Zartatua / 4.48 Psikosia
Zartatua / 4.48 Psikosia
Sarah Kane
Azaleko irudia: Allende Arnaiz Garmendia
Diseinua: Metrokoadroka
2020, antzerkia
136 orrialde
978-84-17051-53-2
Sarah Kane
1960-1996
 
Zartatua / 4.48 Psikosia
Sarah Kane
Azaleko irudia: Allende Arnaiz Garmendia
Diseinua: Metrokoadroka
2020, antzerkia
136 orrialde
978-84-17051-53-2
aurkibidea
 

 

Bigarren agerraldia

 

Toki bera.

 

Goizean goiz biharamunean.

Argia eta eguzkitsua —egun beroa izango da.

Lore sorta txikituta eta gelan zehar sakabanatuta dago orain.

 

catek lotan jarraitzen du.

ian esna dago, egunkariei begirada bat ematen ari.

 

ian hozkailutxora doa. Hutsik dago.

Ohe azpian gin botila aurkitu eta soberakin erdia edalontzian zerbitzatzen du.

Zutik dago leihotik kaleari begira.

Lehenbiziko tragoxka edaten du eta oinazeak gainezka egiten dio.

Oinazea noiz desagertuko zain dago, baina ez zaio joaten. Okerrera egin du.

ianek bere saihetsari heltzen dio —oinazea jasanezina bilakatu zaio.

Eztulka hasten da eta min handia sentitzen du bularrean, eztul bakoitzak birika urratzen dio.

 

cate esnatzen da eta iani begiratzen dio.

 

ian belauniko erortzen da, edalontzia kontuz jaisten du, eta oinazeari amore ematen dio.

Benetan hiltzen ari dela dirudi.

Krisialdiak bihotza, gibela zein giltzurrunak harrapatzen dizkio eta nahi gabe negar zotinka ari da.

Bizirik ez duela jarraituko ematen duen momentuan bertan, mina arintzen hasten zaio.

Oso mantso, oinazea gutxitzen doakio desagertu arte.

 

ian uzkurtuta dago lurrean.

 

Gora begiratu eta cate ikusten du berari begira.

 

cate: Kabroia.

 

ian: (Poliki altxatu edalontzia, hartu eta edaten du.

          Eguneko lehenbiziko zigarroa pizten du.)

          Dutxatzera noa.

 

cate: Seiak dira oraindik.

 

ian: Etorri nahi duzu?

 

cate: Zurekin ez.

 

ian: Nahi duzuna. Zigarrorik?

 

cate: (Nazka hotsa egiten du.)

 

Isilik daude.

 

ian zutik, erretzen eta gin hutsa edaten ari da.

Nahiko txolinduta dagoenean, komunetik gelara joan-etorrian ibiltzen da, arropa eranzten eta erabilitako toallak jasotzen.

Gelditzen da, toalla gerriaren bueltan, pistola eskuan, eta cateri begiratzen dio.

Emakumearen gorroto-begiak ianengan josita daude.

 

ian: Ez kezkatu, laster hilda egongo naiz.

 

(Pistola ohe gainean botatzen du.)

 

          Probatu.

 

cate ez da mugitzen.

ian zain dago, barre txikia egin eta komunera doa.

Dutxaren txorrota aditzen dugu.

 

catek begiak pistolari lotuta ditu.

Oso poliki altxatu eta janzten da.

Bere poltsa egiten du.

ianen larruzko zamarra hartu eta usaintzen du.

Josturetatik mahukak ateratzen dizkio.

Pistola hartu eta aztertzen du.

ian komunean eztulka aditzen dugu.

catek pistola jaisten du eta gizona gelan sartzen da.

Gizona janzten da.

Pistolari begiratzen dio.

 

ian: Ez?

 

(Barre txikia egiten du, pistola deskargatu, kargatu eta zorroan sartzen du.)

 

          Gu bat gara, ezta?

 

cate: (Destainaz begiratzen dio.)

