Bakarkako isolamendua
Bakarkako isolamendua
Tahar Ben Jelloun
itzulpena: Bego Montorio
1990, narratiba
110 orrialde
84-86766-24-9
azala: Esteban Montorio
Tahar Ben Jelloun
1944
 
 

 

Komisaldegian.

 

        Hilik dago.

        Eraila.

        Nire eskuak.

        Haren odola nire gorputzean, nire atzamarren artean.

        Haren ileak, izarrekin nahastuak, gure herriko haizea baino arinago zihoazen oroitzapenetan narrasten zitzaizkidan.

        Haren eskuek hildoak ireki dituzte hormako legenan, eta haren begiak, nik imajinatu gabeko amildegirantz masailetan behera jaisten diren diamanteak.

        Kanpotik etorritako ahotsa berea, zelai batetik agian edo tximistak jotako larretik. Honela zioen:

 

        Ez nazazu amets pobretan gorde, zure ontasuna merezi ez duten amets ziztrinetan; ez nazazu lotsaz hiltzen utzi nire irudia gurtzen duzunean, kanta ezazu, oihukatu gorputz horretan gatibaturiko bizitza. Zerbait hartu dio gure maitasunak bakardadearen zeru madarikatuari; heriotza beraz, zeru horrena da eta eman nahi baduzu goizean izan dadila, harrian gora. Ez ezazu estuasunez eta malkotan eman, irri, odol eta esperma txinparta izan dadila. Badakizu, irudi egin nauzu, paperezko andere, esnezko zerua merezi ez duen izarra; orduan, gorde malkoak bihotz eskaleentzat, dardar dagiten eskuentzat eta arbola nekatuarentzat. Bizitzaren itzalean heldu zatzaizkit, samurtasunaren haur atzeratuaren moduan. Banekien zoratuta zeundela herioaren espektroarekin jolasean. Banekien ausentziaz osoturiko irudia zinela, ahoskatzeko zaila den aditza, izendatu behar ez den akatsa.

        Zure memoriaren hertsitokietan barna ibili naiz, errepika, plaza publikoaren inguruan biraka; gaixotasuna harrapatzen den moduan harrapatu nauzu. Egia da, sabeleko mina izan zenuen eta bekokia erretzen zizun sukarrak. Zigorraren beldur zinen. Pekatua naiz ni. Harrezkero ez zenekien makurtzen otoi egiteko. Eta orduan nire aurrean makurtzen zinen eta Jainkoari eta Deabruari eskatzen zenien keinu eta berbaren herexia ahanzteko. Suak goritutako plakak aipatzen zenizkidan; horien gainean egin beharko zenituzke otoitz guztiak, eta haragia txingar eternalari atxikiko zitzaion eta gorputza sugarretan desagertuko, ur irakinezko ontzitan birsortzeko. Infernua jarraika zenuen; bizitzara eramaten zintuen irria ninduzun. Bazenekien nire gorputzak beste bakardadetako hormak tapizatzen zituena: entzerraturiko gizonenak, hilkutxa baino zelula estuagoetan bizitzatik aldendutakoenak (urruneko ahotsaz, poetarenaz mintzatzen zintzaizkidan: amorrua, ur elektrifikatuzko bainuan desegin zioten; azala harriari itsasirik dago egun; gaua irudi nekatuek diote poblatzen); hareari kosk egiten dioten eta sexua beldur eta lotsetan zapaltzen duten gazteenak; senak alde egin dielako gorputza lastoz inguratzen dituzten zoro horienak, eta gero zu eta zure antzekoak.

