Leviatana
Leviatana
Joseph Roth
itzulpena: Edorta Matauko
1998, narratiba
96 orrialde
84-86766-82-6
azala: Wild
Joseph Roth
1894-1939
 
Leviatana
Joseph Roth
itzulpena: Edorta Matauko
1998, narratiba
96 orrialde
84-86766-82-6
aurkibidea
 

 

VII

 

Era horretan tentatu zuen deabruak Nissen Piczenik koral merkataria aurreneko aldiz. Deabruak Jenö Lakatos izena zuen, Budapestekoa zen eta sasi-koralak inportatzen zituen lurralde errusiarretara, zeluloidezko koralak, erretzen direnean horren gar urdinska dariena, non infernua inguratzen duen suzko hesia ematen baitu.

        Nissen Piczenik etxera heldu zenean, musu nagia eman zion emazteari masaila banatan, agurtu zituen sortagileak eta hasi zen, begiak zertxobait nahastuta, deabruak nahastuta, bere koral kuttunei so egiten, koral bizidunei, itxura akasgaberik inola ere ez zutenei Jenö Lakatos lehiakidearen zeludoidezko harri faltsuen aldean. Eta deabruak ideia iradoki zion Nissen Piczenik koral merkatari prestuari, sasi-koralak egiazkoekin nahastekoa.

        Hartaz, joan zen egun batez postetxera eta diktatu zion esbribau publikoari gutun bat Jenö Lakatos Sutxkykoarentzat, honek handik egun batzuetara ez hogei pud sasi-koral baino gutxiago igorriko ote zizkion. Bada, jakina denez, zeluloidea material arina da, eta hogei bat pud sasi-koraletatik eraztun eta iduneko mordoa atera daiteke. Nissen Piczenikek, deabruak seduzitu eta itsuturik, sasi-koralak egiazkoekin nahastu zituen, hainbestean traizio eginez bere buruari eta egiazko koralei.

        Herrialdeko inguruetan jadanik hasia zen uztaroa, eta nekazariak ia ez zetozen koralak erostera. Baina noiz edo behin azaltzen ziren bakanekin, irabazten zuen Nissen Piczenikek orain gehiago, sasi-koralei esker, lehen bezero ugarirekin irabazi izana baino. Egiazkoa sasikoarekin nahasten zuen... eta hori are makurragoa zen sasikoa ez beste saldu izan balu baino. Hala gertatzen baita deabruak tentatu gizonekin: deabruzkoa den orotan deabruari berari ere hartzen diote gaina. Era hartan gain hartu zion Nissen Piczenikek Jenö Lakatos Budapestekoari. Eta dena, Nissen Piczenikek irabazten zuen guztia, zuhur gordailutzen zuen Pinkas Vartxavskyrenean. Eta hain zeukan tentatua deabruak koral merkataria, ezen honek benetako poza hartzen baitzuen bere dirua hazi eta interesak sortzen zituela pentsatze hutsarekin.

        Orduan ustekabean haietako egun batean hil egin zen Pinkas Vartxavsky lukuraria, eta Nissen Piczenik izutu eta segituan joan zen lukurariaren oinordekoak ikustera, bere diru eta korritu eske. Berbertan jaso zituen, ez bost mila laurehun eta berrogeita hamar errublo eta hirurogei kopek baino gutxiago. Diru horretatik ordaindu zion zorra Lakatosi eta beste hogei bat pud sasi-koral gehiago eskatu.

        Egun batez lupulu-laborari aberatsa etorri zen Nissen Piczenikenera eta koral kate bat eskatu zion bere bilobetariko batentzat, begizkoaren aurka.

        Koral merkatariak sortaratu zuen katetxo bat osorik sasi-koralez egina, zeluloidezkoa, gaineratuz: «Hauek dira ditudan koralik ederrenak».

        Laborariak egiazko koralei zegokien salneurria ordaindu eta bere herrira joan zen.

        Sasi-koralak lepotik zintzilikatu eta astebetera hil zitzaion bilobatxoa, itokarrean heriotza izugarriaz, difteriaz. Eta lupulu-laborari aberatsa bizi zen Solovietzk herrian (baina baita inguruko herrietan ere) zabaldu zen Nissen Piczenik Progrodykoaren koralek zoritxarra eta gaitza zekartzatelako albistea... eta ez haren erosle zirenei bakarrik. Difteria hasi baitzen aldiriko herrietan jotzen, atzitu zuen haur asko, eta zurrumurrua zabaldu zen Nissen Piczeniken koralek gaitza eta hondamena zekartzatela.

        Horren ondorioz ez zen negu guztian bezero gehiago inguratu Nissen Piczenikenera. Negu latza izan zen. Azaroan hasi eta martxo bukaera arte luzatu. Egunero botatzen zuen izotza ankerki, bakanetan erortzen zen elurra, beleek ere hormatu itxura zeukaten, gaztainondoen adar soilduetan kokoriko paratuta. Isiltasun handia zen Nissen Piczeniken etxean. Hurrenez hurren egotzi zituen sortagileak. Azoka egunetan topo egiten zuen noizean behin hango edo hemengo bezero zaharren batekin. Baina ez zuten agurtzen.

