Poesia kaiera
Poesia kaiera
Saint-John Perse
itzulpena: Santi Leoné
2021, poesia
64 orrialde
978-84-17051-74-7
Saint-John Perse
1887-1975
 
Poesia kaiera
Saint-John Perse
itzulpena: Santi Leoné
2021, poesia
64 orrialde
978-84-17051-74-7
aurkibidea
 

 

Anabasia

 

 

Kantua

 

    Zaldikume bat sortzekotan zen brontzezko hostoen pean. Gizon batek baia mikatzak jarri zizkigun eskuetan. Arrotz batek. Bidean zihoanak. Eta hona hemen beste herrialde batzuetako asotsak aditzen direla nire pozerako... “Agur, ene alaba, urteko arbola handienaren azpian”.

 

*

 

    Zeren Eguzkia Leora ari da sartzen eta Arrotzak hildakoen ahoan paratu du bere behatza. Arrotzak. Irrika ari zenak. Eta belar batez hitz egin digu. A, hainbeste haize probintzietan! Erraza da gure bideetan ibiltzea! Eta hori gozamena tronpetarena, baita, hegalen gatazka bizian, luma jakintsuek ematen didatena ere!... “Arima, ene alaba handia, zure ohiturak zenituen zuk, gureak ez direnak”.

 

*

 

    Zaldikume bat sortu zen brontzezko hostoen azpian. Gizon batek baia mikatzok jarri zizkigun eskuetan. Arrotz batek. Bidean zihoanak. Eta hona hemen brontzezko arbola batetik asots handi bat heldu dela. Asfaltoa eta arrosak, abesteko dohaina! Ortotsak eta flautak ganberetan! A, hain da erraza gure bideetan ibiltzea, hainbeste istorio urtean, eta Arrotza bere gisara lur osoko bideetan!... “Agur, ene alaba, urteko soineko ederrenaren azpian”.

 

 

Anabasia

 

I

 

    Hiru urtaroan ohorez jarria, seinale onak opa dizkiot legea eman diodan lurrari.

    Ederrak dira armak goizean, itsasoa bezain. Gure zaldiei emana, hazirik gabeko lurrak

    zeru ustelezin hau eman digu opari. Eta eguzkia ez da batere aipatua, baina haren indarra gure artean dago,

    eta itsasoa goizean, gogoaren susmo baten gisa.

 

    Kemena, gure gaueko bideetan kantari henbilen!... Goizeko idu aratzetan, zer dakigu guk ametsaz, gure alaba nagusia?

    Urte bat oraindik zuen artean! Laboreen jabea, gatzaren jabea, eta kontu publikoak neurri doietan!

    Ez dut errekaren beste aldeko jenderik deitu behar. Ez dut auzo handirik

    marraztuko maldetan koraletako azukrearekin. Baina zuen artean bizitzeko asmoa dut.

    Ospe guzia dendetako atarian! nire indarra zuen artean! Eta gatza bezain garbia den ideiak egun argiz egiten ditu bere audientziak.

 

*

 

    ...Eta horrela zuen ametsetako hirian ibili nintzen eta merkatu hutsetan ezarri nuen nire arimaren komertzio aratza, zuen artean

    ibili nintzen, ohiko eta ikusezin, elorri sua bezala haize mutiria dabilelarik.

    Kemena, kantari henbilen gure bide oparoetan!... “Gatzarekin bozkariatzen dira gogoaren lantza guziak... Gatzaz berpiztuko ditut desiraren aho hilak!

    Hari, egarriari gorazarre eginez hareetako ura kasko batean edan ez duenari,

    sinesgarritasun guti aitortuko diot arimaren komertzioan...”. (Eta eguzkia ez da batere aipatua, baina haren indarra gure artean dago.)

 

    Gizonak, hautsetako jendea eta mota guzietakoa, negozioko jendea eta plazerekoa, aldameneko eta urruneko jendea, o leku hauetako memorian pisu guti duen jendea; haran eta zelaietan bizi den jendea, gure muga-bazterretan dauden malda pikoenetan bizi dena; zeinu eta haziak usnatzen dituena, mendebalde aldera xaxatzen gaituena; arrastoei, urtaroei segitzen diena, egunsentiko haizepean kanpamenduak altxarazten dituena; o lur gaineko azalean ur iturrien bila dabilena, o beste norabait joateko arrazoiak bilatu eta aurkitzen dituena,

    ez zabiltzate gatz biziagorik salerosten, goizean, erresumen seinaleei eta kea darion munduaren gaineko ur hilen seinaleei iragartzen dieten erbesteko danborrek mugetan itzarririk,

    eternitateak aharrausi egiten duenean hareetan.

 

*

 

    Aratz jantzita zuen artean. Urte bat oraindik zuen artean. “Nire ospea itsasoan datza, nire indarra zuen artean dago!

    Gure patuari hitz emana beste ur-bazterretako haize hau eta, denboraren haziak harago eramanez, mende baten distira gorena haztagaren besoetan...”.

