Isiltasuna
Isiltasuna
Eneritz Artetxe Aranaz
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2020, antzerkia
114 orrialde
978-84-17051-46-4
Eneritz Artetxe Aranaz
1972, Gernika
 
 

 

Zelai-etxea 4

 

(laia loreen artetik ari da paseatzen. Kala lore bat jaso, laztandu eta telefono bezala erabiltzen du.)

 

laia: Gartxot? Neu naiz. Maddi zurekin dago? Nola ez dagokizula. Badakit ez dela asteburua… Ez nago ezer aurpegiratzen… Non dagoen jakin nahi dut, besterik ez.

 

      Ez, ez da zure erantzukizuna, badakit. Baina arduratuta nago. Egun bi daramatza etxetik agertu gabe.

 

      Nola hainbeste? Ez didazu orain arte telefonoa hartu eta! Noski, oraintxe deitu dizut…

 

      Ez dago hor orduan? Ez, ez da asteburua. Badakit.

 

      Jakin dut zure lagunarena… Aurrera jarraituko duzue museoaren kontuarekin?

 

      Aizu Gartxot, San Juan Gaztelugatxekoak Bilboko Gran Via ematen du dagoeneko.

 

      Bigarren Museoa herrira ekartzen baduzue, betiko eskailerak kendu eta mekanikoak jarri beharko ditugu turista lodikoteak ermitaraino garraiatzeko.

 

      Arrazoi duzu, ez da horrenbesterako. Bai. Primeran. Zoaz Amaiaren etxera, Maddi bertan egon daiteke eta. Ados.

 

(laiak telefonoa esekitzen du eta bakarrik hitz egiten du.)

 

      Lehen koilarak eta labanak egiten zituzten lantegi horretan. Nire aitona bertako langilea zen. Orain koadro eta eskulturak jarriko dituzte gela horietan edo performanceak antzezteko erabiliko dira agian. Kultur turismo iraunkorra deitzen diote horri. Herriko kultur eragileak aterik ate eskean dabiltzan bitartean, herriaren erdian, kulturaren izenean, Arteagako gazteluaren tamaina duen museoa jartzea besterik ez zaie bururatzen. Itsatsi herrialdearen marka museo, hondartza zein kalatxo guztiei, sartu pinu gaixoak basoetan eta eraiki lau solairuko etxea hondartzatik bi metrotara, surf-aldietara erosoago iristeko.

 

      Laster turistez betetako gure hondartzetan sartzeko ere tiketak eskatuko dizkigute… ikusiko duzue.

 

(laiak telefonoa uzten du eta abesteko lekura hurbiltzen da.)