 

ian: Gu bat gara.

          Gosaltzera jaitsiko zara? Ordainduta dago.

 

cate: Kontrako eztarritik joango zait.

 

ian: Putatxo sarkastiko bat egina zabiltza gaur, ezta?

 

Zamarra hartu eta besoa zulo batetik sartzen du.

Txikizioari begira dago, gero cate ikusten du.

Geldiune bat, orduan emakumea oldartzen zaio, buruaren inguruan zaplazteko handi eta azkarrak ematen dizkio.

Emakumea ohe gainean indarka botatzen du, emakumeak ostikoka, ukabilkadaka eta hozka jarraitzen du.

Emakumeak zorrotik pistola atera eta gizonaren hankartea tirabidean jartzen du.

Gizonak atzera egiten du azkar.

 

ian: Lasai, lasai, kargatutako pistola da hori.

 

cate: Nik k- k- k- k- k- k- k- k- k-

 

ian: Catie, ze demontre! Tira ba.

 

cate: k- k- k- k- k- k- k- k- k- k-

 

ian: Ez duzu ezbehar bat gertatzerik nahi. Zuen amaz pentsatu. Eta nebaz. Zer pentsatuko lukete?

 

cate: Nik k- k- k- k- k- k- k- k- k -k- k- k- k-

 

cate dardarka eta arnasestuka dabil.

Konortea galtzen du.

ian hurbiltzen zaio, pistola berreskuratu eta kartutxeran sartzen du.

Orduan emakumea ahuspez etzaten du ohe gainean.

Pistola emakumearen buruan kontra paratu, haren hanken artean etzan eta sexu harremana itxuratzen du.

Isurtzen denean, cate salto batez altxatzen da oihu bat botatzen duela.

ian alboratzen da, ez daki zer egin, emakumearen bizkarra pistolaren tirabidean jartzen du.

Emakumeak barre egiten du histerikoki, lehen bezala, baina ez da gelditzen.

Emakumeak barre eta barre eta barre egiten du berriro egiten ez duen arte, negar malko minetan dago.

Berriro kolapsatzen da eta mugitu gabe datza.

 

ian: Cate? Catie?

 

ianek pistola alde batera uzten du.

cate musukatzen du. cate bere onera etortzen da.

catek begiak lotzen dizkio.

 

ian: Onik al zaude?

 

cate: Gezurteroa.

 

ianek ez daki baietz ala ezetz esan nahi duen, hartara, zain geratzen da.

catek hainbat segundotan begiak bilduta, gero irekitzen ditu.

 

ian: Cate?

 

cate: Orain etxera joan nahi dut.

 

ian: Oraindik ez dituzte zazpiak ere jo. Ez duzu trenik izango.

 

cate: Geltokian egongo naiz zain.

 

ian: Euria ari du.

 

cate: Ez.

 

ian: Hemen geratzea nahi dut. Gosaldu arte gutxienez.

 

cate: Ez.

 

ian: Cate. Gosaldu arte.

 

cate: Ezetz.

 

ian: (Atea giltzatu eta giltzak patrikan sartzen ditu.)

          Maite zaitut.

 

cate: Ez dut geratu nahi.

 

ian: Mesedez.

 

cate: Ez dut nahi.

 

ian: Babesturik sentiarazten didazu.

 

cate: Ez dago hemen beldurtzeko ezer.

 

ian: Gosaria eskatuko dut.

 

cate: Ez nago gosez.

 

ian: (Zigarro bat pizten du.)

 

cate: Nola erre ahal duzu urdaila hutsik duzula?

 

ian: Hutsik ez dago. Gina dauka.

 

cate: Zergatik ezin naiz etxera joan?

 

ian: (Pentsaketan.)

          Oso arriskutsua da.

 

Kanpoan auto batek sutunpa egiten du —zart izugarri handi bat entzuten da.

ianek lurrean botatzen du bere burua.

 

cate: (Barre egiten du.)

          Auto bat besterik ez da.

