Autoa
Autoa
Harry Crews
itzulpena: Eduardo Matauko, Kristin Addis
1993, narratiba
168 orrialde
84-86766-68-6
Harry Crews
1935-2012
 
Autoa
Harry Crews
itzulpena: Eduardo Matauko, Kristin Addis
1993, narratiba
168 orrialde
84-86766-68-6
aurkibidea
 

 

9

 

        Junell eta Joe biak ala biak urduri baino urduriago zeuden. Joe hotelera etorriko zela jakindakoan, sutan jarri zen Junell.

        «Zer arraiotarako?» itaundu zion Mr. Edge berri-ekarleari.

        «Zure neba zaintzeko.»

        «Zure hotela zaintzeko, esan nahi duzu,» bota zion aurpegira, begiak gorri, ernegaturik.

        «Berdin dio,» esan zuen Mr. Edgek. «Dena dela, hemen bonba batek eztanda egiten badu, denok harrapatuko gaitu, zu, ni, zure neba, denok. Horregatik eskatu nion gobernadoreari patruila bereziko mutil batzuk bidal zitzan. Joe bolondres aurkeztu zen. Bazetorrela zuri esateko hots egin zidan.»

        Junelli jardun-arauen haustura iruditu zitzaion hura, gizabide eza. Hura ez zen istripua. Negozio enpresa hutsa baizik. Ausardi-erakustaldia zen, ekintza kementsua, dena delakoa. Baina istripua ez. Hemen ez zuten behar auto txikituetatik gorputz txikituak ateratzen trebatutako mutilik, kristal eta metal puska kiskaliz zipoztutako autobide-gudatokitan trafikoa zuzentzen ez beste zekien mutilik.

        Horregatik Junellen sutan jartzea. Hasieran bederen. Gero urduri jarri zen. Arin egin zuen, nebaren lehen agerraldirako erositako soinekoa erantzi eta moto lasterketako larrukiak jantzi, badaezpada, Joek kremailera askatu eta haren titiak igurtzi nahi izatekotan. Izan ere, beti egin ohi zuen. Orain, ordea, imajinaezina zitzaion nola egingo zuen —nola egingo zuten— hoteleko gela batean. Beharbada Joek Chrysler Cruiserra ez zuen ekarri ere egingo, eta Big Mama aldameneko etxesailean zegoen, Park 'N Lock-eko hamargarren estaian. Kontuak horrela, han zegoen egon, hoteleko gela batean egundaino ikusi gabeko gizon baten zain, egundaino ikusi gabea, salbu eta automobiletako kaltetuen garrasi etsituei kontu egiten, edota xehe-xeheturen bat jasotzeko atoi-kamioiak bideratzen, edota ezbehar-tokiaren inguruan zabaldutako bidea erakusteko argi ñirñirkariak kokatzen.

        Eta Joe azaldu zenean, hain urduri zegoen ezen Junell ere urduriagotu egin baitzen. Hain lotsor jo zuen atea ezen ezin baitzuen bera zenik sinestu ere. Baina atea zabaldu eta han zegoen, tantai geldi, patruilari-kapela buruari doitua, irribarreak aurpegia herbailtzen ziola.

        «Junell,» batak.

        «Joe,» besteak.

        «Bai,» batak.

        «Tira,» besteak.

        «Hona aldatuta, ezta?» Atzeko gelara luzatu zuen eskua.

        «Denboraldi baterako hemen bizi beharko genuela pentsatu genian eta.»

        «Gure Herman zentzatu arte edo?»

        «Nahiko zentzatua zegok, ez pentsa,» esan zuen, «baina gu zera gaituk, oso familia itxia.»

        Ate ondoan zeuden, Junellen eskua oraino tiradorean eta Joe oraino aiduru, irribarre herbaldu batez hitz egiten.

        «Diotenez, erroskilak bezalaxe jan dizkin,» esan zuen Joek.

        «Ez huan kakahueteak jatea baino nekezagoa izan,» esan zuen.

        «Zorioneko Herman hori,» esan zuen.

        «Bera zerbait duk,» esan zuen. «Nire neba izan arren, zerbait dela esan beharra diat.»

        Azkenean ateko tiradorea askatu eta gelara sartu zen. Joe jarraiki zitzaion. Ohe ondoan paretaren kontra besaulki bat zegoen. Besaulkiaren aurrean gelditu eta hari begira geratu ziren.

        «Ezin nian sinestu ere egin Mr. Edgek etortzekoa hintzela esan zidanean.»

        «Zoropito batzuek hire nebari zapart egitearekin mehatxatu dinate.»

        «Noiz arte geratuko haizela uste duk?»

        «Honek iraun arte,» esan zuen Joek.

        «Hermanek ez dik hamar urtetan autoarena egingo,» esan zuen.

