Idazleen gorputzak
Idazleen gorputzak
2019, saiakera
112 orrialde
978-84-17051-25-9
Eider Rodriguez
1977, Orereta
 
2021, nobela
2017, narrazioak
2007, narrazioak
2004, narrazioak
 

 

Hitzaurrea

 

Jule Goikoetxea

 

      Seigarren ale honetan, Eider Rodriguez idazleak, literaturaren inguruko hausnarketa eta kritika ez ezik, emakumeek literaturan duten tokiaren inguruko datuak eta emakume idazleen ahotsak dakartza. Hausnarketa filosofikoarekin irekitzen du bidaia erakargarri hau, Barthesek, Foucaultek eta beste batzuek egilearen edo egiletasunaren inguruan dituzten kontzeptu eta analisi abstraktuenetatik hasi eta emakumeek literaturan duten parte hartzearen nolakotasunera eta datu zehatzetara iritsi arte. Sarrera hori, ondoren datorrena ulertzeko lehengaia da. Irakurlea kokatzeko balio du. Eta kokapen hori kritikoa da. Kokapen historikoa eta filosofikoarekin batera kokapen politikoa eta kulturala uztartzen ditu autoreak.

      Ez da harritzekoa emakumeek literaturan izan duten parte hartzeak beste eremuetan duten parte hartzearekin duen antzekotasuna. Patriarkala den gizarte orotan bezala, literaturatik ere kanporatu dituzte emakumeak. Eta bertan sartu nahi izan dutenean, posizionamendu ezberdinak hartu izan dituzte. Denetariko estrategiak erabili izan dituzte debekatutako eremuak arakatzeko eta eraldatzeko, eta estrategia horiek guztiek emakumeen genealogia osatzen dute, ez bakarrik literaturarekin erlazioan, baizik eta gorputza eta, beraz, bizitza bizitzeko, imajinatzeko, irakurtzeko eta idazteko momentuan. Rodriguezek dioen moduan, “zaila da esatea, mendeetan luzatu eta trinkotutako giro honek zein neurritan eta nola eragin dien emakumezko idazleei”, hauen autoestimuari, formari, sormenari, estiloari, gaitegiari, genero literarioari eta autoritateari, “eta idazleei ez ezik, baita hauen hartzaileei edo balizko hartzaileei ere (mereziko al du irakurria izatea?, non kokatzen da?, noren estilokoa ote da?)”.

      Gauza batzuk asko aldatu dira, beste batzuk aldiz ez. Hori da hain zuzen ere elkarrizketatuek berresten dutena eta datuek diotena. Elkarrizketatuak Arantxa Urretabizkaia, Laura Mintegi, Miren Agur Meabe, Karmele Jaio, eta Uxue Alberdi dira, autoreak aipatzen dituen irizpideak medio.

      Ez dut edukiaren aurrerapen zehatzik egin nahi baina garrantzitsua iruditu zait lehen orrialdetik irakurlea kokatzea, eta horretarako, datuak ezinbestekoak dira. Autoreak aztergai duen literatur sistema euskarazkoa denez, hauek dira gurean ematen diren zapalkuntzaren zenbait zifra:

      Kritikari dagokionez, 1975-2005 bitartean euskarazko prentsan egin ziren 2.280 kritikako corpusean 220 dira emakumeek egindakoak, hots, % 10a; eta % 90a gizonek eginak (Egaņa, 2014). Sariei dagokienez, 1982-2018 artean eman diren euskarazko Euskadi Literatura Sarietatik hiru bakarrik izan dira emakumezko idazleentzat eta 1978-2018 bitartean banatutako euskarazko narratibako Espainiako Kritika Sarietatik bi baino ez.

      Bestetik, Whitek aztertu zituen euskal historiografia literarioetan agertzen ziren 261 egileetatik soilik 6 dira emakumezkoak eta hezkuntza arloan, Idurre Alonsoren lanaren arabera (2010), apenas dagoen emakumezkorik Hego Euskal Herriko batxilergoko 825 irakasle eta ikasle elkarrizketatu ondoren eratutako zerrendetan.

      Hori guztia kontuan hartuta, jarrai dezagun bidea egiten, jakinik bide ezagun, aitortu, finantzatu eta nagusitik emakumeak kanporatzen saiatuko direla, behin eta berriz, eta beraz, ezingo dugula bide androzentriko eta zaharkitu hori berritu eta eraldatu bakoitzak bere aldetik, sarritan gauez, biluzik eta armarririk gabe egindako bidexkak eta bidezidorrak elkarrekin lotzen ez baditugu.