Francoren bilobari gutuna
Askoren artean
Francoren bilobari gutuna
Askoren artean
Azaleko irudia: Hiru Damatxo
Diseinua: Metrokoadroka
2019, antzerkia
136 orrialde
978-84-17051-39-6
 

 

24. agerraldia:
Joxan eta Iñakiren arteko objektu trukaketa

 

(joxan itxarongunean dago. Dagoeneko oso tik nabarmenak ditu eta soinuak ateratzen ditu, builaka ari da. iñaki kepak bultzatuta dator, gurpildun aulkian. Algaraka datoz, jolasean.)

 

IÑAKI: Azkar, aita!... Ezker! Eskuin! Atzera buelta! Aparkatu.

 

KEPA (iñakiren aulkia egokitu eta irri eta neke arteko hasperen bat eginez esertzen da): Egun on, Joxan.

 

IÑAKI: Kaixo, Joxan.

 

JOXAN: Ixo! Alua!

 

(iñaki eta kepa harritu egiten dira. joxanek zaplazteko batzuk ematen dizkio bere buruari. iñakik gurpildun aulkia seinalatzen dio kepari.)

 

KEPA: Berriz?

 

IÑAKI (buruarekin baietz eginez): Zure txanda da.

 

KEPA: Bon, baina egunean bi aldiz erran diagu, e! Lehen ere egon haiz aulki horretan, beraz, gaurko azken aldia duk.

 

IÑAKI (kepari begira, tarteka): Joxan?

 

(joxanek bere tik eta soinuekin jarraitzen du. kepari telefonoak joko dio, hartu eta urrundu egingo da. keparen elkarrizketa eta joxan eta iñakiren artekoa, bi planotan, aldi berean ematen dira.)

 

KEPA (jakin minez): Bai? (...) Erran, nola pasa dun? (…) Epaileak zer galdatuko du? (...) Ez al zuten aitzinetik adostu denek bat egitea? (...) (Haserretzen hasten da) Nork erran din hori?! (...) Bai, noski, “denak ala inor ez, baina nire ipurdia salbu”, bazakinat, bai. (...) Bai, bertze sumario bat ere badin baina kausa horregatik epaitua izan zunan. (...) Ez du balio?! (Haserretik ironiara pasatuz) (...) Jakina, ez din ezerk balio, baina paperak... (...) Noski. (...) Zein paper?! Baditinat milioika paper! (...) Ados, begiratzen dinat. (...) Non zaukaten bera orain? (...) Indartsu?! Bazakinat indartsu dagoela, baina nora eramango duten jakin nahi dinat. (...) Mila kilometroko erradio batekin asmatuko dun, bai! (...) Ados, pasa egin naun, barkaidan. (...) Eginen dinat ahalegina paperok biltzeko eta hi saiatu hadi non dagoen jakiten. (…) Zezenaren ipurtzulora joan behar badinat ere han izanen naun. (...) Ados. (...) Bai, Iñaki hobeki. (...) Saiatuko naun “Instituciones Penitenciarias”en baina, badaezpada, telefonoa irekia izanen dinat. Agur, bai, agur.

 

IÑAKI: Joxan? Ekarri duzu zerbait?

 

JOXAN: Bai.

 

(Giltza bat ateratzen du poltsikotik.)

 

JOXAN: Zuk gura duzun ate guztiak zabaltzeko giltza. (Keinu egiten dio, tik artean) Alua!

 

IÑAKI (eskua luzatuz): Joxan....

 

(joxanek giltza ematen dio.)

 

IÑAKI (pozik): Nik ere topatu dut gauzatxo bat. Beheko solairuan.

 

JOXAN (tik eta soinuak tartekatuz): A bai? Zer?... Franco! Zikina! Barcina!

 

(iñakik galtzetan bilatzen du, kostata, esku-hezurdura bat ateratzen du eta joxani luzatzen dio. joxanek izu-kolpe bat dauka.)

 

JOXAN: Nondik atera duzu hori? (iñaki isilik dago) Non lapurtu duzu esku hori?

 

IÑAKI: Ez dut lapurtu, e! Aurkitu egin dut. Miguelen kontsultan.

 

JOXAN (zutituz, tikek gaina hartuta): Baina nork arraio esan dizu zuri hezur hori hartu dezakezula! Zer egiteko asmoa daukazu, saldu? Gerrako hezurrak saltzen dituzu orain?

 

IÑAKI (larrituta): Gerrako hezurrak?

 

JOXAN: Gerrako hezurrak, bai. Gure hilen hezurrekin finantzatu behar duzue zuen pailazoen kartzelako ikuskizuna?

 

IÑAKI (erdi negarrez): Joxan... Ez dizut ezer ulertzen...

 

JOXAN (tikek gaina hartuta): Aaa! Zatika! Zatika!

 

IÑAKI: ...beldurtzen ari naiz Joxan.

 

JOXAN: Haurrak! Beti behar ez dugun tokietan eskuak sartzen! Kobazuloetan... Kontsultetan... Ez sartu!

 

(iñaki burumakur dago.)

 

JOXAN (tikak, soinuak, oihuak): Zatika! Zatika! Zatika! Ezin duzu hezur hori hartu. Itzuli egin behar duzu.

 

(iñaki negar-zotinka.)

 

JOXAN: Eraman hezur hori Miguelen kontsultara oraintxe bertan.

 

(iñakik baietz dio buruarekin.)

 

JOXAN (oihuka): Eta emadazu nire giltza!

 

(iñakik giltza ematen dio. joxan badoa.)

 

IÑAKI (negarrez): Joxan!

 

JOXAN: Zer?

 

IÑAKI: Lagunduko?

 

JOXAN (tik bortitzak): Zer? Zer! Zer!

 

IÑAKI (ikaraz): Lagunduko didazu hezurra Miguelen kontsultara eramaten?

 

JOXAN: Norberak egin behar dio aurre bereari!

 

(iñaki negarrez doa esku-hezurrarekin, albo baterantz. joxan beste alderantz doa, bere tik eta soinuekin.)