        Jiratu eta besaulki aldera begiratu zuten ostera. Piskat mugitu eta hari bizkar emanda geratu ziren. Joe ziri-zara irristatu zen atzera pauso batez. Orobat egin zuen Junellek. Euren zangoek besaulkia ukitu zuten. Haren kontra sakatu zituzten euren zango-aztalak. Jesarri baino ez zuten egin behar. Baina ez zuten egin.

        «Zoropito horiek ohitu egingo dituk,» esan zuen Joek. «Aurreneko asteetan zapart egiten ez badiote, hortik aurrera ahaztu eta jaten utziko zionate.»

        Bapatean sirena batek ulu egin zuen kalean —moto baten sirena karrankariak— eta itsumustuan jesarri ziren biak. Berehalakoan bere patruilari-kapela hegal zabalekoa kendu zuen Joek. Jesarrita zegoen, kapela eskuetan oraturik. Aurrerantz makurtu zuen soina. Baina han ez zegoen aurreko esertokirik kapela gainean uzteko. Horretaz ohartu zen Junell. Joek kapela bazeukan, baina han ez zegoen aurreko esertokirik. Kapela besaulkian bere ondoan ipintzen hasi, baina gelditu egin zen. Beti aurreko esertokian ipini ohi zuen. Jagoitik beste inon ez zen gauza bera izango.

        Junellek ere faltan hartzen zuen eskopeta aurreko esertokiko atzealdean bere zorroan zintzilik. Belaunak haren kontra sakatu ohi zituen beti. Hura zen gustokoen egin ohi zuena, Joek bere Chrysler Cruisserraz ziharduen bitartean. Hura baino gehiago ordea, faltan hartzen zuen istripuen kitzikagarria: sirenak, goma eta arropen erre usaina, berotasuna, argi ñirñir zartakariak, gainerako atoi-txoferren lekua hartzeko borroka eta zein baino zein lehenago bertatik zerbait jasotzeko lehia. Eta jakin bazekien huraxe zela Joek ere faltan hartzen zuena. Azkenean magalean pausatu zuen kapela eta Junelli begiratu zion. Kapela magalean, ez zuen ezertarako aukerarik.

        «Nola egin duk hona heltzeko?» galdetu zion, Chrysler Cruisserra ekarri ote zuen jakin nahian.

        «Gurpil gainean.» Kapela azpikoz gora jarri zuen magalean.

        «Non aparkatu duk?»

        «Ez dinat nik aparkatu,» esan zuen urduri.

        «Nork aparkatu dik?»

        «Honaino gidatu duen gizonak.»

        «Nork gidatu dik?»

        «Ordezko laguntzaileak.»

        «Zer esan nahi duk, eduki ere ez duala hemen edukiko.»

        «Nagusiak esan zinan ez nuela haren beharrik izango. Esan zinan, hotelean gau eta egun zerbitzuan egonez gero, ez nuela Chrysler Cruisserra beharko.»

        «Zer zekik horrek baina?» esan zuen. Gero: «Joe, hobe hukeen bolondres ez etorri izana.»

        «Jasangaitza zitzaidanan,» esan zuen. «Hi gabe istripuak ez hitunan gauza bera.»

        «Hala ere neke haundiegia hartu duala uste diat,» esan zuen.

        «Ez ninan beste biderik,» esan zuen nahigabeturik. «Hi gabe Chrysler Cruisserra bera ere ez hunan lehengoa.»

        Junellek haren begirada luze eta tristea ikusi zuen, bere bularretara zuzendua. Gizon bat egarriak akabatzen, itur-xirripa bat bistaratu arren, sekulan iritsiko ez duelakoan. Bihotzak zart egin zion.

        «Amorru ematen zidak ordezko laguntzaile baten esku dagoela pentsatzeak,» esan zuen.

        «Morroi ona dun. Ez dun ganorabako bat,» esan zuen Joek. «Motoreentzako oso esku ona din.»

        «Orduan gurpil gainean ekarri hinduen hona eta gero gurpil gainean alde egin?»

        «Horixe,» esan zuen, berriro kapela buruan doituz.

        «Nigatik ez dik inork behin ere halakorik egin, Joe.»

        «Maite haunat eta errespetua dinat,» esan zuen.

        «Bazekiat,» esan zuen.

        Alabaina erreparatu zuen, bere gelan autorik gabe ezinezkoa zela. Joek ere ezin zuen Junellekin beste era batera pentsatu. Erreparatu zuen nola izan beharko. Maite baldin bazuen —eta orain hura litekeena zelakoan zegoen Junell—, bazekien zer egin.

        «Ikusi al duk Mavericka?» galdetu zion.

        «Zuzen-zuzen etorri naun hire gelara. Harrera gunean galdetu eta zuzen etorri naun.»