        Baiki, udan koral merkatariari musu ematen zioten nekazariek inondik ezagutzen ez zutenekoa egiten zuten orain.

        Izotza bota zuen berrogei graduraino. Ura hormatu egiten zen urketarien pegarretan iturritik etxerako bidean. Izotz geruza lodi batek estali zituen Nissen Piczeniken leihoetako kristalak, kalean gertatzen zena ez ikusteraino. Izotz burduntzi handi eta astunak zintzilikatu ziren burdin sareko barroteetatik, leihoen opakoa areagotuz. Eta ordurako Nissen Piczeniken etxera bezerorik ez inguratuagatik ere, berak ez zien errua sasi-koralei egozten, negu gorriari baizik. Bitartean Sutxkyn beti gainezka zegoen Lakatos jaunaren denda. Eta harenean nekazariek zeluloidezko koral merke eta akasgabeak erosten zituzten eta ez Nissen Piczenikenean egiazkoak.

        Izoztuta eta ispiluak bezain laututa zeuden Progrody hirixkako karrika eta kalezuloak. Bizilagun guztiak tentuz ibiltzen ziren makilatxo burdinaztatuen laguntzaz. Hala ere ugari ziren lurra jo eta zangoren bat edo kokota hausten zutenak. Gau batez Nissen Piczeniken andreak ere lurra jo zuen. Luzaroan korderik gabe egon zen lurrean etzanda, auzolagun errukiorrek altxatu eta etxera eraman zuten arte. Laster hasi zen bortizki botaka, eta Progrodyko atxeterrak garuneko konmozioa zela esan zuen.

        Eritetxera eraman zuten andrea, eta hango medikuak atxeterraren diagnostikoa baieztatu zuen.

        Koral merkataria goizero joaten zen eritetxera. Esertzen zen emaztearen oheburuan, aditzen zion ordu erdiz hizketa nahasia, so egiten zien haren sukar begiei, haren buruko ile bakanari, gogora ekartzen zituen hari eskainitako maitasun ordu urriak, arnasten zuen alkanfor eta iodo usain bortitza eta etxera bueltan paratzen zen bera supazterrean eta prestatzen zituen borsch eta kasha eta ebakitzen zuen berak ogia eta zuritzen zuen berak errefaua eta egiten zuen berak tea eta pizten zuen berak labea. Gero bere lau mahaietako baten gainera iraultzen zituen poltsatxo ugaritako koral guztiak eta haiek sailkatzen hasten zen. Lakatos jaunaren zeluloidezko koralak bereizita zeuden armairuan. Egiazko koralei Nissen Piczenikek aspaldi ez zeritzen animalia bizidunak. Lakatos hura eskualdera iritsi eta bera, Piczenik koral merkataria, zeluloidezko zirtzilu arin haiek egiazko harri astunekin nahasten hasi zenetik, hilda zeuden etxean bildutako koralak. Orain ez ziren ba zeluloidezko koralak egiten! Material bizigabe batetik bizidunak ziruditen koralak egiten ziren eta ez ziren ba are ederragoak eta perfektuagoak bizidunak eta egiazkoak baino! Zer zen, haren aldean, bere emaztearen garuneko konmozioa?

        Zortzi egun geroago hil zen, garuneko konmozioaren ondorioz, noski! Baina ez arrazoirik gabe esaten zuen berekiko Nissen Piczenikek, bere emaztea ez zela hila garuneko konmozioak jota soilik, baizik eta baita ere bere bizitza mundu honetan beste inoren bizitzaren mende ez izanagatik. Inork ez zuen hark bizirik jarraitzerik nahi, eta horregatik ere hil zen.

        Orain alargun zen Nissen Piczenik koral merkataria. Emaztearen dolua manaturiko moduan bete zuen. Hilarririk sendoenetako bat erosi zion eta ohorezko hitzak zizelarazi zituen bertan. Eta gau eta egun egiten zuen haren aldeko hil-eskaria. Baina ez zuen mendrenik ere beharresten. Jatekoa eta tea berak prestatzen zituen. Ez zen bakar sentitzen, bere koralekin bakarka zeneino. Kezka bakarra zuen haiek ahizpaordeekin, zeluloidezko koralekin traizionatu izana, eta bere burua Lakatos merkatariarekin.

