Atoiuntzia
Atoiuntzia
1990, ipuinak
130 orrialde
84-86766-25-7
azala: Erramun Landa
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2003, saiakera
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

Oilarraren karkara gorria

 

Mila bederatzirehun eta bosteko maiatzaren hogeitalauean, osteguna, Bilboko portua jo zuten untzien artean John Marychurch izenekoa dago, lastran Baionatik etorria.

        Hegoaldeko hiritar bakarra dago eskifaian, Juan Paredes.

        Juan Paredesek goizeko zazpietan utzi zuen untzia Portugaleten. Oinez jo zuen Bilborantz. Galdarak jagoten emandako orduek ezarri izan zioten zama arindu gura izan zuen, hurrean. Zorrotzara heldu eta Pistolasenean sartu zen, sama bustitzearren.

        Gran Pelea de Gallos zioen kartela irakurri zuen, basokada ardao husten zuen artean. Once de la mañana, Circo del Ensanche. Txalekoko poltsikotik zidarrezko erlojua atera eta ordua begiratu zuen. Hamarrak, sasoiz niabilek. Edandakoa pagatu eta kalera jo zuen.

        Bilboraino falta zuen bide zatia tranbeaz egitea erabaki zuen. Ospitale berriaren aurrean igarotzean herioaren irribarrea sumatu uste izan zuen, teilatuen gainean hegan. Populu txiroaren kanpo ez ederra ez etxe bakoitzeko gerra igartzen saiatu zen, denbora ematearren edo, bidaikideei begira begira. Alameda de Mazarredo. Circo Nuevo del Ensanche.

        Kalean berriro. Artez jo zuen zirkora. Gallerías de los Señores Zuvillaga y Vizcaíno. Sartu egin zen.

        Lehen oilar biak hamar bat minutuz ibili ziren hara eta hona, elkarri mokokadaka eta ezproinkadaka. Juan Paredes ez zitzaien adi egon. Oilar-zulo hartako zarata eta aldarriek, esturak, izerdi keek, galdara-gelako giro astuna ekartzen zioten behin eta berriro gogora. «Antxon, Antxon» aldarri egiten zuten, alaruka, parrokianoetarik gehienek. Oilarren baten izena edo, Antxon edo Anchon hura. Gandorrak, mokoak, ezproinak, luma beltz disdirakorrak,... zeozer edan beharra zuen Juan Paredesek. Alde egin zuen jendartetik.

        Aguardiente? itaundu zioten aterantz datorrela. Yes, esan zuen, barruko berriketetan erabilitako euskaratik Bilboko erdarara igarotzean erdera guztien ate bakarrean dei egin izan baliote legez. Perdón, sí. Ingalaterratik edo? euskaraz ekin zion besteak berriro. Ez, Baionatik barku ingelesean. Hara ba! Hala de ze, diru ederrak ekarri dozuz ezta? Diruak nik? Zertarako? Bostgarrenean egizu posturea gorriaren alde, egistazu kasu, lagun.

        Edari merkeak arramaska egin zion saman. Gorriaren alde bostgarrenean. Cien pesetas apuesta máxima. Halaxe zion hormako kartel zaharrak.

        Jendartean galdu zen atzera ere Juan Paredes. Ikaratuta alde egiten ikusi zuen oilarretarik bat, hankan eraztun azula zeukana, hain zuzen. Gorria bostgarrenean.

        Bigarren mokogerrarako orduan egonezina eta artegatasuna ziren nagusi hango ikusleengan. Vizcaínok altzoan ekarri zuen oilarra. Urregorrizkoa zen. Ume txikia legez ekarri zuen, jakapean babestu guran, laztan eta laztan. Behean utzi zueneko, zotz!, hura oilarra. Harrotuta. Ikusleak banan bana aztertu gura izan balitu legez, ti-ta ti-ta higituz lepoa, zirkulua osatu zuen, bera erdian eta parrokianoak inguruan. Erredios. Denak isildu ziren. Zuvillaga harenaren txanda etorri zen ostean. Erdi erdiraino ekarri zuen kaiola eta guzti. Atea altxatxen hasi eta Gogor Niña esan zion mokora leun eta erabakitsu Zuvillagak oilarrari. Ikuslegoa zoratu egin zen Niña esaten entzutean.