    Matematika gatzaren bankisetan zilintzan! Nire kopetaren gune sentiberan, poema finkatzen den tokian, herri oso baten kantu hau grabatzen dut, herri hordituena,

    gure ontzioletara karena hilezkorrak dakartzana!

 

 

II

 

    Maiz bisitaturiko herrialdeetan dira isiltasun handienak, eguerdian otiek bisitaturiko herrialdeetan.

    Garraiskaz beteriko ezponda garaiko herrialde batean nabil, zabiltzate, non Handien bokata idortzera hedatzen baita.

    Erreginaren soinekoaren gainetik pasatzen gara, parpailez egina bi zerrenda arrerekin (emaztekiaren gorputz garratzak bai baitaki soineko bat orbantzen besapearen tokian).

    Haren alabaren soinekoaren gainetik pasatzen gara, parpailez egina kolore biziko bi zerrendarekin (ezen muskerraren mingainak badaki inurriak biltzen besapearen tokian).

    Eta beharbada eguna ez da akitzen gizon berberak emazteki batengatik eta haren alabarengatik sua sentitu gabe.

    Hildakoen irri jakintsua, zuritu diezazkigutela fruitu hauek!... Eta zer, arrosa basaren azpian ez al dago grazia handiagoa munduan?

    Heldu da, munduaren alde honetatik, gaitz more bat uraren gainetik. Haizea hasi du. Itsas haizea. Eta bokata

    badoa! xehatutako apaiz bat bezala...

 

 

III

 

    Garagarraren uztarekin ateratzen da gizona. Ez dakit zein gizon boteretsu mintzatu den nire teilatuaren gainean. Eta hona hemen Errege hauek nire atean daudela jarrita. Eta Enbaxadorea Erregeen mahaian jaten ari da. (Nire aleekin elika ditzatela!). Pisu eta neurrien Egiaztatzailea ugalde enfatikoetan beheiti heldu da mota guzietako intsektu hondarrak

    eta lasto izpiak dituela bizarrean.

 

    Hara! Zutaz harrituak gaude, Eguzki! Hain gezur handiak esaten dizkiguzu!... Kalapita eta istiluen sortzailea! irainez eta eskandaluz elikatua, o Sediziogile! leherrarazi nire begiaren hazia! Nire bihotza bozkarioz hasi da txioka karearen arrandiaren azpian, txoria kantari dabil: “o, zahartzaroa...”, ugaldeak beren ohatzeetan emazteki baten oihuak bezalakoak dira eta mundua ederragoa da

    gorriz tindaturiko ahari larru bat baino!

 

    Hara! Luzeagoa gure paretetako hostoen istorioa, eta ura aratzagoa ametsetan baino, eskerrak, eskerrak eman diezazkiogun ametsa ez izateagatik! Nire arima gezurrez betea dago, itsaso bizi eta bizkorra bezala elokuentziaren bokazioaren pean. Usainak inguratzen nau, indartsu. Eta gauzen egiatasunaren gaineko zalantza sortu da. Baina gizon batek atsegin badu bere tristura, ekar dezatela argitara! eta, nire aburuz, hil dezatela, bestela

    sedizio bat gertatuko baita.

 

    Hobeki esana: gaztigatzen dizkizugu, o Hizlari, gure ezin konta ahaleko etekinak. Itsasarteetan huts egin duten itsasoek ez dute epaile zorrotzagorik ezagutu! Eta gizonak, ardoak horditurik, eta bihotza zakar eta euli beltzen pastel baten antzera burrunbaka daramala, honelako gauzak esateari ekin dio: “...Arrosak, gozamen purpura: lurra nire desirari zabaldua, eta nork jarriko dizkio mugak iluntze honetan?... bortizkeria jakintsuaren bihotzean, eta nork jarriko dizkio mugak iluntze honetan?...”. Eta halakok, halakoren semeak, gizon txiroak

    seinaleen eta ametsen boterea erdietsi du.

 

    “Marraztu itzazue arraza guzietako jendeak inguratzen dituen bideak, eta erakutsi zurrumaren kolore horia: printzeak, ministroak, eta boz amigdalarreko kapitainak; gauza handiak egin dituztenak, eta ametsetan hau edo hura ikusten dutenak... Apaizak bere legeak eman ditu emaztekiek piztiengatik duten irritsaren kontra. Gramatikariak bere eztabaidak egiteko toki bat hautatu du kanpoan. Dendariak zuhaitz zahar batean utzi du zilintzan jantzi berri bat, arras belus ederrekoa. Eta gonorreak jotako gizonak bere oihalak ikuzten ditu ur garbian. Erikorraren gorotza errearazi dugu; usaina tostan dagoen arraunlariarenganaino ailegatu da

    eta laketgarri zaio”.

