Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-12-6
Juan Mari Lekuona
1927, Oiartzun
2005, Donostia
 
 
Sarrera
Koldo Izagirre

 

Juan Mari Lekuonaren bigarren poema liburuari eginiko hitzaurrean, gizakiak inguruarekin dituen harreman bihurrien muin dramatikotik sortutako azterketa dardartsu eta probisionala baizik ez dela poesia, dio Xabier Letek. Definizio hori betean dagokio Lekuonaren lanari, eta irudi luke liburu hark berak sorrarazia dela, poeta honek azalaz barnagokoa kantatu izan duelako beti, eta bere obraren lehen zatia ia mende erdiko euskal poesiaren erakusgarri delako. Urrats askoren bilduma zen, izan ere, Muga beroak hura: lizardismoan hasitakoak sozial-errealismoaren eragina ukan zuen, existentzialismoak kutsatu zigun gero... baina ez ziren, haatik, noraezean eginiko ibiliak. Sortzaile kontentagaitza estiloan, Lekuonak aitortua du ez dela idazteari lotzen «luma berritu zaiola nabaritzen ez duen bitartean». Egia da, testua obra estetiko konplitua bezala aurkeztu izan digu beti. Bere poemak, eta baita liburuak ere, sistema koherenteak dira, perfekzio batean eskaintzen zaizkigu. Horregatik ez da Juan Mari Lekuona epigono izan inoiz, ibili den eremuetan. Edonoizko fasetakoak direla, inkonfundibleak ez ezik balio absolutuko poemak ditugu bereak.

      Estrofatik bertso librera egin zuenean mantendu egin zuen aldizkako errima bat, eragin handia zeukana hala erritmoan nola tonuan, sententzia biribiltzeko; baina geroago poema-multzoen errematerako kopletan eta zirkunstantziazko bertsoetan baino ez zuen erabili (Liburuen karroxa). Detaile honek badu muntarik, ene ustez, poetaren nortasuna eta obra bere osoan ulertzeko. Puntua estrofa klasikoetara ekarrita herri poesiaren baliabideak eta haren zama ironikoa erabiltzeko duen trebetasuna nabarmendu zen; bestetik, bertso librea puntuaz biluzita bere poemak kontzeptualki guztiz zehatzak bilakatu ziren, eta hau salbuespena da lirikan.

      Juan Mari Lekuona modernoena abiatu zuen Ilargiaren eskolan liburuan lehenengoz aztertu zen gurean errealitatea hausnarketa estetiko gisa. Errealitatea, gainera, emakumearen gorputzak ordezkatzen du: behakoaren zorrotza irudi surrealistek gozatzen dute, eta poetak beti zaindu duen esanaren dotoreziak areagotu besterik egiten ez duen sentsualismo batek darama gogoeta. Berebiziko saio honen jarraipen osatuagoa suposatu du Mimodramak eta ikonoak bildumak. Poetak seina poemako sei ataletan taxutzen du gure oroimen mitikoa introspekzio baten antza duen antropologia poetiko bat egiteko, zientifismoak eragozten ez duen telurikotasunez. Bere aurreko obran bezala, honetan ere karrankarik gabe dakartza berrikuntzak, iraintzen ez gaituen kultismoa baliatzen du, gaiak eskatzen duen formalismoa da berea. Klasikoen oreka ageri du beti Juan Mari Lekuonak.

Juan Mari Lekuona (Oiartzun, 1927) apaiza da, eta hirurogeiko hamarkadan idazle belaunaldi oso bat sustatu eta bideratu zuen apaiztegian irakasle zegoelarik. Ardura bereziz ikertu du ahozko literatura (Ahozko euskal literatura, Oiartzungo kantutegia: bertako herri memoriatik). Aldizkarietan sakabanatuak zeuzkan hainbat artikulu garrantzitsu bildu ditu Ikaskuntzak euskal literaturaz (1974-1996) liburuan.