Mami Lebrun
Mami Lebrun
Kepa Errasti
Azaleko irudia: Ane Pikaza
Diseinua: Metrokoadroka
2020, antzerkia
94 orrialde
978-84-17051-45-7
Kepa Errasti
1981, Aretxabaleta
 
 

 

4. AGERRALDIA
HURBILTZEA

 

(mitxel eszenatokiaren eskuinaldetik sartuko da. Dakartzan paskinak ezkutatzen saiatuko da. kontxa aldatzen harrapatuko du.)

 

mitxel: Barkatu, excuse-moi!

 

kontxa: Lasai.

 

mitxel: Aio.

 

kontxa: Hola…

 

mitxel: Isilik ibiltzea gustatzen zaion horietakoa zira, e…

 

kontxa: Zuk be ez dozu ezer esan.

 

mitxel: Bakarrik nintzela uste nuen.

 

(Isilik geratuko dira biak. kontxak janzten jarraituko du beste aldean.)

 

mitxel: Zer moduz?

 

kontxa: Ondo.

 

mitxel: Oraintxe heldu zira?

 

kontxa: Bai. Gaur apur bat berandu ibili gare afaixakin. Ondiokan ez jat toketan, ezta?

 

mitxel: Ez… Marlene eta gero.

 

(Biak isilik geratuko dira, tentsio puntu bat dago airean.)

 

kontxa (zalantza txiki bat egin eta gero): Mitxel, barkamena eskatu gure dutsut atzokuagatik.

 

mitxel: Barkatu zuk, otoi. Tetele batek moduan jokatu nuen. Konfiantza gehiegi hartu nuen. Ez nintzen horrela hurbildu behar…

 

kontxa: Ez nauen esaten horregatik…

 

mitxel (nola jarraitu ez dakiela): A…

 

kontxa (isilunetxo bat eta gero): Ez daukat deretxorik zure gauzak begira ibiltteko. Pentsetan nauen…

 

mitxel (gaia itxi nahian): Lasai, Kontxa, ahantzia da…

 

(Isilune luzetxoago bat sortuko da. Zain geratuko dira biak ea besteak zerbait esaten duen entzuteko.)

 

kontxa: Hor, arropa artian gordeta euketzuna zer zan, radixo bat?

 

(Amorratuta begiak itxiko ditu mitxelek, baina ez du ezer esango.)

 

kontxa (inpazientziaz, erantzunaren zain): E, Mitxel?

 

mitxel: Bai.

 

kontxa: Mezu sekretuak bidaltzeko balixo dauien horreittakua, ezta? (Tokadore atzetik atereaz) Sekule ikusi barik neukan bat. Berba egitteko trasto horrekin esan gure dot… Entzuteko bakarrik dienak, bai…

 

mitxel: Bon…

 

kontxa (moztuz): Durand familixiantzat lan egitten nauenien Radio Paris entzuten gauen. Chevalierren piezak eta Mistinguetten abestixak. Askotan botaten dot faltan radixua komentuen. Bat uste dot badauela, baina gutxitan jarten dauie. Ez die oso musika zaliak.

 

mitxel: Aitatxiren irratia da. Biziki gustatzen zitzaizkion. Lehen Gerla baino lehen erosi zuen eta hil zenean, nik hartu nuen oroigarri gisa.

 

kontxa: Baina, badabil?

 

mitxel: Ez dut uste.

 

kontxa: Ez dozu probatu?

 

mitxel: Zertarako saiatu behar dut? Garai hauetan, gainera, biziki arriskutsua da.

 

kontxa: Hala ta be, zurekin daruezu…

 

mitxel: Aitatxi oroitarazten nau. Harreman tinkoa genuen eta berarena geratzen zaidan gauza bakarra da.

 

kontxa (irratia zalantzaz begiratuz): Probatuko dou?

 

mitxel (zakar): Ez duzu aditu arriskutsua dela?

 

(kontxa zer esan ez dakiela geratuko da une batez.)

 

mitxel: Alemanekin pitokeria gutxi. Hemen lagunak ditugu ongi pasatzera heldu direlako, baina beraientzat nehor ez gira. Behar izanez gero, gai dira buruan tiro bat emateko, aditu? Kasu eginez ibili behar da hauekin.