 

    Garagarraren uztarekin ateratzen da gizona. Usainak inguratzen nau, indartsu, eta Jabalgoak baino ur garbiagoak beste garai bateko asotsa egiten du... Eta urte antzuko egunik luzeenean, belar azpiko lurrari gorazarre egiten diodalarik, ez dakit zer gizon boteretsu ibili den nire atzetik. Eta ahotzarekin, zeinaren alea txoriei emana izan baita, nola jokatu dugun, horrelaxe harearen azpiko hildakoekin eta lurreko gernu eta gatzarekin. Eta nire arimak, nire arimak zalapartatsu beilatzen du heriotzaren ateetan — Baina erraiok Printzeari isiltzeko: lantza baten puntan, gure artean,

    zaldi burezur hau!

 

 

IV

 

    Halakoa da munduaren martxa, eta horretaz gauza onak besterik ez dut esateko — Hiriaren sorrera. Harria eta brontzea. Egunsentian lahar suak

    agerian utzi zituen harri

    berdeak, likitsak, tenplu edo komun hondoetakoak balira bezala,

    eta, itsasoan, gure keek erdietsitako marinelak ikusi zuen lurraren irudia gailurreraino zela aldatua (urrundik ikusitako labakitze handiak, eta mendiko ura bideratzeko lanak).

 

    Horrela sortu zuten hiria eta goizean izendatu izen garbi baten ezpainkariekin. Kanpamenduak desegiten ari dira tontorretan! Eta guk, zurezko galerietan gauden hauek,

    burua hutsik eta oinak ere hutsik mundu hasi berrian,

    zer dela eta egin behar dugu, bada, irri, zer dela eta egin behar dugu irri, hemen eserita, neskatilak eta mandoak porturatzen ikusi bitartean?

    eta zer esan daiteke, egunsentiaz geroztik, belen azpiko jendetza honetaz? — Irinak zamaka!... Eta zeruaren pauma zuriaren azpian itsasontziak, Ilion baino garaiagoak, gelditzen ziren, barra gaindituta,

    ur hiletan asto hil bat flotatzen zen tokian (afera da nola gobernatu helmugarik gabeko ugalde zurbil hau, beren izerdi begetalean zanpaturiko matxinsaltoen kolorekoa).

 

    Beste ibaiertzeko burrunba garbian, arotzak beren suaren jabe dira! Zigorraren klaskek lehertu gabeko zoritxarrez beteriko iraulkiak deskargatzen dituzte kale berrietan. O mandoak, gure itzalak kobrezko ezpataren azpian! ukabilari loturiko lau buru mukerrek korinbo bizia osatu dute urdinaren gainean. Aterpeen sortzaileak arbola baten pean gelditu eta ideiak bururatu zaizkie lursailak hautatzeko. Eraikinen xede eta helburua erakutsi dizkidate: aitzineko alde ohoratua, gibeleko alde isila; lateritazko galeriak, harri beltzezko atariak, eta itzal argiko urmaelak liburutegietarako; eraikin hozkirriak botiketarako. Eta gero bankariak heldu dira, beren giltzekin txistuka. Eta ordurako gizon bat bakarrik zebilen kaleetan kantari, beren jainkoaren zeinua kopetan margotzen duten horietakoa. (Betiko ariko ahal dira pindarka intsektuak auzo zikin horretan!)... Eta ez da hau beste ibaiertzekoekin egindako paktuen berri emateko unea; zahagitan eskainitako ura, zalditeriaren laguntza portuko lanetan eta arrainetan ordainduriko printzeak. (Ume batek —edertasun handiko ahizpa nagusiak—, ziminoen heriotza bezain tristea zenak, galeper bat eskaini zigun satin arrosazko zapatilla batean).

 

    ...Bakardade! Itsas hegazti handi batek errun duen arrautza handia, eta badiak, goizean, urrezko limoiez mukuru! — Atzo izan zen! Hegaztia joana da!

    Bihar ospakizunak, oihuak, zuhaitz lekadunak etorbideetan, eta zabor-biltzaileak goiztirian palma hilen puska handiak eramaten, hegal erraldoien hondakinak... Bihar ospakizunak,

    portuko magistratuen hautaketa, bokalizazioak aldirietako auzoetan, eta ekaitzak inkubatzen dituen epeltasunean,

    hiri horia itzalezko kasko bat buruan, eta nesken galtxoinak leihoetan.

 

*

 

    ...Hirugarren ilargialdian, mendi tontorretan zirenek bildu zituzten beren olanak. Emazteki baten gorputza errearazi genuen hareetan. Eta gizon bat abiatu zen Basamortuko atarira — haren aitaren ogibidea: flasko saltzaile.

 

 

V

 

    Afera urrunetan murgilduriko nire arimari, hamaika hiritako suak hauspotu dizkiote zakurren saingek...

    Bakardade! gure jarraitzaile xelebreenek gorazarre egiten zieten gure ohiturei, baina ordurako gure pentsamenduak beste itsaso batzuetan zuen kanpaleku.

    “Nik ez diot inori itxoiteko esan... Goxoki gorroto zaituztet guziak... Eta zer esan guregandik jasotzen duzuen kantu honetaz?...”.

    Itsaso Hiletara eramatekoa den irudien herri baten buruzagi garen hauek, non aurkituko dugu begiak garbituko dizkigun gaueko ura?

