Autoa
Autoa
Harry Crews
itzulpena: Eduardo Matauko, Kristin Addis
1993, narratiba
168 orrialde
84-86766-68-6
Harry Crews
1935-2012
 
Autoa
Harry Crews
itzulpena: Eduardo Matauko, Kristin Addis
1993, narratiba
168 orrialde
84-86766-68-6
aurkibidea
 

 

2

 

        Easy Mack geratu egin zen Sherman Hotelerako bidean, hesia gogora ekartzeko. Lady Bird Johnsonek ezarri zuen bertan. Amerika edertzeko haren planaren zatia zen. Hori esan zioten behintzat Easyri. Lady Birdek hesi bat nahi omen zuen herrialdeko txatartegi guztien inguruan. Tira, izatez ez zuen txatartegien inguruan hesi bat nahi; bere asmoa zen txatartegi eta bide publikoen artean derrigor hesi bat jarri beharra zegoela. Itxurosoagoa zela uste zuen.

        Enplegatuak hori bera esan zion Easyri, hiriko araudia betearazteko azaldu zenean. Beraz, Easyk hesia eraiki zuen, horiz pintaturiko egurrezko hesi garai bat, laurehun yarda luzerakoa, non eta, bere lantokiaren eta bost urte lehenago estatuak korapilatua zuen sarrera mugatuko superautobidearen artean. Lady Birdek, hala nahi izanez gero, hesia edukiko zuen. Lehendakariaren emaztea zen berori eta bera berrogeitahiru akre auto-txatarraren jabea baino ez. Baina horrek ez zuen esan nahi Easyk hesiaren ideia onesten zuenik.

        Ideia txepela zen eta hesia txepela, bere ustean. Min ematen zion. Easyk autoak maite zituen. Beti maite izan zituen. Beti eta zor nahiz lor. Fordetan lanean hasia zen ia Ford lanean hasi bezain laster. Eskuak maitale baten samurtasunaz sartu zituen autoen misterio ilun eta koipetsuetan, eta berehala bilakatu zen transmisio-ardatzetan mekanikaririk onena Lebeau Konterrian, Georgia. Geroago, autotegi txiki baten jabe egin zen, tarte berean auto erabiliak salduz. Ondoren, Waycross-en, Georgia, tailerburu lana aurkitu zuen auto berrien banatzaile batentzat. Azkenik, bere aukera ikusi eta, 1939an II Mundu Gerra hasi baino lehenxeago, Saint John's ibai bazterrean berrogeitahiru akre lur erosi zituen, eta Auto-Town sortu. Txatartegia zen. Baina Auto-Town izena jarri zion. Kategoria pixkat ematen zion. Errespetua. Erabakia baitzuen maite zuena beti errespetatzea. Izan ere, inor ez da berrogeitahiru akreren jabea izatera iristen maitasunik gabe. Horixe zen sinesten zuena eta horixe lankide zituen bere hiru seme-alabei beti irakasten saiatzen zena.

        «Maitasuna da mundu hau jirarazten duen gauzarik printzipalena,» esan ohi zien.

        Easyren burua jirarazten zuena, ordea, auto bat jango zuela zioen seme bat edukitzea zen. Non eta plataforma garai baten gainean Sherman Hotelaren aitzinaldean, Jacksonville hirigunean, Florida. Honezkero Herman aipatutako plataforma horren gainean egongo zen —Easyk begi-zizta bota zion erlojuari—, bai, honezkero Forsyth Street-ean, Mainetik bi etxesail mendebalderantz, fluorargizko arku zuri batez argiztaturiko plataforma baten gainean, bertan eserita egongo zen Herman, Ford Maverick berri-berri batekin. Hermanek jateko asmoa zuen Ford Maverick berbera.

        Easyk oraindik ikusi gabe zeukan. Baina hartaz irakurri izan zuen egunkarietan. Entzun izan zion Misterri hura deskribatzen, ikaratzeko moduko xehetasunik txikienak barne. Orain bere begiez ikustera joateko garaia zen. Hermanekin hitzegiteko garaia. Ordurako Mister behin edo beste joana zen Herman anaia bikia ikustera, baita Junell ere, Auto-Townen familiako kiderik langileena, Herman bisitatzera joana zen Sherman Hotelera.