 

ian: Zu. Zu babo hutsa zara.

 

cate: Ez naiz. Edozein gauzarekin beldurtzen zara beldurtzeko arrazoirik ez dagoenean. Autoek beldurra ematen ez badidate, horrek zerikusirik al du baboa izatearekin?

 

ian: Autoei ez diet beldurrik. Heriotzak ematen dit beldurra.

 

cate: Auto batek ez zaitu akabatuko. Ez hortik kanpotik. Korrika atera eta parean jartzen ez zaren bitartean ez.

 

(Gizona musukatzen du.)

 

          Zerk beldurtzen zaitu?

 

ian: Pistola bat zela uste nuen.

 

cate: (Gizonari lepoa musukatzen dio.)

          Nork izango luke pistola bat?

 

ian: Nik.

 

cate: (Gizonari alkandora askatzen dio.)

          Hementxe zaude.

 

ian: Nik bezalako batek.

 

cate: (Bularra musukatzen dio.)

          Zergatik tirokatuko zintuzkete?

 

ian: Mendekua.

 

cate: (Gizonaren bizkarrean zehar igurzten ditu eskuak.)

 

ian: Egin ditudan gauzengatik.

 

cate: (Lepoa masajeatzen dio.)

          Kontaidazu.

 

ian: Nire telefonoa zelatan dute.

 

cate: (Lepoko atzealdea musukatzen dio.)

 

ian: Jendearekin hitz egiten jardun eta badakit entzuten didatela. Sentitzen dut zuri deitzeari utzi izana baina —

 

cate: (Gizonaren sabela ferekatzen du eta omoplatoen artekoa musukatzen dio.)

 

ian: Maite ninduzula esan zenidanean haserretu nintzen, zu telefonoan gozo hitz egiten eta jende hori entzuten ari.

 

cate: (Bizkarra musukatzen dio.)

          Kontaidazu.

 

ian: Konturatzerako hor dituzu.

 

cate: (Bizkarra miazkatzen dio.)

 

ian: Sekretu Ofizialen Hitzarmena sinatu nuen, ez nizuke hau azaldu beharko.

 

cate: (Azkazalez atzamarkatzen du gizonaren bizkarra.)

 

ian: Ez zaitut arriskuan jarri nahi.

 

cate: (Bizkarrean hozka egiten dio.)

 

ian: Ni hiltzen saiatzen ari direla uste dut. Nire zeregina bete diet dagoeneko.

 

cate: (Gizona bizkarrez etzanarazten du.)

 

ian: Eskatu dizkidaten lanak egin ditut. Gure herria maite dudalako.

 

cate: (Titiburuak hurrupatzen dizkio.)

 

ian: Emisoreetan egon naiz, elkarrizketak entzuten eta baiezkoak ematen.

 

cate: (Prakak askatzen dizkio gizonari.)

 

ian: Gidatzen, jendea jasotzen, gorpuak gordetzen, denetarik.

 

cate: (Ahoaz sexuan hasten zaio iani.)

 

ian: Arriskutsua zinela esan zidaten.

 

          Horregatik moztu nuen.

 

          Ez zintudan arriskuan nahi.

 

          Baina

 

          Berriro deitu behar izan dizut

 

          Zure falta sumatzen nuen

 

          Hau

 

          Orain

 

          Egiten dut

 

          Benetako lana

 

          Ni

 

          Naiz

 

          Hiltzailea

 

“Hiltzailea” hitzarekin batera isurtzen da.

cate hitza entzun bezain azkar zakila hozkatzen dio ahal bezain gogor.

ianen plazer-oihua min-garrasi bilakatzen da.

ianek askatu nahi du baina catek hortzez oratzen dio.

ianek cate jotzen du eta horrek aske uzten du.

ian minaren minez datza, hitz egiteko ezgai.

catek amorruz txistua botatzen du, bere ahotik gizonaren edozein arrasto atera nahian.

