Dama
Dama
Jon Gerediaga
Azaleko irudia: Aitziber Alonso
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
90 orrialde
978-84-17051-61-7
Jon Gerediaga
1975, Bilbo
 
Dama
Jon Gerediaga
Azaleko irudia: Aitziber Alonso
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
90 orrialde
978-84-17051-61-7
aurkibidea
 

 

3. ATALA: SEINALATUA

 

(Espazioaren aldaketa sotilen bidez, epaitegi, ospitale edo literatura sariko epaimahaiaren egoitza bihurtuko da taberna.

Pertsonaiak ere, ana, bernar, eta jon, etengabe aldatzen ari dira, atrezzoko elementu txikien bidez psikiatrak, epaileak, fiskalak, idazkariak eta abarrak irudikatuz, metamorfosi azkar eta sotiletan.)

 

 

7. ekintza: Epaitegia (I)

 

(Taberna epaitegi bihurtu da. jon idazkari bihurtu da. ana epaile. bernar fiskala da.)

 

fiskala: Kolokan jarri dena ez da bakea soilik, gizarte oso baten zuzentasun morala baizik. Kode etiko oso bat jarri da kolokan, epaile jauna. Zibilizazio oso baten elkarbizitza!

 

epailea: Mesedez, erretorika gutxiago. Gatozen harira.

 

fiskala: Zibilizazio oso bat, garai oso bat, eta bizitza bera jartzen da kolokan, epaile jauna, herri zintzo baten kode morala eta jatortasuna kolokan jartzen direnean. (idazkariari) Ondo apuntatu: herri baten jatortasuna!

 

epailea: Ez apuntatu ezer. (fiskalari) Mesedez, utzi hiperboleak literaturarako, hau epaitegi bat da. Datuak behar ditut, ebidentziak.

 

idazkaria: Herri zintzo eta jatorrarena apuntatuko dut?

 

epailea: Ez, momentuz ez apuntatu ezer. Erretorika, erretorika… datuak! Ebidentziak behar ditut!

 

fiskala: Ebidentziak. Ebidentziak. Ez al da ebidentea herri txiki hau jatorra, langilea eta zintzoa dela, epaile jauna? Eta nekazaria?

 

epailea: Ni ez naiz nekazaria, epailea naiz, nahikoa da! Eta ez naiz epaile jauna, emakumea naiz. Eta zu ez zara nekazaria, fiskala zara! Nor da hemen nekazaria? Jode, erretorika gutxiago, mesedez!

 

fiskala: Nik tomate landare batzuk ditut balkoian, teknikoki nekazaria naiz, lanordu mugatuan bada ere, jauna. Hori ebidentzia bat da.

 

idazkaria: Hori al da ebidentzia bat, jauna? Apuntatuko dut?

 

epailea: Y dale! Ze jauna eta ze jauna! Ez apuntatu ezer, jode, hori ez da kasuarekin harreman zuzenik duen ebidentzia bat!

 

fiskala: Eta ez al da ebidentea gure balore moralak, gure dogma erlijiosoak, gure kode etikoa, gure lanerako grina, eta abar eta abar ospetsuak direla mundu osoan? Ez al da ebidentea hori guztia arriskuan jarri duela emakume lizun, artista handiuste horrek? Ez al da hori ebidentzia bat?

 

idazkaria: Hori bai da ebidentzia bat, ezta, epaile andereņoa? Apuntatuko dut?

 

epailea: Ez, itxaron. Oraindik ez du ezer esan benetan, eta ez du ezer frogatu. Eta ni ez naiz andereņoa. Ni emakumea naiz. Datuak, frogak, ebidentziak!

 

fiskala: Frogatu? Froga gehiago behar al dira? Ez al da froga nahikoa gorputz biluzi bat taberna publiko baten erdi-erdian, ez al da froga nahikoa bi emakumeren arteko jokaera lizuna, zikina, nazkagarria ez esatearren? Ez al da froga nahikoa langabezia, alkoholismoa, eskandalu publikoa, jokaera sexual lizuna, perbertsioa, handinahia, buhameria, alferkeria? Ez al dira froga nahikoa, epaile jauna? Ankerkeria, arrisku latza, gaixotasun mentala, jainkoarren!

