R arrazarena
R arrazarena
Mark Twain
itzulpena: Mitxel Sarasketa
1988, narratiba
144 orrialde
84-86766-17-6
azala: Garbiñe Ubeda
Mark Twain
1835-1910
 
 

 

ILUNPETAN DEN GIZAKIARI[8]

 

      Txinako notizia hau Eguberrian agertu zen New Yorkeko Sun egunkarian. Azpimarratua nik egina da:

 

      Mr. Ament reberendoa, American Board of Foreign Missions-eko[9] partaidea, itzuli da Boxer-ek eginiko kalteentzako indemnizazioak biltzearren buruturiko txango batetik. Batean eta bestean txinarrei ordainarazi die. Orain bere kristau natiboa oro ongi hornitua dagoela dio. 700 zituen bere manupean, eta 300 hil zituzten. Hildako bakoitzagatik 300 tael jaso du, eta deuseztu zituzten kristauen ondasun guztiak osorik ordainarazi ditu. Isunak ere jarri zituen, indemnizazioaren balioaz HAMAIRU ALDITAKO muntakoak. Diru hau ebangelioaren hedakuntzarako erabiliko da.

      Mr. Ament-ek dioenez urriak dira berak jasotako ordainak katolikoek ezarritakoen ondoan, zeinek diruaz gainera burua buru truk eskatzen bait dute. Hauek 500 tael jasotzen dute katoliko hil bakoitzeko. Wenchiu herrialdean 680 katoliko hil zituzten eta, horregatik, europear katolikoek 750.000 txanpon eta 680 buru galdatzen dute.

      Solasaren harian, Mr. Ament-ek misiolariek txinarrenganako duten jarrera aipatu zuen. Hauxe esan zuen:

      “Zeharo ukatzen dut misiolariak mendekoiak direnik, jeneralean harrapakinetara emanak, edo setioaz geroztik, zirkunstantziek behartuta aparte ezer egin dutenik. Amerikarrak kritikatzen ditut. Amerikarren esku leuna ez da alemaniarren burdinezko ukabil gotorra bezain eragingarria. Txinarrak esku leunez erabiltzen badituzu profitatu egingo dira.

      “Soldadu frantsesek jasotako harrapakina frantziar gobernuak itzuli behar dueneko aipua barre algara bizien iturburua da hemen. Soldadu frantsesek alemaniarrek baino lapurketa sistematikoagoa burutu dute, eta jakina da kristau katolikoak, bandera frantsespean eta arma modernoez horniturik, Chili eskualdea hustutzen ari direla gaur egun”.

 

      Zorioneko azturaz Eguberrian jasotzen ditugu notizia pozgarri guztiok, sasoi ederrean hain zuzen egunari dagozkion poza eta adoreaz ospatzen lagun diezaguten. Gure izpiritua goratzen da, eta jolas dezakegunaz konturatzen gara: gurutzea, nik irabazi; burua, zuk galdu.[10]

      Gure Ament reberendoa bidezko tokian dagoen bidezko gizona da. Gure atzerrirako misiolariez nahi duguna ez da beren izan eta eginetan erlijioaren xarma, errukia, karitatea eta maitasuna soilik erakus ditzaten, baizik eta, aldiberean, amerikar izpiritua ere ager dezaten. Pawnee-ak[11] dira amerikar zaharrenak. Eta Macallum-en historiak honela dio:

 

      Boxer zuri batek pawwnee bat hil eta bere ondasunak errausten dituenean, gainontzeko pawneeak ez dira erruduna bilatzeaz arduratzen; aurrera etortzen zaion edozein zuri hiltzen dute. Gainera, zuri herri bat behartzen dute zenduaren ebaluaketaren arabera oinordekoei hainbesteko dirutan ordaintzera, hala nola, dirutan ere, suntsitutako ondasun guztien balio osoaz. Era berean, eraskin gisa, ondasun haien balio hamairu alditan ordainarazi egiten diote delako herriari, pawnee erlijioa hedatzerako kontua alde, zeinari erlijiorik onena erizten bait diote gizonaren bihotza samur eta humaniza dadin. Euren ideia da errugabeak errudunaren ordaina pairatzea guztiz natural eta zuzena deia, eta hobe larogei eta hemeretzi errugabe xahutzea errudun inork ihes egitea baino.

 

      Gure Ament reberendoak baditu katoliko gartsu horien aurrean jeloskor izateko motibo franko, zeren kristau galdu bakoitzeko ez bait dituzte dirutza bikainak soilik inguratzen, baizik eta “burua buru truk” gainera. Bere burua lasai dezake ordea, pentsatuz ezen haiek galdatutako diru guztia euren boltsikotan geratzen den artean, berari, bihotz handiagoz, zerbitzu horri buru bakoitzeko 300 tael bakarrik uzten diola, eta ondasunen hamairu alditako indemnizazioko dirutza oro ebangelioaren hedakuntzeari. Bere eskuzabaltasunak nazioaren onespena ekarri dio eta monumentu bat eskaini behar diote. Sari horiek pozarazi dute. Guk denok maitatua da gizonki defendatu dituelako bere lagun misiolariak jadanik larritzen hasiak gintuzten gehiegizko akusazioez, zeinak hain dira bere testimonioarekin aldatu, ordea, non orain atsekabe nabarmenik gabe aurre egin bait diezaiekegu. Orain bai bait dakigu are setioaren aurretik ere misiolariek ez zutela “jeneralean” ebasten, eta “setioaz geroztik” duintasun osoaz jokatu dutela, “zirkunstantziek” behartu dituztenean izan ezik. Monumenturako prestakizunak ari naiz gertatzen. Horren harpidetzak American Board-era igor daitezke; diseinuak niri igor dakizkidake. Diseinuok alegorikoki adierazi behar dute Hamairu Alditako Indemnizazioa eta berori galdatzearen Xedea. Diseinuak apaingarri gisa 680 buru erakutsi behar ditu, efektu atsegin eta erakargarria sor arazteko moduan taiutuak, katolikoak txit ongi portatu bait dira eta monumentoan agertzeko eskubidea bait dute. Aipuak oharteman daitezke, gaiaren osotasuna egokiro adieraz lezakeenen bat aurkituz gero.