Komunera joan eta hortzak garbitzen ari dela entzuten diogu.

ianek bere burua aztertzen du. Osorik dago.

cate itzultzen da.

 

cate: Lan hori utzi beharko zenuke.

 

ian: Ez da horrela.

 

cate: Hona etorriko zaizkizu?

 

ian: Ez dakit.

 

cate: (Ikaratzen hasi da.)

 

ian: Ez hasi horrekin berriro.

 

cate: Ez z- z- z- z- z-

 

ian: Cate, nik neuk tirokatuko zaitut gelditzen ez bazara.

          Maite zaitudalako esaten dizut.

 

cate: Ez, ez nauzu maite.

 

ian: Eztabaidarik ez. Maite egiten zaitut. Eta zuk maite egiten nauzu.

 

cate: Dagoeneko ez.

 

ian: Bart maite ninduzun.

 

cate: Nik ez nuen egin nahi.

 

ian: Gustuko zenuela uste nuen.

 

cate: Ez.

 

ian: Oihu dezente bota zenituen.

 

cate: Min ematen zenidan.

 

ian: Stellari hankartekoa zupatzen nion denbora guztian, ez nion minik ematen.

 

cate: Hozka egin zenidan. Oraindik odola dario.

 

ian: Hauxe guztia kontu horretaz da?

 

cate: Ankerra zara gero.

 

ian: Ez izan ergela.

 

cate: Ez deitu niri horrelakorik berriro.

 

ian: Baten batekin lo egiten duzu eskutik hartuta eta musuketan kanpaia jotzen didazu gero larrutan ezin dugula egin esan ohean sartzen zara baina ez duzu nik ukitzea nahi zer duzu gaizki ergel halakoa.

 

cate: Ez naiz horrelakoa. Ankerra zara. Ez nuke nik inor tirokatuko.

 

ian: Tirabidean jarri ninduzun.

 

cate: Ez nukeen tiro egin.

 

ian: Nire lana da. Gure herria maite dut. Ez dut hezurbeltzek txikiturik ikusi nahi.

 

cate: Hiltzea gaizki dago.

 

ian: Lehergailuak zartatu eta umetxoak hil, hori dago gaizki.

          Hori da egiten dutena. Zure neba bezalako umeak.

 

cate: Gaizki dago.

 

ian: Bai, badago.

 

cate: Ez. Zuk. Zuk hori egitea.

 

ian: Noiz haziko zara?

 

cate: Ez dut jendea hiltzean sinesten.

 

ian: Ikasiko duzu.

 

cate: Ez, ez dut.

 

ian: Ezin duzu beti aguantatzen ibili eskubidea dutela pentsa dezaten beste masaila jartzen kaka zaharra gauza batzuek hori baino gehiago merezi dute kakazten uzteko.

 

cate: Nik maite zintudan.

 

ian: Zer aldatu da, ba?

 

cate: Zu.

 

ian: Ez. Orain ikusten nauzu. Hori da dena.

 

cate: Amesgaiztoa zara.

 

Emakumea dardarka dago.

ianek begiratzen dio une batez, gero emakumea besarkatzen du.

Emakumeak dardarka jarraitzen du, beraz gizonak estuago besarkatzen du gelditu dadin.

 

cate: Min ematen dit.

 

ian: Barkatu.

 

Gizonak emakumea lasaiago besarkatzen du.

Gizonak eztulaldi bat izaten du.

Gizonak musuzapian txistua bota eta mina noiz arinduko zain dago.

Gero zigarro bat pizten du.

 

ian: Zer moduz zaude?

 

cate: Minez.

 

ian: (Buruaz baietz dio.)

 

cate: Toki guztietatik.

          Zure kiratsez blai nago.

 

ian: Bainatu nahi duzu?

 

cate eztulka eta okadaka hasten da.

Zintzurrean hatzak sartu eta ile bat ateratzen du.

Ileari goian heldu eta iani nazkaz begiratzen dio. Txistua botatzen du.

ian komunera joan eta bainuontziko kaniletako bat irekitzen du.

cate leihotik kanpora begira dago.

ian itzultzen da.

