Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-19-3
Rikardo Arregi
1958, Gasteiz
 
 
Sarrera
Koldo Izagirre

 

Ez omen da deus berririk hodeipean, dena esana omen dago aspaldi... Ezer baldin bada zaharrik, idaztea berridaztea delako horixe dugu. Gaitz bat da, irakurketen betetasuna. Eta euskal idazlea, multzo gisa, atzo hasia da irakurtzen. Gose atzeratuak kalte egin diezaguke, badago munduko literaturan non okitu. Ulergarria da dena esana —idatzia— dagoela uste duenaren hasperena, nagusikeriazko posea ez baldin bada behintzat. Ulergarria da, hein batean egia ere badelako. «Ezer berririk ez dago» esaten digu Rikardo Arregi Diaz de Heredia poetak, «baina kristalaren bestaldean ikusiriko itsaso eta zerua / ez dira engoitik berdinak». Oreka ezin zailago horretan moldatzen du Arregik bere poesigintza: kultua erreferentziaz baina ez akademiko, inguruaz arduratuagatik kosmopolita, ondare unibertsaleko mitoak eta pertsonaiak bertakotasun batera ekarrita. Inon diren edertasunen miresle, «baina» hark bideratzen du idaztera, badakielako «hiri berrien promesa» ez dela kimera bat, beharrezko utopia baizik. Horrek ematen dio oroitzapena etorkizunetik datorrela baieztatzeko kuraia. Horregatik gainditzen du kultismoa, horregatik ez da apaingarri hutsa ageri duen dotorezia. Bere aipu ugariak ez dira sortzaile handiek daukaten elementu arrotzen asimilatzeko ahalmena besterik, Parthenon beldurgarria Altubeko lainoak biltzen du, Sarajevoko muinoek inguratzen dute bere Gasteiz, Nevski hiribideko eliza batetik irteten ikusten dugu poeta, Ponpeian amaitzen du Zapateria kaletik barrena. Hori, besteak beste, zeharbidez eta berak duen manera finean, gure historiaren zekena kritikatzeko modua da.

      Brecht-ek antzerkirako gomendatzen zuen urruntasun efektuaren antzekoa lortzen du Arregik poemen geografia urrunean edo iraganean kokatzen duelarik. Irakurleak eszenario batean ikusten du poema, eta irakurtzen duena kronika objektibo bat dela uste du. Gero hasiko da kodeak interpretatzen, exotismoaren lilura pasatakoan. Eta orduan gure historia garaikideaz eginen du gogoeta, edo maitamalura dastatuko du. Bestek eta aspaldi «idatzi izan balitu bezala» idatzi izan ditu maiz bereak Arregik, maisua da teknika horretan.

      Obra laburreko poeta dugun arren, Rikardo Arregik larderia handiz eraiki du kanon propio bat. Bere bigarren liburuan ni pertsonalak presentzia handia hartu du, eta gure egunerokoaren detaile arruntak txertatzen dizkio mundu mitikoari, indar handiko kontrastetan; lehen zurrunagoa zuen lirismoan lerratu da zoragarri eta areagotu egin du aurreko poesietako elementu dramatikoa, egituraz zein hunkitzeko ahalmenaz aberastuz doan poemategi-kartografian: mitoaren eta errealitatearen errepresentazio bat, deskubritzen dituen kostalde berrien berri, mundu osoago bat poetak, aitzindari gisa, guztiontzat eraikitzen duena.

Rikardo Arregi Diaz de Heredia (Gasteiz, 1958) psikologo eta filologoa da. Irakaskuntzan egin du lan, baina gaur egun sindikalgintzan dihardu. Hainbat artikulu argitaratu ditu prentsan.