99 pauso ganorabakoen aldamenean
99 pauso ganorabakoen aldamenean
Peru Calabaza Saban
Azaleko irudia: Juncal Altzugarai
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
90 orrialde
978-84-17051-76-1
Peru Calabaza Saban
1973, Iruñea
 
 

 

Sar hitza

ehaze

 

      Paperezko edizioak ezagutu ez dituen ibilbide luzeko idazle ugari dago euskal antzerkigintzan. Haien artean dugu Peru Calabaza Saban eta, oro har, testuz beteta dauden tiraderen lekuko da 99 pauso ganorabakoen aldamenean.

      Peru C. Saban izena aspalditik egiten ahal zaio ezagun antzerkizaleari. Antzerkiola Imaginarioaren behinolako jarraitzaileek 8 Olivetti poetiko bezalako lehen obrei loturik topatuko zuten, Mina Espaziotik gertu. Haien ostean, Pikor teatro taldearen eskutik taularatu zituen, besteak beste, hainbat lan. Azkenaldian jolasari loturiko tailerretan espezializatzen ibili bada ere, berriki Udalbiltzaren “Geuretik sortuak” proiektuan idazle gisa aukeratua izan dela jakin dugu. Esku artean dugun testuaren bizitza, berriz, ezohikoa (edo kontrara, antzerkigintzan oso ohikoa) dugu: dossier baten itxura hartuta hainbat ate jo bazituen ere, tiradera batean sartuta eman ditu urte asko. Egileari dagokionez, garai oso oparo baten isla izan daiteke. Orduko ahotsaren arrastoa topatu daiteke beste liburu batean, L’Alakran talde ezagunarekin jardun baitzuen Optimistic vs pessimistic antzezlan probokatzailean lanean: gaztelaniaz eta frantsesez, Librería Albatros argitaletxeak plazaratu zuen 2019an.

      99 pauso ganorabakoen aldamenean lanak, tiraderan egonagatik, ez du galdu gaurkotasunik. Ez, behintzat, estetikari eta formari dagokienean. Izan ere, testuak bete-betean kokatu baikenezake xx. mendean garatzen joan den teatro postdramatikoa deiturikoaren (ustezko) ezaugarriekin: izaera zatikatua, absurdoaren eragina, poesiarekiko lotura formala... gorputzetan pentsatutako idazkera da bertakoa, literatur testu itxi bat osatzea baino gehiago lanerako material batzuk eskaintzea xede duena. Hitzak, irudiak eta gorputzak; haria (egonez gero) interpreteek jarriko dute.

      Horregatik guztiagatik, pozik gaude Peru Calabaza Sabanen ahots teatrala euskal letretara ekartzeaz eta irakurleari euskal teatrogintza garaikidearen aniztasuna erakutsi ahal izateaz.