Isiltasuna
Isiltasuna
Eneritz Artetxe Aranaz
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2020, antzerkia
114 orrialde
978-84-17051-46-4
Eneritz Artetxe Aranaz
1972, Gernika
 
 

 

Teloneraren harrotasuna

 

Patricia Urrutia

 

      Arrotz egiten zait Iparraldeko “maite dut”en erabilera gogoko dugun zerbaiti erreferentzia egiteko, Iparraldean Hegoaldeko “gustatzen zait” arrotz egingo zaien beste. Izan ere, gustuko dudan oro ez baitut derrigorrez maitasuneraino gustuko. Argibide txiki honen beharra sentitu dut ondoren esango dudana ondo ulertzen dela ziurtatzeko. Eneritz maite dut. Era absolutu batean. Eta maite dut bere lana. Maite dut bere semearekin Lagan jolasten eta maite dut oholtza gainean. Maite dut ergela izateko daukan neurriz kanpoko askatasuna, eta maite dut serio jartzen denean dauzkan irmotasuna eta goxotasuna.

      Izugarri poztu nintzen Susak eta ehazek haren testua argitaratu behar zutela jakin nuenean. Poztu ere poztu ninduen Eusko Jaurlaritzako Kulturaren Euskal Behatokiak bera aukeratzeak emakume-sortzaileon egoera aztertzeko ikerketa taldearen parte izateko. Hain beharrezkoak iruditzen zaizkit bere begirada eta ekarpena gure mundura! Gure delako euskal antzerki sistemara! Beraz, gaur Eneritzen deia jaso dudanean testua irakurtzeko eta hitzaurrea idazteko gonbitarekin, sekulako ilusioa egin dit eta pentsatu barik, baietz esan diot, egingo nuela noski! Telefonoa eskegi ondoren, epostaz jaso dut Isiltasuna ondoko mezuarekin batera: “Ea zer iruditzen zaizun... nire asmoa komedia egitea zen baina istorio serio bat atera zitzaidan”. Hori da nik eduki dudan aurre istorioa. Orain, irakurtzera noa.

 

* * *

 

      Testua irakurri berri dut eta berehala idazteari ekin nahi diot, lehenengo sentsazioen oihartzuna oraindik gorputzetik dabilkidala. Ederra. Bizia. Antzerkigile baten testua irakurri dut. Antzerkia ikusi eta entzun egin dut. Poesia dago eta antzerkia bizi-bizi. Jantziak, espazio eszenikoa, pertsonaiak, berba bakoitza. Antzerkia entzun eta ikusi egin dut. Eta bat nator berarekin: istorio serio bat atera zaio. Baina serio jartzen denean ere, istripuz, jokoz josita dago eta umorea dario nonahi. Brava!

      Gorago Eneritzen deia jaso nuenean piztu zitzaidan ilusioa aipatu dut eta, orain, testua irakurri ondoren, horretara itzuli nahi nuke. Ilusioa egiten dit Eneritzek eskatu didalako eta testua irakurtzeko irrikaz nengoelako. Baina ilusio horrek badu beste alderdi bat, “obszenoagoa” dena. Hau da, “oholtzan jartzeko ondo ikusita ez dagoena”, “plazatik kanpo geratu behar duena” eta Isiltasuna-ren bizkarrezurrean dagoen espazio publikoa eta espazio pribatuaren arteko muga estu-estu horrekin zerikusia daukana. Eszenografiako ate horrekin zerikusia daukana. Aitormen bat egitera noa: aipatutako ilusio guztiekin batera, ilusioa egin dit Eneritzek nigan pentsatu izanak eta plazara irtengo den liburu batean ni agertzeak ere. Aitormena bota, eta berehala sorbaldak berez belarrietaraino igo zaizkit, zerua buruaren gainean eroriko zaidanaren ikaraz. Hybris! Ego hori, neska! Izan zaitez umilago, mesedez eta faborez, ez halakorik esan! Txarto, txarto, txarto!

