Mendekuak
Mendekuak
1987, ipuinak
116 orrialde
84-86766-00-1
azala: Joxean Muñoz
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
 

 

Kristal txehetua

 

        «Joan den hileko oharraren gehigarria. Berriei erresponsabilitateak ematearena aurrera. Gazteekin lan egitea zaila. Edozein gauzari gurasokeria irizten diote. Honelako lanetan nahitaezkoa libreago jardutea. Herri bakoitzak autonomia handiagoa behar antolamendurako. Oihala lortzea, pintura eta kola ekartea eta marrazkiak diseinatzeko askatasuna eman zaie. Ongi erantzun dute, lanerako gogo handiz. Herrian gomentarioak pinturaren ederraz. Kuadrila oso bat geureganatzeko puntuan. Afaria antolatu zen beraiekin, elkartean. Aldamenean doa afariaren gastuena. Elkarteko zaharrak batere haserre ez gazteak eta neskak barruan ikusiz.

        Afaria metodo ezin hobea gazteen gurekiko hoztasuna hausteko. Giro ona. Oraingoek ez dute afalondoetan kantatzen. Erabaki bateratu edo orokor bat hartu behar litzateke kanutoei buruz. Berriek eskoboi luze bat eta eskailera zahar bat ekarri. Inuzenteak eta langileak. Proselitismoa oso utzia. Hemen egindako azken saioa herriko elkarteko batzordean bi sinpatizante sartzea. Astero afaria antolatzeko asmoak. Jende berria biltzeko onena. Errifa bat antolatua daukagu. Afalgiroan tertulia politak gai aunitzi buruz. Humanistak eta demokratak ugari. Kontraproduzentea formazio taldeak antolatzea. Gazteek bilerak maite ez eta influentziarik onartzen ez. Guri ere ez komeni azkarregi ibiltea eta agerian jardutea. Herri alua.

        Kartelada dotore gelditua. Istilurik ez. Eztabaida gazteekin portaera demokratikoei buruz. Mesedegarria. Hurrengo afarietan gaia sakontzekotan. Neska bat, militante ezpalekoa. Erantzun lehen bait lehen errifarena.

S.»

 

Hemendik aurrera ez ditut egunak santu izenez noiztuko. Atzo, egungo bezpera (18-III) afaria izan genuen elkartean Saturrekin. Etxean uzten ez. Haserre handia. Egun zigortuta naukate etxean. Ez diet hitz eginen bi hilabetetan. Elkartean afaldu dudan bigarren neska, esan zidan Saturrek. Guk prestatu genuen gehiena, kola, erratza luzea, esprayak. Manuk eskailera bat ekarri zuen. Manuk berak esan zidan ebatsitakoa zela. Osaba igeltseroari eskatua, nik uste.

        Afalondoan Xabierrek txina bat atera zuen. Ez zen agurerik gelditzen elkartean. Saturrek ez-ajolatuarena egin zuen, baina uste dut ez zitzaiola gustatu. Galdera ugari egin zigun. Kristala ekarri ote genuen ere bai. Manuk uste zuen adarra joten ari zitzaigula. Satur haserretu egin zen. Guk ez genekien. Guk ez dakigun gauza piloa dago. Kolari kristal txehetua nahasi behar zaio. Herri honetan kabroi ugari dago. Inoren egunkaria irakurten dutenak adibidez. Besteren kartelak kentzen ahalegintzen direnak ere bai. Horientzat oso egokia da kristal txehetua langintza alu horretan ari direla hatzak urra ditzaten. Saturrek esplikatu zigun zer desberdintasuna dagoen etsai baten eta aurkalari baten artean. Zenbait egoeratan, aurkalariak arriskutsuagoak dira etsaiak baino.

        Kristala aipatu zuenean nik uste nuen azken manifaren amaieran Kakok txikitu zuen Hispano Americanoarenaz ari zela. Kako ez zen afaritara etorri. Baina Saturrek ez daki nor izan zen. Abenturakeriak zirela esan zuen. Masak ez omen daude horren alde. Orduan nik masak artaldeak direla esan nuen, eta Manuk gogor egin zidan, eta geure artean hasi ginen eztabaidaka. Saturrek oharrak hartu zituen.

        Ordu bata aldera Saturrek esan zuen garaia zela, eta lana ere egin beharko genuela. Berak ordaindu zuen. Bi talde egin behar genituela esan zuen. Batzuk itsasteko eta besteak kentzeko. Guk ez genuen ulertzen. Saturrek esan zigun ordurako beste taldeetakoek paratuak izanen zituztela, eta kentzeko. Denok harrituta gelditu ginen. Xabierrek esan zuen hori ez zela demokratikoa. Saturrek demokrazia zer ote zen galdetu zigun. Niri ere ez zitzaidan atsegin besteren kartelak kentzen jardutea. Saturrek esan zuen eguneroko lan politikoan lan zikin asko egin behar dela. Manu, Inazio eta Josu joan ziren kentzera. Norenak kendu behar ziren galdetu zion Inaziok ironiaz, etsaienak ala aurkalarienak. Egoera konkretu honetan guri boto gehiena ken diezagukeen alderdiarenak, esan zion Saturrek. Eta beren artean aztertzeko zein talde zen.

        Nik suertea izan nuen eta Saturrekin eta Xabierrekin joan nintzen kartelen bila. Itsasten hasi ginenean, kendu gabeko asko ikusi genituen, eta leku onetan. Saturrek kentzea erabaki zuen. Egia esan denetik kendu genuen. Saturrek aipamen asko daki buruz, seguru kartzelan egon zenean irakurri besterik ez zuela egiten, eta eztabaidetan sakondu, dialektika ikasi. «Guk ezin dugu garbi jokatu geure etsaiek fede onez jarduten ez dutenez» (Lenin).

        Astero afaldu behar omen genuke. Gauza piloa daukagu ikasteko.