Poesia kaiera
Poesia kaiera
Raymond Carver
itzulpena: Harkaitz Cano
2020, poesia
64 orrialde
978-84-17051-56-3
Raymond Carver
1938-1988
 
 

 

Nire ontzia

 

Nik eskatu bezala ari dira nire ontzia egiten.

Oraintxe behar du eraiki zutenen eskuetatik askatzear.

Toki seinalatua gorde diot kirol-portuan.

Erruz izango dute ontzian lekua lagunek:

Richard, Bill, Chuck, Toby, Jim, Hayden,

Gary, Jay, Morris eta Alfredo. Adiskide guztiak!

Haiek badakite zeintzuk diren.

Tess, jakina. Ez nintzateke bera gabe inora joango.

Eta Kristina, Merry, Catherine, Diane, Sally, Annick, Pat,

Judith, Susie, Lynne, Annie, Jane, Mona.

Doug eta Amy! Lagunak ditut, familiakoak izateaz gain;

ondo pasatzea gustatzen zaie.

Bada lekua nire ontzian guztiontzat. Benetan diot!

Denon istorioentzat izango da nire ontzian lekua.

Neronenak, bai, baina baita nire lagun kuttunenak ere.

Istorio laburrak eta sekula bukatzen ez direnak.

Benetakoak zein asmatuak. Jada amaituta daudenak

eta oraindik idazten ari direnak. Poemak ere bai!

Nola lirikoak hala luzeagoak, kontakizun ilunak.

Lagun margolarientzat, margoak eta mihiseak.

Oilasko frijitua, okela erruz, gazta, taloak, ogi frantsesa.

Nire lagunak eta ni zale garen gutizia oro.

Eta saski bete fruta, norbaitek nahi izango balu,

inork kapritxoa izanda ere esan ahal izateko sagar bat

edo mahats ale batzuk jan zituela nire ontzian.

Edozer nahi dutela, huraxe.

Gaseosa mota guztiak. Ardoa eta garagardoa, ziur.

Inori ez zaio ezer ukatuko nire ontzian.

Portu eguzkitsutik abiatuko gara dibertitzera, hori da ideia.

Ongi pasatzea elkarrekin denbora guztian. Pentsatu gabe

huntaz eta hartaz, aurrera egiteaz edo atzean geratzeaz.

Kanaberak, inork arrantzan egin nahi balu. Arrainik ez da faltako!

Kostako zerrendari jarraituko diogu tarte batez.

Baina utikan arriskua, ur handitan sartu gabe.

Ustekabekorik ez, tarte atsegina pasatuko dugu.

Jan egingo dugu eta zurrut eta barre gogotik.

Beti nahi izan dut halako txango bat, adiskideekin, nire ontzian.

Gogoak ematen badigu Schumann entzungo dugu CBC katean.

Baina hala egokituko ez balitz ere bost,

The Who eta Rolling Stones harrapatuko ditugu KRABen sintonian.

Adiskideek nahiago dutena, beti ere! Agian nork bere

irratia izan lezake nire ontzian. Edozelan dela ere,

kolosala izango da. Jendea dibertitu egingo da

eta norberak nahi duena egingo du, nire ontzian.