      Mr. Ament-en balentria finantzieroek, laborari txiroei besteen krimenak ordainaraziz, hamairu alditako indemnizazioa erdiestearren laborariak, beraien emazteak eta haurtxo errugabeak doi-doi gosez hiltzera kondenatuz, eta odol sari horren bidez “ebangelioaren hedakuntzarako erabil” daitezen baliabideak erosteak, ez dute nire lasaitasuna asaldatzen, nahiz eta, hitzek eta eginek batera harturik, hain dute birao eskerga eta higuingarria osatzen, non dudarik gabe historian zehar ezin bait daiteke parekorik aurkitu, ez gure aroan, ez beste inoiz ere. Hala ere, sekular batek gauza berbera egin eta guztia zuritzearren hitz berberak erabiliko balitu, seguru nago, ikaratu egingo nintzakeen. Edo neronek balentria hori egin eta hitz horiek esango banitu... Dena den, burutazio hau gertaezina da, gaizki informaturiko zenbaitek nauen bezain lotsagabea izanik ere. Batzutan apeztutako buru batek biraole gogoari ematen dio. Orduan sekularrak ez du lehian parte hartzerik, ez dauka zer eginik.

      Misiolariak “mendekoiak” ez direna Mr. Ament-en zineztapen naharoa dugu. Dezagun otoi eta itxaron ez daitezen inoiz horrelakoxerik bilakatu, baizik eta euren anai eta egungo txapeldunari hainbeste satisfazio ematen dion ia nardagarriro zuzen, zuhur eta leuna den izpirituan iraun dezaten.

      Ondokoa Eguberriko New Yorkeko Tribune-koa da. Egunkariaren Tokioko korrespontsalak bidalia. Doinu bitxi eta zantarra dario, baina japoniarrak zeharo zibilizatu gabe daude oraingoz. Erabat zibiliza daitezenerako ez dute horrela hitzegingo:

 

      Misiolarien arazoak, jakina, toki nagusia hartzen du eztabaidetan. Hemen beharrezkotzat jotzen da Mendebaldeko potentziak bertako sentimenduez jabe daitezen. Mendebaldeko erakunde ahaltsuek Ekialdeko herrialdeetan burututako inbasio erlijiosoak filibustero espedizioen adinakoak direla esaten da, eta ez direla soilik gaitzetsi beharrekoak, baizik eta neurri gordinak behar direla desager daitezen. Misiolarien erakundeak nazioarteko bake harremanetarako zemai etengabea direla erizten da hemen.

 

      Segituko al dugu? Hau da, segituko dugu ilunpetan dauden herriei geure zibilizazioa inposatzen, edo atsedenaldi bat emango diegu gizajo horiei? Aurrera egingo dugu geure jokaera zaharkitu, zalapartari eta piadosoaz, mende berria jokoan sar araziz, edo aurretik mozkorraldiaz itzartu, eseri eta zer dagoen pentsatuko dugu? Ez al liteke zuhurrago gure Zibilizazioaren lanabes oro bildu eta geratzen zaiguna begira, bai teologia eta kristalezko bihiak, bai Maxim armak eta ereserki liburuak, bai trukerako ginebra eta progreso eta ilustraziozko zuziak (aukerakoak eta peto-petoak une egokian herriei sua emateko), kopurua begiratu, liburuen balantzea egin, irabazpen eta galeren kontua atera, gisa horretan buruaz erabaki ahal dezagun negozioan segi, ala ondasunak saldu eta Zibilizazio eskema berri bati ekin?

      Zibilizazioaren Benedikapenak Ilunpetan dagoen gure Anaiarengana zabaltzea lanbide ona izan da, eta orohar, mozkin ederrak eman dizkigu. Oraindik badago dirua horretan, arduraz lan eginez gero, baina ez nahikoa, ene eritziz, inolako arrisku handi gomendagarria izateko lain. Ilunpetan dagoen jendea urritzen hasia da, urritzen eta izutzen. Egundaino irauten duten laino eremu horiek izatez kualitate zabarrekoak dira, eta ez joko honetarako beharbeste ilun. Ilunpetan dagoen Jenderik gehienari neurriz goragoko argiaz hornituko zaio eurentzat onuragarri eta guretzat probetxagarri izatekotan. Zentzugabe jokatu dugu.

