39 lore
39 lore
Amancay Gaztaņaga
Azaleko irudia eta barruko ilustrazioak: Arrate Rodriguez Martin
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
146 orrialde
978-84-17051-75-4
Amancay Gaztaņaga
1980, Guayaquil
 
 

 

. Bat

 

(Ilunabarra, publikoak eszenatokia inguratzen du. Agertokian bi emakume korrika. Ihesaldi bortitzean. Bi tximeleta dirudite paperezko lanpara baten barruan.)

 

a: Korrika goaz, korrika goaz baso bat zeharkatzen dugun bitartean. Korrika goaz. Korrika zoaz eta ni zure atzetik noa korrika. Beraz zu zoaz korrika eta ni atzetik doan zerbait naiz. Zure estelaren atzetik. Korrika zoaz goaz eta ez dugu gure arrastoa tapatzen. Beraz traketsak bihurtu gara. Beraz edozein momentutan topa gaitzakete. Badakit. Baina zure atzetik noa eta zuk ere badakizu baina zu korrika zoaz. Korrika zoaz bere besoetara korrika bere beso hutsetara korrika bere atrezzoko besoetara korrika kartoizko beso horietan babestera erortzera. Korrika doazen bi emakume gara basoan, gauean. Zu korrika zoaz ezin duzulako irudikatu zure burua korrika egin gabe bere besoetan erori gabe eta ni korrika noa zure atzetik zure atzetik zure atzetik.

 

mia: Korrika goaz, korrika goaz baso bat zeharkatzen dugun bitartean. Korrika goaz. Korrika noa eta zu nire atzetik zatoz korrika. Beraz ni korrika noa eta zu atzetik zatozen zerbait zara. Nire estelaren atzetik. Korrika noa goaz eta ez dugu gure arrastoa tapatzen. Beraz traketsak bihurtu gara. Beraz edozein momentutan topatu gaitzakete. Badakit. Baina ni korrika noa eta zuk ere badakizu baina korrika zatoz. Korrika noa bere beso hutsetara korrika bere atrezzozko besoetara korrika kartoizko beso horietan babestera erortzera. Korrika doazen bi emakume gara basoan, gauean. Ni korrika noa ezin dudalako irudikatu neure burua korrika egin gabe bere besoetan erori gabe eta zu korrika zatoz nire atzetik nire atzetik nire atzetik.

 

a: Zu geratzea gustatuko litzaidake. Zu seko geratzea. Geratu zaitez geratu zaitez geratu zaitez geratu zaitez geratzeko geratu. Ez dakit ze indarrek bultzatzen zaituen ez geratzera. Ez dakit ez dut ulertzen ulertzen dut baina ez dut ulertu nahi. Soka. Soka da. Gerriari lotua duzun soka ikusezin bezain erreala. Eta korrika zoaz. Berriz. Beti. Korrika zoaz. Berriz. Beti. Eta ni zure atzetik.

 

mia: Hemen geratzea gustatuko litzaidake. Seko geratzea. Oinak geratu entzun geratzeko esan dizuet hemen geratu geratu zaitezte esan diet geratzeko esan diet esan baina korrika noa. Soka. Soka da. Tiraka dudan soka hau ikusezin bezain erreala. Nor jarri dit nork nik? Neure buruari jarri ote diot? Ez dut uste soka soka soka gorroto zaitut hemen geratu nahi nuke seko baina korrika noa berriz. Beti. Baina korrika noa. Berriz. Beti. Eta zu nire atzetik.

 

a / mia: Bi soka. Bi soka. Bi soka. Bi soka basoan. Bi soka. Bat zuretzat. Bestea niretzat. Bi soka. Bi soka. Bi soka. Lotu. Lotzen zara. Lotzen nauzu. Lotu gintuzten noiz ez dakit. Lotua nintzen jaio nintzenean. Nork ez dakit. Lotua nintzen ordea. Bi soka. Bi soka basoan. Bi soka korrika basoan. Sokek ez dute korrika egiten. Baina bi soka gara. Orduan bai. Korrika egiten dugun bi soka gara. Bi emakume soka. Bi soka dituzten bi emakume korrikalari.

 

a: Zu geratzea gustatuko litzaidake. Zu seko geratzea. Baina korrika zoaz. Berriz. Beti. Baina korrika zoaz. Berriz. Beti. Eta ni zure atzetik.

 

mia: Hemen geratzea gustatuko litzaidake. Seko geratzea. Baina korrika noa. Berriz. Beti. Baina korrika noa. Berriz. Beti. Eta zu nire atzetik.

 

(Iluna. Amaiera.)