 

(Adi begiratuko dio kontxak, nola erreakzionatu ez dakiela geratuko da une batez mitxelen hitzen aurrean.)

 

mitxel: Marlene finitzen ari da. Prest izan.

 

(Ilundu egingo da eszenatokia. kontxaren mamua ikusiko da kontra-argian. Tentsio giroa iradokitzen duen doinu instrumental bat hasiko da. kontxaren mamuaren ahotsa entzungo da offean. Testua entzuten den bitartean, kontxak eszenatokiaren erdia hartuko du.)

 

kontxaren mamua (mikrofonotik): Mitxelek arrazoia euken niretzako lekua ez zala esaten nustenien. Aste batzuk bazien Cabaret l’Écolen lanien hasi nintzela, eta konturatuta ninguen han lanien gebillen neska danok ez gitzela “kantantiek”, eta etorten zien aleman higuingarrixak be ez zetozela gure ahots ederrak entzuten. Itxura danez, okupau ostien, euren lujuria hiriburu bihurtu euien Paris.

 

(kontxak eszenatokiaren aurrealdera egingo du. Publikoari bizkarra emanez, gizonezko baten silueta ikusiko da aulki batean eserita. kontxak bere aurrean abestuko du. Amaieran, gizona kontxa ukitzen saiatuko da, baina honek aurre egin eta txistua botako dio. Altxatu eta zaplazteko bat emango dio gizonak. Sudurra odoletan, kontxa presaka sartuko da kamerinoan.)

 

mitxel: Aio!

 

(kontxak ez dio erantzungo.)

 

mitxel: Kontxa, zer duzu?

 

kontxa: Ezebez.

 

mitxel (hurbilduz): Utzi begiratzen. (Utzi egingo dio kontxak) Mon dieu, nola egin duzu hau?

 

kontxa: Galdetu Chotlitz jeneralari.

 

mitxel: Jo zaitu?

 

kontxa: Ni ez nau hemen inoren hankartia beroketako!

 

(mitxelek beso artean babestuko du.)

 

mitxel: Badakit, baina horren bila heldu dira hona.

 

kontxa: Ba, joan daittezela etorri dien lekutik. Ni abeslarixa naz!

 

mitxel: Alemanek ez dute horrelakorik bereizten. Beren gogoa baretzeko zaudete hemen, ez duzu ulertzen?

 

kontxa: Ez dakitt beste neskek zelan agoantetan dauien.

 

mitxel: Ea, utzi sudur hori ikusten.

 

(kontxak sudurra altxa eta garbitu egingo dio mitxelek.)

 

kontxa: Madame Laffitek esan dust higuingarri horrenagana joateko. Ondo abesten dauen neska bat eskatu ei dau beretako bakarrik.

 

mitxel: Bortxatu zaitu?

 

kontxa: Ez. Kantuen nenbilela ikuketan hasi jat eta insultau egin dot.

 

mitxel: Zer erran diozu?

 

kontxa: Kartoffel!

 

mitxel: Kartoffel?

 

kontxa: Bai.

 

mitxel: Kontxa, Kartoffel patata da…

 

kontxa: Zer?

 

mitxel: Kartoffelek patata erran nahi du alemanez.

 

(kontxak harriduraz begiratuko dio eta barrezka hasiko dira biak.)

 

mitxel (sudurra seinalatuz): Ematen du sikatu zaizula.

 

(Bat-batean, tentsio moduko bat sortuko da bien artean. kontxa zutitu, bionbo atzera joan eta kalerako prestatzen hasiko da.)

 

mitxel: Aterako gira itzuli bat ematera? On egingo dizu haize freskoak. Oren erdi falta da etxeratze-agindurako. Badugu astia.

 

kontxa: Komenturako errekau batzuk egitteko geratu naz.

 

mitxel: Pena… Agindu zikin hori…

 

(Isilik geratuko dira une batez.)

 

mitxel: Kontxa, seguru zira hemen jarraitu nahi duzula? Erran nizun ez zela leku goxoa.