    Bakardade!... Izarren konpainiak igarotzen ari dira mundu bazterretik, eta etxeko astro bat daramate sukaldeei lotua.

    Zeruko Errege Konfederatuak gerra egiten ari dira nire teilatuaren gainean eta, goiko eremuetako jaun eta jabe baitira, ortzian kanpatzen dute.

    Bakarrik joan nahi dut gaueko brisekin batera, Printze polemisten artetik, erortzen diren Bieliden artetik!...

    Isilpean Hildakoen asfaltoari loturiko arima! Josiak daude gure betazalak! goraipatua izan dadila betazalen azpiko itxaronaldia!

    Kontuz ibili: gauak bere esnea ematen du eta! eta eztizko behatz batek ukitu ditzala eskuzabalaren ezpainak:

    “Emaztearen fruitu, o Sabako alaba!...”. Arima naroenari traizio eginez eta gaueko araztasun kirasdunak xaxaturik,

    ametsaren jardunaren kontra matxinatuko naiz nire baitan; antzara basekin abiatuko naiz goizeko urrin zaharminduan!...

    — Hara! izarra gauez neskameen auzoan berandutzen zenean, ba al genekien ordurako hainbeste lantza berri

    Udako silikatoen atzetik zebiltzala basamortuan? “Goiztiri, zuk kontatzen zenuen...”. Ikuzketak Itsaso Hiletako bazterretan!

    Urtaro mugagabean biluzik etzan diren horiek trumilka zutitu dira lurrean — multzoka zutitu eta oihuka esan dute

    eromena dela mundu hau!... Agureak betazalak kliskatu ditu argi horiaren azpian; emaztekiak azazkaletaraino atera ditu nagiak;

    zoritxarreko zaldikumeak haurraren esku-ahurrean paratu du bere kokots iletsua, eta haurrak oraindik ez du hari begirik ateratzearekin ametsik egiten...

    “Bakardade! Nik ez diot inori itxoiteko esan... Nahi dudanean, handik joanen naiz...”. — Eta Arrotzak, bere pentsamendu berriez

    arruntean jantziak, zale gehiago egin ditu isiltasunaren bideetan: lerde batez betea dago haren begia,

    bere baitan ez dago giza substantziarik gehiago. Eta lurra bidaian dabil bere hazi hegaldunekin, poeta bat bere solasekin bezala...

 

 

VI

 

    Ahalguztidun gure gobernu militar handietan, ondoan ditugula oihalezko haize firfira batez beztitzen diren gure neska usain gozokoak,

    toki garaietan ezarri genizkion gure tranpak zorionari.

    Egote oparoa eta ederra, zoriona! Eta halaxe gure edalontziak, zeinetan hormak abesten baitzuen Memnonek bezala...

    Eta terrazetako zokoetara oinazturen nahaspila bat desbideratuz, neskameen eskuetan zeutzan urrezko erretilu handiek uxatu egiten zuten harearen asperdura munduaren mugan.

    Gero Mendebalde aldeko haizeen urtea izan zen eta, harri beltzez estaliriko gure teilatuetan, itsas zabalaren gozamenari emaniko oihal bizien burrunba. Lurmuturretan, zaldunek, argiz beteriko arranoak oldartzen zitzaizkiela eta lantza puntekin eguraldi ederreko katastrofe aratzak elikatzen zituztela, itsasoetan kronika kartsua publikatzen zuten:

    Egia! istorio bat gizonendako, bortizkeriazko kantu bat gizonendako, itsas zabalaren ikaraldi bat bezalakoa suzko zuhaitz batean!... beste ur-bazter batzuen gainean emandako legeak, emaztekien bidez herri gizagalduekin lorturiko aliantzak; herrialde handiak eguzkiaren inflaziopean enkantean salduak, bakea ezarria goi-ordokietan eta probintziei prezioa emana arrosen usain solemnean...

    Sortzean horrelako brasarik usnatu ez zutenak, zertan ari dira gure artean? Nola daiteke bizidunekin tratua izatea? “Zuen afera da absentzia gobernatzea, ez nirea...”. Guk, han izan ginen hauek, berebiziko balentriak egin ditugu mugetan, eta gure ekintzak gure indarraren muturreraino eramanez, bozkario handia izan zen zuen artean izan genuen bozkarioa:

    “Badakit zer den maldetan finkaturiko arraza hori: zaldirik gabeko zaldunak nekazaritzari emanak. Zoazte eta esaiezue: arrisku handian zaudete gurekin! ezin konta eta ezin neurtu ahaleko ekintzak, borondate indartsu eta hondatzaileak, eta gizonaren boterea mulkoa mahastian bezala ahitua... Zoazte eta esan argi: nolakoak diren gure usadio bortitzak; gure zaldiak, gartxu eta bizkorrak erreboltaren ernamuinen gainean, eta argiaren furiak susmatzen dituen gure kaskoak... Herrialde hondartuetan, zeinetan ohiturak berriz hartzekoak diren eta hainbeste familia, txori kantariak kaioletan bezala, osatzekoak, han ikusiko gaituzue gure jardunean, nazioen biltzaile estalgune handietan, ozenki bulden irakurle, eta hogei herri gure legeen menpe, zein bere hizkuntzan mintzo...

