Kontrako eztarritik
Kontrako eztarritik
2019, saiakera
184 orrialde
978-84-17051-24-2
Uxue Alberdi
1984, Elgoibar
 
2020, kronika
2017, nobela
2013, narrazioak
 

 

19.
DESAUTORIZAZIOA

 

      Mira Schor artista, kritikari eta arte irakasleak “Autoritatea eta ikasketa” artikuluan unibertsitateko irakasleen genero abusuak bistaratu eta akademiaren barnean gertatzen diren botere harremanak eta sexualitatearen erabilera salatu zituen. Gizonezko irakasleen eta emakumezko ikasle gazteen arteko harremanetan jarri zuen fokua, jazarpen sexual argienetatik hasi eta autoritate transferentziaren promesa lanbrotsuagoetara bidean gertatzen den guztian. Faltan duten boterea eskuratu nahi duten ikasle gazte anbiziotsuen eta boterea izan baduten edo, Schorren hitzetan “artearen mikrokosmos instituzionalizatuaren barruan botere irudia duten” gizonen arteko desberdinkeriazko tratuan. Beren talentuagatik baino gehiago erakargarritasun erotikoagatik baloratuago diren neska gazte artisten azpirakuntza egoera perbertsoa azaleratu eta maisuaren inpunitateaz eta botereari eusteko mekanismoez gogoetatu zuen, irakaskuntza gardenerako desartikulatu beharreko autoritate eta kanon maskulinoen boterekeria naturalizatua azpikoz gora jarriz.

      Bertsolaritzaren esparruan belaunaldi batetik bestera eta gizonengandik emakumeenganako autoritate transferentziarik baden, zein moldetan egiten den edo ez den egiten... aztergai ezinbestekoa da. 2017ko Txapelketa Nagusiko finala inoizko zaharrena —eta azken urteetan bezain maskulinoa— izateak, atzetik bultzaka datorren belaunaldia sekula baino feminizatuagoa denean, zer pentsatua eman behar liguke. Erreleboarekin kezkatuta daudela aditu izan dugu finalista batzuen ahotik. Erreleboa badago: autorizatzea falta da.

 

      Oihana Iguaran:

      «Gizon entzun eta puntako bertsolari guztiak datozkit burura, eta kasik Maialen bera ere bai. Baina esaten dut: Ez. Gizon da autoritatea. Autoritate irudi handi hori. Ez naiz gizon bertsolari guztiekin berdin sentitzen. Orokorrean, plazan hasi nintzenetik onartua eta babestua sentitu izan naiz. Bultzatzeko moduan batzuetan sentitu izan dut tratatu nautela aitakeriaz. Amorrazioa ematen didan zerbait da hierarkia. Eta horrekin lotuta dago... noren aprobazioa inporta zaidan. Eta ohartzen naiz gizonen aprobazioak inporta didala, puntako gizonen aprobazioak. Eta Maialenenak. Maialenen autoritatea gizonenaren gainetik dago niretzat. Gazteenak, neskenak... ohartzen naiz ez dudala onespen hori bilatzen, aldez aurretik baneuka bezala».

      «Badira plaza batzuk zorrotz fama dutenak: Aiakoa, Ereńotzukoa, Altzokoa... Plaza horietara bereziki joaten naiz aitorpen bila. Eta egia da aitorpen hori nahiko maskulinoa dela. Oro har, ondo funtzionatu izan dut plaza horietan, baina nolako amorrazioa eman zidan aurten Aian... Trabatu egin nintzen eta jendeak nirekin batera kantatu zuen. Sentitu nuen ai, gaixoa: lagunduko dizugu. Txalorik jo izan ez balidate baino askoz okerrago sentitu nintzen, berriro ere bertsolari kategoriatik neska kategoriara jaitsi izan banindute bezala. Txalorik jotzen ez badidate bertso batean, pentsatzen dut hurrengoan irabaziko ditut. Baina erruki moduko horrek, beraien laguntzaren behar sentsazio horrek... “Jendeak babestu zaitu” esan zidaten kideek, eta nik pentsatu, baina hori da arazoa, ez naute babestu behar, eskatu egin behar didate».

      «Txapelketak egiten gaitu autore».