      Zibilizazio-Benedikapenen Trusta, zentzuz eta zuhurtziaz administratuz gero, mauka bat da. Bertan badira inolako jokoan ipini den baino diru gehiago, lurralde gehiago, jabego gehiago eta bestelako ondasun moetak. Baina azken urteetan kristaudia txarto ari da jokatzen eta ondorioak ordaindu beharko ditu, ene eritziz. Oihal berdearen gainean azaltzen den postura oro jasotzeagatik hain irrikitan ageri da, ezen Ilunpetan dagoen Jendea konturatu egin bait da —konturatu egin da eta alarma zantzuak erakusten hasi da. Dagoeneko Zibilizazioaren Benedikapenak susmagarri bihurtu zaizkio. Areago, horiek aztertzen hasi da. Hau ez dago ondo. Zibilizazioaren Benedikapenak guztiz zuzenak dira, bai eta merkatal ondasun onak ere: argi lausotan ez liteke hobeagorik. Argi zuzenaren begian, bidezko distantzian eta itxura apur bat desenfokatuz, irudi desiragarri honexetan erakusten zaio Ilunpetan dagoen Zaldunari:

            MAITASUNA,

            JUSTIZIA,

            OTZANTASUNA,

            KRISTAUTASUNA,

            AHULENGANAKO BABESA,

            XUHURTASUNA,

            LEGE ETA ORDENUA,

            ASKATASUNA,

            BERDINTASUNA,

            BEGIRAMENA,

            URRIKALMENA,

            HEZIKETA,

            —eta abar.

      Horra. Ona al da? Sekulakoa, Jauna. Nahinon ilunpetan dagoen edozein idiota erakar dezake gure aldera. Ez, ordea, adulteratu egiten badugu. Puntu hau azpimarratu egin behar da. Produktu hau esportaziorako soil-soilik da, itxuraz. Itxuraz. Pribatuki eta konfidentzialki ez da ezer holakorik. Pribatuki eta konfidentzialki azaleko estali soila da, polita, alai eta erakargarria, etxeko kontsumorako gordetzen ditugun Zibilizazioaren molde berezien erakusgarri, Ilunpetan den Bezeroak odolaz, negarraz eta askatasunaz erosten duen Errealitatea fardel barnean dagoen artean. Errealitate hori izatez Zibilizazioa da, baina esportaziorakoa soilik. Aldaera bien artean ba al dago desberdintasunik? Bai, zenbait ñabarduratan.

      Denok dakigu negozio hau lurra jotzen ari dela. Arrazoia aurkitzen ez da zaila. Horrela gertatzen da Mr. Mckinley, Mr. Chamberlain, Kaiser-a, Tsar-a eta frantsesek Errealitatea azaleko estalirik gabe esportatzen ihardun direlako. Jokorako kaltegarria da hori. Jokalari berriok jokoa behar beste ezagutzen ez dutela erakusten digu.

      Mingarri da begiratu eta mugimendu okerrak ikustea, hain bitxi eta hain baldarrak izanik. Mr. Chamberlainek fantasiazko material desegokiaz fabrikatu du gerra bat, palkuetara negarrak eta galeriara irriak barreiatuz, eta kemen guztiaz saiatu da bere buruari sinistarazten ezen auzia ez dela dirua bilatzearren eginiko eraso pribatu soila, baizik eta baduela nonbait duintasun lauso izpiren bat, non duen berak bakarrik ikusten ahal duen arren, eta bandera lokatzetik tatarrez erabiltzeaz amaitu eta gero, denboraz berriz garbitzen moldatu ahalko dela eta ortzearen zapaian diztiraz kulunkatuko duela bere esku pekataria gainean ezarri zion arte mundu aurrean mila urteetan diztiraz kulunkatu duen bezala. Jokaldi okerra da hori, okerra. Ilunpetan dauden Haiei Errealitatea erakusten bait die, eta honela mintzo dira: “Zer! Kristaua kristauaren aurka? Eta diruaz soilki? Hori al da eskuzabaltasuna, eroapena, maitasuna, otzantasuna, ahulganako babesmen kasu bat —elefante batek basarratoiaren habi gaineko jauzi harro eta harrigarri holakorik, arratoiak hitz gorriren bat bota diola esanez—, zeinen jarrera “bere buruarekiko inolako begiramenik ez duen gobernuak bakarrik utz lezaken mendeku gabe”, Mr. Chamberlainek esan bezala? Aitzaki ona izan zen kontu ezdeus baterako, garrantzizko baterako balio ez zuen artean: orain berri Errusiak elefanteari aurre egin dio hiru bider, eta bizirik eta zigortzeke dirau. Hauxe al da Zibilizazioa eta Progresoa? Ezertan al da daukaguna baino hobea? Transvaal-en eginiko lapurreta, sute eta errauste horiek: hori al da gure ilunpetarako hobekuntza? Ba al liteke, menturaz, bi Zibilizazio moeta izatea, bata etxe barruko kontsumorako eta bestea merkatu paganurako?”

      Ondoren, Ilunpetan dauden Haiek, larriturik, buruari eragiten diote. Eta irakurtzen dute soldadu britainiarraren ondoko gutun pasarte hau, non kondatzen bait dira Methuen-go garaipenetariko batean egindako balentriak, Magersfontein-go auziaz zenbait egun aurretikoak; eta berriro dira asaldatzen:

 

      Muinoan gora abiatu eta lurrebakien gainetara jauzi egin genuen. Boerrek, azpiratzen genituela ikusirik, armak bota zituzten eta belauniko jarri zitzaizkigun eskuak bilduta eta erruki eske. Eta eman genien, burduntzaliaz.

 

      Burduntzalia baioneta da. Ikus egun haietako Londreseko Lloyd's Weekly aldizkaria. Zenbaki berberak —eta zutabe berberean— boerren kontrako errieta izu eta garratz gisako satira oharkabea ematen zuen, haien basakeria eta ankerkeriagatik!