        Udaberria espero zuen irrikaz. Eta azkenean heldu zenean, Nissen Piczenikek aitortu zuen, harekiko irrika alferrekoa izan zela. Lehen eskuarki, urtero, Bazko aurretik, izotz burduntziak eguerdi aldean urtzen hasten zirenean, bezeroak iritsi ohi ziren, gurditxo kirrinkari eta lera tintinlaritan. Koral beharrean zeuden Bazkorako. Orain ordea udaberria bertan zen, egunean baino egunean bero handiagoa egiten zuen, egunetik egunera motzagoak egiten ziren teilatuetako burduntziak eta txikiagoak bide ertzetan urtuz zihoazen elur tontorrak; eta Nissen Piczeniken etxera ez zen bezerorik agertzen. Bere haritzezko armairuan, bere esku-kutxan, eskerga eta burdinazko uztaiez hornitua, lau gurpilen gainean paraturik tximiniaren ondoan, koral nobleenak zeutzan sorta, meta eta idunekotan. Baina ez zen bezerorik agertzen. Egunean baino egunean beroago, lurmendu zuen, langarra egiten zuen, basoetan liliubelak loretan eta zingiretan igelak korroka: baina ez zen bezerorik agertzen.

        Garai hartan nabaritu zen lehenengoz Progrodyn halako aldaketa arraro bat Nissen Piczeniken izaeran eta adiurrean. Bai, Progrodyko biztanleak lehenengoz susmatzen hasi ziren koral merkataria gizon berezia zela, are xelebrea ere, eta batzuek galdu zioten ordura arteko begiramena, eta bestetzuek barre egiten zioten aho betean. Progrodyko jende on askok ez zuen gehiago esaten: hor doa koral merkataria... baizik eta esaten zuten soil-soilik: horra hor Nissen Piczenik... koral merkatari handia izan zen.

        Bera ez beste inor zen erruduna. Ez baitzuen inolaz ere jokatzen alargun bati dolualdiko arauek eta begiruneak eskatzen zioten bezala. Nahiz eta ordurako jendeak ezikusiarena egin Komrover marinelarekin izaniko adiskidantza ezohikoari eta Podgorzeven ospe txarreko tabernarako bisitaldiari, ezinezkoa zen orain, susmorik txarrenak hartu gabe, harako tabernara usu joaten ikustea. Izan ere, bere emaztearen heriotzaz geroztik ia egunero joaten zen Nissen Piczenik Podgorzeven tabernara. Ezti-ura grinaz edaten hasi zen. Eta gerora ezti-ura gozoegia zitzaionez, ameto ematen zion vodkarekin nahasteari. Zenbaitetan neska kaskarinen bat esertzen zitzaion ondora. Eta bera, bizi guztian bere emazte orain zendua beste emakumerik ezagutu izan ez zuena, bera, bere benetako emakumeak, koralak alegia, laztandu, aletu eta sailkatu beste atseginik ezagutu izan ez zuena, bera emana sentitzen zen zenbaitetan Podgorzeven taberna desolatuan emakumeen haragi zuri merkeari, bere odolari berari, eta trufatu egiten zen bere existentzia burgesaren duintasun errespetagarriaz, emana halaber nesken gorputzei zerien izugarrizko atzentasun epelari. Eta edan egiten zuen, eta laztandu aldamenera esertzen zitzaizkion neskak, aldizka ere belaunen gainean esertzen zitzaizkionak. Limurtasuna sentitzen zuen, gutxi-asko bere koralekin jolasean zebileneko limurtasun berdina. Eta bilo gorriz estaliriko hatz indartsuez egiten zien hazta, trebetasunean eskas, baldarraren baldarrez irrigarri, nesken titiei, koral zenbait bezain gorriei. Eta gainbehera —esan ohi denez— zihoan arin, gero eta arinago, egunetik egunera ia. Bera ere jabetu zen. Aurpegia zimelago, bizkar gizengabea konkorrago, lebita eta botak ez zituen gehiago garbitzen, bizarra ez zuen gehiago txukuntzen. Mekanikoki egiten zituen otoitzak gau eta egunero. Bera ere jabetu zen: ez zen gehiago koral merkataria soil-soilik, Nissen Piczenik zen, behinola koral merkatari handia izana.

        Sumatzen zuen, urtebete, urte eta erdi geroago herritar guztien barregarri bihurtuko zela; eta barru-barruan axola al zion? Progrody ez, ozeanoa zen bere aberria.

        Hartara hartu zuen egun batean bere bizitzako erabaki zorigaiztokoa.

        Lehenago, ordea, egun batean Sutxkyra joan... eta hara: Budapesteko Jenö Lakatosen dendan ikusi zituen antzinako bere bezero guztiak, fonografoko kanta zalapartatsuak adi entzuten eta zeluloidezko koralak erosten, berrogeita hamar kopek idunekoa.

        — Ei, zer esan nizun orain urtebete? —deiadar egin zion Lakatosek Nissen Piczeniki—. Zenbat gehiago nahi duzu, hamar pud, hogei, hogeita hamar?

        Nissen Piczenikek esan zion:

        — Ez dut sasi-koral gehiago nahi. Niri dagokidanez, egiazkoak bakarrik saltzen ditut nik.