Poesia kaiera
Poesia kaiera
Saint-John Perse
itzulpena: Santi Leoné
2021, poesia
64 orrialde
978-84-17051-74-7
Saint-John Perse
1887-1975
 
Poesia kaiera
Saint-John Perse
itzulpena: Santi Leoné
2021, poesia
64 orrialde
978-84-17051-74-7
aurkibidea
 

 

Haurtzaroa ospatzeko

 

“King Light’s Settlements”

 

 

I

 

    Palmak...!

    Orduan hosto berdeen urean bainatzen zintuzten; eta artean eguzki berdea zen ura ere; eta zure amaren neskameek, neska distirantak baitziren, beren zango epelak mugitzen zituzten dardarka ari zinen horren ondoan...

    (Goi mailako egoera batez naiz mintzo, orduan, soinekoen artean, argitasun birakari haren erresuman.)

 

    Palmak! eta sustraien

    antzinakotasun gozoa...! Lurrak

    orduan soraioago izan gogo izan zuen, eta sakonago zeruak, zeinean arbola handiegiak, asmo ilun batez unatuak, paktu askaezina lotzen ari baitziren...

    (Amets hori egin dut, estimutan: babespeko egonaldia, oihal gogotsuen artean.)

 

    Eta sustrai

    altu eta makurrek ospatzen zituzten

    bide zoragarrien ihesbideak, nabe eta bobeden asmazioa,

    eta argiak orduan, akatsik gabeko balentrietan emankor, erresuma zuria inauguratu zuen, non agian ibilia naizen itzalik gabeko gorputz batean...

    (Goi mailako egoera batez naiz mintzo, aspaldian, horrelako hostoak mastekatzen zituzten gizonen eta haien alaben artean.)

 

    Orduan, gizonek aho

    seriosagoa zuten, beso geldoagoak zituzten emaztekiek;

    orduan, guk bezala sustraiak jaten baitzituzten, piztia isilkor handiak nobletu egiten ziren;

    eta luzeago itzartzen ziren betazalak itzal handiagoen gainean...

    (Amets hori egin dut, erlikiarik gabe ahitu gaituena.)

 

 

II

 

    Eta amaren neskameak, neska handi distirantak... Eta gure betazal miresgarriak... O,

    argiguneak! O, faboreak!

    Gauza guziak izendatuz, handiak zirela nuen errezitatzen, piztia guziak izendatuz, ederrak eta onak zirela.

    O, nire lore

    gosetiak, zuen hosto gorrietan irensteko prest nire intsektu berde

    ederrenak! Familiaren hilerriko usaina zerien jardineko lore sortei. Eta arreba txiki-txikia hila zen: nik izana nuen, hura bai urrin gozoa, haren kaobazko katabuta hiru geletako ispiluen artean. Eta ez zen kolibririk harrikada batez hil behar... Baina lurra makurtu egiten zen gure jolasetan, neskameak bezala,

    etxean gaudelarik aulki bat izateko eskubidea duten neskame haiek bezala.

 

    ...Miresmen begetalak, o, argiguneak, o, faboreak!

    Eta gero euli hauek, euli mota hauek, lorategiko sail gorenaren aldera, argia kantari ari izan balitz bezalakoak!

 

    ...Gogoan dut gatza, gogoan dut inude horailak begi ertzetan igurtzi behar izan zidan gatza.

    Azti beltzak honela ebatzi zuen ezkaratzean: “Mundua piragua bat bezalakoa da, jira eta bira ibiliz, ez dakiena haizeak zer egin nahi duen, irri ala negar...”.

    Eta berehala eginahalak egiten zituzten nire begiek

    mundu bat pintatzeko ur distiranten artean orekan, masta leuna ezagutzen zuten fusteetan, gabia hostoen azpian, botaberak eta bergak, lianazko abenkak,

    eta han, eskuraezinak, loreak

    zimeltzen ziren papagai emeen garrasian.

 

 

III

 

    ...Gero euli hauek, euli mota hauek, eta lorategiko sail gorena. Deika ari dira. Banator... Estimutan naiz mintzo.

    — Haurtzaroa ez bada, zer zegoen orduan orain ez dagoena?

    Zelaiak! Ezpondak! Bazen

    ordena handiagoa! Eta dena ez zen argitasun erresuma eta bazterrak baizik. Eta itzala eta argia artean gauza bakarra izatetik hurbilago ziren... Estimu batez ari naiz... Alor-bazterretan fruituak

    jalkita ere

    ez zen haatik usteltzen gure ezpain ertzetako bozkarioa.

    Eta gizonek itzal handiagoak inarrosten zituzten aho seriosagoekin, eta emaztekiek amets gehiago beso geldoagoekin.

 

    ...Handitu egin dira nire hazpegiak, eta pisuago bihurtu, adinez gizenduak! Ez dut berriz errota eta kanaberetako tokirik ezagutuko, ur bizi kantarien artean haurren ametserako banatua denik. Eskuinetik

    kafea sartzen genuen, ezkerretik manioka

    (o, biltzen ditugun olanak; o, gauza laudatzaileak!)

    Eta hemen izaten ziren ongi markaturiko zaldiak, ile motzeko mandoak, eta han idiak;

    hemen zartailuak, eta han Annaô txoriaren oihua — eta haratago errotak kanaberetan eragin duen zauria.

    Eta hodei bat,

    morea eta horia, indiaranen kolorekoa, bat-batean koroa bat iduri urrezko sumendiaren gainean gelditzen bazen,

    izenez deitzen zituen, etxoletarik,

    zerbitzariak!

