39 lore
39 lore
Amancay Gaztañaga
Azaleko irudia eta barruko ilustrazioak: Arrate Rodriguez Martin
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
146 orrialde
978-84-17051-75-4
Amancay Gaztañaga
1980, Guayaquil
 
 

 

. Sei

 

(Deserria.

Espazioan mahai handi bat, egurrezko sendo horietakoa.)

 

—eta orduan esan zion

—zer

—zer?

—esan zion

venga esan

—baina zer

—ba esan ziona

—ba esan zion

—zeeer

—ene ahaztu egin zait

—beti berdin ez duzu bat bera ere amaitzen

—nahita egiten du nahita

—nik?

—bai zuk zuk nork bestela

—hemen zu eta ni bakarrik gaude

—gehiago ginela uste nuen

—ez bi gara

—hiru gara

—bai baina zure iritziak ez du ezer balio

—egia

—azkenengoz gertatu zena eta gero

—beti berdinarekin zaudete

—ba bai

—ahaztuko duzue noizbait

—ba ez

—gogoratu dut gogoratu beharrekoa

—zer da

 

irene: Gabon!

 

—gabon!

—gabon

—gabon baita zeuri ere

—zein da hori?

 

nausika: Gabon…

 

irene: Deserrira etorri nahian topatu dut.

 

nausika: Hau da deserria?

 

—ez zuen horrelakoa izatea espero

—ez, dezepzionatua dirudi

—bai

 

nausika: Ez, ez… ez da hori….

 

irene: Hirira iritsi nahi du.

 

—hirira

—hirira…

—zertarako?

—hori zertarako?

—zer da hori?

 

nausika: Hau? Baloi bat.

 

—ez dut sekula ikusi

—ez

—ez, xelebrea zara, zer daramazu jantzita?

 

nausika: Arropa…

 

—arropa arraroa da

—xelebrea

—bulioa oso arraroa da

—baloia

—ba hori

—gaizki esan duzu

—ez

—bai

—ez

—beti esaten duzu dena gaizki

—gogoratu azkenengoz gertatu zena

—bere errua izan zen, ez nirea

—baina hona ekarri gintuen

—ez duzu inoiz ahaztuko kontu txatxu hori

 

irene: Zerbait jan nahi duzu?

 

(Mahaia ontziteria ederrez hornitua, jaki ugariek gainezka egiten dute. Gehiegikeria horren inguruan hiru emakume. Berrogeitaka urte dituzte. ahizpak. Ondo jantziak. Elegante. Ahizpetako baten burua sugez beteta dago. Bizirik daude. Pamela dantzari koloretsua bailiran, txistuka dabiltza sugeak. Ahizpak tartean behin bizkotxo zati bat ematen die. Hiru emakumeak mahaiari lotuak daude kate batzuekin. Beraien ondoan harrizkoak diren pertsonaiak, estatuak, batzuk lurrean botata, besteak eserita, jaten egongo balira bezala. Irenek estatua bati bultza egin dio, aulkitik behera bota eta bera igotzen da aulki gainera. Sokaren punta, goian dagoen lanpara handian lotu du Irenek. Bizkotxo zati bat eta te bat hartu eta aulkia bultzatu du. Lepotik zintzilik geratzen da, eroso, bizkotxoa eta tea hartzen dituen bitartean.)

 

irene: Eseri lasai. Hor tokia duzu.

 

nausika: Ez, eskerrik asko. Barkatu baina ezin naiz hemen luzez egon. Hirira iritsi behar dut argia egin baino lehen.

 

irene: Iritsiko zara, lasai, bertan dago.

 

(Eszenaren beste aldean hiria agertzen da. Metala, kristala eta kea.)

 

nausika: Bertan dago…

 

—bertan dagoela ematen du

—baina ez dago bertan

—hori da deserrian egoteak dakarrena

—dena bertan dagoenaren sentsazioa

—baina bertan ez dago ezer

—ez oso urruti dago dena

—baina aldi berean bertan dago

—ba bertan badago zergatik ez zoaz bertara, e! qué lista

 

nausika: Agian kateengatik da… ezin zaretela joan.