        Ez zen hiru minututik gora egin behar izan Niña zorioneko hark izen bako oilar koitadua menperatzeko. Juan Paredesek berotasun gorria nabaritu zuen zainetan gora garunetarantz igoten. Ehun pezeta, gehienezko posturea. Bostgarrenean gorriaren alde.

        Ordurarteko oilarrik ederrena atera zuen Zuvillagak hirugarren pelikadarako. Zaldia ematen zuen, tente gandorra eta tenteago atzeko lumak. Ezta indioilarrak berak be hain ederra popea. Vizcaínorena ez zen txikiagoa, aitzitik. Hasi baino ez eta, lehen mokokada sailean itsu utzi zuen Zuvillagarraren neskatxoak Vizcaínoren morroskoa. Hala eta guztiz ere, eta hamabi minuturen buruan, oilar biak batera kendu behar izan zituzten pelikadatik, ez nagusirik, ez zapaldurik, berdin biak. Txistu hots batean egin zien agur parrokiak. Eta orduantxe konturatu zen Juan Paredes ohartu bakoan igaro zitzaizkiona azken oilarren artekoan garaile bihurtutakoaren eraztuneko kara. Gorria galderetako sua, azula itsasoa, oskorria itsasganean bai, baina itsasoa azula atzera be laster. Azularen alde jokatuko zuen laugarrenean eta gorriaren alde bostgarrenean. Vizcaínoren laugarren oilar urregorrizkoaren karkara gorria aditu eta aldi berean jakin zuen zer egingo zen. Beste xurrutada bat behar zuen Juan Paredesek.

        Udaletxeko kanpaiak hamabi bider jo zuen. Eguerdi gorria. Gorriak irabaziko jok laugarrenean eta azulak bostgarrenean. Kakazaharra!

        Laugarren oilarrauzkak aldarri zoroak sorrazten hasi zitzaion parrokianoei. Akatu, akatu, alaruak eta karkarak aborrots bakarrean nahasten ziren.

        Besoa ahora eroatean konturatu zen Juan Paredes. Odolezko lohitzuneak zituen alkondarako besoan, gorri eta borobilak. Oilar itsutu berri koitadu haren begietakoak zirela begitandu zitzaion. Ederra egin joat. Aurreragoko parrokiano bera etorri zitzaion berriro. Lohituta alkondarea? Dozena bat alkondara barri erosiko dozak, azularen alde apostu eginez gero bostgarrenean.

        Juan Paredesek begietara artez begiratu zion aurrean zuen morroskoari, alkondara besoko odolguneak kentzen saiatzen zen artean.

        Gorriaren alde egiteko esan deustak lehen ba. Ene, nik neuk esan deuat? Heuk, bai. Kanbijuak egon dozak ba.

        Ikusleen orroa itzelak isilarazi zituen Paredes eta bestea. Bost minuturen buruan akatu zuen gorriak azula laugarrenean. Bostgarrenean egik gorriaren alde. Ez dok nire gogoko kolorea, erantzun zion Juan Paredesek. Ez dok polita, ez; ni Txikito nok; egik gorriaren alde, bai. Amaitutakoan kanpoan egongo nok, heuri itxaroten. Kanpoan, zertako?

        Juan Paredes ez zen bostgarrena ikusten geratu. Cortes kalera erretiratu zen, Txikito haren alboan, isilik.

        Hautsi egin zuen isilunea, harriduraren harriduraz, galtzarbean zer daroak itauntzean, Txikitori jaka merkearen pean halako multzoa igartzen zion eta. Egonarritik irten ezinik geratu zen Pistola entzutean erantzun bakartzat.

        Eguerdia —koipetsua jaten txiriboga merkean— arratsaldea —ardao merkea edaten lekutik kendu barik— eta gaueko lehen orduak ere —Marzana kaleko beste zulo batean—, hirurak behar izan zituen bera kanpoan izandako azken hiru urte haretan egindakoen berri jakiteko.

        Errege gaztea Ingalaterrako Printzesarekin ezkonduko dok zortzi egun barru, maiatzeko hogeitamaikean, aitu dok? Bestelakoetan, dena bardin, huelgak, atxiloketak, txapel okerren karga bortitzak, langileen arteko alderdikeriak eta sindikatukeriak, tiroak eta hilketak be. Hementxe berton, orain gagozen taberna honexetan izan zituan gogorrenak, iazko julioko hogeitahiruan. Juan Paredesen kaskezurraren pean lekua eskatu zuten Txikitoren azken hitzek.