        Ordubete lehenago gorabehera, alargunak Cadillacetik irtetea lortu eta geroxeago, polizirratian jasotako dei batek bidera jarri zuen Junell Big Mamaren burrunban. Larriune-deia zen, Saint John's Konterritik anbulantzia eta polizi laguntza eskean, Saint Augustinetik hogei miliatara iparraldean buruz-buruko txoke bat izan baitzen eta jarraian beste hamazazpi bat gehiago bata besteari itsatsita. Metala ebakitzeko ahalik eta soplete eta palankaxka gehien eskatu zituen polizirratiak. Hemeretzi auto zanpatu eta porroskaturen berria jaso eta batera abiatua zen Junell Auto-Townetik txinpart jaurtika, kristal eta legar txintxarrak parrastan. Burdinsarezko hesiatea itxi eta giltzatzeko ere ez zen gelditu.

        Easyk geldi-lokan utzi zuen bere International Harvester kamioixka, giltzarrapoa hesiatean ondo jarrita zegoela ziurtatu artean. Ondoren berriro kabinara igo eta bidean sartzeko abagunea itxaroten geratu zen. Makadam beltzezkoa zen bidea eta berrehun yardatan edo egurrezko hesi hori garaiaren luzeran zihoan sarrera mugatuko autobidera heldu baino lehen, zeinak Auto-Town gainetik ibaia zeharkatu eta Jacksonville aldera arku itxura hartzen zuen. Argizko ibai solidoa zen bidea, durrunda eta ñirñirka, noiz dirdaitsu noiz apal, islak ageri eta aienatzen zirela, kiriketan lez.

        Easy lasai eserita zegoen, International Harvesterraren kabinan zain, eskuak laxo baina bolantean tinko. Fio zen kamioiaz. Ezagutzen zion zeukan ahalmena. Berak muntatua zuen, literalki bere eskuez, bihotz-bihotzez. Ibilgailuari beronek erantsi zizkion auto-zatiak, ez kalitaterik onenekoak izateagatik, burura oroipen edo asoziazio bereziak zekarzkioten zatiak zirelako baizik.

        Kamioia, 1937 bat, haundieginez joan zen bera ere haundieginez joan zen era berean. Ford sedan 1940 baten lohibabesak zeuzkan eta Lincon Continental 1965 baten motorea, zeinari eusteko txasisa zabaldu behar izan baitzuen, eta Continental transmisioa, eta karga nibelatzeko leungailuak, eta antitxoke barra altzairu xaflatu-suberotuzkoa, eta beste aldaketa txiki kontaezin batzuk: takometroa goiko giderretik zintzilikatua, konpresio-ateak, gainaldean muntatu kromozko turutak, Glaspak isilgailuak, haizetako tindatuak, radio-kaseta, aire girotua, bolantea boteretsua, Naugahyde tapizeria zebra marraduna, eta gehiago. Kamioia taupada eta tranbalaka ari zen bide ertzean, enkaratu zuen lekuan bertan.

        Orduan, auto-argien ibaiko isurian etenaldia baino geldiune llabur bat somatu zuen Easyk —ñikada bapatean aienatua, urlaster txiki bat argizko jarioan— eta ziplo jo zuen autobidera, lehen martxan ia berrogeitamar hartuz; gero bigarrena sartu eta, kamioiaren atzealdeko lasterretako gurpilak sentitzeaz bat, aurrera egin zuen Jacksonvillerako bidean.

        Auto-Townetik Sherman Hotelera bost bat milia baino ez zegoen; sarrera mugatuko autobidetik joanez gero, aldiz, bi halako eta gehiago —hamar milia baino gehiago—, eta hau zen hain zuzen ostiral gauetan joateko bide bakarra, trafikoagatik bide luze bilakatzen baitzen bide motza. Hori zela-eta, bide luzea hartu zuen, auto-argien joairan preso, Saint John's ibai gainetik Hegoalderantz eta ondoren Main Street-eko zubitik Jacksonville hirigunerantz. Asteburu hasiera izanik, gazte samalda zebilen kanpoan Cougar, Fury, Sting Ray eta beste auto makur, distirant eta boteretsu batzuetan. Eta Easy Mackek arreta handiz gidatzen zuen, arriskutsuak zirela etsita baitzegoen.