      Etengabe gogoratzen digute zuhur jokatu behar dugula —en garde!— “ego” delako horren hamaika adierazpen makurren aurrean. Gizonei eta emakumeei, baina emakumeei, gehiago. Gure lekua plazan hartzen dugunean beti aurkitzen dugu norbait guri ego arazo bat atxikitzeko prest. Nik behin baino gehiagotan egin dut topo “egoaren zaindariekin” eta nire moduan, Jaurlaritzako ikerketan elkarrizketatutako sortzaile gehienek ere bai. Baina badago, “egozain” horien guztien artean nabarmentzen den bat nire imajinarioan, egozainen komandanteburua! Itziar Zigari irakurri nion behin, euskaldun guztiok jesuita zahar bat daukagula gure barruan. Bada, nik klaretar bat daukat. Hamabost urte inguru izango nituen ikastetxeko apaiz batek txokora deitu ninduenean, debate bat izan eta gero. Komandanteburuak (berrogei-berrogeita hamar urte, gizona, apaiza, ikasketa-burua, bizarduna, hau da, nahiko ikaragarria bazen tipoa) esan zidan niri, hamabost urteko ikasle neska gazte oraindik fededun bizargabeari, gutxiago parte hartu behar nuela gelako saioetan. “Nire etorriak beste ikasleak uzkurtzen” zituela. Txarto, txarto, txarto! Hortik aurrera, besteak beste, eta askotan eskua berez igotzen zitzaidan arren, neure buruari inposatu nion ezin nuela gelako elkarrizketetan parte hartu, beste hiruk behintzat nire aurretik berba egiten ez bazuten (auskalo zergatik hiru!). Noski, nire gelako mutil batek ere ez zuen antzeko “aholkurik” jasan. Beste kontu batzuk jasango zituzten (neskek ere jasango zituztenak, bide batez), baina plazan berba egiteko eskubidea sekula ez zitzaien mutilei zalantzan jarri.

      Klaretarren ikastetxean sartu aurretik ikasle izan nintzen ikastolako oroitzapenetan, “hezte” horren arrastorik ez dut aurkitu. Etxean hiru ahizpak beti kontrakora bultzatu gaituzte. Hala ere, klaretar kabroi hark sekulako eragina eduki zuen nigan. Seguruenik, oso adin hauskorrean harrapatu ninduelako. Oraindik ez neukan tresnarik gertatzen ari zena identifikatzeko, interpretatzeko eta erantzuteko. Horretarako dira hain garrantzitsuak ikerketak eta ikertzaileak. Batetik, testuinguru bat ekartzen digute, delako “arazo” indibidualei dagokien neurri kolektibo, soziologiko eta politikoa ematean. Eta bestetik, tresnak ekartzen dizkigute, Itxaro Bordak elkarrizketa batean esaten zuen bezala, erasoei “umoretik ere erantzun bat eman ahal izateko”. Zentzu horretan, sorkuntza artistikoak jokatzen duen papera ere garrantzi handikoa da. Imajinario berriak sortu behar ditu, hitzak eta irudiak berresanahitu. Ikusgarri egin itzaletan, alfonbrapean, ate atzean egon dena. Plazara atera. Eneritzen lanak indar bi horiek bateratzen ditu: ikerketa eta sorkuntza. Laiaren ahotsetik, elkarrizketatutako berrogei urtetik gorako emakume sortzaileon nekeak entzungarri egiten ditu. Erantzunik eman gabe, leziorik eman gabe, emanaldiaren ondoko hausnarketarako eta elkarrizketarako atea irekitzen du.

      “Cause, this is still a men’s world, darlings. Believe us”. Badakit gatxa dela batzuetan hau oraindik ere horrela dela sinestea. Bereziki sake abantaila daukazuela ohartu gabe, sake abantaila horrekin beti jokatu duzuenontzat. Badakit ere, inorentzat ez dela bizitza xamurra, gizonontzat ere ez. Eta gizon sortzaileontzat ere ez. Baina oraingo honetan, egin kasu guri, bai? Gugan konfiantza izan. Egoera ulertzen duzuela pentsatzen duzuen arren. Ados ez zaudetela uste duzuen arren. Intentziorik onenarekin, arazoa gaindituta dagoela uste duzuen arren. Egin kasu guri, kontu honetan badago ihes egiten dizuen zerbait. Bene-benetan. Beraz, behingoz bada ere eta tartetxo batez besterik ez bada ere, egon isilik. Eneritzek badu zerbait esateko.