Poesia kaiera
Poesia kaiera
Raymond Carver
itzulpena: Harkaitz Cano
2020, poesia
64 orrialde
978-84-17051-56-3
Raymond Carver
1938-1988
 
 

 

Tiranteak

 

Amak esan zidan gerriko egokirik ez nuela eta

tiranteak jantzi beharko nituela hurrengo egunean

eskolara joateko. Inork ez darama tiranterik bigarren mailan,

ezta beste ezein mailatan ere, egiaz. Esan zidan,

Hik soineratu ezean neronek astinduko ditiat hire soinean.

Ez diat arazo gehiago nahi. Aitak zerbait esan zuen orduan.

Bizilekutzat genuen etxola hura ia osorik betetzen zuen ohean

zetzan. Egoteko isilik; ebatziko genuela kontu hura

goizaldean. Goizean goiz lanerako altxatu behar zuen eta!

Ekartzeko baso bat ur. Irentsi duen whisky guztiagatik duk,

esan zidan amak. Zera duk, deshidratazioa.

 

Harraskara inguratu eta, auskalo zergatik,

ontziak garbitzeko xaboi-urez betetako edalontzia

ekarri nion. Huraxe edan eta esan zuen:

Arraro zagok ura, seme. Nondik atera duk?

Harraskatik, esan nion. Uste nian maite huela hire aita,

esan zuen amak. Maite dut, horixe baietz:

harraskara inguratu, edalontzia xaboi-uretan

murgildu eta bi basokada edan nituen neronek,

hain zuzen, hori frogatzeko. Maite dut aita, esan nuen.

Supituki gaixotuko nintzen martxa horretan. Amak:

Hi banintz seko lotsatuta nengoke. Ez duk sinestekoa aitari

nola egin diezaiokean halakorik. Eta, Jainkoa lekuko,

bihar tirante horiek jantziko dituk, ze bestela…

Burua soildu arte lumatuko diat kalparra bihar goizean

arazorik ematen badidak. Ez dut tiranterik

jantzi nahi, esan nuen. Horixe jantziko dituala.

Eta derrepente tiranteak hartu eta zango biluzietan zigorka hasi zait.

Ni gelan lasterka negarrez, txingo eta oihu. Aitak

deiadar, uzteko hori behingoz, Jainkoarren,

aski dela. Burukomin mortala dauka.

Gainera, urdaila gaixotuta, ontziak garbitzeko uragatik.

Badakik nori esker den hori, esan du amak.

Eta orduan norbait horman kolpeka hasi da ondoko etxolan.

Hasieran, ukabila balitz bezala —bum, bum, bum—

gero, erratz edo fregona baten kirtena hartuta, oihuka:

Jainkoarren, zoazte behingoz ohera! Nahikoa da!

Eta hori egin genuen. Argiak itzali eta

norbere ohean sartu, isil-isilik.

Inork lorik egin ezin duen etxe bateko isiltasunean.