        Lurrari erauzitako baso oso bat. Altzairuzko aurpegiak eta murmuriaturiko hitzak, horma tartean zabiltzate. Gardenak, nork dagizue beha? Hodeiren batzuk eta tartean behin aldendutako txori batek. Ni sortzen baino gehiago egiten jakin duzu, adoptatu egin nauzu, milioi bat aletan botatako irudia besterik ez nintzena. Irudi zimurtua, kontinentez kontinente, zelulatik etxera, kaperatik mezkitara garraiaturiko irudia. Lehendabizi, eskapatzen zitzaizkizun irudi guztiak ezabatzen saiatzen zinen. Metroko pasiloetatik iragaten zinen eta galdarakada tinta botatzen zenuen naturala baino gorputz handiago horren gainetik. Gauak pasatzen zenituen pasiloetan; anden negargarri horietan, eromena poltsikoan bildurik, bihotzean zimurturik. Nekez, uzteaz baina inoiz ere ez etsipenez, loak hartzen zintueneko bankuetan, kolorea ezabatu egiten zen. Oraindik ere eroagoa zinela banekien goizetan etxera itzultzen zinenean lehendabiziko trenean, garbitu eta lanera abiatzen zinen gauak obsesionatuko ezbaizintu. Gaua zure azalaren gainetik irristatu besterik egingo ez bailuen. Kanpoan azaltzen zen zure bizitza, ahots baten oroimenean, keinu baten goxotasunean, laztan baten oroimenean. Eta nik, gelan zabaltzen zen ametsezko ehuna maitatzen nuen.

        Ehun arin eta loradunetan biltzen ninduzun. Hodei bat besterik izan ez nintzenak, orri biren tartean gordetako belarra, ogia egiten den bezala egin zaitut, are eroagoa egin zaitut, are zoriontsuagoa, iltzekaturiko iruditik jaitsi naizen egunean. Hormatik atera nintzen ezer urratu gabe, ezer hautsi gabe eta zure gorputz beroan kukubilkatzera etorri nintzen. Lotan zinen eta zure haurtzaroko jardinean ezabatutako gauza nintzela uste zenuen, lotan zinen eta sexua laztantzen zenuen. Zure gainean jarri nintzen oihal baten antzera eta eskuak musukatu nizkizun. Atzamarrak aldendu eta nire adatsetan biltzen zitzaizkizun. Ez nuen leihoa itxi. Hotz zegoen nonbaiten, bidaian ari nintzen laztanetara irekitzen zitzaidan zure gorputzean. Banekien deseroso zeundela, zuk gizona, zuk gizonezko landa, ez zenuen jasaten emakume batek amodioa egina, nahiz irreala izan. Ametsean ni iraultzen saiatzen zinen, larrean baikinen eta garia oso altu hasia zegoen. Sotiltasunez sartu nintzaizun eta errealaren printza batzuk murmuriatu zenituen. A ze kantua, hormaren arraildura hau! A ze samurtasuna estalkiei zeriena, zeren hotza zen eta izara zimurtuak ohe erdian pilatzen ziren. Gainezka egiten zenuenean oihu sakona, oso sakona, irteten zitzaizun sabeletik. Irria zen, kantua eta malkoak. Nire ezpainek zakilmokoaren azken tanta biltzen zuten, hazizko azken perla. Tanta astun hau da, epela eta pixkat nekatua, eztarritik behera zihoakidanean, eguzkiari eusten uzten zidana. Gero zeuk egin didazu amodioa eta, horrela, falta zuen bizitza eman zenion irudi honi.

        Esnatzerakoan oraindik laztanak egiten zenizkion zeure gorputzari eta jaiki egiten zinen, gelan eta korridorean metaturiko atsekabea biltzen zenuen. Lanera abiatzen zinen eta ni hormara itzultzen nintzen, hormetara.