 

idazkaria: Horiek denak apuntatuko al ditut, jauna?

 

epailea: Teatro, teatro. Ez, ez. Denak ez behintzat. Bla, bla, bla. Erretorika. Eskandalu publikoa apuntatu.

 

fiskala: Eta perbertsioa ez? Jauna? Ez al du presente dagoen emakume dohaintsu eta errukitsu horrek bere sexua defendatzen duen ordezkari garbiagorik? Ez al du zikintzen emakume horren jokaerak emakume guztien izena? Apuntatu perbertsioa behintzat.

 

epailea: Nire ustez ez. Baina igual apuntatu bazter batean, arkatzez: balizko jokabide perbertsoak.

 

idazkaria: Balizko? Zer esan nahi du balizkok?

 

epailea: Apuntatu jokabide perbertsoak, puntu! Astuna zara gero, e?

 

fiskala: Eta agresioa, bortizkeria? Gaixotasun mental erasokorra? Emakume hori paziente psikiatrikoa da, jainkoaren izenean! Paziente psikiatrikoa! Eroa!

 

 

8. ekintza: Zyprexa (II)

 

(Epaitegia bat-batean ospitale psikiatriko bihurtzen da. Hiru psikiatra bildu dira diagnostiko diferentziala egiteko. luzia da bat, beste biak psikiatra 2 (bernar) eta psikiatra 3 (jon) dira.)

 

luzia: Zyprexa. Lorazepam. Bat eta bat. Gauean. Lorazepam nahi beste har dezake. Ilun dagoenean, edo ikarati.

 

psikiatra 2: Zyprexa, Lorazepam. Hori ondo dago. Baina ez da nahikoa.

 

luzia: Lorazepam nahi beste. Eta lo egiteko Trazodona.

 

psikiatra 2: Trazodona. Ados. Hori oso ondo dago. Benetan. Zorionak. Baina ez da nahikoa. Zer gehiago behar du?

 

psikiatra 3: Psikosi edo mania zantzu garbiak ditu. Kontuz Fluoxetinarekin. Jarrera autolesibo horiek… Haloperidol?

 

psikiatra 2: Guztiz ados. Haloperidolak ez dio kalterik egingo. Bikain. Baina ez da nahikoa. Zer gehiago! Animo, animo!

 

luzia: Ez da guztiz disfuntzionala, badaki zapatak lotzen, suabe, eta klase partikularrak ematen ditu. Atzo merkatuan izokina erosten ikusi nuen. Izokina geroz eta garestiago dago, baditu bere menpekotasunak...

 

psikiatra 3: Haluzinazio bisualak. Haluzinazio auditiboak. Anisa edaten du. Marie Brizard. Nire ustez txarrena da, gozoegia, pasteletan ondo geratzen da. Probatu duzue Marie Brizard arroz pastelean? Niri asko gustatzen zait. Marie Brizard edateko gozoegia da. Colme? Antabus?

 

psikiatra 2: Ederto, ondo goaz. Zorionak, neska-mutilak! Zergatik ez biak? Egin ditzagun gauzak ondo. Antabus, Colme. Zorionak, kamaradak! Zer gehiago? Animo, animo!

 

luzia: Poeta da. Artista. Errealitatearekin kontaktu ahula du. Nik arroz pastelari bioleta-ura botatzen diot, anisa ez. Anisa igual aparte bai, txupito bat kafearen ostean, suabe-suabe. Antsietatea, menpekotasun ugariak. Suboxone? Fentanilo? Trankimazin?

 

psikiatra 2: Bikain! Bai, bai eta bai! Horrek ez dio inori kalterik egiten. Fentanilo-piruleta batzuk, zergatik ez! Goazen kamaradak! Eutsi goiari!

 

psikiatra 3: Ez ditu zapatak ondo garbitzen. Bioleta-ura? Ez dakit zer den. “Trastorno límite de personalidad”. Katu bat dauka etxean. Edo agian hiru edo lau katu. “Loca con gatos”. Non saltzen dute bioleta-ura? Agian Terapia Elektro-Konbultsiboa planteatu daiteke.

