Aititaren betaurrekoak
Aititaren betaurrekoak
Agus Perez
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
146 orrialde
978-84-17051-63-1
Agus Perez
1954, Bilbo
 
 

 

IDEIAK LURRUNDU EGITEN DIRA

 

      Kritika baten idazte prozesuan, bitxia da ideien jarioa. Zelan ildo mental batetik zabiltzala, besteren bat, edo batzuk, bururatzen zaizkizun.

      Kontua da idazten duzun bitartean ezin duzula burura etorritako hurrengo bidetik ibili, hau da, piztu berri zaizun argi horri kasu egin. Une horretan oso ona iruditu arren, esku artean daukazunari heldu behar diozu, gutxieneko koherentzia eman eta idatzita utzi. Orduan egon zaitezke ziur ideia finkatu egin duzula, betiere ordenagailuak ez badizu hutsik egiten.

      Bitartean, baina, bizirik mantendu behar duzu buruan agertu zaizun hurrengo ideia hori, testuari gatza eta piperra gehituko dizkiolakoan. Agian ordura arte bide onetik zihoan dena, baina ordura arte beste munduko ezer ez zen testua, gauza diziplinatu, onbera eta edonon aurkezgarria baino ez. Agian itzalpeko ideia miresgarri horrek dena astinduko du, eta horrela irakurlearen interesa berpiztuko.

      Seguruenik neurologoek eginak dituzte honezkero fenomeno horri buruzko azalpen mamitsuak eta neurketa egokiak, baina nik uste dut, demagun, hogei segundotan ez badiozu goranzko bidean datorkizun ideia horri kasu egiten, desagertu egingo dela, ur azpitik datozen burbuilen antzera, ur-azalera heldu eta, plop, betiko desagertu.

      Hala eta guztiz ere, burmuinak ba omen dauka sistemaren bat horrela lausotutako ideiak berreskuratzeko. Askotan gertatzen zait deskuiduan lurrundutako ideia bat, hau da, zer aipatu nahi nuen ikusitakoaren kontura edo zein zehaztasun ez nukeen ahaztu nahi, burura berriz ekartzeko ezinean ibiltzea, baina beste batzuetan berriz dator burura kontzentrazio-erlaxazio une batzuen ostean. Baliteke ere bide horretatik ez etortzea eta eskuz arakatu behar izatea gaiari dagozkion artxiboen artean, banan-banan zerrendatuz —mentalki— ea haien artean aurkitzen dudan une batzuk lehenago hain emankorra zirudiena. Baliteke aurkitzea eta baliteke sistema horrek ere huts egitea. Dena den, batzuetan, hainbesteko nekez berreskuratutako ideiak ez du gero ezertarako balio. Usteak erdi ustel, orduan.

      Eta bitartean, hemen nago, iraganean kritikak idaztean izandako buru-esperientzia batzuen gaineko gogoetak deskribatzen eta haien inguruan idazten… Zer gauza miresgarria eta konplexua gure burua!