Poesia kaiera
Poesia kaiera
2001, poesia
64 orrialde
84-95511-27-4
Felipe Juaristi
1957, Azkoitia
 
 

Eraman nazazu zurekin Parisa bazoaz!

Entzuna daukat horko ibaia zeruaren ispilu bilakatu,

hausterre koloredun beste ibaiaz ahazten dela edonork begiratzean,

geranioak, maitemindu-irribarrean, hazten direla alboetan,

ur zikinak irristatzen dituela pentsamendu gaiztoak bezala.

Ez da ezer hiltzeko, elkar agurtzeko toki aproposa

aire zatiez clochardek eraikitako hiria.

Horien hilarrietan eite sereno-trajiko-neurtuaz

«La vie, l'espoir» idatziko dugu epitafio gisa.

Segidan Montparnasseko karriketan bilatuko ahazteko makina

(hor gorde omen zuen Boris Vianek)

memoria trono goria bait da,

eta oroipen hitza bera isiltasuna baino mingarriago.

Bilatuko ditugu zubipeetan gaztaro-imajinak,

gure takto-ahoek ezerezaz baino gehiagoz hitzegiten zutenetakoak.

Berraurkituko dugu galtzen ari garen hizkuntza samurra

eta durrunda egingo dute aspaldiko hitzek,

umezurtz-aienen moduan;

agertuko da mendi majikoa bezala

behin ezabatu genuen geometria.

(Bihozpera izango naiz orduan.

  Barruko sarraskiak ez du Sena gorrituko,

  nire ausentzia eramango herrestan).

Alkoholezko poema idatziko dugu Montmartren gora,

eta azkenean guri ez balegokigu bezala,

izarren heriotza, gure berpiztea ikusiko dugu

inguruetako edozein hoteletako gela konfortablean.

 

w1984