      «Antolatzaileekiko harremana asko aldatzen da bertsokidearen arabera. Bestea bada autoritatea ni ez naiz existitzen. Bertsolari jakin bat datorkit burura. Anfitrioi rola hartzen du: bera joaten da galdezka antolatzaileengana, berak ezagutzen ditu normalean... Esperientzia kontua ere bada. Besteak ezagutzen duen esparru batera bazoaz, bestea da etxean dagoena eta zu gonbidatua zara, berak gidatzen du eta zu atzetik zoaz: harekin adosten da dena, harekin hitz egiten da, eta zu alboan zaude. Esperientziak eta generoak ematen duten autoritatea birbanatzeko ahalegin kontzienteak ere ikusi ditut zenbait bertsolariren partetik. Beńat Gaztelumendi datorkit burura. Antolatzaile batek hari galderaren bat egin eta “hori Oihanak erantzungo dizu” erantzun izan du. Sentitu dut ohartzen zela ematen ari zitzaizkion autoritateaz eta kontzienteki birbanatzen zuela. Bertsotik kanpo ere, Gaztelumendik eta biok Argentinara egin genuen bidaia batean etengabe egiten zuen ariketa hori: maparekin norbaiti zerbait galdetu eta berari esplikatzen hasten bazitzaizkion “te ha preguntado ella” esaten zuen. Iturriagarekin ere gertatu zait, sentitzea autoritatea eta ardura birbanatzeko ahalegina. Beste bertsolari batzuekin ez dut sentitzen. Antolatzaileak ere diferenteak dira: batzuek kontuan hartzen zaituzte eta beste batzuentzat akonpańantea zara. Beste batzuetan alderantziz da: nik Errezilgo elkartean kantatzeko autoritatea sentitu badut antolatzaileengatik izan da. Babesa ere izan daiteke, publikoa kontra daukazunean. Batzuetan ohartzen zara antolatzaileak zuri deitu dizula katarsi bat gerta dadin, bilatu egin duela diskurtso jakin bat, talka bat, publikoari modu jakin batean eragitea. Aldez aurretiko intentzio bat badagoela ohartzen zara. Errezilen emakumeak onartuta ez zeuden elkarte batean kantatu behar nuen, fisikoki sentitu nuen ukapena: sartu eta sozioen argazkiak zeuden horma batean, gizonak denak, eta pareko horman egutegi pornoak. Rol bereizketa bortitza zen. Eta antolatzaileak hori aldatu nahi zuten neskak ziren. Orduan esan nuen nirekiko: Ados, zuek borrokan ari bazarete hau eraldatzeko, nik espazioa hartuko dut eta esan egingo dut, bertsotarako deitu nauzue baina hau probokatzea ere bazen helburu bat. Geroztik hiru urtetan joan naiz eta aurten poz handia sentitu dut lehen aldiz emakumezko sozio bat dagoelako. Hori ez da nik kanta dezakedanagatik gertatuko, baina espazio banaketa zalantzan jartzeko tresna izan gaitezke kasu batzuetan».

      «Batzuetan sentitzen dut zilegitasun falta bat gai jakin batzuei buruz kantatzeko; adibidez, gatazkari buruz. Ni baino zaharragoa den jendearekin, gatazka hurbiletik bizi izan duenarekin, ez naiz autorizatuta sentitzen. Bizi izan ez ditudan egoerei buruz ahotsa altxatzea gogorra egiten zait, zilegitasun falta eta kezka puntu bat sortzen dizkit».

      «Eliteko bertsolariekin kantatu ostean, maiz, ez naiz sentitu nor saioaren inguruko irakurketa egiteko. Euren artean badute nirekin ez daukaten kode bat. Ez dut uste emakumea naizelako bakarrik denik, eurek esperientzia pilatua daukate, harremana daukate lehenagotik... Nire iritzia garbi eman dudanetan, gero gaizki sentitu naiz gardenegia izateagatik, ze, aipatutako euren kode horretan... uste dut diskretuak direla, ez dutela pentsatzen duten guztia esaten, eta sentitu izan dut kulpa gehiegi biluzteagatik».

 

      Nerea Ibarzabal:

      «Aurten inoiz lortu gabekoa lortu dut: bi urtez segidan bi plazatara itzultzea (nire herritik kanpo), ni izatea antolatzailearen kontaktu printzipala, eta bikotea, kantu-laguna aukeratzen niri uztea. Ez nago ohituta, Sebastian Lizaso sentitzen naiz, neuk ere neure burua ordezkagarritzat nuen».