      Gure oker gaitzaren ondotik Kaisserra sartu zen jokoan, aurretik hura meneratu gabe. Shantung-eko kale istilu batean misiolari pare bat galdu zuela eta neurriz goitiko ordain bat ezarri zuen bere aldeko kontuan. Haien ordainez Txinak eman beharko zituen ehun mila dolar dirutan; hamabi miliako lurraldea, non biztanleria milioika eta bere balioa hogei milioi dolarretakoa jotzen baitz ziren; monumentu bat eraiki eta kristau eliza bat ere, Txinako populua oroitgarri garestion laguntzarik gabe misiolariak gogotan gordeko zituena pentsa zitekeelarik ere. Arras jokaldi okerra izan zen. Okerra zeren horren ondorioz ezin genuen, ezin dugu eta ezingo dugu, ez orain, ez eta inoiz ere Ilunpetan den Gizakia engainatzen ahal. Badaki neurriz gainetiko ordaina izan zela. Badaki misiolaria edozein gizabanakoren modukoa dela: bere tokia ordezko batez betetzen kostatzen dena balio duela, eta ez gehiagorik. Ongarria da, baina sendagilea, sheriffa edo editorea diren gisa berean. Enperadore zuzen batek ordea, ez du holakoengatik gerra-kargurik jartzen. Misiolari bizkor eta burutsu baina xume bat, eta probintziako editore bizkor eta burutsu bat hagitz baliotsuak dira, eta jakin badakigu hori. Baina ez dute munduaren balioa. Editore horrek gure onespena du, eta hunkitu egiten gara hiltzen ikustean, baina hilez gero bere galeragatik hamabi miliazko lurraldea, eliza eta dirutzari gehiegizko ordaina erizten diogu. Baldin editorea txinarra balitz eta beragatik ordain sari geronek eman behar bagenu, esan nahi dut. Ez da, ez misiolariari, ez editoreari dagokion kantitatea. Azokan higatutako erregeak gutxixeagoz eros daitezke. Jokaldi okerra egin zuen Kaiserrak. Aipatu ordaina jaso zituen, egia da, baina Txinako errebolta piztu zuen, boxer txinar patriota haserretuen matxinada. Ondorioak garestiak gertatu dira alemaniarrentzat eta Zibilizazioaren Benedikapenen eta Progresoaren zabaltzaile enparauentzat.

      Kaiserraren eskariak ordaindu ziren eta, hala ere, jokaldi okerra izan zen, Txinan Ilunpetan den Gizakiengan eragin gaiztoak besterik ez bait zitzakeen izan. Gertatutakoaz pentsa zuketen eta, seguruenez, zera esango zuten: “Polita eta irrigarria da Zibilizazioa, horren ospea bai bait du; baina ba al dugu horretarako beste? Egon badaude txinar aberatsak, baina zergak ez dizkiete beraiei ezarri, Shantung-eko laborariei baizik. Horiek dira dirutza izugarriok ordaindu behar dituztenak, eta beraien eguneko saria lau zentabo besterik ez da. Hori al da gurea baino zibilizazio hobea, santuagoa eta goratsuagoa, eta nobleagoa? Hori ez al da harrapakuntza? Hori ez al da lapurketa? Alemania ausartuko litzateke Amerikari bi misiolariengatik berrehun mila dolarretako zerga ezartzen? Ukabila eragingo al lioke mutur aurrean eta soldaduak eta gerla untziak igorriko lituzke esanez, ‘Hogei milioi dolar balioko hamabi miliako lurraldeaz jabe gaitezen misiolariengatiko ordainaren eraskin gisa, eta misiolariei monumentu bat eta kristau eliza garesti bat eraiki araz ditzagun laborariak haien oroitgarri izan dezaten’? Eta gero, hauxe esango al lieke Alemaniak bere sodaduei: ‘Amerikan barrena joan eta hil, kuartelik eman gabe ihardun; han alemaniarren kopeta izan dadila gutartean Hunoen kopeta izandakoa, mila urtetako terrorea; errepublika handian barrena joan eta asasinatu, asasinatu, haien bihotz eta hesteen artean gure erlijio irainduarentzako bide bat irekiaz’? Alemania ausartuko al litzateke guzti hau Amerika, Ingalaterra, Frantzia edo Errusiarekin egiten? Edo —elefantearen basarratoi habi gainerako jauzia imitatuz— Txina indargearekin ausartzen da soilik? Onuragarria izango al da guretzat Zibilizazio honetan inbertitzea, Veneziatik brontzezko zaldiren batzuk eramateagatik Napoleon pirata izendatu eta orain astronomiazko tresna zaharrak gure ormetatik lapurtzen dituen eta bidelapur arruntak legez —hots, amerikar soldaduak salbu atzerritar guztiak legez—, ohointzan aurrera jotzen duen zibilizazio horretan, zeinak —berriro amerikarrak izan ezik— herri izutuak errausten eta erresultatuak sorterriko egunkari dohatsuei egunero kablez igortzen bait dizkie: ‘Txinarren galerak, 450 hildako; gureak, ofizial bat eta gizon bi zauriturik. Biharkoan ondoko herri bat erasoko da, non masakre bat iragartzen den’? Ba al dugu Zibilizaziorako beste?”

      Eta ondotik Errusia joan eta zentzugabe ekin behar dio jokoari. Behin edo birritan aurre egin dio Ingalaterrari, Ilunpetan den Gizakia begira eta ohartzen dela. Frantzia eta Alemaniaren laguntza moralarekin Japoni lapurtzen dizkio txinar odoletan igeriz —Port Arthur— bortizki jasoak dituen hondarrak oro, berriro Gizakia begira eta ohartuta dagoela. Mantxuria hartzen du ondoren, herriak errautsi eta kontaezinezko laborari asasinatuen gorpu hanpatuez ibai handia trabatzeraino beteaz, Gizakiak asaldaturik begira eta ohartuz segitzen duela. Eta beharbada zera esango du bere baitarako: “Beste Potentzia Zibilizatua da, alegia, esku batean Bakearen Printzipearen ikurrarekin eta bestean lapurren zakua eta harakinaren haiztoarekin. Ez al dago guretzat bestelako irtenbiderik Zibilizazio hori jaso eta bere mailaraino degradatu baino?”

