39 lore
39 lore
Amancay Gaztañaga
Azaleko irudia eta barruko ilustrazioak: Arrate Rodriguez Martin
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
146 orrialde
978-84-17051-75-4
Amancay Gaztañaga
1980, Guayaquil
 
 

 

. Lau

 

(Espazioa aldatzen doa. Espazioa aldatzen doa. Espazioa aldatzen doa.

Jazintarenean gaude. Jazintak hitzak gordetzen ditu. Jazintak memoria jasotzen du. Jazintak dena daki. Zaharra eta berria. Jazintak dena daki baina ez daki ezer. Jazinta bideo bat sartzen ari da vhs makina batean. Telebista handi batean, Tiburón pelikularen zati bat ikusten dugu. Sheriffa hondartzatik jendea ateratzen saiatzen ari da pelikulan. Jazintak barre egiten du noizean behin. Eskuak batak bestea igurtzika etengabe. Begirada galdua argitzen zaio. Nausika sartu baino lehen vhs aparailutik zinta atera eta aldatu egiten du. Delphine Seyrig agertzen da pantailan. Nausika sartzen da.)

 

nausika: Jazinta!

 

jazinta: Bazoaz! (Oihu)

 

nausika: Banoa!

 

jazinta: Bazoaz! (Oihu)

 

nausika: Banoa!

 

jazinta: Bazoaz! (Oihu)

 

nausika: Banoa!

 

jazinta: Banekien. (Oihu)

 

nausika: Lortu dut! Hiria, Jazinta! Hiria!

 

jazinta: Hiria… (Oihu)

 

(Jazintak badaki. Jazintak dena daki. Jazintak beti jakin du. Jazintak ez dio inori ezer esango. Nausikak baloia hartzen du eta eszenatokitik mugitzen hasten da. Jazintak gustura begiratzen dio.)

 

nausika: Y porrrr finnn tras años de intensa búsqueda Nausika se encuentrraaa mano a mano en el campo con el Barrilete Cósmico Nausika corre tras el Pelusa que se ha zafado de tres rivales el Barrilete corre tras ella pero cuidado Nausika se adelanta le roba el balón corre incansablemente y gooool goool goool gooool el Barrilete Cósmico no ha podido hacer nada contra ella Nausika no corre vuela…

 

(Jazintak barre egiten du. Nausikak Jazintaren gorputz handia besarkatzen du.)

 

nausika: Itzuliko naiz?

 

jazinta: Nik esango banizu, zuk ez zenidake sinetsiko. Hori da araoa.

 

nausika: Hori da araoa. Maite zaitut, Jazinta. Itzuliko naiz. Eta pelikula gehiago ekarriko dizkizut.

 

(Jazintak barre txiki bat egiten du, eskuak elkarrekin igurtziz etengabe. Nausika badoa. Jazintaren espazioa aldatzen da. Tiburón pelikulan Sheriffa entzuten dugu jendea hondartzatik ateratzen geroz eta urrunago. Nausika korrika doa, ez du atzera begiratzen. Espazioa aldatzen da. Tiburón pelikulako eszena bateriaren txastonarekin nahasten doa. Baketak txaparen kontra ateratzen duen soinuak indarra hartzen du, bateria osoa jotzen hasten da emakumea. Indarrez. Espazioa aldatzen da. Espazioa aldatzen da. Nausika korrika doa baloia eskuetan duela. Espazioa aldatzen da. Emakume multzoa ikusten dugu. Buru asko dituen gorputz bakarreko animalia. Dragoia. Nausika agurtzen dute. Nausika korrika doa baloia eskuan. Bateria jotzen jarraitzen du emakumeak. Espazioa aldatzen da.)