39 lore
39 lore
Amancay Gaztaņaga
Azaleko irudia eta barruko ilustrazioak: Arrate Rodriguez Martin
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
146 orrialde
978-84-17051-75-4
Amancay Gaztaņaga
1980, Guayaquil
 
 

 

. Zortzi

 

 

(Hiria.

Agertokian hiru pertsonaiaren silueta: erroma, Nausika eta simone.)

 

baba / ama: Umea jada ez bada ume bat eta hirira sartu behar badu

      hau da umea ez den umeak

      jakin behar duena:

 

      Orain,

      munstroa

      bakarrik dabil.

 

(Erromak Nausika eskutik hartzen du.)

 

erroma: Garai zailek dantza amorratuak eskatzen dituzte. Zatoz!

 

(Bi emakumeak zutik jartzen dira.)

 

nausika: Eta bera? (Simoneri begira)

 

(Simonek lurrean etzanda jarraitzen du. Erromak Nausikari zerbait esaten dio belarrira. Eskutik tira eta zutik jartzen du. Korrika doaz.)

 

erroma: Zatoz! Jainko berriaren sorrera galduko dugu!

 

(Hiria kaosa da. Kea da. Burrunba da. Bateriaren erritmo eroa da emakume bakoitzaren gorputzetan. Hauspo bat. Baporezko barku baten bodega da. Joan-etorria, gona dantza. Hiria lana da. Emakumeen lana. Plataforma erraldoi batek hartu du eszenaren erdigunea. Metala eta kristala. Altura ezberdinetan, emakumeak, asko, milaka, ehunka, hara eta hona dabiltza mugimendu bizian. Estruktura metaliko zirkularra beraiekin batera mugitzen da, joan-etorri nekaezinean. Infinitua. Nausikak eta Erromak aurrera egiten dute. Nausika trakets, lanean diharduten emakumeekin estropezuka dabil.)

 

—kendu paretik!

—utzi pasoa utzi pasoa

—azkar honek erre egiten du

—traban zaude

—kendu

—kontuz!

—heldu honi

—eman

—utzi pasoa utzi pasoa

 

(Nausikak begiradarekin guztia irentsi nahi du. Dantza dela dirudi emakumeena, baina lana da. Infinitua. Nekaezina.)

 

erroma: Itxaron hemen.

 

(Erromak eskailera batzuk igotzen ditu, goian beste bi emakumerekin hizketan geratzen da. Hiria den mugimendu kaotiko horren barruan, Nausikak izkina batean dauden pertsonaiei erreparatzen die. Zaharrak dira oso, azal beltzarana zimurrez betea dute. Barrez, aulki jokoa dirudien zerbaitean dabiltza. Nausika jolasa hobeto ikusteko gerturatzen da. Batek fardela kentzen dio besteari, bigarrenak ipurdia garbitu eta azkenak gonazpikoa jantzi. Fardela kendu, ipurdia garbitu, gonazpikoa jantzi, fardela kendu… Pozik errepikatzen dute infinituraino akzioa, bata bestearen zimurretan barrena, gorputzaren tolesturetan galduta. Eszenari fardel usaina dario. Ez umeen fardelena, zahartzaroko fardel usaina baizik. Nausika gerturatu eta haien begiei erreparatu die. Ninia behar lukeen tokian, zulo bat besterik ez da ageri. rosalindak, rabuk eta mirenek airea usaintzen dute. Beraien dantza eroa bat-batean geratu eta Nausikarengana inguratzen dira.)

 

rosalinda (airea usainduz): Danbor hotsa dut entzun.

 

rabu (airea usainduz): Bera ote?

 

miren: Non duzu baloia?

 

nausika: Zer?

 

rabu: Eskuak hartuta, ahizpa sorginak, itsasoko eta lurreko mezulari garenok, bira dezagun bira, hirurok batera.

 

miren: Isilik, sorginkeria amaitu da eta.

 

rosalinda: Ez duzu ezer galdu, ume?

 

(Nausika erantzutear da, Erromak eskutik heldu eta berriz ere hiriko kaleetan barrena galtzen dira. Atzean uzten dute fardel usaina.)

 

nausika: Nortzuk ziren horiek?

 

erroma: Hiru ero. Begira!

 

(Erromak Nausikari hondartzarako hozkailu txiki laranja bat erakusten dio.)

 

erroma: Lortu dut!

 

nausika: Zer da hori?

 

erroma (begi bat kliskatzen du): Paradisura iristeko pasea… Kontuz goian!

 

(Nausikak burua makurtzen du. Garabi handi bat pasatzen da beraien gainetik, ohe bat darama, ohean etzanda emakume erraldoi bat. Haragia eta gantza. Handia, handiegia, ohearen ertzetatik barreiatuko dela dirudi. Kantuan dabil. Ondoan beste emakume bat, ohera igota, txikia da, oso, oinetan masajeak ematen dizkio lehenengoari. Ohea badoa hegan. Hiriaren mugimendu etengabeak jarraitzen du. Etengabe lanean diharduten emakumeen gona dantza Nausika eta Erromaren inguruan.)

 

nausika: Nor zen hori?

 

(Emakumeek jarduna gelditu gabe erantzuten diote.)

 

—nor zen galdetzen du

—neska

—nola ez duzu jakingo nor den

—Paitxa Baltza

—Paitxa Baltza, neska!

 

erroma: Benetan galdu duzu burua, e! Ez zara ezertaz oroitzen?

 

(Nausikak ezetz buruarekin, Erromari begiratzen dio. Erroma ederra da, zuria, luzea, hauskorra dirudi. Antigoaleko gaitz batek jo izan balu bezala mugitzen da. Poesia. Erromak irribarre bat itzultzen dio Nausikari.)

 

erroma: Lasai, festan, abesten entzuten duzunean berehala oroituko zara. Ez dago Paitxa Baltza bezalakorik.

 

—zoragarria da

—bere ahotsa

—ederra

 

erroma: Brutala da! Horrek sendatuko zaitu!

 

—zuek neskak

—mugitu azkar

—ez duzue ezer egiteko edo?

 

(Hainbat emakume gurutzatzen dira bi neskekin; hauek aurrera jarraitzen dute beraien bidaian.)

 

nausika: Oso lanpetuta dirudite…

 

erroma: Gaur egun handia delako.

 

nausika: Arraro sentitzen naiz…. Zerbait garrantzitsua ahaztu izan banu bezala....

 

erroma: Gaur garrantzitsuena, bera da!

 

—Akiles

—Akiles handia

—Akiles ederra

—Akiles justua

—Akiles enpotradorea

—Akiles…

 

nausika: Akiles… ez dut gogoratzen...

 

erroma: Lasai… oraintxe ikusiko duzu...

 

nausika: Nor?

 

erroma: Akiles! (Ahopeka, hozkailu laranja erakutsiz) Goazen!

 

—nora zoazte horren azkar

—kontuz neskak!

—lanean egon beharko zenukete