      Eta ostean, badator Amerika, eta gure Jokoaren Maisuak txarto jokatzen du —Mr. Chamberlainek Hegoafrikan jokatu zuen bezala jokatuz. Hori egitea errore bat izan zen, pentsaezineko errore bat Cuban hain ongi aritu zen Maisu batentzat. Cuban amerikar jokaera arrunt eta ohizkoan ihardun zuen, eta garaile atera zen, era horretara garaitezina delako. Maisuak, Cubari so eginez, hauxe esan zuen: “Hona hemen nazio txiki adiskidekor eta zapaldu bat bere askatasunagatik burrukarako prest. Bazkide gisa aurkeztu eta hirurogeitamar milioi jarraitzalez eta Estatu Batuen baliabideen indarrez egingo dugu postura: Joka dezagun!” Europa bategina ezik inork ez zezakeen esku aldi hori irabazi: eta Europak ez du ezertan batzerik. Han, Cuban, gure tradizio handiei jarraitutako era horrek guztiz harro sentiarazi zigun, harro ere Europako kontinente osoan jokamolde horrek sortarazten zuen artegatasun sakonagatik. Inspirazio goren batez eraginik, hitz hunkigarri haiek bota zituen, indarrezko anexioa “agresio kriminala” litzatekela esanez, eta “mundu inguru osoan entzundako danbatekoa” atera zuen aldarrikapenak. Diskurtso miresgarri hartako oroimenaz gertakizun bakar batek iraungo du gogoetan, esan nahi baita, hamabigarren hilabetearen buruan dena, bere ebangelio ohoragarria barne delarik, erabat ahaztu bait zitzaion.

      Zeren eta, berehala, Filipinetako tentazioa etorri bait zitzaion. Tentazioa bizia zen, lar bizia, eta errore okerrenean erori zen: Europar jokaera egin zuen; Chamberlainen jokaera, alegia. Errore hori, funtsezko errore hori, errore atzeraezin hori penagarria izan zen, txit penagarria. Tokia eta garaia egokienak bait ziren amerikar jokoa ’berriro egiteko. Eta arriskurik gabe. Aberastasun izugarriak atera zitezkeen, gehiegizkoak, betirako aberastasunak, agorrezinak, banderaren seme-alabei betirako utz ziezaien fortuna bat. Ez lurrik, ez dirurik, ez jabegorik; ez, gauza horiek baino mila bider baliotsuago zerbait: gure saria, luzaroan esklabuak jazar eta larruketan aritutako nazio bat gure eraginpean askatzearen espektakuloa; gure atzenerako saria, egite zuzen horren oroimen eztia. Jokoa gure eskuetan zegoen. Baldin amerikar arauen arabera ihardun izan balu, Dewey-k, flota espainiarra suntsitu orduko bere untzi guztiekin irten zitekeen Manilatik, lehorrean manu bat utzi ondoren, atzerritarren bizitzak eta ondasunak filipinarren kalteez begira zitezen eta gainontzeko potentziei iragartzeko abertzale askatuen asuntoetan edozein eskusartzea Estatu Batuen kontrako etsaigo egintzatzat.joko zela. Potentziak ezin daitezke bil, ez eta arazo larri baterako ere, eta manua errespetatua izango zatekeen.

      Deweyk bere arazoekin nahinora jo zezakeen filipinar armada trebea bertan utzirik, beraiek Espainiako guarnizio urria gosez akabatu eta etxera bidal zezaten, filipinar hiritarrek beraien nahierako gobernu moeta ezar zezaten, eta fraileez eta hauen eskurapen susmagarriez filipinarren justizia eta orekari buruzko ideien arabera negozia zezaten —gerora ikusi eta frogatu den legez ideia horiek Europan edo Amerikan nagusi direnak bezain maila goratsukoak bait dira.

      Baina Chamberlainen jokoa egin genuen, eta beste Cuba eta beste jesta ohoragarria gure marka onen aldera gehitzeko aukera galdu genuen.

      Errorea zenbat eta gehiago begiratu hainbat eta argiago ikusten dugu. Negozioaren kalterako gertatuko dela. Ilunpetan den Gizakiak seguruenik zera esango du: “Badago honetan zerbait kuriosoa —kuriosoa eta adieraezina. Bi Amerika dirateke: bata, katibuak askatzen dituena; eta bestea, hark askatu berri katibuok harrapatu, motiborik gabeko liskar bat piztu beraiekin, eta ondorioz denak hil eta beren lurraldeekin geratzen dena”.

      Ilunpetan den Gizakia, egia da, holako gauzez ari da gogartean, eta Negozioaren etorkizunaren onerako sinistarazi behar diogu Filipinetako asuntoa beste modu diferente eta jatorrago batez berrikus dezan. Bere eritzia bideratu behar dugu. Egin daitekelakoan nago, Chamberlainek Hegoafrikako arazoari buruz Ingalaterraren eritzia maneiatu bait du, buru argiaz eta arrakasta osoaz bideratuz gainera. Gertakizunak —gertakizunetariko batzuk— aurkeztu zituen eta gertakizunen zentzua adierazi zion jende sinisbera horri. Estatistikaren bidez egin zuen, zeina metodo ona bait da. Ondoko formula hau erabili zuen: “Bi bider bi, hamalau dira; eta bederatzi ken bi, berdin hogeitamabost”. Zenbakiak efikazak dira; zenbakiek bozemailea konbentzitzen du.

