Aititaren betaurrekoak
Aititaren betaurrekoak
Agus Perez
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
146 orrialde
978-84-17051-63-1
Agus Perez
1954, Bilbo
 
 

 

Luze-luzea da Santiagoko (Galizia) Matarile konpainiak mundu osoan lortutako sarien zerrenda, baina horrek ez zion eragotzi Bilboko bad jaialdian baldintza guztiz penagarrietan antzeztea. Ana Valles eta Baltasar Patiño dira haren sortzaileak, eta beren sorkuntzetan trantze moduko batera eramaten dituzte ikusleak, emanaldi bakoitza ospakizun intimo eta pribilegiatu bihurtuta.

 

Bizitzari kantuka

 

2005eko urriaren 30a

 

—ANTZERKIA—

HISTORIA NATURAL (ELOXIO DO ENTUSIASMO)

Konpainia: Matarile. Sorkuntza eta zuzendaritza: Ana Valles. Argiztapena eta eszenografia: Baltasar Patiño. Antzezleak: Daniel Abreu, Manu del Amo, Helen Bertels, Roberto Leal, Emma Silva, Guillermo Weickert, Sergio Zearreta, Andre Cebrian, Anton Coucheiro, Pablo Emilio, Eliseo Penin. Lekua: Bilboko Karpaespazioa. Eguna: Urriak 28.

 

      bad jaialdiaren harrira izan dugu Matarile konpainia berriz ere ikusteko aukera. Berriz ere gertatu da miraria, berriz ere sentitu gara gertakizun berezi eta bakan bateko partaide. Berriz ere bizi izan dugu taldearen barne energiak sortutako zirrara errepikaezin hori.

      Taula gainean zer ikusi ote dugun galdetzen badigute, hona hemen erantzuna: tronboia, saxoa, tronpeta, zenbait flauta eta bateria jotzen dituen herri-orkestra ibiltari txiki bat, zeharo biluzik doazen emakume ederrak, noizean behin hiltzeko zorian dagoen aktore hipokondriako bat, ospakizun baterako prestatutako mahai tentagarriak, benetan itsua den neskatila maitagarri bat eta arlo garaikidean bikainak diren dantzariak igaro dira gure aurrean, era erdi kaotiko erdi antolatuan, bizitza bera nahiko kaotikoa delako, gu —gaixook— nolabaiteko antolamendua ematen saiatzen garen arren.

      Zurezko aulki tolesgarriez gain, otordu-mahaiak, mahai gaineko oihal zuria eta krema koloreko itzalkin bat izan dira eremu eszenikoko elementu bakarrak. Jantziek koloretasuna ematen diote festari eta aktoreen zintzotasun sofistikatutik entzun ditugu Ana Vallesek idatzitako testuak, itxura batean ardura gutxikoak baina egiatan zama handikoak direnak. Testu liluragarri horiekin batera dantza pasarte zoragarriak eta prezisio suitzarrarekin diseinaturiko mugimenduak etorri dira, talde-eboluzioetan hasi eta keinu txikienetan amaitu arte. Dramaturgia aberats horren baitan lagunarteko festa giroa nagusitu da: jendeak jan, edan, besteak kritikatu, zuzenean jotako musikaz gozatu, filosofatu, bortizki diskutitu edo dantzan egin du, eta gauza horiek guztiak bata bestearen atzean gertatu dira, edo denak batera, Bakoren estiloko eta Homeroren neurriko ospakizun baten antzera.

      Nik benetan ez dut ulertzen zelan gertatu den miraria, baina nahiz eta Karpaespazioaren baldintzak ezin kaskarragoak izan, emanaldia hasi eta ordu erdi batera ikusle guztiok egon gara Matarilek sortutako giroan harrapatuta. Erlojuak aurrera joateari utzi dio, plastikozko jesarleku penagarriak eta inguratzen gintuzten zarata guztiak ahaztu ditugu, eta denbora eta espaziotik kanpo dagoen leku batean aurkitu gara, bizitzari kantuka zeuden antzezle zoro haien moduan, heriotzaz eta bizitzaz, besteen aurrean ematen dugun irudiaz, naturaren gaineko arduraz, norberaren herriminaz eta gisa horretako gai etilikoez gogoeta egiten. Miresgarriak dira gero antzerkiaren eta dantzaren ahalmen hipnotikoak!