 

—kateengatik

—kateengatik dio

—xelebrea da neska hau

—ze kate?

 

(Mahaiari lotuta mantentzen zituzten kateak askatzen dituzte. Sugeek txistu. Ahizpetako batek taza loredun bat sugeengana inguratu eta hauek bertatik edaten dute gogotsu.)

 

—ez ez da kateengatik

—horregatik izango balitz

—erraza

—bai baina ez da horregatik

—ez

—ez

—zu ixo

—eta zuk kontrolatu zure sugeak gogoratu azkenengoz zer gertatu zen

—beti kontu txatxu horrekin

 

irene: Seguru ez duzula ezer jan nahi?

 

nausika: Ez… berandu nabil.

 

(Nausika mugitzen hasi da. Hiria dagoen aldera mugitzen. Oinak lurrari itsatsiak. Indarrez askatzen saiatzen da.)

 

nausika: Ezin naiz. Ezin naiz mugitu.

 

—normala

—normala

—normala izaten da

 

irene: Sugeengatik da. Badakizu zer gertatzen den txoriak sugeari begiratzen dionean?

 

—hori Atxagarena da ez?

—zeinena?

—zu ixo

 

irene: Txoriak sugeari begiratzen dionean, hau harrizko bihurtzen da. Geldi geldirik. Kieto. Segituan pasako zaizu beldurra. Lasai, gero ondo egongo zara, ez duzu ezer sentituko. Maravilla.

 

(Nausika aulkian urduri mugitzen da, geroz eta itsatsiago, eskuekin aulkiaren bi aldeak heldu eta ipurdia altxatzen saiatzen da.)

 

nausika: Baina hori ezin da nola ezinezkoa da nik ezin dut harrizko izan nik sentitu nahi dut ezin dut harrizkoa izan ezin dut hirira iritsi behar dut eta A topatu eta bueltan ekarri. Amak esan dit eta Babak esan dit eta nik horrela egingo nuela agindu diet.

 

—kontxo A

—kontxo kontxo

—atzo gauean pasa zen

—lagunarekin pasa zen

—presaka ziren

—korrika

—presa handia zuten bai

—kontxo kontxo

—orduan nor zaitugu zu

—zu

 

irene: Ez du arrastorik uzten.

 

—kontxo kontxo kontxo

—bale ja neska

harri garria egin zait ulertzen harrigarria harri garria harrigarria

—zer zara orain komikoa?

—ez

—orduan ixo

 

(Sugeek txistu.)

 

—aizu neska xelebre kontatu diguzun guzti hori oso aspergarria da

—bai

—ezin zaitugu horregatik bakarrik joaten utzi

—ez

—ez

—nor uste duzu garela?

—erreputazio bat dugu

—bai

 

(Sugeek bizkotxoa jaten dute.)

 

—niri gustatzen zait neska xelebre hau

—baita niri ere

—lagundu nahi nioke

—baina gogoratu nor garen

—ezin dugu horrela joaten utzi sin más

—mesedez ze esango du jendeak gutaz

qué desastre

 

irene: Ez dago hirian egin nahi duzun beste ezer? Amak eta Baba horrek esandakoa bakarrik? Familiako mandatua, betebeharra, klana, arbasoen esana…

 

—aspergarria

—oso

—uste dut gogoratu dudala esan behar nizuen hori

—a, bai?

—zer da

 

nausika: Maradona ezagutu nahi dut.

 

—zer esan du?

—madalena bat ezagutu nahi duela

—Maradona

—Maradona zer da hori?

 

nausika: Jainko bat. El más humano de los dioses.

 

—kontxo

—kontxo, kontxo

 

(Sugeek tea edaten dute.)

 

—aspergarria

—oso

—ez digu balio

—ez

—hiria jainkoz beteta dago

 

nausika: A… bai?