      Orain, ene egitasmoa Mr. Chamberlainena baino askoz ausartagoa da, itxuraz haren kopia bat ematen duen arren. Izan gaitezen Mr. Chamberlain baino sinzeroagoak. Aurkez ditzagun gertakizun oro, ausardiaz, bat ere gorde gabe, eta ondoren Mr. Chamberlainen formularen arabera esplika ditzagun. Sinzeritate ausarti horrek txunditu eta nahasi egingo du Ilunpetan den Gizakia, eta esplikazioa onartuko du bere gogamenezko ikuspegia fokatzeko astia izan baino lehen. Hauxe esan diezaiogun:

      “Gure kasua sinplea da. Maiatzaren lehenean Deweyk Espainiako flota suntsitu zuen. Artxipielagoa bere biziko eta legezko jabeen eskuetan utzi zuen, filipinar nazioaren eskuetan. Honen armadak 30.000 gizon zituen, Espainiako goarnizio urria menderatzeko edo gosez deusezteko nahikoak. Orduan, nahierazko gobernua eraiki ahal izan zuen jendeak. Gure ohituren arabera Deweyk gerrako manu bat utzi eta alde egin beharko zukeen. Baina Jokoaren Maisuak beste egitasmoa zuen buruan, europarren egitasmoa. Horren araberaz ihardun zuen. Jokaera hau armada igortzea zen, itxuran independentziaren aldeko burruka luze eta neketsuari amaiera ematen bertako abertzaleak lagun zitzan, baina errealitatean haien lurraldeak beraientzat hartu eta gordetzeko. Progresoaren eta Zibilizazioaren mesedetan, alegia. Gogabetean garatu zen egitasmoa, epez epez. Aliantza militarra osatu genuen filipinar fidakorrekin; Manila lurraren aldetik eraso zuten eta beraien laguntza baliotsuaz atxiki zen hiria, zortzi edo hamar milako espainiarren guarnizioarekin. Garai hartan guk ezin genezakeen guzti hori egin. Ingenuoak direlako erdietsi genuen beren laguntza. Bagenekien independentziagatik ari zirela burrukan, eta bi urte zeramatela horretan. Bagenekien euren gisako kausa baten alde burrukatzen genuela sinisturik zeudela —Cubaren independentziaren alde cubatarrak lagundu genituenez— eta utzi egin genituen horrela pentsatzen jarrai zitezen. Manila gureganatu eta euren ezean baliatzeko gauza izan ginen arte. Orduan gure eskua erakutsi genuen. Noski, txundituak utzi genituen —hori normala zen—, txundituak eta etsiak, etsiak eta atsekabetuak. Ez-amerikartzat jotzen zuten hura, ez ohizkoa, arrotza gure tradizio finkoentzat. Eta hau ere normala zen, amerikar jokaera publikoki soilik egiten bait genuen, pribatuki jokaera europarra zen artean. Ezin zezaketen uler, abertzale xumeekin hain adiskidetsu —hain begitsu ere— portatu ginelarik! Guk, guk geuk, exiliotik bueltan eraman genuen Aginaldo, euren gidaria, euren heroia, euren esperantza, euren Washington. Gerrauntzi batean eraman genuen, ohore guztiez, banderaren itzal eta babes sakratupean. Eraman genuen eta bere jendeagana itzuli, eta horrezaz beraien esker on hunkigarria irabazi genuen. Bai, hain adiskidetsu ihardun eta hainbeste alditan suztatu genituelarik! Armak eta munizioak laga genizkien, elkarrekin batzartu ginen, opari atseginak elkarraldatu genituen, euren ardura gozopean jarri genituen gure gaixo eta zaurituak, euren esku gizakor eta prestupera utzi genituen gure espainiar presoak, sorbaldaz sorbalda burrukatu genuen “elkarren etsaia”ren kontra (esamoldea geurea da), goretsi genuen euren adorea, goretsi euren ausardia, goretsi euren jarduera bikain eta ohoragarria, erabili genituen euren lurrebakiak eta aurretik espainiarrei kenduak zizkieten gotorlekuak, lausengatu eta ziria sartu genien —geure armada eta flotak askatasuna ematera eta espainiar gobernu gaiztoa baztertzera heldu zirela ofizialki aldarrikatuz—, adarra jo genien, erabili egin genituen harik eta euren beharrik ez izan arte, eta orduan laranja xahutua hautsi eta kanpora bota genuen. Engainoz kendu genizkien tokiak gorde egin genituen, gero gure indarrak alde zenbaitetik mugitu eta abertzaleen lurraldeez nagusitu ginen —burutazio argitsua, istilua behar bait genuen eta horrexek ekarriko zuelako. Gure zentinelek filipinar soldadu bat tiroz hil zuten inork galerazi ezin ziezaiokeen lerro bat igarotzean. Erasoturiko abertzaleek armekin erantzun zuten, kanpoan zen Aginaldok onetsi, baina ez zuen ezertarako balio izan. Nahi genuena, Zibilizazio eta Progresoaren mesedetan, artxipielagoa zen, independentziaren alde burrukan ziharduen abertzalerik gabe; eta gerra zen behar genuena. Gure aukerari atxiki gintzaizkion. Mr. Chamberlainen kasuaren errepikapena da —motibo eta xedeetan behintzat; eta berak bezainbesteko abileziaz burutu genuen jokoa”.