        Gazteek ez zuten trafikoan sartu eta karabanan joan nahi izaten. Aitzitik, lekuz aldatzen ziren, beren motore gaindimentsionatuekin irrintzi eta marraka, tropeletik ihesian aldegiteko eskubidearen aldeko lehian. Baina norabide guztietan autoak txoketakoz txoketako zihoazen hogei miliatan. Ez zegoen tropeletik aldegiteko inolako modurik. Hortik gauaren arriskua. Baina Easy Mack trankil eta erne zihoan bere International Harvesterrean, kromozko albo-ispilutzarretatik begira eta begira, gazteei eta burutik jotakoei adi.

        Sherman Hotelera iritsi zenean, aparkatzeko tokirik aurkitu ezinean ibili zen. Etxesaila inguratu zuen hainbat bider, aldi bakoitzean Herman ez ikusten saiatuz baina nahi gabe ikusiz. Herman hartarako altxaturiko plataforma garai baten gainean zegoen, Sherman Hotel aitzinaldean, plastikozko izara garden bala-probako baten ostean. Herio-mehatxu bat baino gehiago jaso izan zuen. Esana zuten hil egingo zutela —jo eta bertan tiroz garbitu— auto hura jaten bazuen. Baina horrek ez zuen Herman geldiarazi. Hantxe zegoen, goian eserita, aldamenean Maverick motore erregogorduna zuela («Ford sei, martxa palanka arteza eta akzesoriorik gabea», horrela agertu zen Floridako Times-Union egunkariko iragarkietan).

        Azkenik, Easyk bira egin eta Sherman Hotel alboko etxesail osoa hartzen zuen Park 'N Lock batean sartu zen. Erabat automatizaturik zegoen, inork zaindu gabea. Makinatxo batek hori koloreko denbora-txartela bota zion arrapalan gora sartu zenean. Txartela tarrapata hartu zuen pasatzean eta burrunbaka bigarren estaira igo, aldizkargi batek lehenengo estaia beteta zegoela zioen eta. Baina bigarrena ere beteta egon eta Easyk azkenean hamabigarren estaian aparkatu behar izan zuen eta igogailuz jaitsi.

        Sherman Hotel aurreko espaloia jendez mukuru zen Hermanengana gora begira. Espaloiaren zati bat sokaz inguraturik zegoen, jendeak soka-esparrua igaro ez zezan lau zaintzaile berezik ardura zutela. Easy Mackek ez zekien zer egin semea ikustera joateko. Herman markagailuaren gainean zegoen eta ez zeukan, antza, berarengana iristeko biderik. Easyk ez zuen Mr. Edge Sherman Hotelaren nagusiarekin hitz egin nahi. Ez zuen batere gogorik. Kristalezko ate bikoitzetik barrura sartu zen gorriz tapizaturiko atalondo supituki hoztura; han zegoen mandatari-burua, zutik, gonamotz urdinez jantzitako neska oso gazte eta polit batekin hizketan. Ale gorriak zituen lepo inguruan. Easy hurbildu egin zitzaien. Irribarre egin zuen neskak. Mandatari-burua makurtu egin zen pixka bat; bazirudien orpoak irmo jarri nahi zituela.

        «Ezertan laguntzerik nahi, jauna?» esan zuen mandatari-buruak.

        «Ba, bai,» esan zuen Easyk. Orduan hitzik gabe geratu zen. Nola esango? Madarikatu egin zuen hotel bateko markagailuaren gainean auto baten ondoan eserita zegoen semea eman zion mundua.

        «Lagunduko al didazu nire semea ikusten?» galdetu zion Easyk. «Hitz egin nahi diot eta.»

