39 lore
39 lore
Amancay Gaztaņaga
Azaleko irudia eta barruko ilustrazioak: Arrate Rodriguez Martin
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
146 orrialde
978-84-17051-75-4
Amancay Gaztaņaga
1980, Guayaquil
 
 

 

. Bost

 

(Isiltasuna eta hotza. Agertokia argi urdin batek betetzen du. Nausikaren pausoa traketsa bihurtzen da. Zaila. Neketsua.)

 

baba eta ama: Umea jada ez bada ume bat eta hirian sartu behar badu,

      hau da umea ez den umeak

      jakin behar duena:

 

      Deserria lokatzez beteta dagoen aldra bat da.

      Deserria ateak zabalik dituen kaiola bat da.

      Zikintzea erraza da.

      Irtetea zaila.

      Bide guztiek bertara eramango zaituzte.

      Ez geratu.

      Ez hitz egin.

      Harri ziren eta zentroa galdu zuten.

 

(Nausika bidegurutze batera iritsi da. Bateriaren erritmoa geratu egiten da. Eszena, deserrirantz joateko bidea markatzen duen kartelez beteta dago. Bidegurutzean emakume bat kartel gehiago egiten ari da. Egurra mozten dabil. Pintura hartzen du. Brotxa lodia. “Deserria” hitza idazten du. Mailu handi bat hartzen du. Beste kartelei josi dio kartel berria. Emakumea irene da. Beltza da, oso. Izerdia kentzen du, besapeak usaindu. Irenek soka bat du lepoan. Honek lepoa inguratzen dio. Lepoko astuna. Soka lodia da eta luze doa lurrerantz punta. Nausika isilik berari begira. Baloia eskuan. Irenek Nausika ikusten du, sorpresaz begiratzen dio.)

 

nausika: Barkatu…

 

irene: Barkatuta zaude. (Irribarre)

 

nausika: Deserrira iritsi nahi nuke…

 

irene: Ongi.

 

nausika: Barkatu…

 

irene: Barkatuta zaude. (Irribarre)

 

nausika: Zein da norabidea?

 

irene: Itsua zara?

 

nausika: Ez…

 

irene: A! Begiratzen duena ikusten ez duen horietakoa zara beraz.

 

(Nausikak kartelak begiratzen ditu, zentzu gabe jarriak, norabide ezberdinak markatzen dituzte.)

 

nausika: Ez dut ulertzen.

 

irene: Bide guztiek garamatzate deserrira. Hartu edozein.

 

(Nausika bide bat hartzen hasten da. Irenek mihia kliskatzen du.)

 

nausika: Zer.

 

irene: Ez… ezer ez, egun ona izan.

 

(Nausika bide horretatik joaten hasten da. Irenek berriz kliskatzen du mihia.)

 

nausika: Ez da hemendik.

 

irene: Bai, bai, bada….

 

nausika: Orduan zergatik egiten duzu hori.

 

irene: Zer.

 

nausika: Soinu hori.

 

irene: A! hau… (Mihia kliskatuz) Nora zoaz?

 

nausika: Ez dakit esan dezakedan…

 

irene: Zergatik? Sekretua da?

 

nausika: Bai.

 

irene: Ongi, sekretuek azkarrago eramango zaituzte deserrira.

 

nausika: Bai?

 

irene: Bai.

 

nausika: Hirira noa.

 

(Irenek bere lana geratzen du, soka potoloaren punta hartu eta Nausikarengana gerturatzen da. Armiarma bat dirudi. Armiarma bat da. Armiarma bat bezala ibiltzen da. Nausikak pauso bat egiten du atzera, trakets. Irenek lepoan duen zauria agerian geratzen da. Lizun usaina dario.)

 

irene: Hirira… Beraz, ez duzu deserrira joan nahi. Deserria zeharkatu nahi duzu…

 

(Nausikak baloia estutzen du.)

 

irene: Zatoz.

 

nausika: Baina…

 

irene: Zatoz, bide azkarretik eramango zaitut.

 

(Biak oinez. Nausikari kosta egiten zaio pausoa jarraitzea.)

 

irene: Lokatzarengatik da. Hasieran kosta egiten da baina gero ohitu egiten da bat.

 

nausika: A!

 

irene: Kuriosoa, ez duzu arrastorik uzten.

 

(Biek atzera begiratzen dute. Ireneren arrastoa luzea da.)

 

nausika: Bai, badakit, ez dut arrastorik.

 

irene: Kuriosoa. Gustatuko zaie.

 

nausika: Nori? Barkatu, baina ezin dut jende gehiagorekin hitz egin.

 

irene: Barkatuta zaude! (Barrez) Iritsi gara.