 

cate: Gerra dagoela dirudi.

 

ian: (Ez du begiratzen.)

          Negrataland bihurtzen ari da.

          Leedsera berriro etorriko zara?

 

cate: Hogeita seian.

 

ian: Etorriko zara eta bisita egingo didazu?

 

cate: Futbolera etorriko naiz.

 

Emakumea komunera doa.

ianek telefonoa hartzen du.

 

ian: Bi gosari ingeles, txo.

 

Ginaren hondarra bukatzen du.

cate itzultzen da.

 

cate: Ezin dut pixa egin. Odola besterik ez.

 

ian: Ur asko edan.

 

cate: Ezta kaka obratu ere. Min ematen dit.

 

ian: Sendatuko zaizu.

 

Atean joka dabil norbait. Biek harrituta salto egiten dute.

 

cate: ez erantzun ez erantzun ez erantzun.

 

Emakumeak ohera salto egin eta burkoaren azpian sartzen du burua.

 

ian: Cate, isildu zaitez.

 

Gizonak burkoa kendu eta pistola buruaren kontra jartzen dio.

 

cate: Egizu. Aurrera, tiroka nazazu. Ez da izango jada egin didazuna baino okerragoa. Egidazu tiro nahi baduzu, gero pistolari buelta emaiozu zure buruaren kontra eta munduari mesede egingo diozu.

 

ian: (Emakumeari begira dago.)

 

cate: Ez nauzu ikaratzen, Ian. Aurrera.

 

ian: (Iskin egiten dio emakumeari.)

 

cate: (Barre egiten du.)

 

ian: Atea ireki eta buztana jan iezaiozu muturbeltz horri.

 

cate atea irekitzen saiatzen da. Giltzatua dago.

ianek giltza botatzen dio.

Emakumeak atea irekitzen du.

Kanpoan erretilu batean gosariak daude. Emakumeak barrura sartzen ditu.

ianek atea ixten du.

cate janariari begira dago.

 

cate: Saltxitxak. Xingarra.

 

ian: Barkatu. Ahaztu zait. Haragia aldatu iezadazu tomate eta txanpiñoien truke. Eta txigorkia.

 

cate: (Goragalez hasten da.)

          Usaina.

 

ianek plateretik saltxitxa bat hartu eta ahoa galkatzen du, xingar xafla bat beste eskuan duela.

Janari-erretiluari toalla bat gainetik ipini eta ohe azpian sartzen du.

 

ian: Beste egun batez geratuko zara?

 

cate: Bainatu eta etxera joango naiz.

 

Emakumeak bere poltsa hartu, komunean sartu eta atea ixten du.

Bainuontziko beste kanila bat irekitzen ari dela entzuten dugu.

Kanpoaldeko atean bi danbada handi joka.

Pistola atera, ateraino joan eta adi geratzen da ian.

Kanpotik atea irekitzen saiatzen dira. Giltzaturik dago.

Beste bi danbada handi aditzen dira.

 

ian: Nor ari da?

 

Isiltasuna.

Beste bi danbada handi aditzen dira.

 

ian: Nor ari da?

 

Isiltasuna.

Beste bi danbada handi aditzen dira.

ianek ateari begiratzen dio.

Bi kolpe ematen ditu.

Isiltasuna.

Gero kanpoaldetik beste bi kolpe jotzen dituzte.

 

ian pentsatzen ari da.

Orduan hiru kolpe ematen ditu.

 

Isiltasuna.

Orduan kanpoaldetik beste hiru kolpe ematen dituzte.

 

ianek behin jotzen du.

Kanpoaldetik behin jotzen dute.

 

ianek bi aldiz jotzen du.

Bi aldiz jotzen dute.

 

ianek pistola zorroan sartu eta atea irekitzen du.

 

ian: (Ahapeka.) Beltz belarrimotz kristaua, hitz egin ezazu.

