Kristalezko bularrak
Kristalezko bularrak
1990, ipuinak
102 orrialde
84-86766-26-5
azala: Otto Dix
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2002, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1986, nobela
1984, nobela
 

 

NESKA LARROSA

 

— Neska horrena, penagarria duk. Nik lantegi honetan egin zuen urte t'erdi hartan ezagutu niken; neska sinplea zuken, neska jatorra.

        Hona etorri zenean, zer izango ziken?, hogeitabi urte baino gehiago ez ziken izango, neska ederra zuken, ile errubioa, aurpegi larrosa.

        Horren gurasoak Beasaingoak omen dituk, ez dituk oso zaharrak izango, ni baino gazteagoak bai noski, esango nikek. Klase piska batekoak izan behar ditek, aitak mekanika tailer handi samar bat izan behar dik, eta etxe dotore batean bizi behar ditek, deusen faltarik ez dutela, neskameak eta... Dirudun jendea; jende harroa, esango nikek. Orain hamabost bat urte, bai setentaicuatron hola izango zuken, Ormaiztegi bidean txalet bat egin zitekeen eta seme-alabekin hara bizitzera pasa. Bi seme omen dizkitek, eta alaba bakarra, hori, Lurdex.

        Jardinzai hire moduan etorri zuken hona, besterik ez izan-da, eta premia handia zuelakoz; hi baino premiatsuago bai ibili hura, seme txiki bat bait zuen, eta bakarrik hazi behar ziken. Bestela esku lanetan oso trebea izan behar ziken, minbrearekin saskiak eta bandejak eta figurinak egiten omen zekiken baina, horrek ez bait du sosikan ematen! Lagun zahar bati esker edo ez zekiat nola, behinipehin Donostia honetan loreak zaintzeko enkargatu zioteken.

        Tenore hartan hasi ginuken Donostiako jardinetan arrosa ugari sartzen: sasitakoa, floribunda, eta trepatzailea, excelsa, Amarako paret haietan, eta Groseko horretan ere bai. Orain, haietatik, ale gutxi geldituko duk, floribunda-ren ordez polyantha paratu geniken — tikixeagoa izan arren zerbait iraunkorragoa ere badena bentajan—, eta trepatzaileak abuztu txar batean marsonia horrek eta lur azpiko hongoek eta, ia-ia zeharko izorratu zizkiguketen.

        Hala etorri zuken, eta segituan hartu ziken ilusioa. Berak aldatzen zituen loreak, nola zaintzen zizkiken! Gusto ematen ziken, ikustea bakarrik. Aparte, oso polita zuken. Zen politarekin, eta zeukan eskolarekin, arraro ematen dik, ezta?, hau bezalako lanbide batean aritzea —gurasoak ez omen zeudeken oso konforme baina, apenas inoiz ikusten zizkiken eta— eta ikusi nahi ere ez, neska independientea zuken eta, bere kasa ibiltzea gustatzen zitzaiona.

        Beasainen txiki-txikitatik atentzioa deitzen omen ziken, bere edertasunagatik. Arront ile errubiokoa, begi berde-samurrak, zenbat aldiz ez omen ziteken herriko mutilek etxe-atariraino segitu, esku sartzekotan; baina Lurdexek bazekiken bere burua zaintzen; harik eta...

        Halako batean, ez bat, ez bi —zer? hamazazpi urte?—, denak bertan behera utzi eta tipo alproja batekin aldegin ziken etxetik.

        Tipo hori, ez zekiat nongoa zen, ez nola izena zuen: Lurdexek ez ziken aitatu behin ere; harek behintzat, zera egin omen zioken: izorratu, ederki izorratua, harek egin zioken eta semea, eta gero bazterrera laga. Pasta polita zuena izan behar ziken mutil harek, desgraziatu samarra. Lurdex hona sartu zenerako behintzat, mutilak utzita ziken, edo berak utzi ziken mutila, hori esan gabe ez bait da jakiten, eta horretaz kontu gutxi ibili geniken; bakar-bakarrik zekiat mutila Bilbo aldera abiatu zela, eta neskak Donostiara jo zuela, eta Donostian gure lantegi txar hau aurkitu zuela.

        Semeak bi bat urte ziken, eta Trintxerpen hartu ziteken pisua: pisu txiki bat, bientzako nahikoa.

        Neska bakarra eta, errubioa eta, polita eta, gurasoek arront mimatua omen ziteken baina, horrekin eta guzti neska sentziloa zuken, umila, edozein detailerekin alegratzen zena eta... bihotz handiko neska.

