Poesia kaiera
Poesia kaiera
2001, poesia
64 orrialde
84-95511-25-8
Joxean Muņoz
1957, Donostia
 
 
Sarrera
Koldo Izagirre

 

Joxean Muñozen lana gure poesian egin den saiorik pertsonalenetakoa dugu. Parentesiak du izena urteetan liburu ahantzien artean egon den bere bilduma bakarrak, baina ez ordea aholkuz edo esplikazioz betea datorrelako. Muñozen parentesiak posibilitate berrien aukera dira, testuaren bestelako interpretazio baterako iradokizunak, ez autore orojakilearen deiak. Egilea parentesi artean kokatzen baldin bada, ez da oihalostetik dena kontrolatu nahi duelako, idatzi duenari bizi autonomoa sortu zaiolako baizik. Begiramen handia dio poesiari, bitartekaritza baino ez du egin nahi. Beharrik, idatziak irakurlea behar baitu, aktore bilakatzen gaitu egileak, solasaren jabe izendatzen gaitu, guri uzten digu jokalekua, guk osatu beharko dugu sintaxi apurtua. Parentesiak zalantza ere adierazten baitu, liburuko poema ez da poema nagusiago baten zati edo aldaera besterik, deus ez da betirako, behin eta berriz zuzentzen den hiperpoema baten adarrak baino ez dakarzkigu poetak. Bere iritzia poemaren gorputzetik kanpo utzi nahi den ñabardura da, baina badaezpada ematen zaiguna, barne-borroka baten adierazle, poetaren ahuldadearen eta irakurlearekiko errespetuaren arteko tenkadura bat. Teknikaz haratagoko hautua da, izan ere, Muñozena, jarrera per tsonal bat idaztearen aurrean: poesia hor dago, ni ez nauzue ezinbesteko. Eta hainbesteraino da bortitza jardun mehe hori, non zenbaitetan irudi lukeen parentesi arteko hitz bakanetan gatzatu dela poesia, «baina» batean, puntu jarraietan edo hutsarte hutsean. Muñozen oreka kenduz osatu den horietakoa da.

        Badu poesia honek experimentaletik, ez ordea errazkeriatik edo espantutik. Testuaren konposizio grafikoak ez du ia garrantzirik hemen, eskaintzen zaizkigun elementuen hautaketa arduratuan oinarritzen da Muñozen ausardia estetikoa. Bere kollageak ez dira kaligramak, errealitatearen uneak baizik. Garrantzi handia du beraz poesia honetan ikuspuntuak. Irakurketa interpretatibo batera behartzen gaitu autoreak, baina ez irudien ilunean edo gakoen zailean zorabiatu nahi gintuzkeelako, Muñozen poesia ezin gardenagoa da proposamen plastikoetan, hautu zehatz baina nahitara eztabaidagarri baten emaitza denez. Horrela, ikuspuntua aldatu egiten da poema barruan. Honek, jakina, konplexutasuna dakar, itxuraz hotza den eraikuntzaren oinarrian autorearen ni problematikoa baitago, subjetibotasun aberatsean. Urrun gaude, beraz, pose estetikotik, enbarazu egiten diotelako hitzek Muñozi da Muñozen poemagintza hain berea. Eta horregatik poesiaren paradoxa! lortzen du hitzez baino ezin adieraz zitekeen edertasun mika tza, abanguarda diskretu eta imitagaitzean. Egilea ohar bat da poeman, eta poema munduari (maitasunari) egiten zaion (orri-oineko) oharra da.

 

 

Joxean Muñoz (Donostia, 1957), lizentziatua da Arte Garaikidearen Historian. Bizibidez gidoilari eta zinemagile, artikulugintzagatik da ezagunago sekulan utzi ez duen marrazki eta irudigintzagatik baino.