeek halako euskerea egiten dabe! Ate alboko mahaiaren kargu egoten den uniformeduna Mungialdekoa da eta, ia beraz, euskaldun zaharra.

        Pasadizo hau gertatu zen egunean ere ume piloa sartu zen museoan, hau zer da, beste hori zer da, ez ikutu ezeri, zenbat etorri zarie, entzun! hona, denok, mesedez! Ez ikutu ezeri, bale? Ederto. Atzera ere, andereño zer da hau eta andereño begira Kepa dago ikututen gauza bat, Kepa ez ikutu, Eider txibata. Beheko solairuko gauzen gainean haizea baino arinago hegaldatu dira gizaixo burrunbatsuon arrano-begiak.

        DurangokoGurutziaga imitazionezkoaren inguruan, eskaileretan gora ari direnean umeak eta andereñoak, ez doaz bakarrik. Fernando, ozta-ozta metroa eta laurogeitamar zentimetro luze den troskista ohia, eta Martin ere hantxe doaz, ume artean nahastuta. Martinen lepoan jarrita eskuineko eskua eta ezkerraz barandari eutsiz, elbarrituaren irudia da altua. Eskuineko hanka zurrun darama eta harmaila bakoitza gainditzean itxi egin behar ditu begiak, min handia ematen bait dio, antza, naturak antza zapata eroateko baino beste ezertarako eman ez zion gorputz atal hori. Ostia! Martinek lasaitzeko diotso, ez dela ezer, hara zelako gurutzea; begira ze ondo azalduta dagoen Erdi Aroko eskolastika bertan, Eliza Katolikoaren egitura; zelan geratu den hondar paganoa kristauen erlijioan ere, zer hortxe daukazu arbola sinboloa gisa... Popatik hartzera bidali du altuak laguna, euria hiru aste lehenagotik bisita egin gabe izan arren Bilbon gabardina eta guzti etorri den Martin horixe, hain zuzen.

        Argitasun ederra dago lehen solairuan. Busturiako keramika-piezetako azula aratzagoa da goizeko ordu honetan, erakargarriago bihurtuz buztinezko ontziok berez ere duten xarma segeretua. Eskumatara jo dute, alabaina, Fernandok eta Martinek, umeakandereñoen eskutik Bizkaiko Arte Erlijiosari eskainitako gela luzengan sartzen diren bitartean.

        Zaindarietariko baten begiek ez dute ume zirinen lorratza galdu nahi, badaezpada ere, ez ote dituzten dagozen baino mutilatuago utziko Andra Mari gotiko eta Kristo erromanikoak, noizean behin andereño ilegorriaren ipurdi-mamiek praken kontra borobiltzen duten artelan hain perfektuan entretenitzen badira ere Asperraldeko Errege dagoen zaindariaren begiak.

        Lehen solairuko arkupeta honetan pistolaren historia azaltzen da liarrezko beirarasa horizontaletan; bertikaletan, aldiz, ezpata bihurtu zen burdinaren antologia dago. Harago, metalezko hiru peto edo bularresi. Zenbatek galdu ote duen bizia arma horien erruz, galdetzen dio largoak baxuari, uneko filosofo senak gaindituta bere ohizko zuhurtzia.

        Erdiko beirarasa bertikala aukeratu dute zereginerako. Erraztasunez kendu du Fernandok gaineko leiarra. Beso biez ipurdipeko bueltan eutsita Martini, eup! gora altxatu du altuak baxua. Azken honek XV. mendeko ezpatatzarra hartu du. Behin behearen gainean jarrita oinak berriro, eskutokia kendu diote ezpatari, halako erraztasunaz non susmo txarra hartzen duten, ez ote faltsua altzairu-zatia.

        Ezpatorria Fernandoren hankaren luzerakoa da. Bai, ederto sartzen da praka-zangoan, hankaburutik txorkatilaraino. Eskutokia aldiz —hori dok moskeoa— gabardinako poltsikora. No problem. Oraingoz behintzat.

        Bigarren lana beirarasa bi haruntzago dagozen hiru bular-babesetariko bat aukeratzea dateke. Zabalena aukeratu dute. Jertsea erantzi eta bularraldean frogatzen du Fernandok. Kakazaharra! Zabalegia da.

        Zaindaria umeek burutik behera kaka eginda edo andereñoaren ipurdian eskegita geratu da, antza, ez bait du muturrik erakusten. Okerreko pieza hartu dute. Bularralde zabalegia zaldun harena, ala Deabrua!

        Hurrengoa ostera, berarentzat eginda bezala datorkio. Hobeto ba! Jertsea petoaren gainean jantzita ez zaio ezer ere igartzen.