    Eta gaurgero ezagutzen duzue haien gogoko istorioa: kapitain pobreak hilezkortasunaren bideetan, jende gorena gu agurtzera elemeniaka etorria, urteko gizonezko guziak beren jainkoak makiletan daramatzatela, eta Printzeak iparraldeko hareetan eroriak, gure meneko haien alabak beren fideltasuna behin eta berriz berresten digutela, eta Buruzagia, honela mintzo dena: konfiantza dut nire menturan...

    Edo bestela bakearen gauzak kontatuko dizkiezue: ongizatez leporaino beteriko herrialdeetan, azokaren eta emazteki ezkongaien urrina, tinbre garbiko txanpon horiak, palmen azpian maneiatuak, eta herri osoak martxan espezia bizien bila — dotazio militarrak, influentzia-trafiko handia ugaldeen oharkabean, bere alaben itzalpean eserita dagoen auzotar boteretsu baten omenaldia, eta urrezko orrietan trukaturiko mezuak, adiskidetze eta zedarritze hitzarmenak, herrien arteko akordioak presak eraikitzeko, eta herrialde kartsuetan bilduriko zergak (uharkak, bihitegiak eta zalditeria biltzeko eraikinak — lauzadura urdin bizikoa, eta bideak adreilu arrosa kolorekoak — oihalkiak nahierara hedatuak, arrosa konfitura eztidunak eta armadaren fardelen artean sortu zaigun zaldikumea — oihalkiak nahierara hedatuak eta, gure ametsetako ispiluetan, ezpatak herdoiltzen dituen itsasoa eta gu jaisten, arratsalde batez, itsas aldeko probintzietan, aisialdi handiko gure herrietara eta gure neska

    lurrintsuengana, baretuko baikaituzte oihalezko haize firfira batez beztiturik...)”.

 

    — Zenbaitetan horrela zapaltzen ditu gure atariak patu berezi batek eta, presaka doan egunaren pausoetan, munduaren alde zabalena den honetan, non iluntzero bere deserria daukan botereak, alargun dira ereinotzak!

    Baina iluntzean, gure emazteen alaben eskuetan ekarririk, bioleten eta buztinaren usainak bisita egiten zigun finkatzeko eta fortuna biltzeko gure egitasmoetan,

    eta haize bareak golko bipilen hondoan aterpetzen ziren.

 

 

VII

 

    Ez dira lurralde hori hauek gure bizilekua betiko izanen, gure gozamena...

 

    Inperioa baino zabalago, Udak hainbat eguraldi geruza utzi du zilintzan lurreko ordokien gainean. Zabalera izugarriko lurra ari da birarazten, mukuruka, errautsen azpiko bere brasa ahulak. — Sufre kolorea, ezti kolorea, gauza hilezkorren kolorea, lur belardun guzia ari da argitzen joan den neguko lastoekin — eta arbola berde bakarti baten esponjatik ateratzen du zeruak bere zuku bioleta.

    Mikazko harrieta bat! Bihi garbirik ez haizearen bizarrean. Eta argia, olioa iduri. — Betazalen zirritutik mendi lerroei lotzen natzaielarik, ezagutzen ditut arnasbidez orbanduriko haitzak, isiltasunaren erlekumeak argiaren erlauntzetan; eta nire bihotza larrapoteen familia batez da arduratzen...

 

    Orbain malbez josiak dauden ile motzeko gamelu otzanen antzera, abiatu daitezela muinoak nekazarien zeruko osagaien azpitik — abiatu daitezela ordokiko goritasun ahularen gainetik; eta belaunika daitezela, azkenik, ametsen lainoan, lurreko hauts hiletan herriak deuseztatzen diren tokian.

    Lerro handi eta lasaiak dira, mahasti urdinkara eta zalantzagarrien aldera doazenak. Hainbat lekutan ari da lurra ekaitzaren bioletak ontzen; eta hareazko hodei horiek, ugalde hilen tokietan igaten direnak bidaian dabiltzan mende zatiak bezala.

 

    Ahapeka hildakoendako, ahapeka egunez. Gizonaren bihotzean hain gozotasun handiak ez du, beharbada, bere neurria aurkitzen jakinen?... “Zuri hitz egiten dizut, ene arima! — zaldi baten lurrinak goibeldua zauden ene arima!” Eta lehorreko txori handi batzuk, Mendebaldera bidean, gure itsasoko txorien imitazio ona dira.

    Eta hain zeru zurbilaren ekialdean, itsuaren oihalekin zigilaturiko leku saindua balitz bezala, hodei bareak kokatzen dira, kanfor eta adarraren minbiziak jiraka dabiltzan tokian... Haizea gurekin lehian kea dela eta! lurrean dena da itxarotea bere xomorro bizarretan, lurra gauza miresgarriez erditzen da!...