 

        Herrenka nindoan lantokira. Eskuek putzu bat, ate bat, egiten zidaten sabelean. Burua astun, trebuka egiten nuen. Garraiatu behar nituen harrien galderek erasotzen zidaten. Olatu motelean iragaten zitzaidan lanaldia eta gorputza kotoi eta hosto lehorrez beterik sentitzen nuen. Kale erditik nindoan. Oinezkoak eta kotxeak zeharkatzen nituen. Gardentasuna bihurturik nengoen, haizeak zeraman paperezko zelaia. Farolei lotzen nintzaien eta lurra zerutik banatzen zuten harietan biltzen. Metalezko hiriaren zerua ironiazko zerua zen. Makurtu egiten zen eta besoa luzatzen zidan. Izarrek ez zuten iruten eta hodeiei ez zitzaien nire patua axolik. Orduan objektuen kontra jotzen nuen, ateen kontra, hodeien bekokiaren kontra. Bustirik nengoen eta biraka nenbilen, egunkari-paperezko bola erretenetan.

        Arratsaldean desordena estoldetan galtzen zen eta kaiolara itzultzen nintzen menda sorta bat erosi ondoren.

        Nire ametsaren gainean zutik, gaua nola heltzen zen begiratzen nuen. Premoniziozko harriak pilatzen ziren ortzemugan. Eta nere eskuak irudiari heltzen zion; behean hutsa zegoen. Bihotza dudatan nuen. Nostaljiaren usaia zen. Erbestearen dardara zen.

 

        Gaur badakit. Heriotzak habitatu du nire kaiola, nire loki eta giltzurrunak. Heriotzak habitaturik, herioa ematea guztiz erabakirik ez banuen ere, konpartitzeko tentazioa nuen, orgasmoa, oihua konpartitzen diren bezala. Azken finean jaiotzen ikusi dut nik neskatxa hori, nire atzamarren artean hiltzen ikusi nahi nuen, nire malko zoriontsuetan bustirik.

        Mendazko tea prestatu dut biontzat. Edalontzi batzuk hartu eta bere itzuleraren zain egon naiz. Zigarroak erretzen nituen ketan irakurtzeko. Zorabioak inguraturik nengoen eta ohea gero eta gehiago hondoratzen zela sentitzen nuen. Zorua zulatzen zuen. Zurrun eta hotza bihurtzen nintzen; lurrezko ohe horretan murgiltzen nintzen. Hiltzeko beldurra izan nuen. Bakarrik hil. (Adiskideak gaueko txandakoak ziren). Herri honetan hil! Asmo horrek eztarria estutzen zidan. Orduan jaiki egin nintzen eta hormaren kontra kolpatzera joan nintzen. Iltzekaturiko irudia pixkat urratu zen, baina ez zen handik inor atera. Tarteran patatak zeuden oraindik berakatz eta kuminoz. Makinalki irentsi nituen eta ohea egin nuen berriro. Kuminoak ametsarazi egin zidan eta gaua inor molestatzera etorri gabe igaro zitzaidan.

 

        Maitatua izatea. Berak edo besteak.

        Itzal izpi bat nire aurpegian.

        Amets eta esku hotzaren tartean galdutako izarra.

        Maitatua izatea, eta samurtasuna sortzen ikusi adarrekin nabigatzen duen arbolatik.

        Neu naiz arbola eta laztana.

        Neu naiz gauean zutituriko arbolaren begia non begirada baten, esku baten ikutuaren eskean dabilkidan gorputza.

        Belarrak, gamelu batek edo gazelak maitatua izatea. Ez zaitut nire lurraldeetan ehizatuko. Edatera emango dizut nire eromenaren sakonetik. Eztia daukat begien sakonean. Isatsezko olioa dut esaldietan. Pikuak ditut leherturiko isilunetan. Zatoz lurretatik edo pintaturiko hodei hutsetik. Zatoz gamelu emearen sabeletik edo dunetako arratsetan esandako ipuinetik. Zatoz marraztu dudan txalupara. Samurra izango da itsasoa, bide arinez eta apar urdinez egina.

        Neguko insomnioak aldentzen nau zugandik. Burua sarale azao baten gainean pausatzen dut. Arina eta zurbila da. Eramango duen haizearen zain nago. Nire itsasbazterrak ortzemugarik ez du. Sugeek zaindutako bidean desagertzen da. Minak odolustutako zerua berreskuratzen du. Egunsentian askatzen nau. Hodeiak belaunikatu egiten dira. Eta irudi guztiek ohea bahitzen dute, urjentziazko goizak ustekabean harrapaturik alde egin duen gauak utzita.

