Poesia kaiera
Poesia kaiera
Forugh Farrokhzad
itzulpena: Miren Agur Meabe
2020, poesia
64 orrialde
978-84-17051-42-6
Forugh Farrokhzad
1934-1967
 
 
Hitzaurrea
Beņat Sarasola

 

      Forugh Farrokhzad Irango XX. mende erdialdeko berpizkunde kulturalaren ama pontekoetako bat dugu, eta bertako poesia modernoaren erreferentzia nagusienetakotzat hartzen da. 1935. urtean jaio zen Teheranen, Reza Pahlaviren diktaduraren garaian, eta aita autoritario baten —armadako koronela zen— manupeko familia batean.

      Gazterik hasi zen poesia idazten, hamahiru urterekin, eta gazterik ezkondu, hamasei urtekoa baino ez zela, eta bere aitaren borondatearen kontra —eta harengandik ihesi, biografoek diotenez—. Ordea, luze gabe dibortziatu zen, ezkondu eta bost urtera, bere lehen editore eta senarraren lagun Naser Khodayar-ekin maitemindu ondoren, besteak beste. Garai hartako lehen poemek kritikarien asaldura ekarri zuten, poeta emakumezko bat sexuaz eta desioaz gordinki eta lehen pertsonan idazten ikustearen arbuioagatik. Bost poema liburu argitaratu zituen (Gatibu, Horma, Matxinada, Beste jaiotza bat, Izan dezagun fedea urtaro hotzaren hasieran), eta 1962an Etxea beltza da film dokumentala zuzendu zuen, Irango zinemagintzan aski goraipatua dena. Bizitza samin hori azkarregi joan zitzaion, hogeita hamabi urte zela hil baitzen auto istripu baten ondorioz.

      Farrokhzadek, bere poesiarekin, banatzearen, erbestearen eta oinazearen esperientzia muturrekoa hitz bihurtzeko gaitasun berdingabea erakutsi zuen. Abandonua eta bakardadea dira ale durduzagarri askotako protagonista, baina esperantzarako tarterik ere bada, kaiereko azkeneko bi lerroek esaten diguten bezala: “Leihoaren babespean nago / eguzkiari loturik”. Orobat, erresistentzia keinuak aurkitzen ahal dira giro latz horren erdian, Ahotsak besterik ez du irauten poeman bezala, non mintzoa goratzearen aldarria egiten duen. Bestela, poesia bera izan daiteke hutsune sentimenduaren aurreko kontsolamendua (Utzitako etxea).

      Dibortzioaren ondotik semearen (orduan hiru urtekoa) zaintza kendu zioten, eta apenas izan zuen gerora harekin egoteko aukerarik. Bizitza osoan eraman behar izan zuen bere askatasuna familiaren aurretik jartzearen zama. Bere poemetan ere ageri da Kamy semea, hura galtzearen lantua, eta gizartearen egitura patriarkalarekiko erantzun matxinoa. Itzulinguru gabe idatzi zuen bertso-lerro batean zer izan zen kalbario hura: “Nire bizitza osoa da bertso-lerro ilun bat”.

      Lehen lerroetatik ohartuko da irakurlea lengoaia poetiko zaindua darabilela, irudi sinboliko indartsuak (“lurraren sorbalda biluzia”) erabiliz eta adjektibazio ugari eta zehatza baliatuz, munduari kolore berezia ematen diona. Horretaz gain, erritmo zainduko poemak ditugu, deklamatzeko propio sortuak diruditenak.

      Jakina, Farrokhzaden euskarazko finezia poetikoaren erantzule dugu, halaber, Miren Agur Meabe itzultzailea, zeinak frantsesezko eta espainierazko itzulpenak baliatu dituen. Arestian aipatutako zenbait ezaugarri ere aurki ditzakegu, nolazpait, Meaberen beraren poesian, eta baita orain arte aipatu gabeko beste bat ere, bi poetengan nabarmena dena: (emakume) gorputzaren kontzientzia.

      Literatur zubiak gehigarriak izaten direnez, hala zubiaren mutur baterako nola bestalderako, ziur kaier honetan Farrokhzad berri bat topatuko dutela Farrokhzad-zaleek, baina baita Meabe berri bat ere Meabezaleek. Eta bi bider poesiazale izateko urdin uherra.