 

luzia: Zergatik ez? Poeta. Mozkorra. Lesbi. Giri. Langabe. “Loca con gatos”. Jode, dena dauka. Terapia Elektro-Konbultsiboak ez dio kalterik egingo, suabe-suabe.

 

psikiatra 2: Hori da, neska-mutilak! Ederto! Bikain! Hordago, kamaradak!

 

 

9. ekintza: Literatura saria

 

(Hiru psikiatrak literatura sari bateko hiru epaimahaikide dira orain: presidenteaana—, bokala 1jon—, bokala 2bernar—.)

 

presidentea: Esan dezadan argi. Iruditerian agian ez da oso originala, agian errepikakorrak dira figura batzuk, baina literarioki ondo egituratua dago. Eta komeni zaio saria jasotzea, ea lasaitzen eta animatzen den.

 

bokala 1: Ez da agian nire estilorik gustukoena poesia garaikidean, aspergarria egiten zait, uniformea, zaharra. Baina badu pathos tragiko erakargarri bat.

 

bokala 2: Ez dauka errimarik. Kontsonantea ez behintzat. Sagarra, kaparra. Ez da hain zaila, jode. Niri ez zait iruditzen poesia denik ere.

 

presidentea: Poeta da, hori argi dago. Hori ez da zalantzan dagoena. Urrutitik ikusten zaio. Begira ze piura daukan. Nahiz eta bertsokera berezia duen. Baliteke polizia ere izatea. Sekreta. Beti dabil bakarrik izkinan eserita, denari begira. Esan gabe doa, literatura sari batek on egingo lioke, bulkada txikia da, baina gugana erakartzeko pauso handia.

 

bokala 1: Baliteke. Ardi galdua da. Gure rollokoa ez da, behintzat, hori ziur, ulertzen didazue, ezta? Gaixoa. Intentsitate handiko metaforak darabiltza gainera. Agian polizia ez, baina informatzailea igual bai.

 

presidentea: Eta merituzko beste figura batzuk ere bai: sinekdokea, oximoronak, metonimia konplexuak, kataforak. Jar dezagun gure alde. Hobe alde izatea kontra baino.

 

bokala 2: Mesedez, errima kontsonante bakar bat ere ez! Lapurra, aitzurra, makurra, barrura, beldurra, hip-hip hurra. Asko eskatzea al da? Hori ez da poesia!

 

presidentea: Ez da izango agian lan poetiko borobila, baina izan gaitezen zuhurrak. Ortografia aldetik ere ondo. Eta encabalgamiento batzuk bikainak dira. Saria berari emango diogu.

 

bokala 1: Singularraren bigarren pertsonaren erabilera kuriosoa du. Hor ere badago ekarpen txiki bat. Eta ez dio sariari ezetz esango. Ez da ausartuko. Eskerrak emango ditu, irribarre egin, eta denok pozik. Nik ere bere alde bozkatuko dut. Eman diezaiogun saria.

 

bokala 2: Nik titulua aldatuko nioke behintzat. Arrosaren aldarea, mesedez. Ezin da melengeagoa izan. Arrosaren aldarea. Hortera! Ni abstenituko naiz, benetan, ezin dut.

 

presidentea: Saria berarentzat orduan. 2.000 xentimo eta garaikurra. Aurtengo garaikurra oso polita da. Ereinotzez egindako koroa. Badaukagu zaldi irabazlea.

 

bokala 2: 2.000 xentimoak ere beharrezkoak al dira? Ez ditu merezi. Merezi, berezi, gerezi, irabazi, artazi, jode, ar-ta-zi! Mesedez! Hain zaila al da?

 

presidentea: Ados, 2.000 xentimoak ez. Garaikurra bai. Ereinotzez egindako koroa ederra. Ereinotza poesiaren sinboloa da.

 

bokala 1: Saridun handia! Poet laureate of the year! Great great poet! Txalo bero bat! Eta garaikurra!

 

(Txaloak.)

 

bokala 2: Non bazkalduko dugu? Dietan sartzen da, ezta?