      Une honetan, Ilunpetan den Gizakiari zuzendutako gertakizunei buruzko gure azalpen sinzeroan, merkatal lausenguko koipe piska bat eman beharko genuke Zibilizazioaren Benedikapenen gainean —aldatzeagatik, eta bere izpiritua freskatzeagatik— eta gero gure ipuinarekin segitu:

      “Guk eta abertzaleek Manila harturik espainiarrek artxipielagoaren gainean zeukaten jabegoa eta soberania amaituta zeuden —menperatuak, deuseztatuak—, ez batetik, ez bestetik ez zen zantzurik edo izpirik irauten. Orduantxe bertan bururatu zitzaigun espektro bi horiek Espainiari erostearen egundoko ideia irrigarria! [Guzti hau Ilunpetan den Gizakiari aitortzeak ez du batere arriskurik, ez berak, ez sano dagoen beste inork ez du sinistuko eta]. Fantasma hauek hogei milioitan erostean fraileak eta beren ondasun pilak gure kargu hartzera konprometatu ginen ere. Legena eta nafarreria heda genitzaneko tratua ere egin genuela uste dut, baina azken hau ez da segurua. Ez dio axola, ordea, fraileak jasaten dituen herriak ez du bestelako gaixotasunen beldurrik.

      “Gure hitzarmena finkatu, Manila meneratu eta gure fantasmak segurtatuz gero, ez genuen ez Aginaldoren, ez eta artxipielago bertakoen inolako beharrik. Gerra piztu genuen, eta harrez gero Amerikako aliatua eta laguna baso eta padura guztietan barrena jazartzen dihardugu”.

      Ipuinaren puntu honetan ongi letorke gure gerrako lanaz eta gudu soroetako heroitasunaz harrotasun apur bat agertzea, gure egintzak Ingalaterrak Hegoafrikan burututakoak bezain eder ikus daitezen. Baina gehiegi puztutzea ez dut uste onena izan daitekenik. Zuhurrak izan behar dugu. Gerrako telegramak irakurri egin behar dizkiogu Gizakiari gure sinzeritatea gordetzearren, noski. Baina doinu irrigarria eransten ahal diegu, hitz jarioaren baldartasuna eta odolaren bozkarioaz egiten duten erakuspen indiskretu samar hori apur bat alda daitezen. Irakur ahal diezazkiogun 1900eko azaroaren 18an emandako albisteen ondoko titular hauek, baina aurretik ongi legoke pribatuan praktikatzea doinuari doakion arintasun eta alaitasun airea eman diezaiegun:

 

ADMINISTRAZIOA KEZKATURIK

BURRUKEN LUZEAZ!

 

GERRA GORDINA FILIPINAR
ERREBELDEEN KONTRA![12]

 

EZ DA URRIKALMENIKIZANGO!

KITCHENER-EN EGITASMOA ONARTUTA!

 

      Kitchener-ek badaki nola ihardun herrien eta libertateen alde burrukan diharduen jende konformagaitzarekin, eta Kitchener imitatzen ari garela soilik eman behar dugu aditzera, ez asuntoan inolako interes nazionalekin, baizik eta ari garela Nazioen Familia Handiaren mirespena jasotzeagatik, zeinaren konpainia agurgarrian azken lerroko jarleku bat erosi bait digu Jokoaren Maisuak.

      Alegia, ez dugu gure MacArthur jeneralaren informeak kontuan hartzeke uzteko menturan ibili behar —oh, zergatik segitzen dute holako gauza gogaikarriak argitaratzen?—, horiek mihiaz ahalik eta arinen bota behar ditugu eta datorrenari aurre egin.

 

      Azken hamar hilabeteetan gure galerak 268 hildako eta 750 zauritutakoak izan dira; filipinarrek hiru mila berrehun eta hogeitazazpi hildako eta 694 zauritu galdu dituzte.

 

      Ilunpetan den Gizakiari eusteko prest egon behar dugu, aitorpen honekin konortea galduko bait du, hauxe esanez: “Jainkoarren! ‘Beltz’ hauek ia ez dute zauriturik eta amerikarrenak izugarriak dira!”

      Berpiztu beharko dugu, loisengatu, mimatu eta Jainkoaren bideak direla onenak aseguratu, eta ez dugula haiek kritikatzen ibili behar. Gero, erakustearren aitzindari ez garena, baizik eta imitatzaile, soldadu amerikar batek Filipinetatik bere amari igorritako gutunaren ondoko pasarte hau irakurri behar diogu, zeina Decorah-ko (Iowa) Public Opinion-ean argitara bait zen gudu garaitsu baten atzenak deskribatuz:

 

“EZ GENUEN BAT ERE BIZIRIK UTZI.

INOR ZAURITURIK BAZEN

BAIONETAZ ZEHARKATZEN GENUEN”.

 

