R arrazarena
R arrazarena
Mark Twain
itzulpena: Mitxel Sarasketa
1988, narratiba
144 orrialde
84-86766-17-6
azala: Garbiñe Ubeda
Mark Twain
1835-1910
 
 

 

SOINEKO PAGANOAK
ETA EUROPAR JANTZIAK:
Larru beltza eta larru zuria
[31]

 

      Gallè Face hirian eta inguruan zehar itsasaldetiko ibilbidea, hori loredi eta belardien distira tropikaletako ametsa eta ekialdeko jantzien nahaspila! Gizon, emakume, mutil, neska, umeen talde ibiltariak —banakako bakoitza sugar bat zen, talde bakoitza kolorez suhartutako etxaldea. Eta hain harrigarriak koloreak, hain bizi minak koloreak, hain aberats eta eztiak ostadarren eta oinaztargien nahasmen eta bilkeren taiukerak! Eta dena armoniaz, dena gustu osoaz; inoiz ez nota diskordanterik; sekula ez kolore bat pertsona batean bere beste koloreekin gaizki doakionik, edo jantziduna bil daitekeen taldearekiko edozein koloreren armonia osoa hausten duenik. Materialak zetazkoak ziren —leunak, suabeak, samurrak eta tinkoak—, eta jeneralean atal bakoitza kolore sendo bat: berde eder bat, urdin eder bat, hori eder bat, purpura eder bat, rubi eder, aberats eta sakon bat, sugar geldoekin. Etengabe ari ziren jendaldeetan, legioetan eta araldeetan igarotzen, suar, distir, arrai eta gartsu; eta bost segunduoro gorri mineko eztanda bat ematen zen, zeinak gorputzari arnasa eutsi arazten bait zion eta bihotza pozez betetzen. Gainera, soineko haien xarma irudiezina! Batzutan, emakumearen soineko guztia gorputzaren eta buruaren inguruko oihal zati bat zen; batzutan gizonarena turbante bat eta oihal zirtzil bat edo bi —edozein kasutan larru ilun labaineko une oparoak erakutsiz—, baina beti soinekoaren taiukera begien gorespena eskatuz eta bihotzak alaitasunez kantaraziz.

      Oraindik ikusten ahal dut panorama arraitsu hura, kolore aberatsezko eremu hura, nabardura armoniatsuen ikuskari konparaezin hura, eta erdi bilutsiriko irudi bizkorrak, aurpegi beltzaran ederrak, keinu, higidura eta mugimendu liluragarri eta xarmangarriak, laxoak, berezkoak, zurruntasunik eta hantusterik gabeak, eta...

      Orduantxe bertan, maitagarrien erresuma eta parabisuzko amets haren barnean, disonantzia gozagaitz bat ziztatu zen. Misiolarien eskolatik martxan zetozen, binaka, hamasei neskatto beltz kristau, txukun eta panpin, europar erara jantziak —azken xehetasuneraino apainduak, Ingalaterrako edo Amerikako herriren batean uda igandetan jantzi zitezkeen gisara. Jantziok, oh, esanezineraino ziren itsusiak! Itsusiak, zatarrak, gusturik ezeztuak, xarmarik ezeztuak, higuingarriak hiljantzia legez. Nire familiako emakumeen arropak begiratu nituen —maxiatu samarreko kreatura gaixo haiek maskaratzen zituzten laidoen bikoizpen helduak hain zuzen— eta lotsatu nintzen kalean haiekin agertzeaz. Orduan neure jantziak begiratu nituen, eta lotsatu nintzen kalean neure buruarekin agertzeaz.

      Dena dela, guk geure jantziekin diren bezala segitu behar dugu —izateko beren arrazoia badute eta. Soinean daramatzagu geure buruak azaltzearren —gordetzeagatik janzten ditugula iragartzearren. Zeinu bat dira; sinzeritate ezaren zeinu bat; harrotasun ezabatuaren zeinu bat; kolore biziak, armonia eta irudiaren xarmak arbuiatzen ditugulako aitzakia; eta gezur hori zabal eta bultzatzearren janzten ditugu. Ez dugu, baina, gure auzoa engainatzen, eta Ceylan-era ailegatzean geure burua ere ez dugula engainatzen konturatzen gara. Kolore argiak eta beztidura lirainak maite ditugu. Eta gure herrian prozesioa pasako balitz multzoka irtengo ginateke haiek ikus... eta eramaleak inbidia genitzan. Teatrora jotzen dugu horrelakoak ikustera, eta horrela ezin janzteak tristatu egiten gaitu. Erregearen dantzaldira joaten gara, ahal dugunean, eta uniforme galantak eta domina distiratsuak ikusteaz poztu egiten gara. Egongela inperial bat bisitatzeko baimena ematen zaigunean, bakarrik geratzen gara eta orduak ematen ditugu jantzi gortesau teatralak jarrita posatzen eta txit zoriontsuak gara geure buruak ispiluan behatuz; eta Amerika demokratikoan gobernari ororen meneko orok gauza bera egiten du bere uniforme bikain berriaz —eta inork begiratzen ez badio, gainera, argazki bat aterako du horretaz jantzita. Alkatearen ordekoa ikusten dudanean neure zoriaz nahigabetu egiten naiz alkatearen ordekoa ikusten dudanean. Bai, gure jantziak gezur bat dira, eta ehun urteotan ez dira besterik izan. Sinzeritate eza dira; gure barneko lotsa eta gainbehera moralaren agiriko erakuspen egokia eta itsusia dira.