 

irene: Bai, neska…

 

(Nausikak ez du bere gorputza sentitzen. Bularra bakarrik mugitu dezake. Hauspo baten moduan, arnasa hartu eta bota dabil.)

 

nausika: Lagundu! Nire laguna A topatu behar dut. Hirira joan behar dut! A eta Mia topatu behar ditut. Lagundu egin behar didazu.

 

irene: Nik? Zergatik lagundu beharko nizuke, zergatik eman beharko nizuke zuri besteei eman ez diedan aukera bat.

 

—hori

—bai ezin ditugu hemendik pasatzen diren guztiak salbatu

—ez

 

nausika: Baina A hemendik pasa zen, hori esan duzue. Pasatzen utzi zenioten!

 

—bera hemengoa eta hangoa delako

—neska hau oso xelebrea da

 

nausika (Ireneri): Lagundu!

 

irene: Esan, zergatik aukeratu beharko zintuzket zu, beste guztien gainetik.

 

—esan

—bai

 

(Sugeek txistu. Nausikak lepoa gora ateratzen du. Ez itotzeko egiten duzunean bezala. Urak ia harrapatu zaituenean.)

 

nausika: Zu ni zarelako! Eta ni aukeratzean zure burua aukeratzen ari zarelako!

 

—arraroa

—bitxia

—uste dut ez dudala ulertu

—normala

—zuk ez duzu inoiz ezer ulertzen

—bai ulertzen dut

—zu beti berdin

—gutxietsi egiten nauzu

—normala

 

irene: Ixo! Azal iezadazu, nola izan ninteke ni, zu.

 

nausika: Ezagutzen duzu oreinaren eta lehoiaren istorioa?

 

—oreina eta lehoia

—hori norena da?

—estreinatu den zerbait?

—diru laguntzarik jaso zuen?

no me suena oreina eta lehoia

 

nausika: Jazintak kontatu zidan.

 

—Jazinta

—emakume bat?

—emakume baten istorioa

—bitxia

—berak asmatua?

—bitxia

—oso bitxia

 

irene: Emakume batek asmatua…. hori ezinezkoa da...

 

nausika (arnasa hartu ahal izateko borrokan): Jazintak kontatu dit, Jazintak gauza asko kontatzen dizkit. Istorio asko asmatzen ditu baina nik ezin dizkiot inori kontatu, sekretuak dira.

 

—maite ditugu sekretuak

—bai

—ilunak dira

—bai

—bai

—sekretuek ez dute inoiz gauza onik ekartzen

—eta maite dugu hori

—bai

—hori

 

nausika: Askatzen banauzue…. kontatuko… dizuet… oreinaren istorioa.

 

—nik jakin nahi dut

—askatu dezagun

—egin dezakegu hori?

—ez dakit zure sugeak dira

—patua patua da

—alda daiteke

—zuk zer diozu?

 

irene: (mihia kliskatzen du)

 

—beti berdin

—hori zer da bai edo ez

—bai esan du

—edo ez

—agian biak dira

—bai eta ez

—hori ezinezkoa da kontraesana litzateke

—zu bai zarela kontraesana

—beti berdin

—zu ixo

—hona ekarri gintuzun eta

—zu eta zure suge txatxu horiek

—neska bitxi kontatu iezaguzu Jazintaren istorioa

 

(Nausikari begiratzen diote, hau geldirik, harrizko.)

 

irene: Berandu.

 

(Laurek isilik tea zurrupatzen dute. Sugeek txistu. Laurek isilik bizkotxoa jaten dute. Sugeek txistu. Laurak isilik.)

 

—pena

—gustuko nuen neska xelebrea

—jada ez du madalena ezagutuko

—bai

—begira bere bulioa hor bakarrik

—pena ematen dit

—baloia

—hori

—gaizki esan duzu

—ez

—beti esaten duzu dena gaizki

—zu ixo

—zure suge horiengatik ez balitz

—beti berdin

 

irene: Zu ni zarelako… zer esan nahi ote zuen?