 

    Eta eguerdian, jujubondoak hilobien oinarriak leherrarazten dituelarik, gizonak betazalak jaitsi eta denbora-aroetan freskatzen du garondoa... Ametsaren zalditeriak hauts hilen tokian, o alferrikako bideak, haize batek guganaino ekartzen dituenak laxaturiko adats bat iduri! non aurkituko, non aurkituko ugaldeen ezteiak zainduko dituzten gerlariak?

    Lurrean barna dabiltzan ur handien asotsaren kariaz, ikara batean dago ametsetan lurreko gatz guzia. Eta bat-batean, a, bat-batean, zer nahi dute gugandik boz hauek? Jaso itzazue ezin konta ahala ispilu ugaldeetako hezurtegietan, jar dezatela helegitea menderik mende! Jaso harriak nire omenez, jaso harriak isiltasunari, eta leku hauek zaintzen brontze berdezko zalditeriak galtzada zabaletan!...

 

    (Aurpegi paretik igaro zait hegazti handi baten itzala.)

 

 

VIII

 

    Behorren salmentaren gaineko legeak. Noragabeko legeak. Eta gu guhaur. (Gizakien koloreak.)

    Erauntsi handi hauek ditugu bidaide, klepsidrak ibilian lurrean barna,

    eta zaparrada zeremoniatsuak, gai miresgarri batez osatuak, hautsez eta intsektuz ehunduak, hareetan gure jendeari jazartzen zitzaizkienak kapitazio-zerga bezala.

    (Gure bihotza nolako, horrelakoa izan zen obratu zen absentzia!)

 

*

 

    Ezin esan etapa antzua izan zenik: nahasketarik gabeko gure azienden martxan (arraza garbiko gure zaldiak, antzinako begi sakonekoak), gauza anitzi lotu gintzaizkion espirituaren ilunpean — gauza anitzi, nasaiki, espirituaren mugetan — seleukotarren istorio handiak habailak txistuka ari ziren bitartean, eta lurra azalpenei emana...

 

    Beste gauza bat: itzal hauek — zeruaren prebarikazioak lurraren kontra...

    Zaldunok, horrelako giza familien artean, zeinetan batzuetan herra kantari aritzen den kaskabeltzak bezala, azotea goratuko dugu zorionaren solas zikiratuen gainean? — Gizona, pisatu ezazu zure pisua garitan kalkulatua. Herrialde hau ez da nirea batere. Zer eman dit munduak, belarraren kulunkatze hau ez bada?...

 

*

 

    Zuhaitz Idor gisa ezaguna den lekuraino:

    eta oinaztura gosetiak probintzia hauek esleitu dizkit Mendebaldean.

    Baina harago aisialdi luzeak daude, eta herrialde handi bateko larre memoriarik gabeetan, urtea, lotura eta urteurrenetatik libre, suek eta goiztiriek goxatua. (Bildots beltz baten bihotzaren sakrifizioa goizean.)

 

*

 

    Munduko bideak, bada inguratzen zaituztenik. Lurreko seinale guzien gaineko autoritatea.

    O Bidaiaria haize horian, arimaren plazera!... eta, zure ahotik ikasi dugu anamirtaren bihiak, eho dezatela!, ezaugarri hordigarriak dituela.

 

*

 

    Bortizkeriarako joera handia zen nagusi gure usadioetan.

 

 

IX

 

    Mendebalde aldera goazela hain denbora luzea igaro ondotik, zer genekien guk gauza

    galkorrez?... eta bat-batean gure oinetara lehen ke-zutabeak.

 

    Emazteki gazteak! eta herrialde bateko natura haien lurrinez blai:

 

*

 

    “...Bero handiko garaia iragartzen dizut, eta alargunak garrasika hildakoen zarrastelkeriaren kariaz.

    Isilik egotera jarriak zahartzen direnek, leku altuan eserita preziatzen dituzte hareak

    eta egunaren ospea badietako azoketan:

    baina irritsa emaztekien sabelean eratzen da, eta badago gure eme gorputzetan mahats beltzaren legamia iduri duena, eta ezin geure buruarekin bakerik lortu.

 

    Grazia handiko garaia iragartzen dizut, eta hostailaren zoriona gure ametsetan.

    Iturburuak ezagutzen dituztenak gurekin daude deserri honetan; iturburuak ezagutzen dituztenek esanen al digute, iluntzean

    zein eskuk estutzen duten gure sabeletako mahastia

    gure gorputzak listu batez blaitu daitezen? (Eta emaztekia gizonarekin etzan da belar gainean; zutitu eta bere gorputzaren lerroak txukundu ditu, eta larrapotea aireratu da bere hegal urdinekin.)

 

    ...Bero handiko garaia iragartzen dizut, eta hala gauak ere, zakurrak saingaka ari direlarik, emaztekien sabelean hartzen du bere plazera.

    Baina Arrotza bere dendan bizi da, esneki eta fruituekin ohoratzen zaiola. Ur freskoa eramaten diote

    garbitu diezazkioten ahoa, aurpegia eta sexua.