        Esandako egun horretan, gaueko lehen orduetan sozialistak, hamar bat edo, Vega izeneko tabernara agertu dira. Vega hori kontzejala da. Errepublikanoa. Zarataka hasten dira sozialistak errepublikanoen kontra. Zaratak, laster, beste zeozer dira. Ukabilkadak, aulkiak eta mahaiak aidean, boteilaren bat edo beste apurtuta. Betikoa. Baltzuneak begietan, odoletan ezpainak, lepoak mangata, hazurren bat apurtuta. Biharamunean errepublikanoen txanda da. Cerezo jauna, kontzejal sozialistea, txiribogina da Marzanan. Berarenera agertu da errepublikano talde polita. Bartekoak konpontzea eskatzen dute, gogor. Sozialistak ez dira atzean gelditu gogorkeriaren aldetik. Halako batean, tabernako atean dagoenak, sozialistea berau, paparretik eutsi deutso Santiago Doce gazte errepublikanoari eta pistola tiroa zarratua danba buruan. Hilda dago gaztea. Tiro egin ebana Toribio Pascual izeneko kontzejal sozialistea dela dinote orain. Tiro gehiago be egin da gau horretan. Sozialistea den Claudio Cerezok ere pistolari sua atera eutsola dinote. Zauriturik be egon da. Hurrengo egunetan, atxiloketak, gartzelara batzu, ihesean besteren bat, honek, hau dinola, besteak iruntzitara, kakanahaste ederra, lagun.

        Hogeitazortzian hasiko dok juizioa, berton izango haiz? Bai, eta bertara agertuko nok.

        Berandu jaiki zan biharamunean Juan Paredes. Non hago Juan, bere buruari itaundu eta apurka apurka argitzen has¡ zitzaion dena. Txikitoren etxean hago, ez haiz akordatzen ala? Argi lodi eta horiska sartzen zen leihoaz barrura. Iluntzea gainean zuen. Gela arakatu zuen, ohean jezarrita. Ate azpitik jaurtita beten batek, hantxe zegoen arratsaldeko egunkaria, behearen gainean. Altxa eta lehen plama irakurtzen has¡ zen. Peleas de Gallos.

        Quinta y última, bostgarrena, Zuvillaga con su «Madrina», 3-12 y eta Vizcaíno, jaka jabada de 3-18, ezin zuen ezer ulertu. Pelea superiosísima, egundoko oilarrauzka, jugándose el dinero golpe a golpe por ambos, saliendo triunfadora la de Vizcaínorena. Tiempo hamabi minutos. Apuesta ehun pesetas.

        Vizcaínorena, zein ote zen, gorria ala azula, oro¡menean argia egin orduko beste berri batek bete zituen Juan Paredesen begiak. Provincias. Llegada del verdugo. A la llegada del verdugo que ha de ejecutar al reo Fernando Lardea —erderaz has¡ zen eta konturatu barik aldi berean has¡ zen halamoduzko traduzioa egiten— fardelariak eta gurtzainek ez eben ezertan be lagundu gura izan, halan da ze, oinez egin behar izan eban gartzelainoko bidea, txapel okerrek eskoltata. Reoa, lo faltagatik edo, lo ¡doro eben, para atarle y conducirle a la capilla —ez zuen lar zuzen entelegatu zati hau, kazetilariaren erruz, oker idatzita bait zegoen— eta bertan dago, hankak eta eskuak lotuta, arratsaldeko laurak arte, que será ejecutado, gartzelako patioan. Egurrezko goilareaz egindako kutxilo antzekoa topa jako, zorrotz zorrotza, esan gura dauela horrek, ba, laster hil egin behar dabena jakinez gero ziur bere burua hilten dauena.

        Sandios, esan zuen hagin artean mamurtuz hitza Juan Paredesek, begiak egunkariko beste albisteetara indarge irristatzen zitzaizkiola.

        El rey almorzará con su prometida. El día magnífico contribuye a ser muy agradable la estancia en El Pardo. El Nervión arratsaldekariko kazetilariari euskaradatxoa sartu zitzaion erdera hain dotorean. Bat batean Bilboko Las Cortes kaleko zaratarekiko kontzientzia izan zuen Juan Paredesek. Gelan sartzen zen argi aratzak justizia iragarri gura zuela eman zion.

        Eurak dozak borreroak! aldarri egin eta kalera irten zuen. Aituko jok, bai, oilarraren karkara gorria Erregek berak be.