        Gurasoen etxea utzi bazuen, ez ziken bere kulpa bakarra izango. Askotan haurrari gehiegi eskatzen zaiok, benga-eskatu eta benga-eskatu eta halako batean uste ez den tokitik egiten dik ra!, akabo! —gero, putakume hura etorri eta eraman zuelakoz, ez gaituk harrituko! Horrexek galdu zuela? Horrexek galdu ez balu, beste batek galduko ziken! Bizimodua halakoa zeramakiken eta, gizonak beti bere arrastoan eramaki... Gogor egin balie...! Baina hura halakoa zuken, hemendik eta, gorputzez ere zera, sentsiblea... Maitagarri zuken.

        Loreei ematen zien tratua gogoan zeukeat. Lana fin egiten ziken, hasi aldatzeko momentutik (berak ekartzen ziken, R-4 batean, lur berria Uliatikan, Aiuntamentuko zeratikan) eta segi irrigatze lanean, zimaurtzerakoan, plastiko paratzen... Harek aldatu landareari ez zitzaioken, ez, azala zimurtuko, ez sustraiak erreko edo jelatuko. Eta kimaketan nik inori ikusi ez diodan esku antzosoa ziken —eta ez duk brometarako!: hik gaizki kimatzen baduk, konturatuko haiz, lore ttikiagoak ateratzeaz aparte, adarrak ere ahuldu egingo zaizkik, eta mahastiaren itxura hartzen ditek hola... Ikasiko duk, bai, puska batean, horko truko eta manejoak.

        Orduan, neska honi, hemen ari zela, beste mutil bat enroilatu zitzaioken. Igual neska errexa zela inpresioa ematen ari nauk, eta etzakela pentsa, hain errexa zenik. Gurean ere, bakarren bat saiatu zuken tajada ateratzen, Emilio hori... baina, gaizki sartu zitzaioken, hasieratik arras... biolento, eta neskak uko egin zioken, eta berotu zuken hau, badakik, eta - honetaz isilik egon hadi e?, horren belarrietara iritsiz gero nik kontatua dela jakingo likek-, egun batean bortxatu nahi izan ziken, putakume horrek, hazietarako horretan, gu besteok aterata ginela -baina neska ez zuken oso makala, gorputzez fuertea eta, defenditu egin omen zuken, barrabiletan ostikoa jo edo ez zekiat zer egin zioken eta listo utzi omen ziken.

        Baina beste mutilarena kontatu behar niken. Nik ez niken ikusi haiek nola hasi ziren, behinipehin denbora piska baten buruan hasi zuken tipo hura, tipo flakosta, begirada bizikoa, hasi zuken bada neskaren bila azaltzen honara, eta gero larunbat batean ere paseoan ikusi nizkiken, neskaren umearekin, Una¡ izena zuena, aldian ume potoloa eta sanoa ematen zuena.

        Neska piska bat enamoratu egin zitzaioken mutil flako hari. Klaro, zeinek ematen dien indarra, hari ematen ziotek zera emakumeek, eta umeari bastante kariñoa zioken harek baina, beste zerbait behar ziken ezta?, lanetik atera eta umea guarderiatik jasotzen ziken eta gero bizimodu petrala zeramakiken, Trintxerpen hala-halako lagunak, jende infiltratu xamarra, enkanbio beste alderdiko pertsona bat izanez gero pues, diferente izaten duk.

        Bost edo sei hilabetez ibiliko zituken horrela, udaberri lehenean hasi eta, irailean gertatu zuken.

        Irailean, badakik zer izaten den Donostia, jendea franko, estropadak direla eta, eguraldi ona eta, hau eta hura, zineko festibala... Eta zine festibal batean izandu zuken prezisamente. Gu, Lurdex eta biok, eta Ramon, «Iimpieza»ko beste bat, arestian jubilatu dena, Intxaurrondokoa, horko, Bulebarreko lorategi horietan ginuken, Ramon osto-biltzen, ni mangerarekin, eta lore garbitzen, gure Lurdex hau; retoño osti bat atera zitzaiola, gogoratzen nauk, eta zerra tikiarekin ari zuken, hantxe. Guriako hortan, berriz, eguerdiro bezala, makina bat jende eserita terrazan: zineko jendea, aktoreak, señoritak, eta hola; paseanteak, eta energumenoak eta klase piska batekiko ganadua. Eguzkiak jotzen ziken, goxo-goxo.

        Halako batean, brrrrrraum!, sekulako hotsa, burua jaso eta Victoria Eugenia pare-parean hauts pilo bat altxatu duk eta gero garraxiak eta sirenak eta bullak: atentatu bat. Polizi bat garbitu ziteken, furgonetan zihoala, eta beste bi zaurituta utzi.