 

—eta askatzen badugu?

 

irene: Posible da?

 

—ez dakit

—agian…

 

(Sugeek txistu.)

 

—agian

—agian

 

irene: Oso isilik zaude.

 

—agian...

 

(Ahizpak mugimendu azkar bat egiten du. Sugeak buruan dantzan dabiltza, mahai gainetik, Nausika dagoen mahaira gerturatuz. Nausika harrizkoa da orain. Ahizpak txistu egiten du, suge turkesa bat bere lepotik behera irristan dator, besoa zeharkatu eta aurrez aurre jartzen da Nausikarekin. Sugeak txistu, mihia ateratzen du, Ahizpak txistu egin eta sugeak ahoa ireki du, bi hortzak Nausikaren bihotzean sartzen dira, haragizkoa zen baina orain harrizko den gorputz horretan barrena. Momentuan Nausikak arnasa sakon hartzen du. Gorputza bizirik. Sugea zintzilik du bularrean, hortzak bihotzean. Ahizpak txistu eta sugea berriz dator bueltan besotik gora lepoa zeharkatuz bururaino. Dantza etengabean elkartzen da besteekin batera.

 

—kontxo

—kontxo, kontxo

 

irene: Ongi etorri.

 

—guk egin dugu gurea

—egin orain zuk zurea

 

nausika: Nola?

 

—Jazinta horren istorioa

—esan ba

 

irene: Zu ni zara. Oreinaren eta lehoiaren kontakizuna.

 

nausika: Baina…

 

—zuk kontatu

 

irene: ...eta guk joaten utziko dizugu

 

nausika: Hirira?

 

—zuk kontatu

—hori kontatu

 

(Sugeek txistu. Nausika ondoezik, gorputza aulki gainean erortzen uzten du.)

 

irene: Hartu te pixka bat.

 

(Nausikak Ireneri begiratzen dio. Billie Holiday-ren Strange Fruits abestia datorkio burura, eta Jazintak hau entzun ondoren negar egiten zuenekoa. Hor goian Irenek, usteldutako fruitu bat dirudi. Hiru ahizpak aurrean ditu. Beraien besoei erreparatzen die, hezur eta azal. Hiria bertan dago. Bertan. Korrika irteten bada iritsiko da. Badaki azkarra dela. Ez duela arrastorik uzten. Badaki ezingo diotela jarraitu. Nausikak baloia hartzen du eta mahaian tente jartzen da. Jazintak kontatzen dion bezala hasi da istorioa kontatzen. Ozen.)

 

nausika: Ados, hau da Jazintak kontatu zidana: “Oreina eta lehoia”. Oihana gaur gertakizun bitxi baten testigu izan da. Aspalditik zetorren bien arteko liskarra. Lehoiak oreina jan nahi zuen eta noski oreinak ez zuen lehoiaren menua izaten amaitu nahi.

 

—normala

—ixo

 

nausika: Baina gaur, azkenean gertatu egin da, lehoia, ehiztari nekaezina, ez da gelditu oreina harrapatu arte. Azken honek gutxi egin zezakeen, denok dakigu oihaneko erregeari buruan zerbait sartzen zaionean zaila dela inork geratzea. Eta lehoiak beti izan du oreina ehizatzeko obsesioa.

 

(Sugeek txistu.)

 

      Oihana gertakizun bitxi baten testigu izan da gaur, ordea. Lehoiak bere atzaparrak oreinaren gainean jarri dituen momentu berean... bera oreina zela konturatu delako.

 

(Nausikak bat-batean mahaitik salto egin du, parean zituen tazak lurrera erori dira. Inork ezer egin aurretik korrika doa, oinak lokatzean, hiria agertzen zaion tokira, ez du atzera begiratzen. Nausika badoa badoa badoa. Sugeek txistu egiten dute. Espazioa aldatzen doa, espazioa aldatzen doa, bateriaren soinuak bortizki betetzen du eszena. Nausika korrika jarraitzen du, baloia eskuetan.)