      «Saioan BECeko pertsonak baldin badaude haien aitortzaren bila kantatzen dut publikoarentzat baino gehiago. Haien berba on batek urrea balio dit. Niretzat, presio sinbolikoa haiek dira eta sarea, berriz, gu, emakume bertsolariak eta gainerako eragile feminista bertsozaleak».

 

      Ane Labaka:

      «Eremu babestutzat ditudan arren beldur handiagoa diot eremu feminista batzuetako epaiari gizonengandik edo publiko orokorrarengandik letorkeenari baino. Niri gehiago inporta dit eremu horretako oniritziak eta estutu izan naiz. Amorrua ematen dit, askatu egin behar nukeelako, baina hanka puntetan kantatu izan dut autoritate feministen aurrean. Adibidez, Erradikalak gara Lasarten estreinatu genuenean erreferentzialtasun handia daukaten zenbait feminista ikusi nituen lehen lerroan eta txiki-txiki sentitu nintzen. Eta neurekiko esaten nuen: Ostras! Kristoren lanketa egin dut obra bat sortzeko eta orain dena zalantzan jartzen ari naiz... eta ez nago nire betiko lagunek pentsatuko dutenari begira, feminista horien aitortza nahi dut. Eta amaitu zenean ikaragarri gustatu zitzaiela esan zidatenean izugarrizko goraldia izan nuen, baina eta ez balitz hala izan? Zergatik jartzen dut halako karga haien epaian? Zergatik matxakatzen dut neure burua esanez normatiboki femeninoa naizela eta ume bat bakarrik falta zaidala pack-a osatzeko? Uste dut etxez aldatu naizela baina aitaren edo amaren aprobazioaren bila jarraitzen dudala: lehen, bertsolarien etxean elitekoen aprobazioa nahi nuen; orain ez zait haien aitortza hainbeste inporta beste teilatupe batean kokatu dudalako neure burua, baina etxe horretako autoritateen oniritzia bilatzen dut».

 

      Onintza Enbeita:

      «Gizonek autoritate gehiago dute eta errespetu handiagoa sortzen dute. 16 urte genituela hiru neska joan ginen herri txiki bateko plazara. Inork ez zigun kasurik egin. Tabernara joan ziren. Herri hartan urtero izaten ziren bertsolariak eta jendea urtero esertzen zen bertsolariei entzutera. Orduan ez nuen ulertu zer gertatu zen. Orain badakit neskak ginelako zela: gure gorputzak, gure presentziak ez zuen arretarik merezi, esateko geneukanak ez zuen garrantzirik, publikoak ez zuen sentitzen errespeturik zor zigunik, eta horiek bi lan dira: lehenengo, errespetua edo arreta irabaztea eta, gero, bertsotan hastea».

      «Bertsokideen aprobazioa da gehien inporta zaidana».

 

      Miren Amuriza:

      «Urte askoan ibili izan naiz gizonezko bertsolari, bertsozale, antolatzaile kanonikoen aprobazio intelektualaren bila eta lortu izan dudanean hazi egin izan naiz. Halere, gaur egun, ez dut uste beraien interesekoa naizenik eta puntu bateraino horretaz harro banago ere (diskurtso heteropatriarkaletik urruntzearekin lotzen baitut), egia da desinteres horrek eragin egiten didala batzuetan. Nahi baino gehiago ardura dit oraindik ere niri buruz pentsa lezaketenak; diferentzia da orain ez nituzkeela nire diskurtsoa edo jarrera moldatuko beren oniritzia lortzearren».

      «Berria-n zutabeak idazten aritu nintzen garaian niretzat garrantzitsuena sektore feministak OKa ematea zen. Gune feministetan kantatzen dudanean aurpegi ezagunak edo izen ezagun jakin batzuk han baldin badaude, urduritu egiten naiz».

 

      Oihana Bartra:

      «Bertsokideen aprobazioak eragiten dit gehien. Autoritate banaketan funtzionatzen duen mekanismo bat da kanoneko bertsolarien aprobazioa, beti dabil komentarioren bat haien ahotan: “Halako oso ondo dabil bertsotan; halako, jaitsi egin da”. Epaia egiten da eta epaia komunikatzen da. Ohartzen naiz bertsolari kanonikoekin kantatu behar dudanetan bereziki inporta zaidala saio ona egitea, haiek nitaz esango dutenaren beldur».