      Colombo-ko zirimoletan eta jendetzan begiztatu ahal nuen azken gazte beltzaranak ez zeraman soinean gerri inguruko soka zati bat besterik, baina haren soinekoak bere zinezko honestitatean irauten du nire oroimenean, igande eskoletako zarpailtxoak maskaratzen zituen zaborreri gorrotogarriarekiko kontraste atseginean.

 

 

      Gogo izan nezakeen hantxe bertan kristau kapela eta jantzietako erakuspen-lehia bat antolatzeko. Aretoaren alde bat bertako Indiar lirainez hustuko nukeen eta hutsunea Amerikatik, Europatik eta kolonietatik erakarritako kristauez beteko nukeen, kapelaz, eta oraingoko eta orain hogei, berrogei eta berrogeitamar urteko tankeraz beztiturik. Erakuspen nazkagarria izan zatekeen, deabrukeria guztizko ikuskaria. Gainera gorpuzkera zuriaren desabantaila gehituko zatekeen. Berez hartzekotan ez da jasanezinezko gorpuzkera nazkagarria, baina beltz eta beltzaran jendaldeekin elkar lehian jartzekotan, garbi geratzen da ohizkoa dugulako soilik suertatzen dela jasangarri. Ia larru beltzaran eta beltz guztiak ederrak dira, baina larru zuri eder bat bakana da. Paris, New York edo Londreseko kaleetatik aste egun batean —kale arrunta izanez gero batipat— paseatzen eta milia batean zehar aurkitutako gorpuzkera asegarriak apuntatuz nabari dezakegu zein arraroa den. Ilunen gorpuzkerak biltzen diren tokietan, zuriak, haien ondoan, kolorge, makal eta batzutan zurbil zurbilak dirudite. Haurtzaroan konturatu ahal nintzen horretaz, Hegoaldean, gerratearen aurreko esklabutzaren garaian. Hegoafrikako durbanar zuluen larru beltz leun ikusgarriak perfekzioaren hurrekoak begitantzen zitzaizkidan. Zulu haietaz oroitzen naiz oraindik, atleta bizkorrak, hotel parean itxoiten ohi bezala; beltz mineko izaki ederrak, udako zapi zuri zabalaz doi-doi urri jantziak, zuritasunak beltza kontrastez beltzagotzen zuela. Talde hura ere oroimenean barrena dudanez, alderatzen ahal ditut gorpuzkera haiek Londreseko leiho honen aurretik oraintxe igarotzen diren zuriekin...

      Larrua higatua eta okerrez zuri deritzogun tonoaren aiurri gabeko aldaerak dituen jendeak ez du amaierarik. Hauetako aurpegi zenbait pikortsuak dira; batzuek odol gaitzaren zeinuak erakusten dituzte; besteek orbainak agertzen dituzte, gainerako kolore nabardurekin armoniarik gabeko tonuan. Gizon zuriaren gorpuzkerak ez du ezer izkutatzen. Ezin du. Kalte egin diezaiokeen guztiarentzako tranpa gisa diseinatu dela dirudi. Andreek behar dute pintatu, hautsatu, kosmetikoak jarri, arsenikoaz zaindu, eta esmaltatu; beti apaintzen, zuzentzen, gogaitzen eta nekatzen ihardun, edertzeagatik. Eta ez dute erdiesten. Baina ahalegin guztiok beren gorpuzkeraz jeneralean duten eritzia erakusten dute. Eta jeneralean laguntza horien beharra dute. Apainetan lortu nahi duten gorpuzkera hori lagun gutxiri mugatzen dio naturak, gutxienei. Larogeitaemeretzi laguni gorpuzkera okerra ematen dio, eta ona ehungarrengoari soilik. Ehungarrengo horrek manten dezake... zenbat denboran? Hamar urtetan, menturaz.

      Abantaila zuluen alde dago, nik uste. Gorpuzkera ederra daukate, azkeneraino gordeko dutena. Eta indiar beltzaranari dagokionez —finkoa, leuna, huts gabea, begietarako atsegina eta atsedena, inolako kolorerekiko beldur gabea, kolore guztiekin armonizatzen eta guztiei bere xarma eransten diena—, uste dut bataz besteko gorpuzkera zuriak ez duela kolore perfekto eta aberats honen aldean ezer egiterik.

 

 

 

31. Following the Equator.