        «Behean zegok, dantzaretoan,» esan zuen. «Han ez duk orain inor izango.»

        Elkarri begiratu zioten: batak kapelari, besteak bularrei.

        «Hortaz, han ez zegon inor ere,» esan zuen.

        «Mavericka bakar-bakarrik zegok dantzaretoan.»

        «Bada, horra joan beharko dinat eta dena miatu,» esan zuen.

        «Nik erakutsiko diat,» esan zuen.

        Igogailutik irtetean, Mr. Edgerekin topo egin zuten.

        «Pozten nau zu hemen izateak,» esan zuen Mr. Edgek. «Pozten nau zu lanean ikusteak.»

        «Horretantxe ari naiz, bai, lanean,» esan zuen Joek, kapela haztatuz.

        «Pinkertonekoei alde egiteko baimena eman diet,» esan zuen Mr. Edgek.

        «Horiek amateurrak dira» esan zuek Joek.

        «Denei alde egiteko baimena eman diet, gobernadoreak zeuok, patruila bereziko mutilok bidaliko zituela esan bezain laster.»

        «Mutilari ingurumariak erakustea bururatu zait,» esan zuen Junellek.

        «Lagundu ahal zaitzaketet,» esan zuen Mr. Edgek.

        «Zuk badituzu beste zeregin batzuk,» esan zuen. «Uztazu nire gain.»

        «Ederki, hartara ni Hermani kontu egitera joango naiz.» Mr Edgek erlojuan ezarri zituen begiak. «Ez dut nahi mutil horri ezer gerta dakion.»

        «Oinarrizko baldintzei buruzko azterketaren txosten osoa emango dizut, jauna,» esan zuen Joek.

        «Ondo da,» esan zuen Mr. Edgek, haiek irten berri ziren igogailura sartzeaz batera.

        Argi bat pizturik utzia zuten dantzaretoan. Maverickari eusten zion plataforma karratuaren gainera zuzendurik zegoen. Hurreratu egin ziren. Joek pauso bat eman zuen plataforma gainera. Junellek jarraitu egin zion. Joek autoa inguratu eta oina atzera eraman zuen gurpilari ostiko egiteko.

        «Hemen libratu egiten dik,» esan zuen Junellek.

        «Libratu?» Joe gorritu egin zen. Zutik geratu zen, hanka atzerantz, oin batean balantzaka.

        «Noski,» esan zuen Junellek.

        «Ene Jainko ahalguztiduna,» esan zuen Joek. Oina behean jarri zuen. «Esan nahi dun berak, zera...»

        «Kokorikatu eta iraitzi egiten dik,» esan zuen. «Eta dena jukutria arrastorik gabe.» Mr. Edgeren hitz egiteko era bereganatzen hasia zen. «Ikus eta sinets.»

        Joe tronura hurbildu eta bertan eseri zen. «Hau dun hau,» esan zuen. «Hau dun benetan zerbait. Hortaz, bera hemen eseri eta...»

        «Plop,» esan zuen, eskuzarta joz.

        Joek txoketakotik kendutako koskan paratu zituen begiak. Tronutik altxa eta Maverick aldera jo zuen. Txoketakoak falta zuen koskari begiratu zion eta gero beste begirada bat autoaren gainekoari.

        «Hamar urtez?» esan zuen.

        «Hortxe-hortxe,» esan zuen. «Gutxi gorabehera. Beharbada gutxiago. Medikuak uste dik denbora joan ahala tolerantzia areagotzea gerta litekeela. Nik ez zekiat, hori duk ordea berak uste duena.» Isildu eta autoari beha zegoen Joeri beha geratu zen. «Iragarkietan Hermanek argi utzi zian ez zuela ordezko gurpilik jango, ezta krika ere. Autoa hutsik ez beste.»

        «Guztiarekin ere...» Ahots dardartia ezari-ezarian amatatuz joan zitzaion. Besoak zabaldu zituen autoaren luze-zabalera hartu nahian bezala.

        «O, eranskinak kenduta ere, baduk auto puska,» baieztatu zuen.

        «Eta ona, diotenez.» Joe astiro kapot eta faroen marra leunen azalera gainetik haztatzen ari zen, geldiune bat eginez Maverickari antz osoa hartzearren.

        «Ford produktua duk,» esan zuen.

        «Diotenez, potolo hauek leku pila dinate barruan.»

        «Ford etxeko ingeniariek zabalago egin dezakete auto baten barrualdea,» esan zuen Junellek. «Ospetsuak dituk horregatik.»

        «Atzeko esertokietan ere,» esan zuen Joek. «Diotenez, atzeko esertokietan ere bazegon hankak luzatzeko sobera tarterik.»

        «Aproba egin nahi duk?» esan zion.

        Ustekabeak ñirñir egin zion begitartean, pentsamendu hori behin ere bururatu ez balitzaio bezala. «Uste dun aproba egitea zuzena litzatekeela?»