 

 

        Berak hau ere esaten zidan:

 

        Sukarra eta heriotzaren atzamar artean harturik gaude. Orduan, utzi zure mina kontatzeari eta esaidazu nondik zatozen...

 

        Ur-emaria heredatu duen erreka baten ondoan naiz jaioa. Lur grisarekin goiz nahasturik, harriekin egiten nuen jolas. Hiriaz zurrumurrua besterik ez nuen ezagutzen eta zerua ez zen niretzat hodeiez poblaturiko oihala baino.

        Eguzkiz eta basa zuhaixkez landaturiko herrialdetik nator. Gurasoek hirira joateko utzi zuten. Gorputza zaurietan itxia. Inoiz izendatu gabeak. Hautsetan eta ilusiotan ibilia naiz arrastaka. Odola nuen belaunetan. Gauak kizkurturik nituen ileak. Kale eta plazetatik aurreratzen nintzen olibondo eta errekaren bila. Dena asmatu dut: harriak, etxea, kantua eta nire lagun txoria.

        Nora joan ez zekiten gizon eta umeen etsipen eta hondarrak pilatzen zireneko eremua izan zen hasieran nire bizitza. Ez nuen ezer ulertzen gertatzen zenaz. Ibiltzen nintzen. Kalexketan. Etxeak. Terrazak. Nonahi egiten nuen lo eta ametsek insomnioaren harriak puskatzen zituzten.

        Laburra izan zen nire bizitza.

        Lur desolatuaren neurrikoa.

        Gero fortuna eta erbestearen deia etorri zen. Denbora luzea eman nuen korritzen alde egitea lortu baino lehen. Nonahi sinatzen nuen. Atzamar zantzuak eta odol pixkat uzten nuen. Dena zegoen sailkaturik.

        Nire bizitokitik (halakorik ez zegoen arren imajinatu egiten nuen) erbestera, zenbait gauza eta zezen bat pasatu dira.

        Fortuna, hori txantxa!

        Erbestea, hori bilo luzeko eta begi beltz handitako estuasuna! Begi handi horietan zehar ibili naiz; horien ertzean bizi izan naiz, betile eta malkoaren artean. Bidaiak egin ditut begirada hutsetan (hustuetan) eta ustezkoak su hartu zuen egunean geratu nintzen. Luzea da esateko. Gogorra da kontatzeko.

        Ez galdetu zergatik nagoen hemen lur irmo eta berriro suntsituan. Hartu nire eskua eta pasa ezazu zure titien gainetik, zure sabelaren gainetik, zure sexuaren azal epelaren gainetik. Nire herria esku honena da. Har itzazu atzamarrak ahoan eta dastatu nire lurraren gatza.

        Loak hartzen banau, zeruak besoa luzatu didalako da. Orduan ez esan ezer. Atxiki zatzaizkio nire loari. Aldendu nire bekokian itsasitako adar hau eta musukatu ezpainak. Lehor daude. Egarri dira. Emaidazu edaten zure perlazko ahotik. Diamanteak utzi nituen bertan sasoi laburraren denboran. Zatoz. Bultza ate hori, hor, nire bularraren eskumaldean. Utzi zure muselinazko jantzia arbolaren azpian eta sartu izar puntetan. Esaidazu paisaia hau lorategia edo laxaturiko basoa den. Esaidazu animaliak koloretakoak diren, umeak trabestiak diren. Esaidazu nigan nahiko hilobi eta plaza publiko ote daramadan. Konta egidazu jendetza. Lanak eta beroak zakarturik dagoela esaten didate. Nor da gizon presatu hori, besapean neskatxa bat harturik hanka egiten duena? Eta beste hori, ikusi ez dugu ikusten, baina bai sufrimenduzko oihuak entzuten? Berak ere estalirik ditu begian soto batean. Zein da lurralde hori non gorputza larruturik dagoen, begia urraturik eta odola geraturik?