 

    Haurtzaroa ez bada, zer zegoen orduan orain ez dagoena?

 

 

IV

 

    Eta dena ez zen argitasun erresuma eta bazterrak baizik. Mendira joaten ziren aziendak, eta behiek kanaberako ziroparen urrina zuten... Handitu egin dira nire hazpegiak

    eta pisuago bihurtu, adinez gizenduak! Gogoan dut egun ederregi bateko

    negarra, izituegi nintzela, izituegi! Zeru zuria dut gogoan, o isiltasuna!, sutan begi sukartuak bezala... Negar egiten dut, ari naiz

    negarrez, esku zahar goxoen ahurretan.

 

    O, kontsolatzerik eskatzen ez duten negar-hipa hutsak dira, hori besterik ez, eta nire kopeta ferekatzen dutenak goizeko izar handi baten antzera.

 

    ...Zure ama hain ederra baitzen, hain zurbila,

    handia eta nekatua, makurtu

    eta egokitzen zuenean zure lastozko edo eguzkiko zapel astuna, filodendro hosto bikoitz batez estalia,

    eta iluntasunari eskainitako ametsa zulatuz, muselinen dirdaiak arruntean betetzen zuenean zure loa.

 

    ...Mestizoa zen nire neskamea eta akain-belarraren usaina zerion; beti ikusia naiz kopetan izerdi distirantezko perlak zituela, begien inguruan — eta, hain epela, haren ahoak ugalde ondoko arrosa-udareen gustua zuen, eguerdia baino lehen.

 

    ...Baina horitzen ari zen amatxiz,

    eltxoen ziztadak sendatzen hain ongi zekien hartaz

    esanen dut ederra dela, galtzerdi zuriak jantzita,

    saretan zehar suzko lore zintzoa hurbiltzen delarik haren bolizko betazal luzeetara.

 

    ...Eta nik ez ditut Haien boz guziak ezagutu, ez ditut emazteki guziak ezagutu, ez ditut gizon guziak ezagutu zerbitzari ari zirenak zurezko egoitza

    garaian; baina oraindik denbora luzerako izanen ditut gogoan

    soinurik gabeko aurpegiak, papaia eta asperdura kolorekoak, gure aulkien gibelean gelditzen zirenak astro hilak iduri.

 

 

V

 

    ...O!, laudatzekoa da leku hau!

    Nire kopeta esku horikaren azpian,

    nire kopeta, oroitzen zara gaueko izerdiez?

    sukarrezko gauerdi hutsalaz eta uharkaren gustu hartaz?

    eta goiztiri urdineko loreez, goizeko badietan dantzan

    eta eltxo bat baino ozenagoa zen eguerdiko orduaz, eta itsaso koloretsuak jaurtikitako geziez?

 

    O, laudatzekoa da! O, laudatzekoa da leku hau.

    Baziren itsasontzi handi musikadunak kaian. Baziren kanpetaz estaliriko muinoak; lehertzen ziren basa-fruituak... Baina zer gertatu da kaian ziren itsasontzi handi musikadunekin?

 

    Palmak...! Orduan

    sinesberago eta abiatze ikusiezinez populatuagoa zen itsaso bat

    agertzen zen, baratzeen gainean mailakatutako zeru baten antzera,

    urrezko fruituz, arrain morez eta txoriz gainezka.

    Orduan, perfume gozoagoak, zorioneko gailurrak ferekatuz,

    beste garai bateko ufako hau zabaltzen zuten

    eta aitaren lorategiko kanela besterik ez zen behar — o, trikimailuak!

    bere oskol eta armaduretan loriatzen zen mundu hura asaldatzeko.

 

    (...O, laudatzekoa da leku hau! O, kontakizun naroa, o ikuskizun oparoa!)

 

 

VI

 

    Palmak!

    eta bizitoki karraskariaren gainean hainbeste lantza suzko.

 

    ....Haizebeko zarata argitsua ziren ahotsak... Aitaren txalupak arduratsu garraiatzen zituen figura handi eta zuriak: agian, ororen buruan, Aingeru orraztu gabeak; edo bestela, gizon osasuntsuak, oihal ederrez beztituak sabukazko kaskoa buruan (gure aita bezalakoak, noblea eta zintzoa izan zena).

 

    ...Zeren goizean, Ur biluziaren zelai zurbiletan, Mendebaldean, Printzeak eta haien Suhiak igarotzen ikusia bainaiz, goi mailako gizonak, ongi jantziak denak eta isilik, eguerdi aitzin itsasoa Igande bat baita, zeinean loa Jainko batengan gorpuztu den, zangoak bilduta.

 

    Eta zuziak goratzen ziren, eguerdian, nire ihesaldietarako.

    Eta sinetsita nago arratsaldero pizten zirela Arkak eta ebanozko eta latorrizko Aretoak sumendien ametsetan,

    apain jantziriko idoloaren aurrean eskuak biltzen genituen tenorean.

 

    Palmak! eta sustraien

    antzinakotasun gozoa...! Haize alisioek, pagausoek eta ihes egindako katuak

    hostaila garratza zulatzen zuten, zeinean, Uholdearen urrina duen arratsalde baten gordintasunean,

    ilargi arrosa eta berdeak zilintzan baitziren, mangoak iduri.

 

*

 

    Alta bada, Osabak ahapeka mintzatzen zitzaizkion amari. Atean lotu zuten zaldia. Eta Etxeak zutik zirauen, zuhaitz lumadunen azpian.