        Asuntoa duk, handik hamabost egunetara edo, periodikuetan tipo baten fotoa publikatu zutela, atentatu horretan inplikatuagatik: zein izango eta Lurdexek udara hartan tratatu zuen mutil huraxe!

        Ez zen noski gehio azaldu. Lurdexek ongi eraman ziken hasieran, gero berriz behera eta behera hasi zuken eta... «Ez al din eskribitzen harek?», galdetu nioken behin. Eta bere begi handi samur haiek altxatu zizkidaken eta irriparre triste batekin «ez» esan zidaken, bakarrik. Gero, mutil hori eskapatua dela, entzunda niok. Total, harek ere, utzi; eta ez zuken uzteko moduko neska, baina.

        Gero zalantzan ibili zuken. Lanean dexente bajatu zuken, eta urtea kunplitzerakoan beste sei hilabetetarako berritu zioteken kontratua baina perspektibak ez zituken onak, plantila murriztu egin behar zela esaten ziteken eta, gurean sobera jende ginela esaten ziteken eta, azkeneko etorriak pagatu behar!

        Hemendik aldegin baino lehenago hasi zuken ordea droga asunto horretan. Trintxerpen bertan egin behar ziteken, koadrilan, edo nik ez zekiat nola egiten diren horiek. Nik egunetik egunera ahulago ikusten niken, kriston astelehenarekin etortzen zuken, eta lagundu egingo nioken, mekaguendios, gazteago izatez geroz... baina edadea badakik, gauzak ezin beti esan eta... hori horrela izaten duk.

        Ja momentu batean perspektibarik gabe aurkitu zuken. Sobra're azkeneko mutil harekin ilusio bat hartu ziken, eta harek utzi eta gero lurra jo ziken. Hor bere barrioko lagun pattal haiekin segitu ziken, ez bait ziren amistaderik egokientsuenak izango, eta bertan hasi zuken bere burua, nik uste, akabatzen.

        Bere izakera librea gogoratzen diat. Ez ziken batere kate edo loturarik onartzen, erabat bere kasa bizi nahi ziken, eta bere mutikoa ere libertade estilo horretan hazi nahi ziken. Hemen ere, lana gustora eta inork agindu gabe egiten zuelakoz egiten ziken ongi, bere martxan, beti bere martxan, bere kariño guztiaz, detaile batzuk... Behin, hor plaian bainatu zela eta konten zegoela eta, arrosa gorri tiki bat paratu zidaken alkandoran, hemen...

        Harek ez ziken bestela ere denbora luzean aguantatuko hemen, jendearekin gora-beherak izaten dituk eta hura ez bait zen hartarako gogorra, Emiliorekin noski topo egitea ebitatzen ziken eta disgustora zebileken azkeneko.

        Hala behintzat, noizpaiteko batean bukatu zitzaioken lana eta aldegin ziken eta ez zuken hona beste inoiz azaldu. Ezkeroztik behin bakarrik ikusi niken, eta arront desmejoratuta zegoken, larrosa kolore galdua, begizulo batzuk... Portuk, Beasaingoa duk eta, kontatu ziguken gero, herrian berak aditutakoa: beste tipo batekin enroilatu zela eta Mediterraneo aldera joan zirela, ez zekiat Ibizara ez ote zuen esan, umea txintxilik hankutsik omen zebilela, minbrearekin-eta lantxo batzuk egiten zituela, eta haiek saldu...

        Une hartan Emilio azaldu zen, Joxeri etenik hizketa.

        — Zer, lan egin behar al dugu, ala! — esan zuen, erdi-bromatan, erdi-seriotan.

        Ez Joxek ez Mikelek esan zuten deus.

        — Zer ari zarete, ba, hor kopetilun? —galdetu zien, nagusi doinuaz, Emiliok.

        Mikelek egunkaria luzatu zion, notizi tiki bat seinalatuz.

        «Joven beasaindarra, muerta en Sitges».

        Emiliori, irakurri ahala, jestoa okertu zitzaion; gero, begi makur, egunkaria tolestatu zuen, «neska gajoa!» marmarikatu zuen eta gelatik atera zen.

        Handik instante batera:

        — Kabroia... —utzi zuen erortzera Joxek.

        — Horri hankatartekoa aixtur zabalekin... —esan zuen Mikelek amorruz.

        Baina Joxek, hamarretakoaren hondarrak poltsara bilduz, etsipenezko keinu mikatza erakusten zuen ahoan.