        «Hermani ez lioke axola izango. Atseginez hartuko likek guk frogatzea.»

        «Zerbitzuan negon gero,» esan zuen.

        «Zerbitzuan egon haiteke kanpoan bezala auto barruan ere.»

        «Hori egia dun,» esan zuen, patruilari-kapela kontuz erantzi eta leihotik aurreko esertokira jaurtikiz.

        Junellek atea ireki eta egokitu egin zuen esertokia. Esertzeko astirik emateke, Joek haren zango artean zeukan eskua. Atzera bultzatu eta hortzez urratu zizkion kremailerak. Bularrak agerian jauzkari, Joek igurtzi batzuk egin zizkion. Lehenik ezkerrekoan, gero eskuinekoan, gero ezkerrekoan berriro.

        Bazirudien horrek baretu ez ezik, arnasa hartzen ere utzi ziola, esateko lain, «Maite haunat, Junell, eta errespetua dinat honexegatik.»

        Oso artega zegoen. Junellek soma zezakeen haren bihotzaren lasterra. Joek besarkatu egin zuen eta, eserita zeuden tokitik, aurreko esertoki gainetik eta haizetakoan zehar ongi landutako tronu huts aldera mailadi hutsetarantz begira geratu ziren.

        «Esaidan nola egin zuen,» esan zuen Joek.

        «Ez huan beste munduko ezer izan. Berak-»

        «Kontaidan hasieratik.»

        «Mr. Edgek gizon bat zeukaan soplete batekin eta-»

        «Eta jendetza zer?»

        «Jendetza itzela eta»

        «Gero eta oldartuago?»

        «Zaratatsua benetan. Aupaka, txaloka. Baina txoketakoa zeharka eta artezka ebaki orduko, isildu egin hituan. Eta-»

        «Ba al zegoen orratz bat erorikoan entzuterik?» esan zuen.

        «Bazegoen orratz bat erorikoan entzuterik,» esan zuen. Heure arnasa ere entzutea bahuen. Eta...»

        Joek larruzko gerrikoa askatu zion eta moto-larrukiak zabaldu.

        «... suhiltzaile-buruak begia sopletean jarrita zeukaan. Medikuak begia Hermanengan jarrita zeukaan. Jendetzak begia...»

        Joek larruzko moto-praken brageta askatu zion.

        «...denean jarrita zeukaan.»

        Orain bere azpian zeukan esertokian. Goiko txapara jo zuten haren oin botadunek. Larru beltza erauzi zion, ipurdi zuria agerian utziz.

        «... zilarrezko erretilu batean eta kokotsaren azpian eutsita...»

        Izerditan blai zegoen Joe. Begiak estu itxita. Patruilari uniforme berezia deslotuta, desbotonatuta, desitxuratuta.

        «...eta atzamarretan hartu zian eta ahoan ipini-»

        «Jauna, Jaungoikoa,» oihukatu zuen Joek. «Autoa bere ahoan.»

        «...eta bere eztarrian ikusi genian.»

        Itsu-itsuan igurtzi eta igurtzi ari zitzaion Joe.

        «...denok ikusi genian bere eztarrian eta jendetzak ezin izan zian jasan.»

        Alu betean hartu zuen. Eta bapatean bertan mutu geratu ziren esertokian, bi erbikumeren antzera ilunpean auto baten argiek ustekabean harrapaturik. Neskaren ahotsa, lehen premiazkoa, mehe, barnekoi bihurtu zen.

        «...eta banan-bana banan-bana koskor guztiak jan arte.»

        «Pentsa ezan!» esan zuen Joek estuasunez xuxurlan orain. «Jan egingo din txoketakoa. Gero parrila.»

        «Gero lohibabesa.»

        «Gero kapota.»

        «Gero haizegailua.»

        «Haizegailu uhala.»

        «Erradiadorea.»

        «Blokea.»

        «Pistoiak.»

        «Balbulak.»

        «Ardatza.»

        «Gurpilak.»

        «Ateak.»

        Bertan, Ford Maverickaren atzeko esertokian eurek asmatutako etengabeko erritmo bizian, jorra eta jorra ibili zuten auto osoa txoketakotik txoketakora, euren ahotsek elkarri kontrapuntu itsua egiten.

        «Haizetakoa,» esan zuen Joek.

        «Tresneria.»

        «Bo... bo... bolantea.»

        Azkenik elkarri oihuka ari ziren bekoz-beko, amaiera hurran zutelarik.

        «GERO ATZEKO ARDATZA!»

        «GERO MALETEGIKO ESTALKIA!»

        «GERO ATZEKO ARGIAK!»

        «GERO ZERA...»

        «... ZERA...»

        Biak batera: «TXOKETAKOA!»