 

Atea irekitzen du.

Kanpoan soldadu bat dago frankotiratzaile errifle bat duela.

ian atea ixten saiatzen da eta errebolberra ateratzen du.

soldaduak ate irekiari eusten dio eta iani errebolberra erraz kentzen dio.

Biak zutik daude, biak harriturik, elkarri begira.

Azkenean.

 

soldadua: Zer da hori?

 

ianek beherantz begiratu eta oraindik eskuan xingar xafla bat duela antzematen du.

 

ian: Zerripotroa!

 

soldaduak eskua luzatzen dio.

ianek xingarra ematen dio eta soldaduak azkar jaten du, azal eta guzti.

soldaduak ahoa garbitzen du.

 

soldadua: Besterik ba al daukazu?

 

ian: Ez.

 

soldadua: Besterik ba al daukazu?

 

ian: Nik —

          Ez.

 

soldadua: Besterik ba al daukazu?

 

ian: (Ohe azpiko erretilua seinalatzen du.)

 

soldadua poliki makurtzen da, begirada ianengandik eta errifletik kendu gabe, ohe azpiko erretilua hartzen du.

Altxatzen da eta janariari begirada bat botatzen dio.

 

soldadua: Bi.

 

ian: Gosez nengoen.

 

soldadua: Ez esan.

 

soldadua ohearen ertzean eseri eta bi gosariak irensten ditu.

Lasaitasunez hasperen egin ondoren korrok egiten du.

Burua komunerantz mugitzen du.

 

soldadua: Hor dago?

 

ian: Nor?

 

soldadua: Sexu usaina antzematen dut.

 

(Gela arakatzen hasten da.)

 

          Kazetaria zara?

 

ian: Ni —

 

soldadua: Pasaportea.

 

ian: Zertarako?

 

soldadua: (iani begira.)

 

ian: Zamarran.

 

soldadua tiradera-altzarian arakatzen ari da.

cateren kulero pare bat aurkitu eta altxatzen ditu.

 

soldadua: Harenak?

 

ian: (Ez du erantzuten.)

 

soldadua: Edo zureak?

 

Begiak itxi eta emeki aurpegiaren kontra igurzten ditu, plazerez usaintzen.

 

          Nolakoa da?

 

ian: (Ez du erantzuten.)

 

soldadua: Gozoa da?

          Bada —?

 

ian: (Ez du erantzuten.)

 

soldadua cateren kuleroak patrikan sartu eta komunera doa.

Atean jotzen du. Erantzunik ez.

Atea irekitzen saiatzen da. Giltzaturik dago.

Atea bortxaz ireki eta sartzen da.

ian zain dago, izuak hartuta.

Bainuontziko kanilak ixten ari direla entzuten dugu.

ianek leihotik kanpora begiratzen du.

 

ian: Dios!

 

soldadua itzultzen da.

 

soldadua: Alde egin du. Arriskuan jarri da. Soldadu kabroi pila bat dago hor kanpoan.

 

ianek komunean begiratzen du. cate ez dago.

soldaduak ianen zamarraren patriketan begiratu eta giltzak, diru-zorroa eta pasaportea hartzen dizkio.

 

soldadua: (ianen kazetari txartelari begiratzen dio.)

          Ian Jones.

          Kazetaria.

 

ian: Ui.

 

soldadua: Ui.

 

Elkarri begira daude.

 

ian: Ni akabatzera etorri bazara —

 

soldadua: (ianen aurpegia ukitzeko hurbiltzen da baina geldi geratzen da kontaktu fisikora iritsi gabe.)

 

ian: Adarra jo nahi didazu?

 

soldadua: Nik?

 

(Irribarre egiten du.)

 

          Herria gurea da orain.

 

(Ohe gainean zutik paratu eta burkoen gainean pixa egiten du.)

 

ian nazkaz dago.

 

Argi itsugarria lehenbizi, gero leherketa izugarria.

 

Ilunaldia.

 

Udako euriaren soinua.