Bakarkako isolamendua
Bakarkako isolamendua
Tahar Ben Jelloun
itzulpena: Bego Montorio
1990, narratiba
110 orrialde
84-86766-24-9
azala: Esteban Montorio
Tahar Ben Jelloun
1944
 
 

 

Barbés auzoko emakume bati gutuna.

 

        Andrea,

        Hamabostero nator zugana, gorputza zure hanken artean hustera. Aldez aurretik ordaintzen dut. Txinpartak zeharkatzen dit begirada baina lehor daukat ahoa eta keinua baldar. Eromen iragankorreko ontzian isurtzen dut poza eta badakit zerua samina dena. Lurra hondoratu egiten zait gela honetara sartzen naizen bakoitzean. Hitzak galtzen ditut eta berba sabelean pilatzen da.

        Andrea,

        Goragalea ematen didan usainez perfumatzen dituzu besapeak. Horrek tristatu egiten nau. Zeu ere inmigratua zara, diruaren eremu gezan. Ttipia, susmatzen den argitan. Odol zoriontsuz tintaturik eman nahi izan nukeen kantua. Baina Andrea, ttipia eta tristea zara. Eguzkiak erbesteratu egin nau. Erbesteratuak gara zauriaren lurraldean. Geza da nire esperma. Atsekabe geza eta epela.

        Zure etxetik irteten dudanean, Andrea, espaloian zehar abiatzen naiz. Zugan pentsatzen dut, eta burukomina damaikidan zure perfumean. Basamortuan ikusten zaitut oasisaren bila. Eta zure perfumeak gaixotasun benereoa emango ote didan beldur naiz. Ez, hostorik gabeko arbolaren tristura da.

        Agur Andrea.

        Ona zara.

 

        Igande penagarri hartan, beldurra, estutasuna. Nigan finkaturiko gorputz kanpotarrak, mugimenduak zail, irrigarri bihurtzen zizkidan. Mina nuen. Min definigaitza, maiz bularrean, bihotzean, eta gainerakoan lokalizatua. Paturen batek bular gainean jarri didan harria. Gauzei galdetzen diet eta besteren begiradetan galtzen naiz. Zerbait egin beharra dago. Irten, oihukatu, amildegian ostikoa eman. Irten dut. Arratseko haizeak betazalak ixten zizkidan. Kale bazterrean edozein hilzoritan erortzeko beldurra. Beldurra nostaljiaren erasoek ez ote ninduten banku publiko batera eramango, exiliatuak hiltzen diren lekura (nostaljia da gure salbamentuzko buia). Eta gero gorputz exiliatu hori, gorputz ezinegona, astuntasunak erotua, oroitzapen lainotsu eta gerokoak jadanik kolpatua. Zerua harrapatu, hortzekin, hatzaparrekin, esaldiekin. Ez da inongo eskurik nire bizkarrean paratuko. Inongo laztanik ez du azal hau loratuko. Ez zait hitzik etorriko. Dena ordenean geldituko da, bere tokian. Baina non dago nire tokia ordena honetan. Diru pixka bat irabazteko nago hemen, nire fortuna irabazteko, nire haurren etorkizuna. Inongo begiradarik ez da pausatuko nire bakardade txiki, lotuaren gainean. Gaur arratsaldean ez dut memoria jori. Irudi politak sotoaren sakonean gelditu dira. Kartzelan dagoen lagunaren oroimenak obsesionatzen nau. Agian antzekoak dira gure bakardadeak. Bera zentzu guztietan dago loturik. Ni loturik, husturik nago, baina mugitu egiten naiz. Hara eta hona nabil, isolatua, itxaropenerako nolabait hondatua. Eskatu, eskean ibili, erregutu: ez da guretzako. Lehengoan herrikide batzuei existentzia piska bat gehiago eskatu behar dugula azaltzen saiatu nintzen. Erabat ados zeuden. Baina zer egin? Kaleak zeharkatu egiten nau tokia bilatzen dudan bitartean. Lurralde bakar bat ere ez tokiz kanpo. Sua egon dadin zai nago. Eromen osoa. Kolorea.

        Gelan, zerua nekusan nigan pausatzen, nire kolpeen erritmoan, bihotz taupaden erritmoan. Gorputza nagitu egin zen. Lotua. Atxikia. Gauetako astoa, amets gaiztoen jauna, bularraren gainean eseri zitzaidan. Begiak zabalik. Gorputza higitzeke. Samintasunezko arroka nigana hurbildu zen. Horren kontra kolpe egin beharra zegoen. Zertarako baina? Abantaila dute nire gauek, laburrak dira.

 

        Gauetako astoari alde egiteko atera egin nintzen. Aurkituko dudan lehen emakumeari esango diot...

        Errefusatu egiten ninduten, batak bestearen ondoren, irriparra kleenex busti zimur batean nuen. Ezezkoak bildu eta bideari segitzen nion (zein bide? Izan ere ez nuen biderik). Esango diot.... Berak esango dit.... Eta gure eskuak irudi batean bezala igurtziko dira. Nire baitan herrikide baten ahotsa entzuten nuen: «Daukagun itxurarekin hazitarako gara onak eta ez laztanetarako; itzul gaitezen beraz gure kaioletara, itzul gaitezen gure kaxoi lotsagarrietara, eta kontenta gaitezen gure irudiekin, politak, errazak, erosoak... Irudiak badu abantaila, mutua da, beti eskura; lasaigarria da...».