        Neskak, irribarrez oraindik, gero arte esan zion mandatari-buruari eta atalondo barnean zeuden igogailuetara abiatu zen. Mandatari-buruak barkatzeko eskatu zion Easyri, eta honek dena errepikatu zion berriro.

        «Eta nor da zure semea, jauna?»

        Easyk uste zuen nola hala mandatari-burua berehala ohartuko zela Herman Macken aita zela. Ezinezkoa zela jakinda ere, pentsatzen zuen jende guztia lehen begiratuan konturatuko zela auto bat jatera zihoan seme bat sortua zuela. Kontzientzia karga handia bere buruarentzat, nonbait.

        «Herman Mack du izena,» esan zuen. Easyk atalondoko sabaira eraman zuen atzamarra. «Hor goian...»

        «Jakina baino jakinago,» esan zuen mandatari-buruak. «Aurrera, jauna, hemendik.»

        Baina mandatari-buruak ez zuen semea ikustera eraman, hain zuzen joan nahi ez zuen lekura baizik. Mr.Edge ikustera eraman zuen, baina Easy —lehen behin ere hotelean egon ez eta— ez zen hartaz jabetu, harik eta mandatari-buruak ate bat ireki eta «Berau duzu Easy Mack, Mr. Edge,» esan arte, eta bulego txiki eta huts baten ate ondoan utzi zuen. Bertan gizon mozkote bat zegoen idazmahai baten atzean eserita; gainean telefono beltz bat besterik ez.

        Gizon mozkotea zutitu zen eta irribarre egin zuen atseginez. «A, Mack jauna, eskerrak etorri zaren» agertuko zela aspalditik jakin eta atea zabaltzeko zain egon izan balitz bezala.

        Baina Easyk bazekien hura gezurra zela, nahiz eta Mr. Edgek bestelako itxura egin. Mr. Edge bitan joan izan zen Auto-Townera, denak Sherman Hotelera eraman nahi baitzituen famili-erretratua egiteko. Denak Hermanen atzean jar zitezela nahi zuen, Ford Maverickaren aurrean, iragarkien argazkietarako. Easyk eskerrik beroenak eman zizkion, bai eta horrelakorik egiteko asmorik ez zuela esan ere. Benetan gogokoa zuen Mr. Edge. Kezkatzeko modukoa bai, baina hala zen. Zaila zen Mr. Edge gogokoa ez izatea. Lasaia eta ongi hezia izaki, Easy Macki esan zion ulertzen zuela nola sentitzen zen, baina bera, Homer Edge, negozio bat kudeatzen saiatzen ari zela soilik —hotel eta denborapasaren negozioa, alegia— eta publikoak, hotel eta denborapasaren negozioan ziharduen gizon batengandik nola edo halako zerbait espero zuela, garai bateko ponperia pixka bat. Mr. Edge ohi bezala jantzita zegoen, traje beltz marragabea eta alkandora zuriaren gainean gorbata beltz marragabea. Hegal-puntako zapata beltzak zeramatzan, eta esertzean lau hazbeteko larru-tarte soil zuri-zuria agerian uzten zuten galtzerdi beltz motzak. Easyri hiljazle bat gogorarazi zion, eta ahalik eta azkarren eta hitz gutxien esanda aldegin nahi izan zuen haren ondotik. Nazka ematen zion ezezagun batekin solas egiteak, zeini buruz eta markagailuaren goialdean Ford Maverickaren ondoan eserita zegoen bere seme Hermani buruz.

        «Ez naiz hona famili-erretratua egitera etorri,» esan zuen Easyk.

        «O,» esan zuen M. Edgek. Irribarrea txikiago egin zitzaion eta mahai atzean eseri zen ostera. «Zer moduz Mister eta Junell?»

        «Haiek ondo,» esan zuen Easyk. «Junell istripu batera joan da.»

        «Entzun dut horren berri,» esan zuen Mr. Edgek, «Green Cove Springs alde horretan nonbait. Orduerdiro aipatzen ari dira albistegietan. Itxura txarra du aidanez.»

        «Egon ez dago istripu onik bat ere,» esan zuen Easyk.

