Aititaren betaurrekoak
Aititaren betaurrekoak
Agus Perez
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
146 orrialde
978-84-17051-63-1
Agus Perez
1954, Bilbo
 
 

 

Kritika honen urtean helduaro betean zegoen Euskaldunon Egunkaria, hasierako hastapen zailak atzean utzita. Neure kritikak ere luzeagoak eta mamitsuagoak izaten hasiak ziren, eta kasu honetan sakoneko gai bat azaleratzen da: testu klasikoen egokitzapenak nola egin, sakralizazio bidez —fosil bihurtuta— ala ganorazko eguneraketak eginez.

 

Valle-Inclan santu bihurtuta

 

1997ko urriaren 28a

 

LUCES DE BOHEMIA

Izenburua: Luces de bohemia. Konpainia: Lope de Vega. Zuzendaria: Jose Tamayo Literatur aholkularitza eta dramaturgia: Enrique Llovet. Eszenografia eta jantziak: Pere Francesch. Non eta noiz: Bilboko Arriaga antzokian. Urriaren 22tik 27ra.

 

      Valle-Inclanek dioenez, “eguneroko heroiek ‘esperpentoa’ sorrarazten dute, ispilu konkortu batean islatuta izanez gero”. Jakin-mina ase nahian entziklopedia batean begiratu eta honako hau irakurri dut: “Berak sortutako ‘esperpentoan’ errealitatea desitxuratu egiten da karikatura bihurtuta, egoerak eta pertsonaiak ispilu kurbatu batean islatuko balira bezala, ezaugarri erridikuluak agerraraziz eta existentziari buruzko bertsio ironiko, satiriko eta tragikomikoa emanez”. Ezin hobeto adierazita dago nire ustez eta, beraz, ez dut zertan saiatu neure hitzekin deskribatzen Valle-Inclanen estiloa. Zer uste zenuten bada? Kritikariok ere erabiltzen dugu besteek idatzitakoa eta bereziki kritika hau sinatzen duenak, ziur nagoelako ez dudala sekula ere nire burua ikusiko entziklopediak idazten dituzten jakintsuen artean.

      Baina sar gaitezen behingoz aztertu beharreko gaian zeren, osterantzean, orri osoa beteko nuke neuri eskainitako burutazioekin eta hori, jakina, ez litzateke batere bidezkoa izango. Bada, antzerako zerbait gertatzen zaio ikusi dugun Luces de bohemia lanari. Larregi esajeratu barik esan dezakegu Espainia eta espainiarren izaerari buruzko gogoeta dela, eta, horrela hartuta, norbaiti bere buruaz hitz egiten entzutea bezalakoa da. Hizlariarentzat atsegina izan daiteke hizketaldia, berarentzat munduko gauzarik interesgarriena delako, baina kanpotar bati guztiz aspergarria suerta dakioke. Hemendik ikusita, soberan dakigu zeintzuk diren Espainiaren gaixotasunak eta bikaina deritzot mende hasieran Valle-Inclan moduko librepentsalari bat existitzeari zorioneko gaixo horiek argi eta zorrotz diagnostikatzeko. Baina gutxienez kezkagarria da Espainiako intelektualek ia mende bete geroago gauza berberak aldarrikatzen jarraitzea, tartean politikoki eta estetikoki ezer gertatu izan ez balitz bezala.

      Valle-Inclan (eta ez Don Ramon, antzezlanaren zuzendariak dioenez elkarren lagunak balira legez) inkonformista hutsa izan zen, eta horrexetan datza bere handitasuna. Luces de bohemia honi, ostera, konformismoa dario alde guztietatik. Hasteko eta behin erabat konformista da testuarekiko errespetu tamalgarria. Aurkezpen orrietan, esaterako, “literatura unibertsalaren obra gorenetariko bat” dela saltzen digute. Eta sentitzen dut, baina ezin dugu esan horrelakoa denik. Denok dakigu egile beraren beste titulu batzuk direla askoz unibertsalagoak, eta testu honetan behintzat garbi dago garai hartako politikariei eskainitako komentario ugariak azaldu, moldatu edota —hobeto— kendu egin behar direla lokalista eta desfasatuta gera ez dadin. Baina sakralizatu egin digute nor eta heterodoxo bat, eta bere testuak ukiezinak bihurtu, nahiz eta denbora pasatu ahala hainbat pasarte baliorik gabe geratu. Labur esanda, berbaren testualtasuna salbatu egin da, mezua bera galdu den arren.

      Baina Valle-Inclanen berebizikotasuna ez datza bakarrik ideia ikonoklastetan. Galego unibertsalak antzerkiaren egiturak ere ipini zituen hankaz gora, eta alde horretatik Brechten parean ipin genezake inolako beldurrik gabe, baina ostera ere nagusitu da konformismoa taularatze honetan, eta horrela, eszena mordoan antolatu da ikuskizuna koadro guztiek egitura berbera dutela, haietariko bakoitzaren atzealdean oihal marraztu batek adierazten digulako ze lekutan gauden. Antolaketa errepikatzaile horrek, interpretatzeko era akademikoak, eta izugarrizko luzerak (bi ordu eta erdi pasatxo) gogaikarri samar bihurtu dute probokatzaile eta ausarta izan zen obra hura. Emanaldia amaitu arte gerarazi gintuzten gauza bakarrak Manuel de Blas eta Walter Vidarteren interpretazioak izan ziren Max Estrella eta Latino de Hispalisen roletan hurrenez hurren, eta Valle-Inclanen testuari geratzen zaion balio ukaezina, zelan ez.