Poesia kaiera
Poesia kaiera
Raymond Carver
itzulpena: Harkaitz Cano
2020, poesia
64 orrialde
978-84-17051-56-3
Raymond Carver
1938-1988
 
 
Hitzaurrea
Beņat Sarasola

 

      Raymond Carver XX. mendeko ipuingile handienetakoa izateagatik da batez ere ezaguna. Ernest Hemingwayren ipuingintzaren ildoan kokatu ohi da, zeinaren arabera ipuin batean garrantzitsuena ez da azalean irakurtzen duguna baizik eta haren azpian gordetzen dena. Bere belaunaldikide John Cheever, Carson McCullers, Charles Bukowski eta enparauekin batera, eragin handia izan du mundu zabaleko ipuingintzan, eta baita Euskal Herrian ere (besteak beste, kaier honen itzultzaile Harkaitz Canoren ipuingintzan).

      Beste idazle batzuen kasuan ez bezala, Carverrenean ipuingintza eta poesiagintza elkarloturik agertzen zaizkigu, halako moldez non poesiarekiko uzkur diren narrazio zaleentzat sarbide bikaina izan daitekeen. Carverrek bere (balizko) ni errealetik hur idazten zituen poemak, eta erdiko klaseko mundu estatubatuarraren testigantza ematen digute. Egunerokotasunean iltzatutako poemak dira, non objektu (telefonoak, eskutitzak, eta beste) eta auzi etxetiarrak agertzen zaizkigun lehen planoan. Bizi materialki ase baina gainontzean kamutsak ageri zaizkigu; nolabait, XIX. mende akaberako poesia modernoko spleen (asperra, unadura) sentipen hori XX. mende erdiko AEBetara eraman zuen. Poemotan nagusi dira alferkeria, noraeza, gogogabetasuna, baina era berean, maiz azaltzen zaigu lipar iheskor baten zorion-garra: leihotik ikusten den txori bat, itsasertz bat, adiskideen konpainia amultsua. Izan ere, poema batean esaten duen legez: “Zoriona. Ezustean heltzen da”.

      Poema narratiboak dira Carverren gehienak; istoriotxo laburrak kontatzen dizkigute eta inoiz alegia kutsua ere hartzen (Mugak). Haatik, baditu, halaber, idazteaz eta poesiagintzaz dihardutenak ere, kutsu jostari agerikoa dutenak (Zakurra hil zaizu) eta poetika modura har daitezkeenak (Igande gaua). Ale horietan iradokitzen da Carverren poetikaren muina: inguratzen duen oro da bere poesiarako lehengai, are idazmahaiaren inguruan eskura duena ere. Horregatik, familia girokoak dira bere poema asko, eta bertako harreman eguneroko bezain izugarriak azaleratzen ditu. Tonu ilun eta sarri are suntsitzailearen erdian, ordea, bada umorearentzat tarterik ere.

      Clatskanie-n (Oregon) jaio zen 1938an, Columbia ibaiaren ertzean, eta ibai hartatik kilometro gutxira dagoen Yakiman (Washingtoneko estatua) hezi zen. Txikitatik ikusi zituen izokinak, amuarrainak eta beste ibaian gora eta behera, eta halaxe egiten dute bere poesian ere. Urak ere presentzia handia baitu poemotan, ibai zein itsaso. Oso gazterik ezkondu zen Maryann Burk-ekin, eta ia bi hamarkadaz luzatu zuten elkarrekikoa. 1977an Tess Gallagher idazlea ezagutu eta hil arteko harremana izan zuten, bere azken garaiko poemetan islatu zena. 1988an hil zen biriketako minbiziaz, eta heriotza ere haren gai jorratuenetako bat izan zen. Tartean, diagnostikoa jaso zuenekoan oinarritutako poema dugu (Medikuak esan zuena), eta bere heriotzaren azken uneak imajinatzen dituen Nire heriotza durduzagarri bezain ederra.

      Chicago State Collegeko John Gardner-en sormen-idazketa eskoletan hasi zuen idazle ibilbidea, eta beste zenbait unibertsitatetan ibili zen gisako eskoletan, ikasle (Iowa) zein irakasle (Kalifornia, Stanford). 1986an Gallagherrekin Europara egindako bidaiak arrasto sakona utzi zuen beregan, eta baita bere poesian ere. Hango literatur erreferentziak ekarri zituen, eta horregatik, askok egin izan dute galdera bera: bi urte eskasera, 50 urte eskasekin, hil izan ez balitz, norantz joko zukeen Carverren literaturak?