        Gauak nire azal tentsoan egiten zituen tolesturak, jipoitzeko ona den larruazalean. Kale animatuetara irteten nuen eta jende saldotan nahasten. Jendetza honen partaide izan nahi nuen. Nire baitan, drama edo gertakizun garrantzitsuen lekuko izan nahi nuen. Lekuko bakarra. Frantsesei bandiduaren begi kolorearen berri eman beharko liekena. Txizategi batean aurkituak izango ginen eta konfidentziak egingo zizkidan. Altueraz, ileaz, ahotsaz galdetzera etorriko litzaizkidake. Entzutera etorriko litzaizkidake, notak hartzera. Toki guztietatik deituko lidateke. Gezurrezko erantzunak emango nizkieke. Azalpen kontraesaleak emango nizkioke poliziari, eta lantzean behin garagardoa eskatuko nieke. Ez da egunkarietan irteteko irrika, batez ere zulatutako galtzerdi baten gisara ez den beste moduren batez bizitzeko gogoa da.

        Kanika baten antzera zebiltzen asmo hauek nire eskuen arteko joan etorrian. Maiz aldatzen nuen espaloia eta irripar egiten nuen begiratu nahi zidanarentzat.

        Bihar, dena kontatuko diot irudiari. Goxoa eta xamurra izango da.

 

        Beste modu batez existitzeko asmoak obsesionatzen ninduen.

        Kafe batera sartzea, esaterako; jendeak begiratuko lidake, hitz egingo lidake, ikutuko nindukete (ez minik emateko, ez nitaz libratzeko biolentzia-eztandaren erdian, ez nire silueta morenoska inkomodo eta desberdinaren kontra pistolaren kargadorea husteko, ez irain eta zaplaztekorako) nirekin azaleko berriketa izateko, sinplea, egunerokoa, argazkiak trukatu, agian musika-soinuak, helbideak, ametsak...

 

        Taberna hartan, hondamen, ahidura eta tristura mordoa banatzen zen; upeleko garagardoa eta ardo korrientea. Igande goiza zen; zaldi kinielen momentu gorena, amets motz eta apalez betetako konbinazioena.

        «Jaunandreok, nire lurraldeko kantu bat kantatuko dizuet, nire herriko poema bat. Ederra da! Ikusiko duzue zein ederra den! Entzun nazazue, ez zaizue batere kostatuko».

        Inguruko zarataren erdian (kutxetako zarata; ibilgailuen lotsarik eza) kantuari ekiten nion:

 

Ametsetan dabilkit gazela korrika

Korrika bera eta ni erotua

Sarale eta udazkenez betea nago

Hauskor, izar dantzarirantz doa bera...

 

        Hitzak nigan ezabatzen ziren. Bultzaka irten nuen tabernatik, lapurren antzera.

        Horma kordokari baten gainetik ibili nintzen gau osoan. Gau horretan denak egin zuen leher nire eskutartean. Goitik behera abailtzen nintzen harritzar mordoaren gainera. Manta militar batean bildu eta hormaren gainean jartzen ninduten berriz ere. Pixka bat ibiltzen nintzen, zalantzan hasi eta berriro jausten nintzen.

        Nire gorputz eta miseriez dena zekien lastairaren gainean nenbilen bueltaka. (Froga erabakiorra izango da hori; interrogatu beharreko objektua; deszifratu beharreko objektua). Azalari atxikitzen zitzaidan eta ametsak errimatzen zizkidan, insomnioak, frustazioak, gabeziak eta eromena. Zenbatetan ez ote dudan bere kontra igurtzi nire zakil urduria. Arima falta zitzaion lastaira horri. Egunen batean su eman beharko diot. Miseria horrek ketan egin behar du alde eta errautsak beste herri batetan, beste kontinente batean bota. Egizue hori nire ordez patuak bortxaz harengandik urruntzen banau.

        Gaur ez dakit oraindik ametsetan nagoen ala gogoratu egiten dudan. Negua zen. Laurok geunden gelan. Ohe ertzetan jezarrita. Begi marroietako rubioak zirkulotxoak marrazten zituen praketan hari eta jostorratzaz. Begi irripartsuetako beltzaranak familia argazkiak sailkatzen zituen plastikozko albumean. Hirugarrenak, lasaigarriek lelotua, begi lausoak zituen eta diskrezioz lekutzen zen. Nik hormari begiratzen nion.

        Kanpoko hotsak ez zitzaizkigun ailegatzen. Ez zen ezer entzuten; gela insonorizatu izan balute bezalaxe zen, edo desertu hutsera tokialdatu izan bailuten, mundutik aparte.

 

        Pasiloaren puntan ur-ponpari eragin zioten. Kajako barre etenak orainera erakarri gintuen. Elkarri begiratu. Txiza eta perfume txarreko usaiak bahitu zuen guk isolaturik uste genuen gela.

 

        «Udaberria da nonbaiten...» esan du rubioak.

 

        «Otoitzaren ordua da, dio beltzaranak, baina garbiketak ardoz egiteko gogoak

ditut eta zeruari nire galera eta sumindura kontatzeko...».

 

        «Bere ile kizkurrak maite ditut...» dio hirugarrenak.

 

        Jaiki eta hormako irrikaduraren gainetik pasa nuen eskua.