      Ilunpetan den Gizakiari gertakizun historiko guztiak erakutsi eta berriz bere senera erakarri ondoren, haien azalpena egingo genioke. Hauxe esango genioke: “Badaezpadakoak dirudite, baina errealitatean ez da horrelakorik. Gezurrak kontatu ziren, bai, baina kausa on baten alderako. Traidoreak izan gara, baina itxurazko oker baten ondoan onura errealak lortzearren soilik. Egia da, jende sinisbera engainatu eta zapaldu dugu; gutaz fidatzen zen ahularen eta zurtzaren kontra jo dugu; ongi taiututako errepublika zuzen eta argia erauzi dugu; aliatua bizkarretik zaztakatu dugu eta muturrekoa eman diogu lagunari; Itzal bat erosi diogu saltzerik ez zuen etsaiari; lurraldeak eta askatasuna lapurtu dizkiogu lagun ingenuoari; gazte garbiak mosketoi desakreditatu bat hartzera bultzatu eta bidelapurren zereginetara eraman ditugu, bidelapurrek jarraimina baino beldurra ohi dioten bandera baten pean; Amerikar ohorea tatarrez erabili eta bere aurpegia mundu aurrean lohitu dugu; baina xehetasun guztiok onerako izan dira. Jakin badakigu hori. Kristaudiaren esparruko Estatu eta Erresuma guztietako nagusiek eta kristaudiaren esparruko legebiltzar guztietatik ehuneko larogeitamar, gure Kongresua eta gure berrogeitamar estatuen legebiltzarrak barne, denak dira elizaren kideak gainera Zibilizazioaren Benedikapenaren Trustaren partaideak. Mundu osoa hartzen duen moral, printzipio goretsu eta justizia sailetako bilketa honek ezin dezake ezer zuzengabe, ezer zikoitz, ezer zikin edo legez kontrako ezer egin. Badaki zertaz ari den. Ez duzu larritu behar; dena ongi dago”.

      Izan ere, horrexek konbentzituko du Gizakia. Ikusiko duzue. Negozioa berpiztuko da. Gainera, horren kariaz, Jokoaren Maisua hautatuko da gure Jainko nazionalen trinitatean hutsik dagoen tokia bete dezan, eta hantxe eseriko dira hirurak, beren tronu garaietan, jendearen begi aurrean, mendeetan zehar, bakoitzak bere ikurra aldean duela: Washington-ek, Askatzailearen Ezpata; Lincoln-ek, Esklabuaren Kate Hautsiak; Maisuak,[13] Kate Berriztatuak.

      Horrek abiada berri ikusgarria emango dio Negozioari. Ikusiko duzue.

      Dena gain gora doa orain. Dena da gura dugun bezalakoa. Artxipielagoa eskuratu dugu, eta ez dugu sekula utziko. Bai eta orain arrazoi nahikoak ditugu Cubarekin Kongresuak egin hitzarmena hautsi, eta luze baino lehen haren ordez zerbait askoz hobea jartzeko aukera emango dela espero izateko ere. Herri aberatsa da eta gutariko asko hasi da hitzarmen hori errore sentimental bat izan zela konturatzen. Baina orain, oraintxe bertan da berritzearen lan onuragarriari ekin dakion sasoi egokiena, lan horrek zuzpertuko bait gaitu, situazio eroso batean jarriko gaitu eta zurrumurruekin bukatuko du. Geure buruari ezin diogu izkutatu, pribatuan, uniformeagatik apur bat kezkatuta gaudenik. Gure urguiluetariko bat da, ohorez da ezagutzen, bizituak ditu azaina prestuak eta ospetsuak, maite dugu, begirunea diogu, eta horregatik hain zuzen kezkatzen gaitu darabilgun arazo honek. Eta gure bandera, gure urguiluetariko beste bat, urguilurik nagusiena! Bai miretsi dugula; eta lurralde urrun haietan ikusi dugunean —ustekabean zeru bitxien kontra kulunkatuz, bere agur eta bedeinkapenak ematen zizkigularik— arnasari eutsi diogu, geure buruak deskubritu ditugu eta, guretzako zuen zentzuan eta adierazten zituen idealetan pentsatzean, mintza ezinez geratu gara une batez. Alegia, zerbait egin behar dugu gauza horiengatik; erraz da egiten gainera. Bandera berezi bat osa dezakegu —gure estatuek badute bana: hain zuzen ohizkoa dugun bandera har genezake, lerro zuriak beltzez margotu eta izarren ordez burezur eta hezur gurutzatuak ipini ahal genitzake.

      Eta ez dugu Komisio Zibil horren beharrik. Botererik ez duenez asmatu behar ditu eta gainera edozein ez da horrelako eginkizuna zuzen burutzeko gauza; aditu bat behar da. Mr. Croker bazter dezakegu. Han ez ditugu Estatu Batuak errepresentatu beharrik, Jokoa bakarrik baizik.

      Proposatu ditugun zuzenketen laguntzaz herri horretan Progresoak eta Zibilizazioak izugarrizko loraldia ezagutu dezakete, Ilunpetan diren Gizakiak berenganatuko dituzte, eta Negozioa berras genezake lehenagoko oinarri zaharrekin.

 

 

 

8. North American Review, 1901. Berrargitaratua in Europe and Elsewhere, 1923.

9. Atzerriko Misioen Amerikar Komitea. (I.)

10. Hitz joko hau desberdina da originalean: “Taels, I win, Heads, you lose”. Ingelesez txanponaren alde biak ‘tails/heads’ dira. Alabaina, ‘taels’ txinar monetaren izena da, arestian aipatu legez; eta ‘heads’, berez, ‘buruak’ dira. Beraz txanpona aidera bota eta: “Taels [Tails-dirua, alegia), nik irabazi; buruak, zuk galdu”. Horren ordez, “gurutzea/buruak” eginiko kontraposizioak balio duelakoan nago. Mark Twainen idazkian dirua azken finean erlijio kristauaren hedakuntzarekin lotuta aurkezten bait zaigu, gurutzearekin, alegia. (I.)

11. Pawnee, Amerikako herri indiarra izendatzeaz gain, lukurrero edo bahituretxeko nagusiarentzako ere erabili da, eta kasu honetan Twainek zentzu bikoitz horrekin jokatzen duela ematen du. (I.)

12. “Errebeldeak!” Xuxurlatu hitz irrigarri hau... gizakiak argi uler ez dezan. (Mark Twain).

13. William McKinley eta Theodore Roosevelt presidenteei buruz ari da.