        «Egia da,» esan zuen Mr. Edgek. Esku keinu batez aulki bat eskaini zion Mr. Edgek, baina Easy zutik geratu zen. Gogokoa zuen Easyk. Harritzekoa zen nola izan zezakeen gogokoa eta nola ari ziren biak hizketan, Hermanen egoera lazgarria ezagutuko ez balute bezala, edota markagailuaren gaineko plataforma eraiki eta promozio arrazoiak zirela medio Ford agentziak Mavericka dohainik ematea lortu zuenaMr. Edgeren boterea eta antolakuntza izan ez balira bezala, edota autoa jatearen truk Mr. Edge Hermani, ameslari errugabeorri, asteko hirurehun dolar ordaintzeko prest egongo ez balitz bezala.

        «Tragoxka bat hartzekotan nengoen,» esan zuen Mr. Edgek. Botila atera zuen mahaiko kaxoitik. «Whiskey bat hartuko al dugu?»

        Atakaune hartan gauza gutxi asma zezakeen hori baino guragokorik, baina garbi zegoen ezin zuela onartu. «Ez, ezetz uste dut,» esan zuen Easyk.

        Mr. Edgeri nahigabe keinu bat azaleratu zitzaion aurpegian. «Ulertzen saiatu, Easy.»

        Easyk lotsagabea eritzi zion Mr. Edgeren ahoan bere izen txikia entzuteari. Berak ondo asko zekien Homer zela Mr. Edgerena, baina ez zitzaiokeen sekulan burutik pasako hura ebakitzea. Eta besterik gabe, Mr. Edgeren negozioaren gaitz orokorraren beste sintoma bat bezala hartu zuen.

        «Iritsitakoan hor kanpoan ikusi dut,» esan zuen Easyk, eskua gora nagi mugituz.

        «Bai, antolaketaren barnean dago aldi batez Herman jendeari ikusten uztea.»

        «Ez al dago bera ikustera igotzeko biderik?»

        «Izango ez da ba.» Mr. Edgek barre egin zuen. «Ez duzu usteko gauero igotzen dugunik gako, eskalera eta guzti, ezta?»

        Easyk ez zuen barrerik egin. «Ez, jauna, ez dut horrelakorik uste.»

        Bi gizonak elkarri begira geratu ziren, mahai hutsa tartean.

        «Plataformarako irispidea bigarren solairutik,» esan zuen Mr. Edgek. «Garaia heltzen denean dantzaretora aldatuko dugu.»

        «Dantzaretora?»

        «Noski, ez diot utziko...,» isildu egin zen Mr. Edge. «...zera, emanaldia hor kanpoan debalde egiten, ezta?»

        Easy Mack poztu egin zen antzematean Mr. Edgeri ere zaila egiten zitzaiola autoa jan esatea. Gogoratzen saiatu zen inoiz entzun ote zion hori esaten. Baina buruan ibiliagatik ere, ezin izan zuen gogoratu.

        «Nire dirua berreskuratu behar dut,» esan zuen Mr. Edgek. «Kontu egizu.»

        «Aizu,» esan zuen Easy Mackek, eskua atzera luzatu eta atea behingoan zabalduz. «Alboko edifizioaren hamabigarren estaian aparkatu dut eta ezin naiz luzaroan geratu.» Ezinezkoa zitzaion bere bisitaren zergatia gehiago zehaztea.

        «Eta bera ikusi nahi zenuen?»

        «Bera ikusi, bai.»

        Mr. Edgek telefonoa hartu eta Bat zenbakia eskatu zuen, gero bertan utzi eta esan: «Nire mandatari-mutilak eramango zaitu. Badakizu, zeure etxean bezala, nahi duzun arte geratu.» Easy atetik irteten ari zen jadanik, Mr. Edgek «A, eta beste gauza bat» esan zionean.

        Easy geratu egin zen. «Bai?»

        «Esan mandatariari zure aparka-txartela seilatzeko.» Mr. Edgek damu antzean irribarre egin eta sorbaldak jaso zituen. «Egin dezakedan gutxiena da. Park 'N Lock-ekoekin tratua egina daukagu eta.»