        Galdera gehiegi dira, badakit, baina aurreratu zaitez eta -irakurtzen baldin badakizu- herri oso baten gau eta isiluneak deskubrituko dituzu gorputz honetan.

        Aurreratu errekaraino eta irakur ezazu bertako ispiluan. Esaidazu etorriko den kantua eta asto batean kargaturiko akatsa.

        Zer kontatzen dio urak inolako gezurrekin nahastu ez den gorputz garbi horri? Badirudi aingeruak ilargi betean ikus daitezkeela. Dena dakite. Gure memoria da. Gorputz honetan preso gorde ahal izango zaitut ilargi beterarte?

        Zer diotso astoak gameluari, gazelak nenufareari, diamanteak zeru zati horri?

        Itxi ate hau zure atzetik.

        Aditzen dizut.

        Mintza zaitez. Kanta ezazu.

 

        Oraingoz ezin dut ezer kontatu. Hainbeste gauza ikusi ditut, hainbeste gizon eta andre aurkitu ditut eguzki eta haizetatik banandurik, kristalezko zelulatan kateaturik... Lotsa ematen dit liburu batean horretaz mintzatzea... Eta hala ere jakin egin behar da... Entzun gazteenaren ahotsa:

        Nire herrian iraultza posiblea zela sinetsi izan dut. Liburuak irakurrita nituen eta jende pobrearen, gabetuen, eguzkiak ahaztu dituenen, Jainkoak ahaztu dituenen etsipena bizitua nuen. Ez ziren hiriaren murrailetan bizi. Lur puska bati eta zuhaixka batzuei atxikirik zeuden. Hiltzeko prest zeuden beren ur partea gordetzearren. Baina armarik ez zuten eta edozein Buruzagi uniformedunek mehatxa zitzakeen. Politika egiteko beldur ziren. Beren buruak defendatu nahi zituzten baina ez zekiten nola. Pasiboak eta isilak, Buruzagi uniformedunak urik gabe uzten zuen lurrarekin batera nahi zuten hil. Aitonak otoi egiten zuen. Amonak negar zegien. Umeek harriekin egiten zuten jolas. Besteek amorruari eusten zioten. Beraiekin hitz egin dut. Baginen zenbaitsu lagundu nahi genienak, organizatu nahi genituenak, zeren eskualde osotik zehar egoera berbera azaltzen baitzen.

        Ura, ur guztia, industriariaren lurretarantz desbideraturik zegoen. Hilean behin etortzen zen dena ondo zegoen ikustera. Behin ez zen bakarrik etorri. Jendarmeriako elementuak zetozten berarekin. Familia guztiak biltzeko esan zion Buruzagiari. Koraneko bertset batzuk esan zituen hitzaldiaren hasieran eta gero zera gehitu zuen: «Zeuen lurrak behar ditut; zuei guztioi lana emango dizuen eta miseria eta Erdi Aroarekin bukatuko duen garapen proiektu bat ari naiz burutzen. Kontablea dut nirekin. Berak emango dizue indemnizazioa. Eguerdiko otoitzaren ondoren gonbidaturik zaudete denok kus-kus jatera. Jainkoak....» Hasieran harriak bota zituzten. Ondoren gizonak ikusi nituen fusilak lurretik ateratzen. Tiroak alde guztietatik sortu ziren. Ez dut inoiz jakin zenbat hildako egon zen...

        Gazteena zen. Ile kizkurra. Irribarre samurra eta itxaropen eroa begietan. Ederrak ditu ametsak. Goizetan oraindik kantatu egiten dute bere atzamarren artean.