 

presidentea: Bai. Eskatu tiketak. Garaikurra ederra da, benetan. Ereinotza, erramua. Patata egosietan oso ondo geratzen da ereinotza. Piperrautsa, eta ereinotz hosto bat.

 

 

10. ekintza: Epaitegia (II)

 

(Taberna atzera bihurtzen da epaitegi. epailea, fiskala eta idazkaria berriz agertzen dira.)

 

epailea: Mesedez, bukatu. Ez daukagu goiz osoa mozkorraldi sinple bat epaitzeko.

 

fiskala: Mozkorraldi sinple bat? Mozkorraldi sinple bat diozu, epaile jauna? Zer gehiago behar dugu herri honetan neurriak hartzeko? Ume baten bahiketa eta bortxaketa? Agure zahar eta jator baten hilketa anker eta odoltsua? Apaiz baten sodomizazioa?

 

epailea: Teatro, teatro!

 

fiskala: Zer gehiago behar dugu neurriak hartzeko, epaile jauna? Nor izango da hurrengoa, agian zure alaba polit eta musugorria, Martina alai eta distiratsua, eskolarako bidean betiko galdua?

 

epailea: Mesedez, kontrolatu erretorika hori! Eta ez sartu eremu pertsonalean. Utzi nire alaba bakean!

 

idazkaria: Zure alaba Martina deitzen da, jauna? Oso izen polita da.

 

epailea: Ahaztu izen hori! Ez idatzi inon ere izen hori! Mesedez, ez berriro aipatu nire familiaren izenik. Datu objektiboetara mugatu, ebidentziak, ebidentziak! Biluztu zen, poema luze bat errezitatu zuen, beste emakume bat musukatu, halako gauzak. Datuak, datuak. Ahaztu nire familia!

 

fiskala: Noski, epaile jauna. Ahaztuko ditugu gure familia maitagarriak. Beldurgarria delako. Beldur garelako, epaile jauna. Beldurrez bete direlako herri txiki eta maitagarri honen kale baketsuak. Beldurra heldu delako gure bihotz samurretara gaizkile anker eta bihozgabe horien erruagatik. Ez al du merezi zure senarrak, Laureanok, barkatu, esan dezagun, zure senarra X-k, zure senarra Y-k, kale garbi eta aratz bat paseatzeko?

 

idazkaria: Jexux! Laureano al da zure senarra? Laureano, izen zaharra da hori, ezta?

 

epailea: Mesedez, nahikoa da! Utzi Laurentxi bakean! Ez eman izenik! Ez daukagu goiz osoa! Zer eskatzen du fiskalak!

 

fiskala: Zer eskatzen dudan? Bakea eskatzen dut, jauna, besterik ez. Alaitasuna. Elkartasuna. Adiskidetasuna. Errukia. Bertutea. Besterik ez, jauna. Zuzentasun morala. Garbitasun espirituala. Kaosaren kontrakoa: kosmosa, jauna. Emakume-sorgin horren kontrakoa, hain justu. Kosmosa. Edozeinek eskatuko lukeena. Nik, idazkari zintzo honek, zuk zeuk, Alonso de Txertudi epaile jaunak, eskatuko zenukeena! Ordena, segurtasuna, zoriontasuna.

 

idazkaria: Zure bigarren abizena Txertudi al da? Apuntatuko dut?

 

epailea: Mesedez, ez eman izenik!! Eta ez naiz epaile jauna! Ni ez naiz jauna! (idazkariari, ahapeka) Txertudi ez, De Txertudi. Abizen konposatua. (fiskalari) Zer eskatzen du fiskalak! Zehatzago, ostras! Mesedez eta faborez! Zehaztu!

 

fiskala: Zigorra, epaile jauna! Zigor justua, jauna! Zigor prebentiboa! Zigor eredugarria! Merezitako zigorra! Ondo irabazitako zigorra, jauna!

 

epailea: Zigor proportzionala!

 

fiskala: Zigor eredugarria! Zigor prebentiboa! Merezitako zigorra, epaile jauna! Ondo irabazitako saria! Saria! Saria!...