 

kontxa: Abesten zoriontsu naz, Mitxel. Eta gaur arte ez dot euki inungo problemarik.

 

mitxel: Baina izango dira gaurkoa bezalako egun gehiago. Nazi nazkagarri horiek Parisen dauden bitartean behintzat bai.

 

(kontxa isilik geratuko da une batez, zerbaitekin gogoratu izan balitz bezala.)

 

kontxa: Kalien esaten da amerikanuek etorriko diela frantsesei lagunketan.

 

mitxel: Nork daki…

 

kontxa: Zuk ez dozu ezer entzun?

 

mitxel: Nik ez dut txutxu-mutxuetan sinesten.

 

kontxa: Ba, kalien bolo-bolo dabil.

 

mitxel: Jendeak hitz egin bai, aise hitz egiten du, baina egin ezer gutxi.

 

kontxa: Zer esan gure dozu?

 

mitxel: Deus ez. Ahantzi…

 

(mitxel isilik geratuko da. kontxa aurreratu egingo da.)

 

kontxa: Bueno, bixar egongo gare.

 

mitxel: Laguntzea nahi?

 

kontxa: Ez, lasai. Moldatuko naz.

 

mitxel: Ez zait fitsik kostatzen.

 

kontxa: Ti-ta baten bukatuko dot baina! Eta gero, gainera, segittuen fan biher naz komentura.

 

mitxel: Bon, nahi duzuna.

 

kontxa: Eskerrik asko, halata be.

 

(Elkarri begira geratuko dira une batez. mitxel apur bat hurbilduko da sudurra begiratzeko.)

 

mitxel: Ea sudur hori.

 

kontxa: Ondo dauket, ez dust minik egitten.

 

mitxel: Kontxa, zernahi gerta ere, badakizu non naizen…

 

kontxa (urduri): Eskerrik asko.

 

(Elkarri begira geratuko dira une batez; azkenean, mitxelek muxu goxo bat emango dio. kontxak erantzun egingo dio. Dantzatzeko abesti goxo bat entzungo da. Bikoteak dantzan egingo du goxo.)

 

kontxaren mamua (mikrofonotik): Lehenengo aldixa zan norbaittek patxo bat emuten nustena. Holakorik behintzat… Baina patxuek berak baino gehixau, zure hurbilttasunek hunkittu nindduen. Mundu arrotz baten ninguen eta babestuta sentiru nintzen; etxien. Youkali zer dan erakutsi nustezun. Ordutik sekule ez dot sentiru holakorik. Juanitok berak be oso zoriontsu egin nau, seme-alaba zoragarrixak emun dust, baina ez da iguala. Garai hartako Kontxa eta oingue diferentiak die. Oingue fuertiaua da, helduaua; baina askotan botaten dau faltan garai hartakua. Izugarri sentiruten dot zure hutsunia, Mitxel. Beti eruengo zaittut bihotzian.

 

(kontxaren mamuaren ahotsak aurrera egin ahala, miren eta egoitz banatu egingo dira eta mutila geratuko da bakarrik eszenatokian.)

 

egoitz: Umetako oroitzapen mordoa etortzen zait askotan burura: kale barreneko etxe zaharra, goizetan sutan berotutako galtzontzilloen goxotasuna, ostiral gauak amonaren etxean… Eta oroitzapen guztietan, bera: amona Kontxa.

 

kontxaren mamua: Egoitz, erosi ogi barra bat Marianian.

 

egoitz: Mukizapi baten bilduta botatzen zizkidan leihotik behera 40 pezetak. Justu, badaezpada… Askotan pentsatzen dut nostalgikoegia naizela. Pisu handiegia ematen diodala iraganari. Hala ere, behin entzun nuen nostalgia izatea berez ez dela txarra. Horrek esan nahi duela bizitzan gauza onak gertatu zaizkizula eta faltan botatzen dituzula; bizitza zoriontsua izan duzula…

 

kontxaren mamua: Baina beti atzera begire ibilttia be ez dok ona, e?

 

egoitz: Hala ere, amonak esaten zuen moduan: “beti atzera begire ibilttia be ez dok ona”.