        Eta zu han gelditzen zara, hainbat zauriren gainean itxia, zeure heriotzean itxia. Heriotza horretaz mozkorturik nago, paisaia birjina horretaz mozkorturik, denborarik ez duen barrukaldeko herriaz. Ulertzen dut zergatik irristatzen zen zure azalaren gainetik besteen gorrotoa, eta ezaxola zure eskuaren paretik pasatzen. Jardin horretatik korrika noa, koloreek eta oroimen eta aurpegiz zamaturiko arbolek eroturik. Denak egiten dit berba eta ez dakit zer esan. Ez naiz mundu horretakoa. Ez dut kantu hori merezi. Irudi bat besterik ez naiz, milioika aletan ateratako puta. Marmol zuriko harriak zikintzeko beldur naiz, ilea lotsez jausiko ote zaidan beldur. Lotsa naiz eta ez dut negarrik egin nahi. Pintaturiko ileen samurtasunak narama eta mozkortu egiten naiz. Kolpatutako zure memoriaren haragian galtzen naiz, beste memoria bizi baina sotoetako harri hotzean isildutakoen zaintzaile. Irudi eta orri zurrunbiloan galtzen naiz. Makilaturiko ume horrek soineko polita darama, eta neskatxa biluzi hori, jaiotzen ari diren titiak, ur lasaiaren gainetik dabil. Gameluak eguzkia darama eta barre dagio denborari.

        Memoria hustu egiten zait. Ez daukat legendarik kontatzeko. Gorde nazazu zugan, itzalaren gailurrean, zure arnasean aldegindako zorabioa, misterioan landaturiko hostoa. Pozak uhin ondulatutan narama.

        Izerdi hau edan nuenetik, irudi ez izaten ikasi dut, grinak baretzeko, orgasmoa engainatzeko orri zimurtua. Arimarik ez dut. Gaisotasunean barrena noa herrenka hustutako bihotzaren, apaindutako gorputzaren insolentziarekin.

        Hira goiztiarra bilakatu naiz eta erraietan naukazu zuk, inmigratuak, exilaturiko astroak, leloak amorratzen dituen, azal zaharrak ihesarazten dituen, buru nostaljikoetan bala batek baino arinago korritzen duen desberdintasun ertz horrek. Ai, krimena gauza serioa zeneko sasoia, Arrazoiaren meandroetatik, Historiaren nafarreriari erauzia! Kaletik zoaz eta nahikoa da hori murraila urratu eta harriak ahitu daitezen. Txakurrak eta zenbait katu bidali dituzte zure atzetik. Plaza zeharkatzen duzu eta harro zabiltza. Zure barreak gauzatzen du zure doblea eta irriparrez hartzen zaitu loak banku batean, neguko jardinean.

        Utz nazazu oraindik mundutik banaturik bizitzen, beharretik aldendua, eskuartean duzun zeruari hurbildua.

        Beste burrukatoki batean egon nintekeen! Militatu, esaten denez, emigraturiko langileen alde edo beraiekin; injustizia oihukatu, izendatu, zehaztu, datuak eman. Gauza baliagarriak egin nitzakeen, beste norbait izan nintekeen. Baina ez gendukean elkar ezagutu.

        Nola bizi zorabio horretatik kanpo abandonatzen baninduzun, horma horretara bueltatzen baninduzun? Nola esan, neu ere exiliatua naizen arren: ez dut herririk nire barruan? Existitu ere ez dut egiten, orduan nolatan izan bigarren egoitza nire irudiaren atzetik? Gorde nazazu zugan. Ez nazazu argitan utzi. Ez nazazu egiazkoan abandonatu. Izan zaitez nire gorputzez ernaldutako lurra. Elkarrekin biziko gara eta bakarrik egongo zara. Zugan eramango nauzu, arina, oso arina izango naiz... gardena edo bestela gauza txiki txikitxoa, musika egingo duena zu kanpoan zaudenean, lantokian, eragotzitako kaleetan.

        Baditut oraindik zuri kontatzekoak: Moha, zure herriko historia liburuetan kontatzen den beste modu batera kontatzen jarri zen eroa...