    Gauez emazteki handi eta antzuak eramaten dizkiote (egunez gauekoago direnak!). Eta agian nirekin ere izanen du plazera (Ez dakit zein den haren jokabidea emaztekiekin.)

 

    ...Grazia handiko garaia iragartzen dizut, eta iturrien zoriona gure ametsetan.

    Ireki ezazu nire ahoa argipean, haitz arteko ezti-orraze bat bezala, eta akatsik aurkitzen badute, kanpora nazatela! bestela,

    joan nadila zure dendara, joan nadila biluzik, pegarraren ondora, zure dendara,

    eta hilobiaren zokoan lagun, luze begiratuko didazu nire zainen neskatila-arbolaren azpian isilik nagoela... Eskaka aritzeko ohatze bat olanaren azpian, izar berdea pegarrean, eta izan nadila ni zure agindu indartsuen esanetara! zerbitzaririk ez dendan, ur freskoko pegarra izan ezik! (Nik badakit eguna argitu aitzin isilik ateratzen, izar berdea, atariko larrapoteak eta lur guziko zakurren sainga itzarri gabe.)

    Grazia handiko garaia iragartzen dizut eta iluntzeko zoriona gure betazal galkorren azpian...

 

    baina eguna da oraingoz!”.

 

*

 

    — eta zutik egunaren zerrenda distirantean, heriotza baino kastoagoa den herrialde handi batean,

    neskek pixa egiten zuten beren arroparen oihal tindatua baztertuz.

 

 

X

 

    Hauta ezazu kapelu handi bat, zeinaren hegala xarmaz makurraraziko dugun. Begiak mende batez egin du atzera arimaren probintzietan. Kare biziko atetik lautadako gauzak ikusten ditugu: gauza biziak, o, gauza

    zoragarriak!

 

    zaldikumeen sakrifizioak haurren hilobien gainean, alargunen garbiketa-errituak arrosen artean, eta patioetan zaharren omenez biltzen diren hegazti berdeak; anitz gauza entzungarri eta ikusgarri lurrean, bizirik dauden anitz gauza gure artean!

    aire zabaleko ospakizunak zuhaitz zaharren urteurrenen karietara, eta urmael bat omentzeko zeremonia publikoak; oso-osoki borobilak diren harri beltzen kontsakrazioak, iturrien aurkikuntza leku ihartuetan, hagen puntetan zilintzan jarritako oihalen sagarapena mendi-mehaketatik hurbil, eta onespen txalo bortitzak, harresien ondoan, gizon helduen eguzkipeko mutilazioengatik, eztei-gaueko maindireen erakustaldi publikoengatik!

    eta beste gauza anitz gure lokien parean: abereen zauriak hiri-bazterretan artatzen, jendetza mugitzen ile-moztaile, putzuzain eta irentzaileen artetik; uztaroen airera espekulatzen eta belarrak sardeekin haizatzen teilatuetan; arrosa koloreko terrakotazko hesiak eraikitzen, bai eta haragirako idortegiak zabaltzetan, apaizendako galeriak, kapitaintzak ere; albaitariaren eskorta izugarriak; zamaltzainen bideak eta haitzen artetik sigi-saga doazen xendak entretenitzeko lanak; zahar-egoitzak sortzen leku zehaztugabeetan; karabanak ailegatzen direneko idazkiak eta eskolten kanporaketa diru-trukatzaileen auzoetan; handitzen ari den estalguneen ospea, elikagai frijituen upelen aurrean; zor-tituluen gaineko protestoak; abere albinoen suntsiketa, lur azpiko har zuriena, lahar eta elorri suak heriotzak lohituriko lekuetan, garagar eta sesamo ogi onaren ekoizpena; edo espeltarena; eta gizonen kea toki orotan...

