Mami Lebrun
Mami Lebrun
Kepa Errasti
Azaleko irudia: Ane Pikaza
Diseinua: Metrokoadroka
2020, antzerkia
94 orrialde
978-84-17051-45-7
Kepa Errasti
1981, Aretxabaleta
 
 

 

3. AGERRALDIA:
LEHENENGO HAUSTURA

 

(miren eta egoitz pertsonaiak egiteari utzi eta antzezten ari diren istoriotik aterako dira.)

 

miren: Ze ostia… Hori zurea da, ezta?

 

egoitz: Bai…

 

miren: Jode, Ego…

 

egoitz: Bai, barkatu… (Mugikorraren bila hasiz, ez daki oso ziur non daukan. mirenek begiradarekin jarraituko dio) Ez dakitt nun itxi doten…

 

miren: Mahai gainean dago.

 

egoitz (mahai aldera begiratuz): Nun?

 

miren: Hor!

 

egoitz: Nun?

 

miren: Hor!

 

kontxaren mamua: Hor!

 

egoitz: Nun?

 

miren: Ego, hor!

 

egoitz: Hor ez dau!

 

(miren mahaira hurbilduko da eta bertan dagoen txapela altxatuko du. Azpian dago mugikorra. egoitzek telefonoa hartu, pantaila begiratu eta larri aurpegia jarri ondoren, itzali egingo du.)

 

egoitz: Ez naz ailegatu!

 

miren: Nor zen? Zure ama, ezta?

 

egoitz: Bai. Zelan dakitzu?

 

miren: Nerbiosa dago?

 

kontxaren mamua: Badakitzu zertarako deittu dutsun…

 

(egoitzek kontxaren mamuari begiratuko dio. Berak ikusten du, baina mirenek ez.)

 

miren: Ego… Zu, ondo zaude?

 

egoitz: Ni? Bai…

 

miren: Seguru?

 

egoitz: Bai…

 

miren: Mmmm… Ez dakit, ba…

 

kontxaren mamua (egoitz despistatzeko): 1etik 10era?

 

egoitz: Lau.

 

miren: Zer?

 

egoitz (larri, amona entzun duela disimulatzeko): Jarraituko dogu?

 

(Telefonoak jo aurreko eszenaren amaierara itzuliko dira berriro, mitxel eta kontxaren paperak antzeztuz.)

 

kontxa: Zer?

 

mitxel: Fitsik ez!

 

(Telefonoak joko du berriro.)

 

miren (sutan): Egoitz Aldamizetxebarria Unzetabarreneka…

 

egoitz: Bai, bai, barkatu… (Berarentzat, moztuz) Isildu eta punto.

 

miren: Zure ama da berriro?

 

kontxaren mamua: Ez da atrebiruten erantzuten.

 

egoitz (mamuari): Shshshshshs…!

 

miren: E?

 

egoitz: E?

 

kontxaren mamua: Benga, deittuixok!

 

egoitz (mamuari): Ezetz!

 

miren: E! Bale, e!

 

(egoitzek keinua egingo dio kontxaren mamuari bere lekura itzul dadin. mirenek harritu samar begiratuko dio eta kaxara hurbilduko da.)

 

miren (irribarrez, Cola Cao pote bat ateraz): Ego… Eta hau?

 

(egoitz isilik geratuko da.)

 

kontxaren mamua: Ederra egin juau! Topau dau!

 

miren: Zer zan? Sorpresa bat, ala?

 

kontxaren mamua (ironiaz): Bai. Zuretako espresamente…

 

(kontxaren mamuak egoitz bultzatuko du.)

 

egoitz: Zuretzako espresamente…

 

miren: Eta hori? Zer dela-ta?

 

egoitz: Ba, bueno, besterik barik, baina ez badozu gure ezebe…

 

miren: Ez, ez, ez… Ni txokolatearekin, badakizu… txortan egitea adina gustatzen zait.

 

kontxaren mamua: Gozatuko zara, bai…

 

miren: Goseak amorratzen nago gainera. Oraintxe jango nuke koilarakadaka!

 

kontxaren mamua: Koilararik ez dozu ekarri, ezta?

 

egoitz (Cola Cao potea antzokiaren albo batean ezkutatuz): Bueno, entsaiua bukatuko dogu lehenengo. Gero gerokuak.

 

miren: Utzi, hola, “a pelo” pixka bat jaten…

 

egoitz: Ezetz, Miren!

 

miren: Benga, apur-apur bat!

 

kontxaren mamua: Hori, bai, itxiok!

 

egoitz (zakar): Ezetz esan dutsut, joder!

 

miren (tonuaz apur bat harrituta): E! Lasaitu, e!

 

egoitz: Barkatu.

 

miren: Ze ostia gertatzen da?

 

egoitz: Ezebez.. Bueno, apur bat nerbioso nauela.

 

miren: Nerbioso baino gehiago, ez? Jode, Ego, ez gabiltza banku bat lapurtzen edo atentatu terrorista bat prestatzen. Omenaldi bat da zure amonari… Edo beste zerbait gertatzen da?

 

egoitz: Ez…

 

miren: Benetan?

 

egoitz: Ezetz, Miren!

 

kontxaren mamua: Benga, esaixok, gizon!

 

miren: Ikusiko duzu nola gustatzen zaien etxekoei…

 

egoitz (ironiaz): Bai. Amari batez be…

 

miren: Bada, niri gustatuko litzaidake nire amonak edo amak edo dena delakoak gaztetan holako historia bat bizi izan zuela jakitea. Eta amona Kontxa agurtzeko modu polita da. Ederra oparia!

 

kontxaren mamua (bere ondoan): Ointxe esan jok egixe! Eta ondo merezitte gainera! (Txalo eginez)

 

(egoitzek kontxaren mamuari begiratuko dio.)

 

miren (egoitzen arreta berreskuratzeko txalo eginez mutilari): Ego! Hemen zaude?

 

egoitz: Bai, bai, bai…

 

miren: Seguru zaude aurrera jarraitu nahi duzula honekin, Egoitz?

 

egoitz: Oin ez dogu atzera egingo, ezta?

 

miren: Tira... Zure barruko mamu horiek askatzen lagunduko dizu, ikusiko duzu…

 

kontxaren mamua: Mamua? Mamua? Ze mamu?

 

(egoitzek kontxaren mamuari begiratu eta barrea aterako zaio.)

 

miren (harriduraz begiratzen mutilari): Paskinenetik, ezta?

 

egoitz: Bai.