        Alde egin du Fernandok. Eskaileretan behera nekez dator, hanka hori tente-tente, ezer igar ez dakion. Gurutziaga gurutzean behera labantzen zaizkio begiak, erdi negarrez, adaburutik sustraietaraino, hor erakusten den giza-historia laburbilduari jaramonik egin gabe, kaguenka jainkoari, mekaguenka Ama Birjinari, mekaguenka santu guztiei, pekatariei bertan zizelkatuta iragartzen zaien ifernuaren bildurrik gabe.

        Ateko zaindari euskaldun zaharrak atea ireki dio, kupidagabetuta, Largoari, aurpegian ageri bait du zelan sufritzen duen. Eguraldiaren erruagatik dela diotso, beti-beti berdin jazoten zaiola, ze eguraldi zantarra dakarreneko, zas! hankako mina; ez, ez da jaiotzezkoa, istripua baino. Gogaitu egin behar berton, ezta? Beste ezer baino okerrago, umeak eurak, kaguen zotz, atrapa egiten deutsoe burua edonori. Tira ba! Bai, agur.

        Zuzen-zuzen, aurreko tabernan sartu da Largo, Martinek hurrengo solairura igoten duen artean.

        Bizkaiari eskainitako solairu horretan ezdago inor. Eskaileretan gora igon eta beste aldean dagoz aintzinako langintzei buruzkoak.

        Ehungintzaren adibidetzat aintzinako arratiarren jantzia dago. Deseskegi egin du Martinek. Ozta-ozta ari da, eskas bait dabil denbora aldetik. Umeak solairuan sartu dira. Eskerrak hortxe dagoena eskalaren arabera —1:10— egindako ola zaharraren maketa euskalduna. Bertan sartu da operazioaren bigarren zatia burutzera baxua.

        Soinekoak erantzi, arratiarraren jantziak aldean ipini eta berriro jantzi behar du.

        Biluzirik dagoela Martin, muturra luzatu du neskatotxoak imitaziozko olaren atzekaldetik. Begira geratu da. Begi-keinu konplizea egiten dio Martinek. Paralizatuta dago neskatxoa, zelan jazten den begira, edozelan desagertzen den biluztasuna ikusteak kateiatuta begiak eta gorritasuna ekarrita karamelozko masailetara. Olatik irteteko dela Martin, korrika egin du alde ume zirinak. Hanka egin beharko du Martinek ere, umekondo madarikatuak alarma jo araziko du eta.

        Andereño, dago gizon bat biluzirik etxe handian, umeak atzamarraz erakusten du lekua, eskolanteen alboan inortxo ere konturatu gabe igaro denean baxua.

        Eskaileretan behara datorrela Martin, aldarri egin dio andereñoak nere gurasoei deituko die andereñoak, ea zer egiten duten etxean, umea amets sexualez dagoela eta, gizon biluziak ikusten dituela nonahi eta ea zer egin behar duen berak eskolan, gurasoek umearen aurrean eginez gero egitekoa. Beste andereñoak ez dela horrenbesterako deritzo eta, tira, lasaitzeko, bestela manikomioan amaituko duela edo sikiatrarenean, beste hainbeste maisu-maistrak lez.

        Aurreko tabernan dago itxaroten Fernando. No problem. Okey. Joder amerikanua, ea noiz osti kentzen duan ingeles potrozorriaren mania tentel hori, kaguen tal, txo. Eta goaz ospa hemendik hainbat arinen.

        Miraria! Bat batean desagertu egin da Fernandoren hankako gaitza. Eskuetan delinianteek erabili ohi dituzten tutu luze horietarikoa du. Barruan dago ezpatorria. Martin, berriz, beroegi da arratiarren jantzia soinean duela. Komunera doa.

        Museoko atean zaindari eskaldunzahar garbizalea dago, begiei esker eta eskuin eragiten, kamara azkarrez tenisean matcheko bolari jarraitzen zaionean baino arinago, kalea kontrolatu guran. Etxe santu horretako sirena-adarrak belarriak zulaten ditu. Eskerrak txikitero talde ederrak urteten duena oraintxe tabernatik. Euron artean nahastuta kalera irten eta laster heldu dira plazara. Munipen autoa, sirenotsak eta argiak aidean, han doa Museorantzat.

        Mailonako eskaileretan gora datoz, lasai, Fernando eta Martin. Lezamarako trenean sartu dira, bileterik gabe jakina, Estatu Autonomikoak salbatu behar dituelakoan edo.Ehiza ederra gaurkoa. «Petatxoa» nahastatzen dute,

No fumar / ez erre

dioen txartelari begira. Ez erre? Ez egidak barre, eta tren madarikatua, heuk be arre, akelarre. Erre orduko eragin zion hitz-jokoa txokolateak Martini. Bertsolari sena.

        —Otia, Cobra, siempre tarde y lo tenei delante la narice.

        Txakurren autoko irratiak bufadaka dihardu.