    a!, mota guzietako gizonak, zein bere usadio eta moldeekin: intsektuak jaten dituztenak, edo ur-fruituak; enplastuak daramatzatenak, edo ondasunak! nekazaria eta noblea, akupuntura egiten duena eta gatza salerosten duena; bidesari-biltzailea, arotza, azukrearekin aritzen diren merkatariak, kanelarekin, metal zurizko kopekin, adarrez eginiko lanparekin; larruzko jantzi bat, zurezko sandaliak eta oliba formako botoiak egiten dituena; lurra iraultzen duena; eta ofiziorik gabeko gizona: belatz batekin dabilena, flauta batekin dabilena, erleekin dabilena; bere bozaren tinbrearekin laketzen dena, harri berde bati so egitea zeregin duena; gustuko duena bere teilatuan zuhaitz-azalekin sua egitea; hosto usaintsuekin ohatze bat lur gainean prestatu, eta gero han etzan eta atseden hartzen duena; zeramika berdeko diseinuak asmatzen dituena askako iturrietarako; bidaiak egin ondotik berriz abiatzearekin amets egiten duena; eurite handiko herrialde batean bizi izan dena; dadoetan, tortolosetan, godaletetan aritzen dena; edo lurrean bere kalkulu taulak zabaldu dituena; erabili nahi duena begiz joa duen kalabaza bat; bere atzetik arrano hil bat herrestan daramana, adar sorta bat bezala (eta saldu gabe opari ematen ditu lumak, geziak apaintzeko), zurezko ontzi batean lore-hautsa biltzen duena (eta nire atsegina, dio, kolore hori horretan dago); kauserak jaten dituena, palmondoko harrak, mugurdiak; suge-belarraren gustua gogoko duena; amets egiten duena pipermorro batekin; edo bestela goma fosil bat mastekatzen duena, oskol bat belarrira eramaten duena, eta jenioaren urrina zelatatzen duena harrietako zirritu ireki berrietan; emaztekien gorputza gogoan duena, gizon lizuna; bere arima ezpata baten ahoan islatua ikusten duena; zientzietan, onomastikan jantzia dagoen gizona; kontseiluetan begiko duten gizona, iturriak izendatzen dituena, arbolen itzalpean eserlekuak, artile tindatua jakintsuendako opari ematen dituena; eta bidegurutzeetan brontzezko goporrak zigilarazten dituena egarria asetzeko; oraindik hobeki, deus egiten ez duena, halako bat eta halako beste bat, zein bere manerakoa, eta hainbeste gehiago gero! galeperrak biltzen dituztenak lursailetako tolesturetan; sastraketan arrautza berde pinttokariak jasotzen dituztenak, zalditik jaisten direnak gauzak biltzeko, hala nola agatak, harri urdinkara bat, hiri-aldirietako sarreran lantzen dena (kutxatilak, tabako-ontziak eta krisketak egiteko, edo herbalen eskuetan higiarazteko pilotak); txistuka ari direla, kutxatxoak margotzen dituztenak aire zabalean, bolizko makila duen gizona, zumezko aulkia duen gizona, neska batenak bezalako eskuak dituen ermitaua, eta kaleratutako gerlaria, bere lantza atarian ezarri duena zimino bat lotzeko... a!, mota guzietako gizonak, zein bere usadio eta moldeekin, eta, bat-batean! gaueko janzkera soinean eta lehentasun kontu guziak banan-banan ebatzi dituela, Ipuinlaria, ahuntzadarraren ondoan jarri dena...

 

    O, plazako genealogista! familia eta seme-alabatasun zenbat istorio? — eta bizidunek hildakoen herentzia jaso dezatela, legegilearen taulek dioten bezala, gauza oro ikusi ez badut bere garaiko merezimendu eta itzalpean: liburu eta analen gordailuak, astronomoaren biltegiak eta hilobien leku baten edertasuna, bai eta palmondo azpiko arras tenplu zaharrena ere, zeinetan asto bat eta hiru oilo zuri bizi diren — eta nire begi ertzetik harago, martxan dauden ekintza sekretu anitz: jasotzen diren kanpamenduak ezagutzen ez ditudan berrien kariaz, mendi-tontorretako herrien lotsagabekeria, eta ugaldeak zahagien gainean igarotzeko eginahalak; aliantza-gutunak daramatzaten zaldunak, segada mahastietan, bidelapurren oldarrak arrokarteen hondoan eta zelaietan barnako mugimenduak emazteki bat bahitzeko, tratuak eta azpijokoak, animalien estaldura basoan, haurren begien aitzinean, eta profeten eriondoak iditegien barnean, bi gizonen arteko solasaldi mutuak arbola baten azpian...

    baina gizonek lur gainean egindakoaren gainetik, bidaian doazen seinale anitz, bidaian doazen hazi anitz, eta eguraldi onaren airisaren pean, lurraren hats handi baten pean, laboreen luma guzia!...

    harik eta iluntzeko tenorean, eme-izarra, berme aratza zeruetako altueran...

 

    Ametsaren lur emankorra! Nor mintzatu da eraikitzeaz? — Lurra ikusi dut eremu zabaletan banakatua, eta nire pentsamendua ez da sekulan nabigatzailearengandik urrun ibili.

 

 

Kantua

 

    Usapalez beteriko arbolaren azpian geldirik nire zaldia, hain txistu aratza dut txistukatzen, ezen ez baita beren ertzei eginiko promesetatik bat bera ere beteko duen ugalderik. (Handitasunaren irudi dira goizeko hosto biziak)...

 

*

 

    Eta ez da gizon batek ez duela tristurarik sentitzen, baina, eguna urratu baino lehen jaikita eta arbola zahar batekiko tratuan zuhur jokatuz, kokotsa hondarreko izarrean bermatzen duela, plazer bilakatzen diren gauza aratz handiak ikusten ditu barau den zeruaren hondoan...

 

*

 

    Urrumaka ari den arbolaren azpian geldirik nire zaldia, txistu aratzagoa dut txistukatzen... Eta bakea izan dezatela, hil behar badute, egun hau ikusi ez dutenek. Baina izan dugu nire anaia poetaren berri. Berriz ere arrunt gauza gozoa idatzi du. Eta zenbaitek ezagutzen dute...